ROBLETO, Fernando:

2001-03-01
Nikaraguako Gobernuko Hezkuntza ministroa da egun Fernando Robleto. Orain dela bi urte hartu zuen kargu hori managuar honek, eta lehendabiziko aldiz hasi zen hezkuntza arloan lan egiten. Ordura arte petrolio konpainia internazional batean aritu zen. Beretzat erronka izugarria izan da zeregin berri hau, eta gustura dago egin duenarekin. Horixe jakin nahi izan dugu, hain zuzen ere, zer egin duen eta nola ikusten duen Nikaraguako hezkuntzaren egoera Hezkuntza ministroak.
 
 
Nola baloratzen duzu Nikaraguako hezkuntzaren bilakaera Somozaren diktadura amaitu ondorenetik gaur egun arte?

Historia laburra eginez, 1990az geroztik erreformak egin dira. 80ko hamarkadan sistema demokratikoari buelta eman zitzaion, eta hezkuntza estatu sandinistaren kontrol bide bilakatu zen. 90etik aurrera, Violeta Chamorro boterean jarri zenean, beste aldaketa bat hasi zen, hezkuntza sistema berri bat jarri zen abian: curriculum berria, ministeritzan langile gehiago, testuliburuak aldatu ziren... Horrek bost urte iraun zuen. Ondoren, Arnoldo Aleman presidentearekin modernitaterako aldaketa egin da, batez ere. Gobernuko aurrekontuaren portzentaiarik handiena hezkuntzara bideratu da, %20, hain zuzen ere. Hezkuntzari lehentasuna eman zaio.



Zein izan dira modernitateari begira egin diren aldaketak?

Hasteko, Lehen Hezkuntzako curriculum berriak egin dira, eta orain Bigarren Hezkuntzakoak egiten ari gara.

Bigarrenik, irakasleentzako formakuntzarako eta Irakasle ikasketetarako eredu berriak diseinatu ditugu. Irakasleen soldatak ere igo ditugu, benetan oso baxuak direla iruditzen baitzaigu. Soldata baxuaren arazoak sufrimendu asko sorrarazi dizkigu, irakasle askok lana utzi baitute.

Irakasleekin jarraituz, programa berezi bat prestatu dugu irakasleek gurasoak eta familiak bisita ditzaten eta haurrak eskola bidaltzera anima ditzaten. Hezkuntza komunitatea irakasleek, ikasleek eta gurasoek osatzen dute, eta beraien arteko erlazioa estutu nahi da programa horrekin.

Hirugarrenik, helduen alfabetatze programarekin analfabetismoa ia %4 jaistea lortu dugu, hots, %25etik %18ra. Aurten alfabetatu horiek unibertsitatera edo lanbide bat ikastera joan daitezen animatu nahi ditugu, horrela lana bilatzeko aukera gehiago izango baitute.

Laugarrenik ikastetetxeen eraikuntzari bultzada handia eman diogu. Inbertsio handia egin da azpiegituran. 365 eskola egin ditugu lehen hiru urteetan, eta azkeneko hontan ia 700 izan dira. Horrek klaseak goizez ez ezik, arraltsaldez eta gauez emateko aukera ematen digu. Aldaketa erakargarri horrek gelak haurrez betetzea ekarri du.

Azkenik, bada beste gauza oso-oso positibo bat: iaz 9.000 testuliburu banatu genituela haurren artean. Estatuko eskoletako haurren %99ak bere testuliburuak dauzkala esan genezake, eta oso harro gaude testu modernoak eta eguneratuak dauzkatelako. Horrez gain, mahaiak eta motxilak ere banatu genituen. Nekazal guneetako haurren %30engana iritsi ginen eta motiba zitezen lortu genuen.

Aurten nekazal guneetako familiei laguntza ekonomikoa emateko programa bat jarri dugu martxan. Nekazariek haurrak lanera bidaltzen dituzte, edota uniformerik ez dutelako eskolara bidali gabe uzten dituzte. Ematen zaien dirulaguntzarekin haurrak eskolara bildatzeko moduan izango dira. 12.000 familiengana iritsiko gara aurten eta kopuru hori gehituz joango gara pixkanaka-pixkanaka.

Dena dela, aldaketa horiez gain, bada benetan garrantzitsua eta azpimarratzekoa den lorpena: Hezkuntza Plan Nazionala egin dugula.



Zer da Hezkuntza Plan Nazionala eta zergatik da berau lorpenik garrantzitsuena?

Hezkuntza osatzen duten hiru azpisistemetako partaideek egindako plana da. Lehenengo aldiz ados jarri gara hiru azpisistemak, eta hori oso garrantzitsua da.

Hiru azpisistemak hezkuntza orokorra (Lehen Hezkuntza, BigarrenHezkuntza, Helduen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia), hezkuntza teknikoa eta hezkuntza unibertsitarioa dira. Lehenengoa Hezkuntza Ministeritzaren eskuetan dago, bigarrena Institutu Teknikoak kudeatzen du, eta hirugarrena Unibertsitateko Batzorde Nazionalak.

Hiru erakundeak elkarrekin jardun gara lanean eta hezkuntzaren alorreko hainbat gai jorratu ditugu: curriculuma, azpiegitura, irakasleen formakuntza... Eta horrekin, datozen 15 urtetarako plan bat egin dugu. Plan horretan Nikaraguako hezkuntzaren arazoa planteatzen da, eta zer eta nola egingo dugun hurrengo 15 urtetan egoera hori aldatzeko.

Nik uste dut plan horrekin hezkuntza despolitizatzea lortzen badugu, aurreko urteetan ez bezala, hezkuntzari lotutako gauzak soilik egingo ditugula eta emaitza onak lortuko ditugula.



