Etorkinak eskolan. Elkarbizitza bideratuz

2001-05-01
Gaur egun gero eta gehiago hitz egiten da kultur aniztasunaz, plurikulturaz, etorkinez, integrazioaz, arrazakeriaz... Ikastetxeetara ere heldu da egoera horiez hausnartzeko unea. Gero eta ikasle etorkin gehiago dago Euskal Herriko ikastetxeetan eta horien integrazioa eta egokitzapenaren inguruko kezka zabaltzen ari da. Nola integratu ikasle etorkinak? Nola egokitu? Nola landu beraiekiko errespetua eta onarpena beste ikasleekin? Nola hezi? Zein modutara bideratu elkarbizitza?

Denon buruan dabiltzan galderak dira eta batzuk eguneroko jardunaren bitartez erantzunak bilatzen ari dira. Horren lekuko dira, besteak beste, "Bizi dezagun aniztasunaren aberastasuna" izeneko topaketak, Intxaurrondo ikastolako elkartasun proiektuak edo Legorretako Ugaro eskolako integrazio eta egokitzapen esperientzia. Guztioi ikasteko balioko diguten esperientziak dira.
 
 
Hastapenetatik kulturen arteko berezko egoera mestizaia dela baieztatzerik badago ere (nekez uler baitaiteke barne gatazkarik gabeko kulturarik edota inolako elkartrukerik ez duen gizarterik), kultur gutxiagotutako gizakiok ongi baino hobeto dakigu jakin kultur ukipen egoeratan ahulena dela, mestizaia medio, desagertu ohi dena. Horrexegatik gai honetan, beste askotan bezala, geure baitatik pentsatzen hasteko premia badago geroni gertatzen zaiguna behar bezala ulertu ahal izateko.

Horrela, gizarteetan kulturaniztasun, plurikulturtasun eta kulturartekotasun egoerak egon daitezkeela argitu beharko genuke.

Kulturaniztasunarekin egoera jakin baten berri ematen dugu, non kultura bat baino gehiago antzeman daitekeen. Beraz, kontzeptu deskriptiboa soilik litzateke.

Plurikulturtasunak , berriz, gizartean agertzen diren kultura guztiak maila beretsuan onartzen ditu. Horren arabera, beraz, bertakoek nahiz etorkinek mota guztietako hiritartasunari dagozkion eskubide berdinak edukiko lituzkete. Kontzeptu arautzailea dugu.

Kulturartekotasunaren bidez kulturen bidezko elkarren arteko eragina areagotuko litzateke puzzle baten antzera kultur bakar polifazetikoa eraikiz. Kontzeptzio sintetikoa da berau.

Kontzeptualizazio hirukoitz horiek, aldiz, praktikara eraman daitezke ikuspegi etnoidentitario/etnozentrikoaren arabera, modu komunikatiboak bultzaturik edo era erlatibistak jota.

Lehenengoaren arabera, asimilazio kulturala lortu nahi izaten da. Hau da, kultura jakin bat gordez kanpotik datorren guztia bertaratu egiten da besteak dakarren pisu kulturala ezabatuz.

Bigarrenean, berriz, kultura guztiek nonahi garatzeko duten eskubidea aldarrikatuz, ondorioz sortzen diren mestizaiak hasieratik helburu gisa planteatzen dira.

Hirugarrenean, ordea, testuinguruetatik at eta askotan gainetik, kultur egoera denek iraunarazteko duten aldarrikapenarekin batera mota guztietako tradizionalismo estiloari onespena ematen zaio.

Aipaturiko hiru kontzeptu eta hiru egoera nahastuz gero, hainbat aukera geratzen zaizkigu begien bistan:

- Etnozentrismoa + kulturartekotasuna: asimilazioa.

- Etnoidentitarioa + plurikulturtasuna: lurraldetasunaren defentsa.

- Kulturartekotasuna + erlatibismoa: besteen ezaguera eta jatorrizko kulturaren desagerpena.

- Erlatibismoa + plurikulturtasuna: gizarte kulturaniztuna helburu duena.

- Komunikatiboa + kulturartekotasuna: mestizaia garbia. Gizarte krioloa.

- Komunikatiboa + plurikulturtasuna: xede bezala gizarte aldakorra duena.

Honen aurrean, hala ere, gogoratu beharra dago mestizaiak, kriolizazioak edota gizarte kulturaniztasuna ez direla kultur harreman berdintsuen arteko ondorio, kultur indartsuenak inposatutako eredu jakin baten emaitza zuzenak baizik. Horregatik, eta azalkerietatik urrun, geurea bezalako kulturak lortu beharrekoa ustezko erlatibsmo liberaletatik at ibiliz gauzatu beharra dago.

Kultura guztien artean betidanik eta betiko elkarren arteko eraginak badaude ere, egun kultura gutxituen aldarrikapenak gizarte garaikidearen botere egiturari zuzen jotzen dion neurrian, kultur etnoidentitarioaren aldeko borrokak gizarte zuzenagoa eraikitzen laguntzen duelakoan gaude. Norberaren kultura nahiz gizartea eraldatuz plurikultura izan behar den joeran, baina ere berean, gainerako kulturengan zapalketaren aurkako noziketa ere hedatuz. Herrigintzan arituz gizartea aldatzeak Euskal Herriko tenorean hezkuntzan jardutea eskatzen du. Zehazkiago, heziketa multikulturala areagotzea, hain zuzen. Hori da langintzan honetan etorkinen ekarpena.





