VALLɉS, Eduard:

2001-05-01
"Irakurketa eta idazketa" aztergai izan ziren Ikastolen Elkarteak otsailean antolatutako VIII. Jardunaldietan. Hiru egunetan zehar Euskal Herri osoko 700 pertsona hurbildu ziren hitzaldietara. Hitzaldi teorikoak zein esperientzia praktikoak entzun eta ezagutzeko aukera eman zuten jardunaldiek. Parte hartu zuten hiru hizlarirekin hizketalditxo bat egin genuen irakurketa eta idazketaren inguruan bakoitzak dituen ideiak ezagutzeko asmotan. Horietako baten ekarpena aurreko zenbakian argitaratu genuen bezala, oraingoan beste biena bildu dugu.

Eduard Vallés Pedagogian eta Psikologian lizentziatua eta Neuropsikologian espezializatua da. Gironako Unibertsitateko irakasle izateaz gain, neurologo kontsulta bat dauka beste batzuekin batera. Batetik, garuneko arazoak dauzkaten eta gaitasunak galtzen dituzten helduekin egiten du lan. Eta bestetik, ikasteko zailtasunak dituzten haurrekin. Ikastetxe askotan egiten du zuzeneko lana. "Irakurketa eta idazketaren oinarri neurologikoak eta psikoebolutiboak" hitzaldian irakurtzen eta idazten ikasten dugunean gure garunean garatzen ditugun prozesuen berri eman zuen, eta prozesu horiek garuneko zein zatitan lekutzen diren argitzen saiatu zen.
 
 
Nola aztertzen da irakurketa eta idazketa prozesua neurologo baten ikuspegitik?

Haurrek idazten eta irakurtzen nola ikasten duten aztertzen da, hots, nola prozesatzen den informazio hori garunean. Eta horren inguruan gauza asko ikusten ari gara. Gaur egun irakurketa-idazketa alderdi askotatik aztertzen da: psikologia kognitiboa, neurologia, hizkuntzalaritza... Eredu anitz daude irakurketa-idazketa aztertzeko eta nik proposatzen dudanak ikasketa hori nola garatzen den aztertzen du, nola ikasten den irakurtzen eta idazten.



Zer gertatzen da garunean irakurtzen eta idazten ikasten ari garenean?

Denok neurona kopuru zehatz batekin jaiotzen gara. Neurona horiek, besterik gabe, ez dute ezertarako balio beraien artean konektatzen ez badira. Haurrak estimuluak jasotzen ditu besteekin interakzioan dagoenean eta berak ere sortzen ditu. Estimulu horiek garunean loturak egiten dituzte. Zenbat eta estimulu gehiago jaso, orduan eta lotura gehiago egiten dira.

Horrela, haurra gauzak ikasten ari den heinean, loturak egiten ari da garunean. Bertako zati guztiak aktibatzen dira haurra ekintza hori egiten ari denean, baina zati batzuk beste batzuk baino gehiago aktibatzen dira informazio mota horretarako espezializatuta daudelako. Badakigu belarri gainean, atzealdean eta ezkerraldean hitzak eta horiek soinuekiko duten erlazioa grabatzen direla. Txikitan zati horretan grabatzen diren gauzak helduak garenean gogoratzen ditugunak dira.

Informazio horrek guztiak irakurtzen eta idazten nola ikasten den erakuts diezaguke.



Haur guztiek ez dute berdin ikasten irakurtzen eta idazten, batzuek beste batzuek baino zailtasun gehiago dute. Zer azalpen neurologiko du horrek?

Idazten eta irakurtzen kostatzen zaien haurrak bi motatakoak izan ohi dira orokorrean. Batzuek besteek egiten duten gauza bera egiten dute, baina mantsoago, denbora gehiago behar dute. Haatik, ikasten dutenean, besteen mailan gelditzen dira. Beste batzuek, ordea, zailtasunak dituzte prozesu hori burutzeko. Ez dute garuneko lesiorik, baina irakurtzen eta idazten ikasteko erantzukizun handiagoa duten zonaldeek desberdin funtzionatzen diete. Ondorioz, hitzak soinu bihurtzeko prozesua mantsoago burutzen dute, ez dute besteek adinako arintasunik lortzen. Zailtasunik ez duen pertsona batek artikulu bat bi minutuan irakurtzen badu, hauek lau minutu behar izaten dituzte. Zailtasun hori beti mantentzen da; lizentziaturak ikasi dituzten helduak ezagutzen ditut, baina ez dute irakurtzeko arintasunik lortu.

