Kronika

2001-03-01
 
 
Euskal sistema nazionalaren aldeko "eztabaida gune irekia" burutu zen Gasteizen otsailaren 21ean. Ekitaldi publiko horretan irakaskuntzako nahiz herri ekimeneko partaideak bildu ziren. Bertan adierazi zen bezala, euskarak azkenaldian jasandako "erasoek" mugiarazi dituzte irakaskuntzako hainbat langile, guraso, ikasle eta beste alorretako pertsonak talde hau osatzera.
Bozeramaileek azaldu zutenez, ez da erakundeen batuketa hutsa izango, eztabaida askea pizteko tresna baizik, eta beren helburu nagusiena, epe laburrerako behintzat, "indarrak bildu eta herritarrentzako erreferente bihurtzea" izango da.
Bultzatzaileek honoko lau alderdi hartu zituzten gogoan: Euskal Herriak euskal hezkuntza egituraketa propiorik ez izateak sistema espainiarra nahiz frantziarra nagusitzea dakar, indarrean dagoenak ez du bermatzen euskararen etorkizuna, curriculum propioarekin jokatzeko beharra eta hezkuntzan legedia propioaz baliatzeko premia.
Aurkezpenean zehaztu zen modura, taldea Organu Iraunkorra izango da.

Euskal Editoreen Elkarteak euskarazko ikasliburuak babesteko eskatu du
Euskal Editoreen Elkarteak gogor salatu ditu azken hilabeteotan Nafarroa eta Espainiako gobernuek ikasliburuen inguruan euskarazko hezkuntzari "egindako erasoak". Eusko Jaurlaritzak "erasoei" emandako erantzuna ez dela nahikoa izan adierazi zuten. Halaber, aurrera begira, euskarazko ikas-materialak eta euskal hezkuntza sistema defendatzeko deia egin zien administrazioei eta Jaurlaritzari, eta irakaskuntzaren eta kulturgintzaren alorreko elkarteei, "erasoaren neurriak kulturgintzan ari garen guztion lankidetza eskatzen baitu".
Jorge Gimenez, elkarteko lehendakariaren esanetan, "euskal kulturgintza eta hezkuntza susmagarri bilakatzea helburu duen jokabide iraingarri ugari ibili da azken bolada honetan". Horren aurrean, Gimenezek aipatzen du jokabide horietan guzti etan asmo politikoez gain, ekonomikoak ere ikusten direla, azken batean, beren helburua euskal editorialaren industria zikindu eta zapuztea delarik.
Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak esandakoaren arabera, "herri orok du modu demokratikoan aukeratzen duen hezkuntza sistema eratzeko eta garatzeko eskubidea, eta hein berean, sistema horretan erabiliko diren ikas-materialak ekoizteko eta erabiltzeko ahalmena".
Ildo horretan, editoreen elkarteak ez ditu onartzen testu horiek kontrolatzeko hainbat administraziotatik jartzen ari diren baldintzak, eta eraso hauen aurrean, prest daude baliatu beharreko ekinbide juridikoak aurrera eramateko, bai hemen bertakoak eta baita nazioartekoak ere. Hala ere, badakite ez dela erraza bide juridikoan sartzea, orain arte egin diren adierazpen asko iritzi moduan eman baitira. Dena dela, horretan jarraituko dute, euskal ikasliburuak buru belarri defendatzeko asmoz.

IAk "Udaberri intsumitua"ri ekin dio
Otsailetik maiatzera bitartean "Udaberri intsumitua" burutuko dute Euskal Herriko ikasleek Ikasle Abertzalea-ek bultzata. Euskalduntzearen borrokaren ildoan kokatzen den mugarri berria da "Udaberri intsumitua".
Orain arteko lanari bultzada eta jarraipena emateko ekimen berri hau hiru hilabetetan zehar luzatuko da, eta Euskal Herri osoan burutuko diren mobilizazio dezentralizatuek osatuko dute. Ikastetxeetan, herrietan, eskualdeetan eta maila nazionalean burutuko dira ekintzak, bai Lanbide Heziketan, bai unibertsitatean eta baita beste arloetan ere. Besteak beste mobilizazio planteak, grebak, itxialdiak, hitzaldiak, aldarrikapen taulak, Korrikaren inguruko ekimenak, erakusketak, kultur asteak, kontzientzia eragozpen kanpaina, atxikimendu bilketak eta abar burutuko dira eskualdez eskualde. Hiru hilabeteko kanpaina honi amaiera emateko mobilizazio aste nazionala burutuko da maiatzeran "Euskalduntzearen alde, ikasleok intsumisioa!" lelopean.
"Udaberri intsumitua"ren helburua euskal ikasleen hizkuntza eta kultur eskubideak errespetarazteko intsumisio dinamika lau haizetara zabaltzea da. Irakaskuntza hizkuntzaz eta edukiz euskalduntzeko daramaten borrokari bultzada berria eman nahi zaio.
IAko bozeramaileek azaldu dutenez, "intsumisioa beharrezko jarrera da gaurko hezkuntza sistemari aurre eginez guk IAtik bultzatzen dugun euskal eskola publiko nazional hori sortzeko. Horregatik, hurrengo pausoa hezkuntza sistema propioa nahi duten horiek ekintza intsumisioak aurrera eramatea izango da". Horrekin guztiarekin, IAk lortu nahi duena da euskaraz ikasi ahal izatea. Era berean, unibertsitate nahiz lanbide heziketako zentroetan euskal curriculuma egotea eskatzen dute.

Seaskak integrazio kanpaina berria abiatu du . Aurrera eramango duen ekimenak adimen urriko haurrei ikastola guztietako ateak irekitzea du helburu. Ladix Arrosagarai, Seaskako integrazio batzordeko kideak dioen bezala, "ez da desberdintasunik mantendu behar ikasleen artean". Lelo hori aurrean izanik, kanpainaren helburu orokorra "eskola integratzailea eraikitzea" izango da.
Seaskako batzordeak jakinarazi nahi du, ahalmen urriko haurrak dituzten gurasoek aukera badutela beraien haurrak Ikastolan sartzeko. Aldi berean, argi utzi nahi izan dute, haur horiek besteekiko desberdinak direla soilik, eta ez ezinduak.
Seaskaren hurrengo pausoa hitz hauek guztiak ekintzara pasatzea izango da, horretarako kanpaina diru iturri garrantzitsutzat jotzen dutelarik.
Bestalde, Seaskak ahalmen urriko haur horiek hezitzailearen laguntza beharrezkoa dutela aldarrikatzen du. Frantziako hezkuntza sistemak laguntzaile postuak ezartzen ditu, baina hezitzaileen funtzioa laguntzaile horiena baino urrunago do, hezitzaileek sostengu pedagogikoa ere ziurtatzen baitute. Ahalmen urriko haurra ikastolara ekartzearen helburua ez da ikaskuntza jasotzea soilik, baita lagunak egitea ere. Eskoratzeak haurrari gizartean integratzea erraztu behar lioke.