"Bizi dezagun aniztasunaren aberastasuna"



Azken urteotan talde ugari ari dira lanean inmigrazioaren, arrazakeriaren eta kultur aniztasunaren inguruan. Ekimen horietako asko, oro har, gizartera zuzenduta dauden arren, beste zenbait ikastetxeentzat prestaturik daude. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan tailerrak eta topaketak antolatzen dituzte urtero SOS Arrazakeria, Mugarik Gabe eta beste hainbat taldek. Ikasleei zuzenduriko topaketa entzutetsuena eta antolatuena "Bizi dezagun aniztasunaren aberastasuna" izenekoa da.



Gipuzkoan duela 6 urte hasi ziren programa honekin. Aurten Lasarte-Oriako ikastetxe batean burutu da eta astebetean 27 ikastetxetako 1.350 ikasle pasa dira. Arabakoa Gasteizen burutu zen martxoan eta 600 ikasle pasa ziren aurten. Nafarroan duela bost urte ekin zioten eta ikasturte honetan 19 ikastetxetako 1.200 ikasle hurbildu dira hiru astetan zehar. Bizkaiko kasuan astebetean 11 ikastetxetako 500 ikasle inguruk hartu du parte.

"Bizi dezagun aniztasunaren aberastasuna" programa 12-16 urteko gazteei zuzendua dago. Helburua hainbat kultura ezagutzea, kultura horietako pertsonak ezagutzea eta enpatia lortzen saiatzea da, hots, pertsona bezala ez garela hain desberdinak ikusaraztea. Desberdintasuna zein aberatsa den erakutsi nahi dute programa honen bultzatzaile eta antolatzaileek, eta desberdintasun horien gainetik pertsonak eta horienganako errespetua daudela.

SOS Arrazakeria taldeak ikastetxeetan kultur aberastasuna, inmigrazioa eta arrazakeria bezalako gaiak ez zirela batere lantzen ikusi zuen. Gabezia horren jakitun izanik, beste zenbait talderekin harremanetan jarri ondoren, elkarrekin lanean hasi ziren. Horrela, Kataluniatik aipatu programa ekarri zuten eta Euskal Herrira egokitu. SOS Arrazakeria taldearekin batera aritzen direnak gaur egun Mugarik Gabe eta ijito talde bat dira batez ere, baina Traperos de Emaus eta beste hainbat taldek ere laguntzen diote.

Programa osoak hiru aldi ditu: ikastetxeetako hasierako lanketa, kulturen arteko topaketa eta ondorengo ebaluazioa. Mugarik Gabe taldeko kide den Junkal Amunarrizek hiru zatiak xehetasunez azaldu dizkigu"Lehendabizi Hezkuntza Sailaren bitartez programaren informazioa bidaltzen da DBHko ikastetxe guztietara eta nahi duenak izena ematen du. Horiekin bilera bat egiten da eta material didaktiko bat banatzen zaie eskolan bertan arrazakeria, inmigrazioaren arazoa eta kulturen arteko aberastasuna landu dezaten". Aurreko urteetako esperientzian oinarriturik, ikastetxe askok lan hori ez zutela egiten ohartu dira"Hori dela-eta, aurten gu geu eskolara joan eta zenbait dinamika eta joko egin ditugu aurreiritziak lantzen joan daitezen".

Lehen lanketa horren ondoren kulturen arteko topaketak egiten dira. Hau da, antolatzaileek ikastetxe batean "saloia" prestatzen dute. Astebetez programan parte hartzen duten ikastetxe guztiak pasatzen dira bertatik eta goiz bat igarotzen dute bertan. Baina zer da "saloia"?"Ikastetxe batean prestatzen dugun kulturen arteko topaketa da" diosku Amunarrizek."Lau kultur gune antolatzen ditugu bertan: magrebiarra, ijitoena, Afrika Beltzekoa eta latinoamerikarra. Kultura bakoitzeko hiru tailer prestatzen ditugu eta hona etortzen diren ikasleek kultura horietako gauzak ikusteko eta ezagutzeko aukera dute". Adibidez, magrebiar tailer batean hango kulturari buruz hitz egiten diote, beste batean arabiar alfabetoa erakusten dute eta hirugarrenean henna nola egiten den ikasten dute. Afrika Beltzeko tailer batean hango dantzak ikasten dituzte, beste batean perkusioa jotzen ikasten dute eta azken batean hango ohiturak ezagutzen dituzte. Ijitoen tailerrean flamenkoa ezagutzeko parada izaten da. Azkenik, latinoamerikar tailer batean dantzak ikasten dira, beste batean sukaldaritza eta hirugarrenean zenbait ohitura.

Tailerrak taileristen ardurapean daude, hots, taileristak dira aipatu gauzak erakusteaz eta azaltzeaz arduratzen direnak. Kultura horietan jaio eta bizi diren pertsonak izaten dira. Horrela, magrebiar kulturan magrebiarrak daude, ijitoen gunean ijitoak, eta besteetan ere gauza bera.

