FREIRE, Paulo

2001-03-01
Gaur egungo gizarteko pentsamendu bakarraren aurrean, gizarte zientzietan joera kritiko bat sortuko da. Joera horrek neoliberalismoak eta postmodernitateak "gizakiari" ezartzen dizkion morrontzak salatzen ditu. Ikuspegi kritiko horren jarraitzaileak ugari dira eta horien artean, pedagogian, hezkuntza kritiko hori gorenetik ukituko duena autore hau izango da.
 
 
Pedagogo ospetsu honek duela lau urte utzi bagintuen ere, oraindik bere pentsamendu eta ideiek izugarrizko oihartzuna dute hezkuntza munduan. Paulo Freireren hezkuntzak Zapalduen Pedagogia izan du abiapuntu, bere testuinguruko kultura kolonizatuei zuzendua egon delarik. Dena den, egungo europar hezkuntzak bere iturrietatik edan ahal izan du, eta horretan jarraitzen du autore honen zenbait ekarpen praktikara eramanez.



Biografia

Paulo Reglus Neves Freire Rezife (Pernambuco hiria, Brasil) izeneko herrixkan jaio zen 1921. urtean. Bera bizi zeneko testuinguru soziala txirotasun handikoa izateak erabateko eragina izango du bere ideiak aurrera eramateko orduan. Rezifeko herrian bertan burutuko ditu oinarrizko ikasketa eta unibertsitate mailako formakuntza (Zuzenbide Fakultatean).

1944. urtean Elza Maia Costa de Oliveirarekin ezkonduko da. Bere emaztea Lehen Hezkuntzako irakaslea izango da eta honek bultzatuko du kulturaz eta hezkuntzaz arduratzera, pixkanaka alfabetatze programak (1963) garatzeari ekingo diolarik.

Aipaturiko hezkuntza esperientzia hori, ordea, bertan behera geratuko da 1964ko Estatu militarraren kolpea dela eta. Ondorioz, 1964-69 urte bitartean Txilen erbesteratuko da.

1969an UNESCOko kide izendatuko dute, Harvardeko Unibertsitatean (EEBBetan) eskolak emango dituelarik. 70eko hamarkadan Afrikako zenbait herrialderi aholkuak ematen ibiliko da. Aldi berean, alfabetatze programak gauzatuko ditu, zenbait lurraldetako berregituraketa nazionala bultzatu nahirik.

1980an Sao Paulora itzuliko da eta 1986an bere emaztearen heriotzak eragin izugarria izango du berarengan. Kolpe gogor horrek lur jota utziko badu ere, 1988an bere lagun mina den Nita Araujorekin ezkonduko da. Beranduago, beste poztasun bat ere etorriko zaio; bera sortzaileetariko bat izango den "Langileen Partiduak", 1989an udal hauteskundeak irabazten dituenean. Momentu horretan, Freire Sao Paulo hiriko Hezkuntzako idazkari izendatuko dute, kargu horretan 1991ra arte egongo delarik.

1992-97 bitartean Unibertsitatera itzuliko da berriro eta "Doctor Honoris Causa" izendatuko dute. Bere konpromiso politiko eta sozialak urte horietako bere azken lanetan islatuko dira. Azkenik, 1997ko maiatzaren 2an bere bizitzako azken arnasa emango du.



Teoriaren ardatz nagusiak

Freireren teoriaren ardatza eraldaketa eta aldaketa sozialetan oinarritzen da. Bere pedagogia ez da egokitzapenerako izango, eraldakuntzarako baizik, bere pentsamenduak muga ugari gaindituko dituelarik.

Autore honen pedagogian ezinbestekoa da bera bizi zeneko testuingurua kontuan hartzea, eta era berean, testuinguru horrekiko izan duen konpromiso politiko nahiz soziala. Hortik abiatuz, isiltasunean bizi diren kulturez arduratzen hasiko da;"Zapalduen Pedagogia" garatuz aprendizaia dialogikoa praktikara eramango du, bitarteko bezala ALFABETATZEA erabiliko duelarik. "Zapalduen Pedagogia" hori heziketa popularraren bidez gauzatuko da, populuari zuzendua baitago. Freirek populuarekin lan handia egingo du eta batik bat, helduen alfabetatzean buru-belarri sartuta ibiliko da.

