SANCHEZ, Seve: Zinea Filosofia jakintzagaian
Aurrera jo baino lehen, zerk bultzatu ninduen zinea erabiltzera azaldu behar dut. Denoi egokitu zaigu behin baino gehiagotan ordutegi zaila. Niri egokitu zitzaidana ez zen batere mesedegarria eman beharreko curriculuma betetzeko -ikusi OCDan Filosofia jakintzagaia edo testuliburuen aurkibidea-. Asteko lau orduetatik bi jarraian zeuden, eguneko azkenak izanik, gainera. Hortaz, probetxurik gehien atera nahirik, hilean behin gutxienez film bat ipintzea bururatu zitzaidan, zinea ikusteak ahalegin berezirik ez baitzuen eskatzen.
Bestalde, ezin dugu ahaztu Batxilergoko 1. mailako ikasleek lehenengo aldiz egiten dutela topo filosofiarekin. Zineak, dudarik gabe, atseginago egin ziezaiekeen jakintzagai berria.
Aipatutako egoerak baldintzatuta egoteaz gain, OCDaren helburu orokor batzuk zinearen bidez eraginkortasunez bete ahal zirela uste nuen, hala nola:
1-. Pentsatzeko estilo berezia garatzea eta argà eta modu koherentean bai ahoz eta bai idatziz ere jakinarazteko gaitasuna izatea.
2-. Gure gizarteko jakintza, jokabide eta balio desberdinak hautematea, gogoeta kritikoaren bidez bakoitzaren funtsen egokitasun arrazionala ziurtatuz.
3-. Arrazoiaren erabilera autonomoa balioestea, banakako zein gizarteko giza ekintzak interpretatzeko adimenezko ahalegin gisa, elkarrizketa arrazionala eta ideien askatasunezko adierazpena bultzatuz, eztabaidatu eta ikasleen arteko desberdintasunak ezabatzeko oinarrizko prozedura gisa.
4-. Gizartean arraza, sexua eta sinesmenak direla-eta egiten diren desberdintasun eta bereizkeriak justifikatzeko edozein saiakeraren aurrean jarrera kritikoa izatea.
Helburuez gain, gogoan izan behar ditugu curriculuma osatzen duten kontzeptuzko edukien lau nukleo handiak: GIZAKIA, EZAGUTZA, EGINTZA eta GIZARTEA.
Erabilitako metodologia eta jarduerak
Filma ikusten hasi aurretik -filmaren iraupenaren arabera aurreko egunean izan zitekeen- filmari buruzko fitxa ematen nien ikasleei.
Orri honek honako atal hauek zituen:
a) filmaren fitxa teknikoa
b) filmari buruzko datu garrantzitsu batzuk (argumentua, elementu tekniko nabarmenak, kokapen historikoa eta geografikoa, lengoaia zinematografikoaren aurkikuntzak,...)
c) gai filosofikoarekiko lotura (hausnartzeko galderak, eztabaidatzeko iradokizunak, pentsatzeko ideiak,...).
Jakina, gaiak eskatuz gero, atal batzuk gaineratu edo kendu egiten ziren.
Adibidez, hauxe da "Shakespeare in Love" filmaren fitxa:
Fitxa teknikoa
Zuzendaria : John Madden
Gidoilariak: Marc Noran eta Tom Stoppard
Antzezleak: Gwynet Paltrow (Viola), Joseph Fiennes (Will Shakespeare)
Urtea:1998
Shakespeare in Love antzerkiari eginiko omenaldi ederra dugu. 1999. urteko "Oscar" sarietako gehienak jaso zituen, hala nola, filmik onenari eta emakumezko aktorerik onenari emandakoak.
Garaia eta pertsonaia historikoak
Filmaren gertaerak asmatuta daude. Shakespearek idatzitako soneto batetik ateratako kontakizuna da. Filmean Shakespeare Viola izeneko neska eder eta aberats batekin maitemintzen da eta ezinezko maitasun grinatsu horretatik abiatuta "Romeo eta Julieta" antzezlana egingo du. Honela, filmean Shakespeareren amodioa eta idazten ari den obrarena elkarturik agertzen zaizkigu.
Filma 1593. urteko Londonen (Ingalaterran) kokatuta dago, eta besteak beste, hurrengo pertsonaiak benetakoak dira:
William Shakespeare : poeta eta antzerkigile ingelesa (1564-1616). Ingelesezko literaturako idazlerik gorenetakoa. Haren obra dramatikoa izan zen eta poemak eta soneto-bildumak idatzi zituen. Lanik garrantzitsuenak: Romeo eta Julieta, Uda-gau bateko Ametsa, Hamlet, Otello, Macbeth, Lear Erregea, Ekaitza....
Christopher Marlowe : poeta eta antzerkigile ingelesa (Canterbury, 1564 - Deptford, Londres, 1593). Fausto Doktorearen Historia Tragikoa idatzi zuen (1588).