Ikasle bakoitzak topaketara etorri aurretik aukeratu behar izaten du zein kultura ikusi nahi duen. Beraz, bakoitzak gehien gustatzen edo interesatzen zaiona hautatzen du."Aukeraketarekin batera kultura horretako agurra ikasi behar izaten dute" gaineratzen du Amunarrizek."Izan ere, guretzat hainbesteko garrantzirik eduki ez arren, hainbat kulturatan oso garrantzitsua da agurra eta aurkezpena, oso garrantzitsua da sarrera ona edukitzea hango jendearekin".

Saio hauetan bospasei ikastetxetako ikasleak biltzen dira eta hasieran joko batzuk egiten dituzte; ezagutza, kooperazio, komunikazio eta diskriminazio jokoak."Aniztasuna oso aberatsa dela eta errespetuak garrantzi handia duela erakutsi nahi izaten diegu hasieratik".

Bakoitza bere tailerretatik pasa ondoren, bukatzeko denak elkartu eta ordubeteko jaialditxo bat egiten dute. Jaialdian, besteak beste, kultura horietako musika jartzen da eta jendeak ikasitako dantzak dantzatzen ditu.

Irakasleek ere ikasleekin batera tailerretan parte hartzeko aukera dute"eta guk nahiago izaten dugu parte hartzea, beraiek ere ikus eta bizi dezaten kultur aberastasun hori, eta gero gelan landu dezaten". Irakasleen erdiak edo %60k hartzen omen du parte normalean.

Topaketan egon ostean, programaren hirugarren zatia ikastetxean burutzen da, hots, ebaluazioa. Ikasle bakoitzak kultura, tailer eta pertsona ezberdinak ezagutu dituenez, horren berri ematen diote elkarri. Bizi izan duten esperientzia elkartrukatzen dute. Horrekin batera, zenbait galdera ematen zaizkie."Ateratzen dituzten ondorioak guri bidaltzen dizkigute eta guk ere balorazioa egiten dugu".



Emaitzak hobetuz doaz

"Bizi dezagun aniztasunaren aberastasuna" izena duten topaketa hauetara urtez urte ikasle gehiago hurbiltzen da. Gipuzkoan aurtengoa seigarren urtea da, eta hasieratik hona gauzak hobera aldatu dira. Alde batetik, ikastetxe parte-hartzaileen kopurua bikoiztu egin da; gero eta interes handiagoa nabaritzen da. Bestetik, gaiari eta ekintzari berari garrantzi handiagoa ematen zaio."Izan ere, hasieran irteera bat bailitzan etortzen ziren asko, eta guk ez dugu horrela planteatzen, lan serio bat bezala baizik. Pixkanaka-pixkanaka eskolako ekintza arrunta izatetik zeharlerro bezala lantzera pasatzen ari direla ohartzen gara, eta horrek asko pozten gaitu, hori baita gure helburua azken finean".

Gipuzkoan bezalaxe, Araban ere astebete irauten dute topaketok. Gasteizen antolatzen dira eta aurten 600 ikaslek izan dute aukera beste kultura bat ezagutzeko. Nafarroan, ostera, hiru aste irauten du. Ikasturte honetako "saloia"n 1.200 ikaslek hartu dute parte, eta urtean zehar ere gida baten bidez gaia landu dute. Bizkaian, aldiz, ez dute lau kulturen inguruan antolatzen "saloia", bakar batean baizik. Hau da, aste horrek gai monografikoa izaten du. Diego Jauregi Bizkaiko SOS Arrazakeriako arduradunak esan digunez "gai monografiko bat aukeratzen dugu, kultura bakar bat, eta horren inguruko panelak, historia, informazioa, tailerrak eta abar antolatzen ditugu". Azken urteetan ijitoen kultura landu dute."Behin baino gehiagotan landu dugun kultura da, baina premia dagoela ikusten dugulako. Arrazakeria handiena ijitoekin dago eta hori landu beharra dagoela ikusten dugu". Beraien lanaren helburua da ijitoek beren kultura errekonozitua ikustea eta besteek kultura hori ezagutzea.



Boluntario lana

Programa hau hainbat boluntarioen lanari esker ateratzen da aurrera batik bat. Hezkuntza Sailak kulturen arteko topaketa egiteko egoitza eskaintzen die eta Foru Aldundietatik eta udaletatik ere diru laguntza jasotzen dute. Gainerakoa aipatu taldeetan boluntario moduan dabiltzan begiraleen eskuetan gelditzen da."Baina egiten dugun lana ez da nahikoa, irakasleen kezka eta noraezari ez baitiogu guztiz erantzuten"dio Amunarrizek."Sarritan irakasleak laguntza eske etortzen zaizkigu, Hezkuntza Sailak ez diela ezer eskaintzen eta galduak daudela esanez. Ni, kasualitatez, pedagogoa naiz, baina gainontzekoak ez, bakoitza bere mundutik dator. Horregatik, Hezkuntza Sailak lagundu beharko lukeela pentsatu izan dut beti". Dena dela, muinean arazoa zera da Amunarrizen ustez:"Kultur arteko aberastasuna arazo bezala bizitzen dela, eta ez dela benetan horrela. Ez du zertan arazo izan beharrik".



JOUNES TALAINT . Tailerista.

"Kultura eta jatorriaren aurretik, denok pertsonak gara eta pertsona bezala errespetatuak izan behar dugu".

