CARDENAL, Fernando:

2001-03-01
Fernando Cardenal Hezkuntza ministro izan zen gobernu sandinistarekin 1984tik 1990era bitartean. Granada hirian jaio zen 1934ean eta bere bizitzako jardueren ardatzak pobreziaren eta diktaduraren aurkako borrokak izan dira. 70eko hamarkadan Frente Sandinistarekin hartu zuen parte borrokan. 80ko hamarkadan gobernu sandinistan jardun zen. 22 urteko militantziaren ondoren, 1994ean errenuntziatu zuen, Frente Sandinistaren barruko ustelkeria zela-eta.

Bera jesuita da. Jesusen Konpainian sartu zen eta betidanik jardun da behartsuei laguntzen. Azken 13 urtetan pobreekin bizi izan da, gertutik biziz haien egoera. Gaur egun Fe y Alegrí­a mugimenduko zuzendari nazionala eta koordinatzaile zentrala da. Haur behartsuen hezkuntzaz arduratzen den mugimendua da berau. Era berean, Instituto Nicaragüense de Investigación y Educación Popularreko sortzailea eta zuzendaritza taldeko lehendakaria ere bada.
 
 
Gobernu sandinistan Hezkuntza ministro izan zinen 1984-1990 bitartean. Zer aurkitu zuen gobernu sandinistak boterera iritsi zenean eta zer egin zen?

Somozaren garaian hezkuntza gizarteko sektore batzuetara soilik iristen den, aberatsengana. Nekazal guneetara ez zen iristen. Analfabetismoa %50 baino handiagoa zen, eta zenbait nekazal guneetan %90koa.

Sandinistekin hori aldatu egin zen. Nekazariak oso garrantzitsuak izan ziren iraultzan eta ordura arte inor ez zen beraiekin gogoratu. Hori dela eta, gu lehenengo egunetik hasi ginen nekazal guneei garrantzia ematen. Berehala hasi ginen alfabetatze kanpainarekin. Iraultzaren garaipenetik astebetera esan zidaten alfabetatze kanpaina diseinatzeko. 100.000 alfabetatzaile bildu genituen. Horietatik 60.000 hiriko unibertsitateko ikasleak ziren, eta mendira joan ziren bizitzera. Analfabetismo indizea %52,9tik %12,9ra jaitsi zen.

Bestalde, eguneko bi gela eraikitzen hasi ginen, batez beste hiru egunetan Lehen Hezkuntzako eskola bat egiten zelarik.

Guk hezkuntza herritarrengana zabaldu genuen, eskolaurretik hasi eta unibertsitatera arte, eta baita helduen alfabetatzea eta helduen hezkuntza ere. Helduak analfabetismotik unibertsitatera eraman genituen.



Hezkuntzaren printzipioak eta helburuak ere aldatu al ziren?

Bai, noski. Ordura arteko ideologia kapitalista zen; egiten ari zen guztiaren oinarria gizakia erosle bihurtzea zen. Bizitzako ideala materiala zen, dirua edukitzea erosi ahal izateko. Hezkuntzaren zeregina haurrak gizartean integratzea zela esaten zen, baina gizarte kontsumista batean.

Guk hezkuntza berri bat bultzatu genuen, izpiritu zerbitzaria zuena, jarrera, printzipio eta balio etiko eta gizartiarretan oinarritua. Erabat ezberdina zen aurreko hezkuntza somozista inperialistaren aurrean. Guk irakurtzen irakasteko jarrera bultzatzen genuen, eta ez lehiatzeko jarrera.



Edukiak ere aldatu al ziren?

Hezkuntza sistema eskolaurretik hasita eraldatu genuen, eta hezkuntzan oinarritutako eraldaketak egin genituen. Alde batetik oinarri zientifikoa eman genion, Somozaren garaiko eduki politikoa kenduta. Eta beste aldetik giza balioetan oinarritutako hezkuntza garatu genuen.

Urtero gradu bat eraldatuz joan ginen, helburuak, programak eta testuak aldatzen zirelarik. Urtero testu berriak egiten ziren.

Azkenean, ordea, 1990ean hauteskundeak galdu ondoren, eraldaketa bukatu gabe gelditu zen.



Zer kritika egin izan zaizkio zuek egindako eraldaketari?

Esaterako, testuak oso politizatuta zeudela. Egia da, agian pisu politiko gehiegi izango zuten, baina behintzat eraldatzen hasi ginen eta hori da garrantzitsuena.

