Kronika

2001-05-01
 
 
Udaberriko festa eta jaialdiak burutzen ari gara , eta jende aldetik erantzun onarekin, espero bezala. Ikas-Bik Maulen ospatu zuen bere urteroko besta. Beste urtetan Donibane Lohitzunen ospatzen bazen ere, aurten Maulen izan da. Horrekin, Zuberoako gurasoak haurrak gela elebidunetan ezartzera animatu nahi izan da.
Senperen, ostera, urtero bezala, lakuaren bueltan urratsak ematera jende asko bildu zen, eguneraldi txarrari aurre eginez. "Doinuz eta hitzez" lelopean burutu den aurtengo Herri Urratseko antolatzaileak gustura azaldu dira aurtengo festarekin.
Gauza bera esan daiteke Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartearengatik ere. Egun berean Bilbon Euskal Eskola Publikoaren X. Jaia ospatu zen. Aurtengo edizioa berezia izan da, ez baitu lurralde bateko guraso elkarte batek antolatu, denek batera baizik, hots, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak. Aurtengo jaialdiaren leloa "Mugak gaindituz" izan da, antolatzailen ustez 2001. urteak aukera paregabea ematen baitu horretarako, mugak gainditzeko.

Euskarazko murgiltze sistemaren ezarriko da Iparraldean
Jack Lang Frantziako Hezkuntzako ministroak hizkuntza gutxituen irakaskuntzarako murgiltze plana aurkeztu zuen apirilaren 25ean, eta aldeko zein kontrako iritziak agertu dira. Murgiltze plana zirkularra bidez egitea planteatzen da eta hainbat aldaketa aurkezten dira.
Bata eskualde hizkuntzen irakaskuntza eskolaritate osora hedatzeko xedea. Horretarako "eskualde hizkuntza irakasteaz gain, irakaskuntzarako tresna" gisa onartuko du lehen aldiz Frantziar Gobernuak.
Bigarrenik, gizartean irakaskuntza elebidunaren berri zabaltzeko ardura du Hezkuntza Nazionalak, eta jadanik hitz eman bezala, irakasleentzako lehiaketa berezi bat ziurtatuko du, irakasle berak bi hizkuntza ezberdinetan irakasteko aukera zabalik utziko badu ere.
Berritasun nagusia, eskola publikoari ezarritako murgiltze sistemari dagokio: eskualdeko hizkuntza izanen da komunikazio hizkuntza, eta bestea irakaskuntza ikasgai eta eskola bizitzarako.
Murgiltze sistema hau Seaskako ikastoletakoarekin konparatuz ez da eskola osora zuzentzen, baizik eta klase batzuetara. Honekin eskoletan ez da ziurtatuko ingurune euskaldunik, klaseez aparte. Murgiltze sistema elebidun klasikoan, 10 urteko haurrei test bat burutuko zaie frantsesaren ezagutza maila neurtzeko.
Seaska eta Ikas-Bi gurasoen elkarteko lehendakariak pozik agertu dira, bata euskararen aldeko aitzinamenduak azpimarratuz eta bestea murgiltze eredua sare publikoan eskaintzea goraipatuz. Hala ere, Seaskako lehendakariak "murgiltze eredua" hiztegiaren erabilera oker bat dela azpimarratzen du, era berean, hori iruzur intelektuala dela. Oroitarazi zuen "D ereduak bermatzen duela euskara, irakaskuntzarako hizkuntza izateaz gain, bizi eta komunikazio hizkuntza dela ikastetxean".
Hezkuntza Kontseilua, aldiz, murgiltze planaren aurka agertu da. Bere iritzia, ordea, ez da nahitaez bete beharrekoa, aholku emailea besterik ez baita, eta Hezkuntza Ministeritzak bere jarrera aldatzeko asmorik ez duela iragarri du. Hezkuntza Kontseilua sindikatuek, irakasleek, ikasleen gurasoen elkarteek eta ikasleen ordezkariek osatzen dute. 22 kidek aurka bozkatu zuten, 18k alde eta bost abstenitu egin ziren. Kontra eta aldekoen aldea txikia izatea baikortzat jo dute Ministerioak eta Ikas-Bik.

Eusko Jaurlaritza Madrilgo Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako Lege proposamen berrien aurka agertu da
Espainiako Gobernuak aurkeztu dituen Unibertsitateen Erreformarako Lege proposamenaren eta Lanbide Heziketaren Legearen aurka agertu da Eusko Jaurlaritza. Lege horiek martxan jartzen badira auzitegietara joko duela iragarri du. Proposamenak "kezkagarritzat" jo ditu Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak. Izaera "zentralizatzailea eta erkidegoaren aurkakoa" dutela salatu du, "homogeneizazioa" besterik ez dutela bilatzen. Hezkuntza sailburuak adierazi du "gutxieneko legeak" egitea eskatu ziola Madrilgo Gobernuari, hau da, "gure eskuduntzak errespetatuko dituena eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen sistemetara egokitzea ahalbidetuko dutenak".
Aitzitik, hori ez errespetatzeaz gain, sailburuaren iritziz Lanbide Heziketaren Lege berria LOGSErekiko "atzerapauso nabarmena" da.
Bestalde, bi lege proposamen horietan gelditu gabe, ikasleek egungo irakaskuntza sistema osoa jarri dute ezbaian. Ikasle Abertzaleak-en Udaberri intsumitua kanpainaren barruan, egungo irakaskuntza sistemari kontzientzia eragozpena egiteko prest dauden 15.130 sinadura bildu dira irakaskuntza ertaineko ikastetxeetan eta hainbat fakultateetan. Batez ere bi egoera salatu dituzte. Alde batetik, hizkuntzaren eskubideen zapalketa; milaka eta milaka ikaslek bere ikasketak euskaldunak izan gabe bukatzen dituzte. Eta bestetik, kultur eskubideen zapalketa; arrotzak diren curriculumak inposatzen zaizkielako.
Agintarien aldetik erantzunik ez zutela jasotzen ikusita, Udaberri intsumitua kanpaina jarri zuten abian desobedientzia kolektiboa bultzatu asmoz. Ildo horretan, intsumisio dinamikak areagotu egingo dira hemendik aitzina, eta IAk bere alternatibaren berri ere emango du.

Nafarroako Gobernuak 99 milioi pezetako diru laguntza emanen du eskola liburuak gaztelaniatik euskarara itzultzeko. Lehen Hezkuntzako Ingurunearen Ezagutza arloko liburuak itzultzeko eta argitaratzeko izango da diru hori. 11,7 milioi pezeta emango ditu jadanik Hezkuntza Departamentuaren oniritza duten ikasliburuak itzultzeko, eta material berria kaleratzeko laguntza 8,1 milioi pezetakoa izango da. Laguntza horiek jasotzeko liburuek baldintza bat bete beharko dute: Nafarroako curriculum ofizial guztietan ezarritako eduki, jarrera eta prozedura guztiak bere baitan biltzea. Gobernuaren asmoa 2001/02 ikasturterako liburuak prest edukitzea da.
Euskal Editoreen Elkarteak balorazio ezkorra egin du foru aginduaren gainean. Bere ustetan garbi dago Espainiako argitaletxe handien alde egin nahi duela Gobernuak. Horrez gain, apustua ez dela sorkuntzaren aldekoa dio, itzulpenaren aldekoa baizik. Izan ere, itzulpenetarako diru gehiago ematen du.
Bestalde, horrelako presarekin ibiltzea ere ez dela seinale ona gaineratu du, arrazoi politikoak alde batera utzi eta eragileak hartu behar direlako kontuan, hots, editoreak eta irakaskuntzako partaideak.