Magrebiarra da eta urte eta hiru hilabete daramatza Euskal Herrian. "Bizi dezagun aniztasunaren aberastasuna" programako kulturen arteko topaketan magrebiar gunean hartu du parte, zehazki elkarrizketa tailerrean.



Zer egiten duzue zure tailerrean?

Maroko nolakoa den azaltzen diegu ikasleei, hango kultura, tea, bizimodua... Hori guztia haima batean egiten dugu, hots, tailerraren dekorazioa haima bat da. Haima kanpin denda handi baten antzekoa da eta Marokoko etxebizitza mota bat da.



Zer helarazi eta erakutsi nahi duzue tailer honekin? Zer lortu nahi duzue?

Denok antzekoak garela erakutsi nahi diegu, hangoek eta hemengook uste baino desberdintasun gutxiago ditugula. Denok elkarrekin bizi behar dugunez, elkartu egin behar dugu. Berdin du nongoa izan; Marokokoa, Afrikakoa edo Euskal Herrikoa. Kultura eta jatorriaren aurretik, denok pertsonak gara eta pertsona bezala errespetatuak izan behar dugu.



Zein hizkuntzatan hitz egiten duzu tailerrean?

Nik gaztelaniaz. Etorri nintzenean, orain dela urte eta hiru hilabete, frantses pixka bat nekien, baina gaztelaniarik ez. Kalean ikasi dut jendearekin, eta oraindik ondo hitz egiten ez badut ere, oso azkar ikasi dut.

Aurten tailerista bezala gauden guztiok gaztelaniaz badakigu, baina aurreko urteetan denek ez zekiten. Horrela, ahal zuten moduan moldatzen ziren: magrebiarrez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, euskaraz... Era batera zein bestera, komunikatzea lortzen zuten.



EUKENE MONDRAGON . Irakaslea

"Gero eta kanpotar gehiago etorriko dira eta eskolak gertatu egin beharko du erantzun ahal izateko"

San Frantzisko Xabier ikastolako irakaslea da eta lauzpabost urte daramatzate programa honetan parte hartzen. DBHko 2. mailako ikasleekin etortzen dira kulturen arteko topaketara.



Ikastolan lantzen al dituzue kultur aniztasuna, inmigrazioa eta arrazakeria?

Bai, Etika edo Giza Hezkuntza ikasgaia ematen dugu eta hiruhilabete batean Talde Diskriminatua, eta Arrazismoa edo Baztertuta dauden taldeak gaia lantzen dugu. Gizartean, oro har, eta eskolan bereziki, zein talde dauden diskriminatuta ikusten dugu. Helduok bakarrik ez dugula diskriminatzen kontura daitezen nahi izaten dugu, hau da, ikastolan bertan ere horrelako kasuak gertatzen direla.

Orokorrean programako lau kulturak lantzen ditugu, eta hainbat gauza esplikatzen eta azaltzen dizkiegu: gaur egun Euskal Herrian txertatuta dauden kulturak direla, zergatik etortzen diren, zergatik errefuxiatzen den jendea, bere herrialdetik zergatik izaten duen irten beharra... Hori lantzeko rol jokoak egiten ditugu, horrelako egoeratan nola sentitzen garen ikusteko. Helburua da Euskal Herrian beste kultura batzuk ere badaudela ikustea eta errespeta ditzaten lortzea.



Eta lortzen al duzue?

Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Bigarren kasu horietan estereotipoak edo aurreiritziak oso barneratuta dauzkatelako izan ohi da. Dena dela, topaketan egon ondoren batzuk txipa alda dezaten lortzen dugu, eta beste batzuk "beno, ez dira hain desberdinak" esatea.



Kultura batekin zein bestearekin gauza bera gertatzen al da?

Ez. Magrebetik datozenekin, Afrikakoekin, latinoamerikarrekin edo saharauiarrekin ez da arazorik izaten, Arrasaten ez daudelako hainbeste. Baina ijitoekin bai. Herrian ika-mikak egon direnez, aurreiritziak indartsuagoak dira eta ez dituzte hain erraz onartzen. Batzuek beren borondatez hautatzen dute ijitoen tailerra, baina zenbait kasutan bultzatu egin behar izan ditugu hori hauta dezaten.



Nola baloratzen duzue esperientzia?

Orain artekoa oso positiboa izan da, oso pozik etorri gara. Gainera, ikasle errepikatzaile batzuk ere etorri izan dira, eta beraiek izan dira beste ikaskideei tailerretan zer egiten den azaldu dietenak.



Ikastolan izan al dituzue edo ba al duzue kanpotik etorritako ikaslerik?

Bai, iaz hiru ijito errumaniar izan genituen. Momentu honetan Ukraina eta Georgiako ikasleak ditugu, eta baita Brasilgo eta Kubako bana ere. Baina ez da multzo handia, banaka batzuk dira. Dena dela, gero eta kanpotar gehiago etorriko dira eta eskolak gertatu egin beharko du erantzun ahal izateko, benetan oso garrantzitsua baita.



Nola jokatu duzue orain arteko ikasle kanpotarrekin?