Freireren pentsamendua eta hezkuntza-ekintza heziketa askatasunaren praktika dela onartzetik abiatzen dira, "gizaki bukatugabea" dutelarik oinarri. Gizakiak bere testuingurua du eta bertan sozializatzeaz gain, berau eraldatzen saiatu behar du. Freireren aburuz, gizakia bukatugabetasun "ontologikoan" oinarritzen da, hots, gizakiak berezkoa du. Gainera, gizakiok izaki garen neurrian, ikasten gaude eta etengabeko ikaskuntza horrek egiten du gizakia bukatugabe. Bukagabetasun horrek beti eraldatzeko zerbait badagoela adierazten du. Modu horretan, ikastea eraikitzea, berreraikitzea, aldatzeko konstatatzea izango da. Horregatik, hezkuntza prozesua ezin da egokitzapen hutsera mugatu, bere hastapenetan eraldatzearen ideiak egon behar du, askatasunaren prozesu batean murgilduz.

Ildo horretatik jarraituz, ezin da esan hezkuntzako arazoa egiteko pedagogikoa soilik denik, egiteko politikoa ere bada. Eta, Freirek aipatzen duen bezala, zergatik da egiteko politikoa ere errealitatearen eraldaketa? Ez hain zuzen ere aberatsak geroz eta aberatsago izateko, baizik eta itzalpean aurkitzen diren kulturen egoera hobetzeko, eta maila berean, aldatzeko. Beraz, Freirek"Autonomiaren Pedagogia" deritzon lanean azalduko duen bezala, ezagutza kritikoa praxis politiko eta kultural horretan zentratua egongo da.



Autonomiaren pedagogia

Hezkuntza mailako eraldatze prozesu horretan murgiltzerako orduan, lehenengo urratsa errealitatea ezagutzea izango da. Horretarako, Freire ezagutza kritikoa , ezagutza askeagoa eta demokratikoagoa azpimarratuko du. Gizakiak bere munduaz kontziente izan behar du, bere kontzientzia ekintza-hausnarketak prozesuaren barnean egon behar duelarik, kontzientzizazio horrek ahalbidetuko baitu errealitatearen eraldaketa.

Hezkuntzaren dialektika horrek praktika zehatz batzuk gainditzea eta berri batzuk bersortzea suposatzen du, hau da, irakaskuntza prozesu berri bat ezartzea,eta hori, autonomia pixkanaka barneratzen ari den erantzukizunean oinarritzen da. "Autonomiaren Pedagogia" horrek hiru printzipio nagusi izango ditu:"irakastea ez da ezagutzak transferitzea", "ez dago irakaskuntzarik diszentziarik gabe"eta"irakastea giza-berezitasun bat da".

Ideia horiek guztiek enpiristen hezkuntza tradizionala hankaz gora jarriko dute. Orain arte, hezkuntza bankario edo tradizional horren arabera, irakaskuntza edukiak transferitze hutsean zetzan, subjektu-objektu erlazioa (irakasle-ikasle harremana) mantenduz. Irakaskuntza mota horretan, irakaslea formatzen duen hura izango da eta ikaslea formatua dena. Ondorioz, irakaskuntza bankari hori errealitatera egokitzeko soilik izango da.

Ikuspegi horren aurrean, Freirek hezkuntza kritikoa proposatuko du, teoria eta praktika maila berean egotea aldarrikatuko duelarik. Hezkuntza kritiko hori ez da irakaskuntzaren transmititze soilean geratuko, eduki hutsetik harantzago joango da. Ideia hori Freireren baieztapen honek laburbiltzen du: Irakastea ez da ezagutza jakitea, baizik eta hura sortzeko edo eraikitzeko ahaltasunak sortzen jakitea". Beraz, edukiak eraiki egin behar dira, baina horretarako Hezkuntza Komunitate guztiak (irakasle, ikasle, guraso, ez dozenteak) parte hartu behar du, hau da, edukiak taldean eraiki behar dira. Hezkuntza komunitate horretan, irakaslea bitartekoa da ekintza kurrikularraren garapenean. Horrek irakasle-ikasle erlazioan harreman horizontala utziko du agerian.(subjektu-subjektu erlazioa). Horregatik, eraikitze prozesu hori garrantzizkoa da, irakasle eta ikasleak elkarrekin ikasi, irakatsi, kezkatu, ekoiztu eta elkarrekin aurre egin behar baitie eragozpenei.