Beraz, arazoa prozesamenduaren abiaduran dago. Ezin dugu esan garuneko lesio bat dagoenik, garuneko zonalde batzuek desberdin funtzionatzen dutela baizik.



Askotan patologia eta disfuntzioaz hitz egiten dugu horrelako egoeren aurrean. Noiz gaude patologia eta disfuntzio kasu baten aurrean?

Orain arte esandakoari jarraituz, idazten eta irakurtzen ikasteko zailtasunak dituzten haurrak daude. Zenbait gaitasun besteek baino baxuagoak dituzte eta, normala den bezala, gehiago kostatzen zaie. Haur horiek adimen koefizientea normala baino "baxuagoa" edukiko lukete.

Beste haur batzuek adimen normala daukate, gutxi gorabehera gaitasun kognitibo orokorra normala dute. Baina ikasketa instrumentalak ikasteko zailtasunak eduki ditzakete, hots, aritmetika, idazten eta irakurtzen ikasteko. Ikasketa horiei instrumentalak deitzen zaie beste gauzak ikasteko balio dutelako. Beraz, haur batek gaitasun normala eduki dezake orokorrean, baina aritmetikarako ez. Ondorioz, arazo espezifikoak suerta daitezke; irakurtzeko arazoa, idazteko arazoa edo aritmetikarako arazoa. Kasu horietan zenbait kontzeptu erabiltzen dira: garapen dislexia, garapen disgrafia...

Kasu biak ez dira berdinak, eta ez nahastea komeni da, haurrei etiketarik ez jartzearren.



Orduan, nola ziurta daiteke patologia bat duen ala ez? Zer pauso jarraitu behar dira?

Lehenengo diagnostikoa egin behar da. Hori haurrak 7-8 urte dituenean egiten da, ez lehenago. Adin horretarako idazketa-irakurketarekin kontaktua izan dute, eta ordurako badakigu zailtasunik baduten ala ez. Irakurtzen eta idazten bi urte daramatzan arte ez da ezer diagnostikatu behar. Denbora horretan laguntza espezializatua jaso arren zailtasunekin jarraitzen duela eta gehiago ezin duela aurreratu ikusten denean, orduan diagnostika dezakegu dislexia edo dena delako arazoa.



Nola egin dezakegu diagnostikoa eskolan?

Lehenik, haur batek zailtasunak eduki ditzakeela ikusten bada, psikologo edo psikopedagogo batekin kontsultatu behar da. Psikologoak aztertu eta bere aholku eta gomendioak emango ditu. Oso garrantzitsua da psikologoa irakaslearekin eta gurasoekin koordinatuta egotea. Laguntza espezializatua eman behar zaio, bai gelan eta bai gelatik at. Ikaskideak ere lagun dezakete eta gurasoek ere bai. Adibidez, etxean haurrarekin batera irakur dezakete, bakarrik irakurtzen utzi gabe.

Inplikatutako guztiek elkarrekin lan egiten badute, gauza asko atera daitezke. Ez da konpetentzia, kolaborazioa baizik.



Neurologian erabiltzen diren tresnak irakaslearentzat tresna arruntak izatera iritsiko al dira?

Neurologoek erabiltzen duten teknikak oinarri teoriko bat edukitzeko balio du, baina ez interbentziorako. Erresonantziak eta froga gehiago egin diezazkiokegu haurrari, baina praktikari begira jarrita ez daukagu horren beharrik. Badakigu burmuinean zerbait gertatu dela, baina garrantzitsuena ez da zer zehaztea, baizik eta haur hori bere garapenean nola doan ikustea. Goazen zein zailtasun dituen ikustera, zer egiten duen zailtasun egoeretan eta menperatzen dituen egoeretan... Horrela, "ondo" eta "gaizki" egiten duenaren arabera planifikatuko dugu interbentzio plana