Iazko hiru ijito errumaniarrekin eduki genuen arazo handiena hizkuntzarena izan zen. Frantziatik zetozen eta frantses pixka bat bazekiten, beraien hizkuntzan hitz egiten zuten, Arrasaten ikasitako gaztelania apurra zekiten, eta euskaraz batere ez. Orduan, nola integratu ikasle horiek gelan? Gainera, etorri zirenerako abendua zen eta ikastolako errekurtso guztiak banatuta geneuzkan. Ezin genituen gela batean ulertzen ez zuten hizkuntza bat sei orduz aditzen eduki. Ordu asko pasa genituen gauzak antolatzen, hainbat guraso konbentzitzen... eta izugarrizko mugimendua egin genuen hiru ikasleak egokitzeko. Eta... maiatzean joan egin ziren. Eta hori da ijitoekin gertatzen den beste eragozpen bat: alde batetik bestera mugitzen direla, egun batean etortzen direla, hurrengo bietan ez eta hurrengoan berriz bai... Gainerako ikasleei ere zaila egiten zaie hori ulertzea.

Horregatik, ondo pentsatu behar da nola egin integrazioa. Berdin du bat edo ehun etorri, bakarrak ere izugarrizko desoreka sortzen du-eta. Bai eskolak eta bai guk prestatu egin behar dugu.





Elkartasuna da abiapuntua

Donostiako Intxaurrondo ikastolan




Donostiako Intxaurrondo ikastolan duela zazpi urte inguru hasi ziren elkartasuna eta berdintasuna balioak lantzen sexu, arraza eta desberdintasunen gainetik. Ikastolako zenbait irakaslek osatutako Elkartasun departamentua izan zen lan hori martxan jarri zuena. Gaur egun, departamentuko kide Maite Berzosa, Mikel Ruiz de Larrinaga, Jon Ibarzabal, Iñaki Markotegi, Garbiñe Barrenetxea, Jaione Ziarsolo eta Tere Briongosen ardurapean jarraitzen dute arlo horri lotutako proiektuek.



1994an El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin hasitako harremanek tinko jarraitzen dute momentu honetan. Bi herrialdeetako eskoletako irakasle eta ikasleen arteko elkartasun harremana gero eta estuagoa da. Horrez gain, Intxaurrondo ikastolan Mundilab proiektua lantzen ari dira, eta ikasturte honetan Saharako kultura ezagutu dute. Elkartasunaren bidea irekitzen hasi ziren, eta hori sendotu ahala, kultur aniztasuna errespetatzeko eta integrazioa bideratzeko urratsak ematen ari dira.

Intxaurrondo ikastolaren eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko eskolaren arteko harremana 1994ean hasi zen Hango zenbait pertsona Donostiara etorri ziren beren proiektuetarako diru laguntzak eskatzera. Pertsona horiek Intxaurrondo ikastolan izan ziren komunitateko berri emateko eta hango hezkuntza sistema nolakoa zen azaltzeko. Hemengo irakasleak eta ikasleak oso interesatuta sentitu ziren, eta hango errealitatea hobeto ezagutzeko zenbait ekimen martxan jarri zitezkeela ikusi zuten."Horrela, postatrukea jarri genuen martxan" dio Elkartasun departamentuko kide Maite Berzosak"Hango eta hemengo ikasleak elkarri gutunak idazten hasi ziren. Gero, bigarren urrats batean irakasleok ere gauza bera egiten hasi ginen, irakasleon arteko postatrukea".

Poliki-poliki ekimen gehiago sortu ziren, betiere hango irakasleek zituzten beharrei erantzuna ematek."Horren haritik, Aste Santuko oporretan hemengo bi irakasle hara joaten hasi ginen beraiek eskatutako gaien inguruko formazioa eta prestakuntza ematera" dio Berzosak. Besteak beste gai hauetako prestakuntza eskatzen zuten: Haur eta Lehen Hezkuntzan irakurketa eta idazketa, Haur Hezkuntzarako lan metodologia, ebaluazioa, zentroaren antolaketa, Haur eta Lehen Hezkuntzako bitartekoen Ezagutzaren Didaktika, Arte Hezkuntza, ikasketa teknikak eta talde dinamikak, autoestimua, aniztasuna eta hizkuntza idatzia."Egonaldi hauek eragin handia izan dute bai maila pertsonalean eta bai kolektiboki ere" dio Mikel Ruiz de Larrinaga Elkartasun departamentuko kideak"Harremana estutu egin da eta erlazioa askoz zuzenagoa bihurtu da. Udan bi guraso animatu ziren hara joan eta Sexu Hezkuntza landu zuten irakasleekin eta gazteekin". Bestalde, handik hona bi irakasle etorri ziren iaz hemengo esperientzia eta lan egiteko modua ikustera. "Lorpen handia izan zen" dio Jon Ibarzabal talde kideak."Guk beti esaten genien etortzeko eta ez ziren ausartzen. Pentsatzen zuten ez zirela gai izango hemen jasotakoa han transmititzeko. Baina azkenean etorri ziren eta esperientzia benetan aberatsa izan zen".