Freirek eraikitze prozesu horretan aurrera eramango duen metodologia metodo dialogikoa izango da. "Dialogo" hau ez da eguneroko edota ohiko elkarrizketa hutsetan gauzatuko, baizik eta taldean buruturiko gogoeta-ekintza izango da. Horregatik dio Freirek ikasle eta irakasleen jarrera dialogikoa, irekia, jakinguratsua, ikertzailea eta aktiboa izan behar dela. Jarrera dialogiko horren berezitasuna hain zuzen ere, zorroztasun metodikoa izango da. Zorroztasun metodiko horrek, edukiaren tratamendua luzatu eta kritikoki ikastea ahalbidetzen duten baldintzak ekoizten ditu. Kritikotasun horrek jakin-min xalotik (zentzu ona, intuizioa) jakin-min epistemologikora (ezagutza) pasatzea posibilitatuko du. Horrek guztiak inplizituki aldaketa, eraldaketa dakar berarekin.

Azken finean, Freirek bere barnean eta bere teoria guztiaren azpian duen helburua hauxe izango da; errealitateare ERALDAKETA , horretarako"testuinguruaren irakurketa"rekin kontzientziatuz.



Freireren teoriaren zabalkundea

Freireren teoria 1991n Sao Paulon sortutako "Instituto Paulo Freire" deritzon elkartean aurkitzen dugu, bere pentsamendua mundu guztiari agerian utzi nahiko diolarik. Institutu hori Freire berak beste autore batzuen (hasieran M. Gadotti eta J. E. Romao) laguntzaz sortutako iniziatiba izango da. Bertan heziketa popularraren inguruan arituko dira eta helburu nagusia Freireren ondareek jarraipena edukitzea izango da.

Erakunde hori zibila eta irabazi asmorik gabekoa da, zein pertsona eta instituzio internazionalek osatzen duten. Bere helburu zehatzak hauek izango dira: ikastaroak burutzea, Freireren pentsamendua zabaltzea, heziketa, kultura, zientzia eta komunikaziorako programak egitea eta aholkularitzako kontsultak eskaintzea. Hala ere, helburu horiek dinamikoak izango dira.

Institutu horren sorrerak bi printzipio izango ditu; batetik, asmo berberaren inguruan interesaturiko pertsonak biltzea; eta bestetik, pertsona horiek beren hausnarketak sakontzea, beren praktikak hobetzea eta gizarte egokiago sortzeko ahaleginak egiteko bilkura toki izatea.

Azken batean, institutu horretan hezkuntzaren inguruko hainbat hausnarketa eta lan burutu eta iradokituko dira, betiere askatasuna, justizia eta demokrazia bilatuz.



Gure eguneroko praktikan bere eragina

Egun Paulo Freireren pentsamenduaren arrastoa leku askotan aurki dezakegu. Freireren ekarpenek eragin handia izan dute. Badirudi itxuraz hasiera Freireren pedagogia hirugarren mundura zuzendua dagoela, baina ez da horrela, lehenengo munduan ere zeresan handia izango baitu, esaterako Euskal Herrian.

Historiari so eginez, esan dezakegu euskal alfabetatze eta euskalduntze metodoetan eta horien inguruan sortutako pentsamenduan erabatekoa dela autore honek izan duen eragina. Datu aipagarri bezala 70eko hamarkadarako Freireren ideiak plazaratuko dituen autore bat aurkitzen dugu, Eusebio Osa. "Pedagogia eta gizartea" lana argitaratuko du, eta gainera, euskaraz, benetan datu bitxi eta azpimarragarria.

Helduen Hezkuntzan ere, Freirek hainbat aldiz jorratu duen arloan, oinarrian autorearen ideiak daude. Helduen Hezkuntzako zentro horietan erabiltzen diren irakaskuntza metodoak Freireren pentsamenduez blaitzen dira.

