Kili-Kili aldizkaria eraberritu da

2001-06-01
Haur eta gaztetxoei zuzendutako Kili-Kili aldizkari eraberritua kalean da. 1966an sortu zuen Jose Antonio Retolazak aldizkaria. Urte hauetan guztietan bera eta beste hainbat lagun argitalpen honetan lanean jardun dira, eta orain Bizkaiko Ikastolen Elkarteak hartu du lekukoa.
 
 
Esku-aldatze horren aitzakian aldizkaria eraberritu egin dute. Hala ere, orain arteko ezaugarriak mantenduko ditu, hau da, 9-15 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduta egongo da bereziki. Hilean ale bat argitaratuko da eta tarteka gehigarriak ere bai. Momentu honetan 10.000 ale kaleratuko dira, 5.000 euskara batuan eta beste 5.000 bizkaieraz. Harpidedunek etxean jasoko dute, eta gainontzekoek kioskoetan izango dute salgai 200 pezetatan.

Orain ia 5.000 harpidedun ditu Kili-Kilik eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen helburua kopuru hori handitzea da. Horretarako, ikastetxeetan eta zenbait elkarte eta taldetan banatu eta zabalduko da aldizkaria.

Edukiei dagokinez, denetik izango da Kili-Kiliren 16 orrialdeetan: erreportaia, elkarrizketa, entretenigarriak, ipuinak, gogoetak, kirola, asmakizunak, esaera zaharrak, denborapasak, bertsoak eta abar. Lan horietako asko gazteek eginak izango dira. Hori da, haiz zuzen ere, BIEko arduradunek bultzatu nahi dutena: gazteen esku-hartzea. Hori gauza dadin Euskal Herrian zehar 30 talde baino gehiago eratuko dira eta aldizkariaren edukiak osatzeaz arduratumo dira.

Gazteen parte-hartzea ez da horretara mugatuko. Hainbat lehiaketa eta sari ere izango dira, eta baita ekintza osagarriak ere. Urtean behin Kili-Kili eguna ospatuko da Aste Santuen bueltan.