El Salvadorrekiko elkartasuna lantzeko proiektuaren barnean beste hainbat ekimen eta kanpaina burutu dituzte: eskola liburu eta materialen jasoketa, diru laguntzen jasoketa, hitzaldiak, sentsibilizazio kanpainak, bideoak egin dira..."Ikasle zein gurasoek gaia serio hartu dute eta oso sentsibilizatuta daude" azpimarratzen du Berzosak."Guztien inplikazioa lortu dugu eta hori oso garrantzitsua da. Hondamendiren bat gertatzen denean ikasleek ez ezik gurasoek ere galdetzen digute ea ikastolan ez dugun ezer egin behar". Iñaki Markotegik gehitzen du "zenbait haurrek material ugari ekarri izan dute etxetik. Benetan lorpen handia da gurasoak hainbeste inplikatzea".



Mundilab proiektua iritsi zen

El Salvadorreko proiektua garatuz, sendotuz eta osatuz doa, baina esparru hori zabaldu egin zaie Intxaurrondo ikastolan. Izan ere, iaz Hegoa GKEk bideratzen duen Mundilab proiektuan sartzeko eskaini zieten. Balioak eta interkulturalitatea lantzeko aukera eskaintzen zien proiektu honen muina laborategia da, hots, ikastetxean bertan muntatzen den laborategi berezia."Bai, berezia da" dio Markotegik."Beste lurraldeetako informazioa, mapak, bideoak, diapositibak, aldizkariak eta beste hainbat gauza daude laborategian, guztiak zeharlerroak eta balioak lantzeko. Ez da ohiko laborategia, eta bertara lanera doan irakasleak hori argi eduki behar du. Laboretagira joateko egutegi bat egina daukagu eta normalean tutoritzako gaiak lantzera joaten gara.""Oso garbi genuen El Salvadorrekoa ez genuela baztertuko, horrekin jarraituko genuela, baina aldi berean, beste era batera hasi behar genuela lanean" dio Berzosak."Balioei eta zeharlerroei beste modu batera heldu behar geniela ikusi genuen, eta pixkanaka-pixkanaka hori dena Hezkuntza Proiektuan sartzen joan behar genuela".



Hautatutako herrialdea: Sahara

Mundilab proiektuaren bidez interkulturalitatea landu nahi zuten Intxaurrondon, baina ez zeukaten oso argi nondik eta nola hasi. "Geroz eta etorkin gehiago bizi dira gure inguruan eta aniztasun horrek suposa dezakeen aberastasunak ezagutu nahi ditugu, errespetatu ahal izateko. Hori dela-eta, aurten saharar herriaren kulturan murgildu gara eta hurrengo urtean erronka berriei aurre egitea eta beste kultura batzuk lantzea da gure asmoa".

Horrela, martxotik apirila bitarten Saharako kultura ezagutzeko hainbat ekimen eraman zituzten aurrera. GKEetatik material ugari jaso zuten, batez ere Hirugarren Mundua eta Pakeatik. Ikastolaren sarreran sasi-jaima bat muntatu zuten Saharari buruzko informazioa bildu zutelarik. Ikasleekin gaia lantzeko unitate didaktiko bat osatu zuten eta martxoan zehar tutore bakoitzak bere ikasleekin landu zuen. Unitate honekin ikasleek zer zekiten ikusi zutne, nola imajinatzen zuten Sahara eta pixkanaka-pixkanaka hango errealitatea ezagutzen joan ziren. Prozesu horri apirilean eman zioten amaiera ikastolan jaima bat muntatu zutelarik. Hemen bizi diren saharauiarrak etortzen ziren ikasleekin egotera eta hango kulturari buruzko gauzak kontatzera eta erakustera. Saharauiarrekin hitz egiteko, egoteko eta galderak egiteko aukera izan zute bai ikasleek eta baita gurasoek ere.

Ikasturte honetako lanik nagusiena hor bukatu bada ere, Elkartasun departamentuko kideen erronka ez da horretara mugatzen."Hori guztia Hezkuntza Proiektuan txertatua egotea eta benetan eguneroko eginbeharretako bat izatea nahi dugu. Eta neurri batean lortzen ari garela uste dugu".





Egokitzapena eta integrazioa

Legorretako Ugaro eskolako esperientzia




Legorretako Ugaro eskolan ikasturte honetan errusiar ikasle bat hasi zen. Iazko maiatzean etorri zen Legorretara bizitzera eta irailean hasi zen eskolan. Ikaslea ahalik eta hobekien egokitzeko eta integratzeko hainbat urrats eman dituzte eta tutorea, itzultzailea zein ikastolako beste kideak gustura daude lortu dutenarekin: 10 urteko ikasleak euskaraz hitz egiteko, idazteko eta irakurtzeko gaitasuna lortu du hilabete gutxitan eta gelan oso ondo integratu da.



Zer egin zenuten errusiar ikasle bat izango zenutela jakin zenutenean?

Heziketa Bereziko irakaslea eta ni gaia bideratzen hasi ginen iazko kurtso amaieran, eta gero zuzendariarekin eta itzultzailearekin jarraitu genuen. Egokitzapen lana nola bidera genezakeen hasi ginen aztertzen.

Horrela, ikaslea irailean hotz-hotzean gelara etorri aurretik beste ikasleekin girotze lan bat egitea erabaki genuen. Ikasle berri bat etorriko zela azaldu genien, nondik zetorren, zertara zetorren... Girotze lan horrekin nolabait ikasleak inplikatu egin nahi genituen, beharrezkoa zela ikusten genuelako. Errusieraz jakingo zuela azaldu genien eta euskaraz ez; eta beraz, denon artean lagunduz errazago egokituko zela eta ikasketetan ere hobeto ibliko zela. Ikasleak protagonista sentitu ziren eta oso ondo iruditu zitzaien.