Hezkuntza alorrean, Freireren isla diren esperientzia praktiko batzuk ere baditugu. Horietako bat Ikaskuntza Komunitateko proiektua da. Proiektu hori EAEko zenbait ikastetxe publikoan gauzatuko da (Portugaleten, Pasaian, Bilbon, Gasteizen, Lekeition eta Etxebarrin) eta berarekin lortu nahi dena komunitate bat osatuz lan egitea da.

Bestalde, Freireren teoria garbien zedarrituta duen proiektua Euskal Herriko sei ikastolatan gauzatzen ari den "Hezkuntza Komunitate Dialogikoak" deritzona dugu. Esperientzia horren helburua ikastetxeen errealitatea eta praktika aldatzea, eta era berean, hobetzea izango da.

Ikusten den bezala, oraindik ere, Freirek eragin handia du hezkuntzan. Beraz, Freireren ideiak ez dira berehalakoan hilko!



Bibliografia

Freireren lanak euskaraz:

-FREIRE, P. Irakurtzeko ekintzaren garrantzia elkar osatzen duten hiru idazkietan. UEU. 1990.

- FREIRE P. Pedagogia da autonomia. Cuadernos de Educación: Eusko Ikaskuntza, (9-71 orr). Donostia. 1999.



Freireren lanak gaztelaniaz:

- FREIRE P. La educación como práctica de la libertad. Siglo XXI. Madril. 1969.

- FREIRE P. Pedagogía del oprimido. Siglo XXI. Madril. 1970.

- FREIRE P. Cartas a Guinea-Bissau. Siglo XXI. Madril. 1977.

- FREIRE P. La importancia de leer y el proceso de liberación. Siglo XXI. Madril. 1984.

- FREIRE P. Pedagogía de la esperanza. Siglo XXI. Madril. 1993.

- FREIRE P. Cartas a Cristina. Siglo XXI. Madril. 1996.

- FREIRE P. A la sombra de este árbol. Editorial Roure. Bartzelona. 1997.

- FREIRE P. Pedagogía de la autonomía. Siglo XXI. Madril. 1997.

- FREIRE P., ILLICH I. eta FURTER P. Educación para el cambio social. Tierra Nueva. Buenos Aires. 1974.

- FREIRE P. eta GADOTTI M. Pedagogía, diálogo y conflicto. Cinco. Buenos Aires. 1987.

- FREIRE P. eta MACEDO D. Alfabetización. Lectura de la palabra y lectura de la realidad. Paidós/MEC. Barcelona.1989.

- FREIRE P., GIROUX H. eta MACEDO D. La naturaleza política de la educación. MEC/Paidós. Barcelona. 1990.



P. Freireren lanak portugesez:

- FREIRE P.eta FAUNDEZ A. Por uma pedagogía da pregunta. Paze Tierra. Río de Janeiro. 1985.

- FREIRE P. eta SHOR I. Medo e osadia: o cotidiano do profesor. Paz e Terra. Río de Janeiro. 1987.

- FREIRE P., NOGUEIRA A. eta GERARD J. Paulo Freire: trabalho, comentario, reflexao. Petrópolis: Voces. 1990.

P. Freireri buruzko testuak:

- Paulo Freireren ekarpenak. (1999). Eusko Ikaskuntza. Donostia. (gaztelaniaz eta frantsesez ere badago).

-AUTORÍA COMPARTIDA. (1998). Homenaje a Paulo Freire. Cuadernos de Pedagogía, 265 (urtarrila), 41-79 orr.

- AUTORÍA COMPARTIDA. (1998). Educación y transformación social. Revista de Documentación social, 110 (urtarrila-martxoa).

- GADOTTI, M. (Coord.). (1996). Paulo Freire, Uma Bibliográfica, Sao Paulo: Cortez Editora/ Unesco/ Instituto Paulo Freire.

- MONCLUS, A. (1988). Pedagogía de la contradicción: Paulo Freire. Anthropos. Bartzelona.

- PALACIOS, J. (1979). La cuestión escolar. Laia, (519-556 orr.). Bartzelona.

- Pedagogías del siglo XX. (2000). Cuadernos de Pedagogía. 25. urteurreneko ale berezia, 10. zenbakia.



HELBIDE INTERESGARRIAK:

- http://w.w.w.paulofreire.org.

- http:/canelones.chasque.apc.

org/CEP/paulofre.htm.