Juan Bautista Arrien jesuitak "10 años de educación en la revolución" liburua idatzi zuen. Urte horietan egin zenaren analisia egiten zuen eta baita kritika ere. Hala ere, ez da gauza bera 1980an edo 81ean testu bat idaztea eta 89an aztertzea. Liburuko zenbait kritika guk geuk ere egin genizkion geure buruari.



Orduko eta oraingo egoera konparatzen hasita, zer esango zenuke?

Hezkuntza benetako hondamenera doala. Ez dago alfabetatze programarik ezta helduen hezkuntzarako programarik ere.

Bestalde, hezkuntzaren pribatizaziorako joera dago. Iraultza garaian doakoa zen eskolaurretik hasi eta unibertsitatera arte. Orain ordaindu egiten da maila guztietan.



Baina ordainketa horiek borondatezkoak dira, ezta? Legeak ez al dio irakaskuntza publikoa doakoa dela?

Bai, esan bai, baina errealitatean besterik gertatzen da. Irakaskuntza publikoak bi eredu ditu: eskola publikoak eta eskola autonomoak. Violetaren garaian hasi eta Alemanekin jarraitu zuen Umberto Bello Hezkuntza ministroak eskola autonomoak bultzatu ditu. Helburua ikastetxeen pribatizazioa eta administrazioaren dezentralizazioa bultzatzea izan da, hau da, eskolaren eskuetan uztea hainbat erabaki. Eta zer ekarri du? Doakoak ziren ikastetxe asko kobratzen hastea.

Askok ezin dute ordaindu. Hasierako matrikulaz gain hileko kuota ordaindu behar dute, eta motxilak, uniformea, kuadernoak eta beste hainbat gauza ere bai. Azkenean haur horiek eskolara ez joatea lortzen da.



Zein izango litzateke etorkizunerako alternatiba egoera alda dadin?

Mentalitate neoliberal hori edukiko ez duen gobernua egotea. Azaroan egingo dira hauteskundeak eta horien aurreko garai honetan alderdien arteko aliantzak asko mugitzen ari dira. Nik ezin dut esan zer aterako den, baina alternatiba herriaz kezkatuko den gobernua izango litzateke, ustelkeriarik gabekoa. Izan ere, herrialde honetan ustelkeria gaitz endemikoa da eta gehiegikerietara iristen ari da. Guk nahi genuena bezalako aldaketa behar da, baina orain armarik gabe.



Oinarrizko ideologia eta pentsamendu horren aldaketarekin batera, zein neurri hartu beharko lirateke?

Zenbat egin daitekeen ikusiz joan behar da, hori ere herrialdeko ekonomia egoeraren baitan baitago. Neurriak oso konkretuak izango lirateke eta zaila da orain zehaztea. Ikusi behar dena programa da, norantz jo nahi den, zer nahi den herrialde honentzat.



Nolako programa egingo zenuke zuk? Zein izango lirateke programa horren oinarriak?

Oinarria izango litzateke printzipio absoluto bezala gizakia jartzea. Gizaki hori garatzerakoan denen ongizatea bilatu beharko litzateke, batez ere ahulenena eta txikienena. Ez da ahaztu behar demokrazian gobernatu behar dela, eta demokrazia denona eta denontzat den gobernua dela. Gehiengoa pobrezian bizi bada, nik ezin dut gutxiengoarentzat gobernatu, ezta pentsatu ere, gehiengoarentzat gobernatu behar dut. Orduan, ahulenei mesede egingo dieten legeak egin behar ditut. Hori da etengabeko demokrazia.



Zenbateko garrantzia ematen diozu hezkuntzari gainontzeko arloak kontuan hartuta?

Inongo herrialde ezin da garatu eta historian zehar ez da inoiz garatu hezkuntzarik gabe. Garapenaz hitz egiten badugu, goazen bada garatzera. Garapenerako Aliantza, Aurrerapenerako Aliantza eta abar egiten dira, eta hezkuntzan ez da ezer inbertitzen.

Ertamerikan gutxi garatutako herrialdeak gara, baina gure artean desberdintasun izugarriak daude. Costa Rican orain dela 100 hasi ziren hezkuntzan inbertitzen eta Nikaraguan, berriz, ez. Muga pasa eta berehala igartzen da beste herrialde bat dela; atzerriko inbertsioa dago, eskulan kualifikatua eta prestatua... Guk ere aurrerapausoak eman genituen, baina gero berriz atzera egin genuen.