Besltade, ikaslea gelara etorri aurretik gu bere bila joatea erabaki genuen, hau da, bere etxera joatea. Zergatik? Etxea duelako espazio ezaguna eta hor seguru sentitzen delako. Gelara etortzea oso hotza iruditzen zitzaigun eta familiari gure proposamenaren berri eman genion. Ondo iruditu zitzaien eta itzultzailea eta biok joan ginen.



Nolakoa izan zen bere etxean izan zenuten lehen kontaktua?

Hamaiketakoa prestatu ziguten eta oso ondo atera zen. Haurrari asko lagundu zion bere ama hizkuntza hitz egiten zuen norbait ikusteak. Hasieran mesfidantza sortzen zaie; handik hona etorri eta errusiera dakien norabait topatzean zalantzan gelditzen dira. Baina ikastolan berarekin irakasle eta itzultzaile bezala egongo zela azaldu genionean segituan hartu zuen konfiantza.

Opari bezala gelako argazki bat eman genion. Dena dela, haurrek ezagutzen zuten parkean ikusita. Gainera, arratsalde hartan bertan haur guztiak bere bila joatekoak ziren gero elkarrekin parkera joateko. Gelan aurretik egindako girotze lanaren ondorio izan zen hori, eta oso lagungarri suertatu zen.

Kurtso amaieran jaialdi bat egin ohi dugu eta hara eta gonbidatu genuen. Gelara ere gonbidatu genuen eta hurrengo ikasturtean bere lekua izango zena, bere karpeta, bere apala eta abar erakutsi genizkion. Beste bat gehiago sentitu zen, onartua sentitu zen eta gauza horiek asko laguntzen dute integrazioan.



Aurretik girotze lana egin eta irailean ikasturtea hasi aurretik beste zerbait egin al zenuten? Zein izan zen hurrengo urratsa?

Udako plan bat egin genuen. Tarte horretan harremanak ez eteteko eta ikasturte hasieran prestatuta egoteko itzultzailearekin klase partikularrak prestatu genituen.



Eta irailean nolako izan zen eskolatzea eta gelan sartzea?

Udako lanaren ondoren kurtsoan zehar hizkuntza arloan indar asko egin behar genuela ikusi genuen. Zeren hizkuntza garatu ahala beste guztia garatzen joango zela ohartzen ginen. Irailean konturatu ginen ez zituela ez hemengo eta ez hango alfabetoa ezagutzen. Orduan, helburuak oso argi ezarri genituen, batez ere hizkuntzarena, euskararena. Hizkuntza garatzen bazen beste guztia ere garatuko zela ikusten genuen.

Horrela, Ainhoa itzultzailea eta biok elkarrekin jardun gara lanean kurtso osoan. Erabat koordinatuta jardun gara eta hori oso garrantzitsua da. Asteran ordubete bildu izan gara gauzak antolatzeko eta jarraipena egiteko: zertan saiatu behar dugun gehiago, zertan ez, nola jokatu...

Berez 3. mailan hasi behar zuen, baina Goierriko PATekok kurtso bat atzeratzea aholkatu ziguten, aurreko esperientzietan oinarriturik. Horrela, 2. mailan hasi zen. Hala eta guztiz, eraman duen prozesua ikusita, 3. mailan ere ederki ibiliko zela uste dugu; baina hori ikusi eta gero esan dezakegu.



Nolako emaitzak izan ditu zuen lanak? Zer balorazio egiten duzue?

Emaitza oso ona izan da, gu geu ere harrituta gelditu gara. Irailetik Gabonak bitartean, hiru hilabetetan, irakurtzen ikastea lortu zuen, gai zen ipuintxo bat idazteko eta irakurtzeko. Euskaraz elkarrizketa bat edukitzeko gai zen, nahi zeta aditz denbora guztiak ez menperatu eta akatsak eduki.



Nolako harremana izan duzue familiarekin?

Hasiera-hasieratik harremanetan egon gara familiarekin eta gure asmoen berri eman diegu beti. Edozein aldaketa edo gertaeren berri ematen diegu beraiek ere nola jokatu jakin dezaten. Jarrera oso baikorra izan dute beraiek, guk proposatutako egiteko prest agertu direlarik beti.



Zein arazo, hutsune edo beharrekin aurkitu zarete?

Ama hizkuntza oso garrantzitsua dela pentsatzen dugu, pertsona batek ama hizkuntza uzten badu, bigarren hizkuntza ikastea oso zaila baita. Hori dela eta, bi hizkuntzak parekatu behar dira, eta horrek biei ordutegi berdina dedikatzea eskatzen du. Hori bideratzeko, ordea, zailtasunak daude.

Bestalde, ama hizkuntzako material falta sumatu dugu. Administrazioak material curricularra badagoela esaten du, baina ez dago. Gure esku gelditzen da material bildu edo egokitzea ikaslen beharren arabera, et ahorrek lan handia eskatzen du.



Administrazioa aipatu duzularik, nolako laguntza jaso duzue?