Elizabeth I.a : Ingalaterra eta Irlandako erregina (1558-1603). Enrike VIII.aren eta Ana Boleynen alaba. Ingalaterran anglikanismoa estatu-erlijio bilakatu zuen. Haren garaian Espainiako Armada Garaitezina ezereztatua izan zen eta Ingalaterraren itsas nagusitasuna frogatuta geratu zen. Garai hartan Ingalaterrako kultura eta artea ere goren mailara iritsi ziren.
Eztabaidarako gaiak
- Arrazoia eta Pasioa
Jende askoren ustez, pasiorik gabe ezinezkoa litzateke "handia" den ezer egitea. Shakespearek idazteko maitasunaren grina edo pasioa behar du. Nola eta noiz agertzen da ideia hau filmean?
Shakespearek eta Violak pasioa bizi nahi dute, baina ezin dute. Azkenean Viola Ameriketara joango da bere senarrarekin. Gizarteak ala arrazoiak beren grinak menderatzeko eskatzen al die?
Erromantikoek arrazoiaren gainetik dagoen balio gorentzat jotzen dute pasioa. Zer iruditzen zaizu filmaren amaiera?
- Emakumearen menpekotasun historikoa
Violak, emakumea bada ere, gizonezkoentzat gordeta zegoen lana egin nahi du. Viola emakume askea al da?
Film hau 1. nukleoaren (Gizakia) 2. kapitulua lantzeko erabili nuen, hau da, "Arrazoia eta grina" gaia.
Batzuetan filma gaiaren aurkezpena egiteko erabiltzen nuen; bestetan gaia ikusi eta gero ikasitakoa sakontzeko eta finkatzeko.
Lehenengo orduan filma ikusi ondoren, hurrengo orduan klasean eztabaida sortzen ahalegintzen nintzen. Noizean behin idatzizko komentario txiki bat ere eskatzen nien.
Jarraian dauden hauek dira ikasturtean zehar ikusitako filmak eta landutako gaiak:
2001: ESPAZIOKO ODISEA : Gizakia; gizakiaren eboluzioa
SHAKESPEARE IN LOVE : Gizakia; arrazoia eta grina
THE QUIET MAN (GIZON LASAIA ): Gizakia; historia eta kultura aniztasuna
THE MATRIX : Ezagutza: ezaguera eta errealitatea
APOKALYPSE NOW : Ekintza; balio moralak
CLERKS : Ekintza; giza ekintza eta askatasuna; sormen artistikoa
A CIVIL ACTION : Gizartea; zuzenbidea eta justicia
TRUE CRIME : Gizartea; gizarte utopiak
Ebaluazioa eta ondorioak
Ikasturtearen 3. ebalualdiaren erdialdean proiektu honen ebaluazio egin genuen. Horretarako ondoko galdetegia banatu nuen klasean:
IZEN-DEITURAK : ......................
......................................................
FILOSOFIA JAKINTZAGAIAN IKUSITAKO FILMAK
Irakurri ohar hauek, mesedez, inkesta bete baino lehen!
Ikastetxe honetan lehenengo aldiz izan dugu aurten Filosofia euskaraz; hortaz, lehenengo aldiz irakatsi behar izan dut neuk ere. Atseginago eta ulergarriago egiteko asmoz, zinea erabiltzea bururatu zitzaidan. Orain, ikasturtea amaitzear dagoenean, hurrengo urteko programazioari begira zuen iritzia jakitea gustatuko litzaidake. Izan zaitezte zintzoak erantzutean. Mila esker!
1.- Galdera honetan ikusitako filmei kalifikazioa eman behar diezue, zuen gustuen, interesen eta jasotako inpresioen arabera. Ez ezazue zenbaki hamartarrik jarri, ezta zerorik ere.
2.- Filosofia programazioan gai asko ikusi ahal izan ditugu. Lauki honetan jar itzazue, zuen ustetan, filmarekin zerikusia duten gaiak.
3.- Irekia den erantzun honetan zuen iritzia edo iruzkina eskatzen dizuet, hau da, zer gustatu zaizuen, zergatik, zertan pentsarazi dizuen...
Erantzunak ikusi ahal izateko, lehen ipinitako adibidearekin jarraituko dugu:
FILMA: SHAKESPEARE IN LOVE
1.- KALIFIKAZIOA : 7,8 (gelako batez bestekoa)
2.- FILOSOFIAREN GAIAK :
1. Grina edo pasioa
2. Maitasuna /amodioa / amodioaren garrantzia / amodioaren zailtasuna urte haietan
3. Morala / morala eta amodioa
4. Gizakia / gizon eta emakumeen arteko harremanak /
5. Emakumearen papera Shakespearen garaian
6. Askatasuna
7. Sexua
3.- IRITZIA EDO IRUZKINA :
1. Ona da / polita / interesgarria / modakoa / entretenigarria / dibertigarria /gustukoa
2. Pentsarazi egiten du
3. Antzezleek oso ondo egiten dute lana
4. Istorio polita / Bikote baten istorio polita / Gizon pobre baten eta emakume dirudun baten arteko erlazioaren suntsipena
5. Amodioa ikuspuntu historiko batetik azaltzen da / Benetako amodioa nolakoa den erakusten digu / Filma ikusirik Romeo eta Julieta irakurtzeko irrika sortu zitzaidan
6. Oso ondo erakusten du grinak bizitzan duen eragina / Oso ondo ikusten da nola dagoen pasioa guztiaren gainetik / Errealitatea okerragoa bada ere, ezintasunaren aurrean grina irabazle atera daitekeela erakusten digu filmak / Ez da ahazten benetan nahi duguna eta lortu arte jarraitzen dugu.
