Hezkuntza Erkidegoa ere EAEko hauteskundeen emaitzei begira

2001-05-01
EAEko Hezkuntza Saila osatuko duen talde berriak konpromiso bat du Euskal Hezkuntza Erkidegoarekin Hezkuntza Sistema propioaren bidean.
 
 
Hauteskundeak heldu dira. EAEko biztanleek lehendakaria aukeratu behar dute. Eta lehendakari horrek, egiten dituen tratuen arabera, beste zenbait gauzen artean, EAEko Hezkuntza Saila osatuko du.

Euskal Herria irainka eta Euskal Hezkuntza Sistemaz bereak eta bi esaten ari diren horiek, EAEko martxa gobernatzeko irrikitan dauden horiek, Euskal Hezkuntza Erkidegoa burutzen ari den lanaz ezer gutxi dakitela erakutsi dute. Herri honek, herri gisa gara dadin, Hezkuntza Sistema propioa behar du. Eta horretan, alderdikeria guztien gainetik, ados dago euskal gizartearen gehiengoa. Beraz, irabazlea edozein delarik ere, errealitate hori behar luke bere lan ildoaren oinarri.

Bestalde, EAEn egun dagoen Hezkuntza Sistema herri honen izaerari eta beharrei erantzutetik urruti samar dagoela irizten badiogu ere, hor dago azken urte hauetan hezkuntza sare desberdinek eta irakaskuntzako erakundeek beregain hartu duten konpromisoa eta erakusten ari diren heldutasuna. EAEko Hezkuntza Sailetik bultzatzen ari den hezkuntza politika, bere hutsune guztiekin, pixkanaka begiak zabaltzen ari da Hezkuntza Erkidegoa egiten ari den ekarpen aberatsari. Eta ez da gutxi!

Teknologiak eta zientziak agintzen duten garai hauetan, gizarte eskolatua eta eleanitza sortu dugu. Eta hori guztia euskaraz egin dugu gainera, Euskal Herriko biztanleek duten kultur eta hizkuntz aniztasuna aintzat hartuz. Kontuan izan behar dugu EAE dela euskararen ofizialtasuna duen lurralde bakarra. Ondorioz, kanpaina honetan zehar hitzetik hortzera hainbeste promes ibili duten horien guztien aldetik errespetua besterik ez dugu eskatzen, errespetua egindako lanari eta gizartearen gehiengoak garbi adierazi duenari.

Dena egiteko dugu eta koska handienak gainditzeke. Baina Euskal irakaskuntza badoa eta joan horretan ez goaz esku hutsik. Egungo muga administratiboak gainditu eta euskararen herrian Euskal Kurrikuluma gauzatzen dugun arte urrats asko eman behar ditugu oraindik. Bitartean ez dezagun lortutakorik galtzen utzi!