Laguntza minimoa izan dela esango nuke. Gai hau serio planteatu gabe dauka administrazioak. Teorian ama hizkuntza zaindu eta horretan saiatu behar dela dio, baina berak eskaintzen duen laguntzarekin hori ezinezkoa da. Administrazioak planteamendu bat egin beharra dauka. Izan ere, zenbaitek egin zizkiguten planteamenduak benetan desegokiak iruditu zitzaizkigun. Ulermen mailari ematen diote garrantzia, baina hori ez ezik, eskolatze ikuspegia ere aintzat hartzen dugu guk, euskalduntze ikuspegi batetik planteatutako eskolatzea, alegia. Horrek, noski, gauza gehiago kontuan hartzea eskatzen du, eta ez ulermen maila soilik. Beste baldintza batzuk beharko lirateke. Kalkulu ekonomikoak besterik ez dituzte egiten, eta hori al da heziketa ikuspuntu batetik planteatu daitekeena?



Zein izango lirateke baldintza horiek edo egin beharko litzatekeen planteamendua?

Serio planteatzeak eskatzen du diru gehiago inbertitzea lan horretan. Aniztasuna aldarrikatzen dute, baina hori ezin da teoria hutsean gelditu. Ez dut esaten ezer egiten ez denik; zerbait egiten ari dira, baina ez da nahikoa. Esaterako, etorkinei erantzuteko itzultzaile plantila eduki beharko luke administrazioak. Hemen gauden egoeran itzultzaileak eduki beharko genituzke. Baldintzak eta baliabideak jarri behar dira integratzeko.

Besltade, ikasle etorkinekin lanean ari garen irakasleon iritzia ezagutu beharko luke administrazioak. Eta ez iritzia soilik, baita zer arazorekin topatzen garen, nola gainditzen ditugun, zer material behar dugun... Horretaz ezer gutxi dakite eta hori jakitea funtsezkoa da.



Ainhoa Azurmendi. Itzultzailea eta irakasle laguntzailea

Zein baldintza edo egoeratan egoten da itzultzailea eskolan?

Ni itzultzaile bezala etorri nintzen Legorretako ikastolara. Gipuzkoako Diputazioak eta Hezkuntza Sailak bideratzen duten laguntza da, Heziketa Berdintzailerako Partzuergoa deitzen zaiona. Hiru hilabeteko diru laguntza bat esakintzen dute haur etorkinak integra daitezen. Denbora horretan minimo batzuetara iristen badira nahikoa dela esaten dute. Ondorioz, normalean hiru hilabetetan egoten gara itzultzaileak eskolan. Hilabete horietan egunean bi ordu egoten gara gelan.

Hiru hilabeteren ondoren balorazioa egiten da. Legorretako kasuan, balorazio ona egin genuen, baina askoz hobea izan zitekeela ikusten genuen eta laguntza luzatu egin ziguten, nahiz eta denbora erdira gutxitu, hots, eguneko ordu batera. Ez da denbora asko, baina gauzak egiten eta lortzen dira.



Zure lana udan hasi zela komentatu digu Mirarik? Zer egin zenuen?

Hilabete baten Vikarekin egon nintzen klase partikularrak ematen. Zenbait material lortu nuen: biribilak, koloreak, matematikako liburuak... Alfabetatu gabe zegoenez, alfabetoa irakasten hasi nintzaion. Zenbakiak ere 39 arte zekizkien, ama hizkuntzan, noski; eta poliki-poliki euskaraz ere lantzen hasi ginen. Irailerako alfabetoa ezagutzen zuen.

Bitarate horretan familiak izan zuen jarrera azpimarratzekoa da. Gure proposamenak adostu genituen eta beraien lanak zuen garrantzia azpimarratu genien. Edozer gauzetarako prest agertu dira. Familiari euskaraz hitz egiteko eta euskara bultzatzeko azpimarratu nion, eta irailerako euskaraz mintzatzeko gai zen.



Irailetik aurrera zer egin duzu gelan?

Hasierako hiru hilabetetan egunean bi ordu egoten nintzen gelan. Beste haurrekin batera gelako erritmoa jarraitzen genuen besteek egiten zutena eginez. Adibidez, matematikan buruketa bat irakurtzen nion euskaraz, gero errusierara itzuli eta ondoren buruketa egin.



Zer jokaera izan duzu hizkuntzekin? Noiz erabiltzen duzu errusiera eta noiz euskara?

Etapa desberdinak egoten dira. Hasieran harridurazko etapa izaten dute eta normalean zalantzak izaten dituzte. Bigarren etapan ama hizkuntza eta horrekin lotutako guztia ukatu egiten dute, ez dute ezer jakin nahi izaten errusierari buruz, Errrusiari buruz, ez dute hango konturik aipatu ere egiten, ez dute errusieraz hitzik egin nahi izaten... Dena hain azkar ikasten eta barneratzen dutenez, ez dute errusieraz hitz egiten nahi izaten. Gero, hirugarren etapan, denbora pasa ondoren edo ulermen maila bat hartzen dutenean, berriz errusieraren gaineko interesa pizten zaie. Guk beraien ama hizkuntza oso garrantzitsua dela azpimarratzen diegu eta konturatzen dira poliki-poliki. Euskara ikasi behar dute, baina ez beraien ama hizkuntza ahaztuz.