Agian galdetegiaren erantzunik garrantzitsuenak galdera irekiari emandakoak izan ziren:
- Balio al du zineak filosofia ikasteko?Esan zergatik eta eman adibideak:
Ikasleen kopurua: 16
Erantzunak:
BAI: 14
Bai, film egokiak eta interesgarriak badira: 1
EZ: 1
ZERGATIK balio dizu?
Laburtuz, baiezko erantzunak hurrengo zazpi multzotan sailka daitezke:
1.- Zineak filosofia beste modu batera -dibertigarriagoa, ezberdina,...- ikasteko balio duelako.
2.- Gaia hobeto eta errazago ulertzen laguntzen duelako.
3.- Filosofia pentsamenduan oinarritzen da eta filmek gaian pentsatzen laguntzen dutelako.
4.- Filosofian bezala filmetan ere gai guztiak aurki ditzakegulako.
5.- Zineak bizitza errealaren gorabeherak azal ditzakeelako.
6.- Bide zuzena jarraitzen ikasteko filmak onak direlako.
7.- Klasea galtzen dugulako (?)
Eta ezezko erantzunaren zergatia:
1.- Filmak gai zehatz bat ukitzen du, baina filosofia oso konplexua da.
Ebaluazioaren azterketa eta esperientziari buruz hausnarketa egin eta gero ondoko ondorioak atera ahal direla uste dut:
1.- Zinea erabiltzea positiboa izan da oso. Filma jartzen nuen eguneko bi ordu horiei etekin handiagoa atera ahal izan diet bestetan baino.
2. Ikasleak ez zeuden eztabaidatzen ohituta . Gaiari buruz eztabaidatzea kosta egiten zitzaien; idatzizko probetan, berriz, ideiak sakonago eta berezkoago agertzen zituzten. Jarrera honen arrazoiak anitzak izan daitezke: gogoetak publikoki azaltzeko eskarmenturik eza; bizi garen gizartearen isla - eztabaida gehienak kirola, gai arin edo hitz batez esanda, pentsarazten ez duten arazoei buruz izaten dira; eztabaida bera txarto suspertuta eta zuzenduta izatea...
3.- Zinea gustatzen zaie, bain ikasleek ez dute zinea ikusten ikasi ; hortaz, gaurko filmak klasikoak baino estimu handiagoan dauzkate. Biak tartekatzen saiatu naiz.
4.- Betiko filmak -hau da, zerrenda eta testu gehienetan aipatzen direnak- jarri beharrean, beste film batzuk bilatzen saiatu naiz. Zalantzarik gabe ikasleek ikusi ez badute, arrakasta eta arreta ziurtzat jo daitezke . Honek, bestalde, zinemazaleak izatera behartzen gaitu. Jakina, gelan jarri aurretik filma ikusi egin behar da, baita informazioa bilatu ere.
5.- Etekin handiagoa atera ahal da filmean gaia zeharka agertuz gero, kasu hauetan gaia normalean naturaltasun handiagoz aurkezten baita. Adibidez, arrazakeriaz aritzeko hobe da Clint Eastwood-en True Crime, Americam History X baino. Zinea, azken batean, mundua leiho batetik erakustea da eta zaila da leiho horretatik sartzen den guztia erabat kontrolatzea.
6.- Gelako kideekin batera eta bakarrik ikustea abantaila izan dela esan behar dut, emanaldia hurbilago sentitzen dutelako, eztabaidari lagunduz.
7.- Ikastetxeetan bideoteka antolatzea beharrezkoa da. Eta orain esandakoari lotuta, aurkitutako arazorik larriena azaldu nahi dut oso bideo gutxi dago euskaraz . Euskara zineman sartu nahi badugu, nire ustez, bideoetara edo oraingo DVD formatora eramatea errazagoa eta eraginkorragoa litzateke. Izan ere, zine aretoa egun batzuetan betetzea zaila da, baina bideoak talde txikitan edo etxeetan oso erraz ikus daitezke. Hezkuntza Sailak eta Kultura Sailak ETBren laguntzarekin film gehiago euskaratzeko eta merkatuan jartzeko ardura hartu beharko lukete. Esate baterako, zine klasikoarekin literatura unibertsalarekin egin den bexalaxe egin liteke.
Hauxe izan da Filosofia jakintzagaian zinearekin izan dudan nire esperientzia zinea. Ez dut amaitu nahi pasa den urtean zinea eta filosofiari buruz -batez ere Batxilergoko 2. mailari begira- agertu zen liburu interesgarri bat aipatu gabe: CABRERA , Julio: Cine: 100 años de filosofia. Una introducción a la filosofÃa a través del análisis de pelÃculas. Ed. Gedisa, Barcelona, 1999.