Beste erronkarik gelditzen al zaizu gobernuan egoteko denboraldia bukatu aurretik?

Bai, beste analfabetismorako plan bat lortzea, hau da, informatikarako. Idazten eta irakurtzen irakatsiko diogu jendeari, baina informatika ahaztu gabe. Horrela, garapen programa bat lantzen ari gara informatikako laborategiak egon daitezen, irakasleentzako prestakuntza egon dadin... Arlo hori lantzeko nazioarteko laguntza daukagu.



Egindako aldaketen artean, zentro autonomoak sortu dituzu. Zer dela-eta? Nolakoak dira?Zer mesede ekarri dute?

Eskola autonomoak komunitatearen hezkuntza partaidetza areagotzeko sortu eta bultzatu dira. Ministeritzak arauak egiten ditu, baina gainontzekoa eskola kontseiluaren eskuetan uztea da helburua. Gurasoak, ikasleak eta irakasleak izan daitezela erabakiak hartzen dituztenak, eta ez Ministeritza. Zeren zentroa abeltzantza gune batean badago, horrekin zerikusia duen zerbait irakastea interesatuko zaie; edo arrantza gune batean badago, arrantzarekin lotutako ikasgai bat komeniko zaie. Zentzu horretan, ikastetxeak erabaki horiek hartzeko askatasuna eduki dezan nahi dugu.

Dena dela, ez da gauza erraza. Gurasoak ez daude eskolan parte hartzera ohituta, eta asko landu behar da alderdi hori.

Irakaskuntza publikoa dohainik dela dio legeak, baina praktikan ordaindu egiten da.

Legea oso argia da; hezkuntza doakoa da. Bigarren Hezkuntzan gurasoek aukerako eta borondatezko laguntza eman dezaketela ere esaten du, baina borondatezkoa. Beraz, egiten diren kobraketak ilegalki egiten dira, eta zuzendari horiek zigortu ditzakegu legez. Ni zentroak bisitatzen ibili naiz eta ezin dutela eta ez dutela kobratu behar azpimarratu diet. Hori gertatzen denaren frogak baldin badauzkat, zigor dezaket. Froga horiek lortzeko iturria gurasoak dira, beraiek dira informazio hori eman diezaguketenak.



Ministeritzak ez du inolako kontrolik egiten?

Ministeritzaren kontrola badago, baina batez ere gurasoena. Beraiek dira eskola kontseiluan daudenak. Guk ikuskariak eta teknikoak bidaltzen ditugu, baina beraiek dira ematen diegun diruaren erabilpen ona egin behar dutenak eta behar den gauzetarako bideratu behar dutenak.



Zein da egiten ari diren aldaketa horien guztien filosofia?

Lehenengo, gobernu eta herrialde bezala, konbentzituta gaudela biztanleria heziz soilik aterako garela gauden pobrezia honetatik. Ez dago beste formularik. Nekazarien, langileen eta erdi mailako jendearen haurrei aukera ematen diegun heinean irtengo gara gauden egoeratik. Irakurtzen eta idazten ikasteko aukera baldin badute, edota Lehen ikasketak edo Batxilergoa egiteko, biztanleriaren maila ekonomikoa igo egingo da eta inbertsio nazionala zein internazionala egiteko gai izango gara. Hori da gobernu honen filosofia.

Horrez gain, behin eta berriz eskatu behar dugu hezkuntzaren aurrekontua igotzeko. Helburuak hezkuntza modernizatzea, hezkuntza eraginkorra lortzea eta estatuaren parte-hartzea gutxitzea eta irakasle, ikasle eta gurasoena areagotzea dira. Noski, hori guztia hezkuntza politika eta oinarrizko arauak mantenduz, bai moralak nola balioen ingurukoak.



Zein izango lirateke balio horiek?

Oinarrizkoak direnak: errespetua, egia, helduekiko zintzotasuna, gardentasuna... Oinarrizko balioak dira, etxean ikasten hasten garenak eta hezkuntzan indartu behar ditugunak modu zintzo eta profesionalean.

Pobrezia dela-eta, egungo gizarteko balio modernoak alde batera uzten ditugu, eta ez dugu hori egin behar; balio horiek ere ez ditugu ahaztu behar.



Nola ikusten duzu etorkizuna?

Oso ondo. Gauza asko aurreratu ditugula ikusten dut. Urte eta erdian ez da inolako huelgarik egin, sindikatuekin izandako elkarrizketak ondo burutu dira beraiekin lotutako gaietan parte hartu dutelako...

Oraindik gauza asko dauzkagu egiteke, baina Ertamerikako hezkuntza sektorearen batasuna dela-eta, asko aurreratuko dugu. Beste herrialdeen esperientziaz baliatuko gara, eta ez dugu beraiek sufritu dutena pairatuko. Beste herrialdeetan ezarrita dagoena azkar ekar dezakegu, eta gauza onak hartu eta txarrak alboratzen baditugu, gauzak aldatuko ditugu.

Dena dela, ez da ahaztu behar gurasoen parte-hartzerik gabe ez dugula lortuko beste herrialdeetan lortu dutena. Hori azpimarratu nahi dut.

Era berean, Jainkoari eskerrak, tendentzia politiko guztiak ados daude soluzio bakarra hezkuntza dela baiezterakoan. Desadostasunak egon arren, horretan ados jarri gara eta Hezkuntza Plan Nazionala horren fruitu izan da.



Azaroko hauteskundeen ondoren, Hezkuntza Plan Nazionalak jarraipenik izango al du?

Hurrengo gobernuak denon parte-hartzearekin lortu dugunHezkuntza Plan Nazionala errespeta dezan lortu behar dugu. Plana ez baita politikoa, hezkuntza arloari dagokiona baizik.