Aschero sistema euskal <br />curriculumerako ekarpena

2001-06-01
Lan honekin bide berriak eraiki eta musika adierazpenaren didaktikarako formula alternatiboak planteatu nahi dira
 
 
Aurrerantzean euskal ikasleek, eta Heziketa Berezian ari diren ikasleek bereziki, musika ikasteko sistema berria erabili ahal izango dute. Aschero musika metodoa irakurketa-idazketa kode berri batekin egindako ariketekin, eta abesti herrikoiekin osatutako metodoa da. Musika sistema honetan oinarritutako garapen teoriko eta praktiko hau, Jose Ramon Vitoriak, Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Arrasate Musikaleko kideak, Aschero argentinarraren musika sistema egokitu eta moldatzen egin duen lan eskergaren eta zenbait urtetako hausnarketaren ondorioa da.

Bertan, euskal abestiak sistema horretara egokitzeaz gain, Ascherok asmatutako sistemaren metodologia sistematizatu eta sistemaren irakaspena zehaztu du haurrengan eraginkorragoa izan dadin.

Eta hor daude bere lanaren emaitzak. Down sindromea duten haur eta gazteak "Hara nun diran" gisako euskal tradizioko abesti ederrak jotzen ikusi ditugu, eta hunkitu egin gaitu.

Hezkuntza sistemaren parte garrantzitsua izanik ere, askotan eskaintzen dugun hezkuntza moldeaz urrun geratzen zaizkigunei musikaz gozatzeko eta artea sortzeko aukera zabaldu die. Bestalde, sistema honen hartzaile zuzenak diren haur eta gazte horien iritziak eta sentipenak oso kontuan izan ditu eta haien ekarpenez taxutu du sistema.

Hainbeste maitasunez eta sentiberatasunez eginiko lanak irakaspenik ere badu gu guztiontzat. Sarritan esaten da jada guztia deskubrituta dagoela, eta indar kontaezina agortzen da ideia jenialen bila.

Anartean, euskal curriculuma hitzetik hortzera darabilkigun honetan, zenbait jende galdetzen hasia da zer ote den hori eta nola arraio eta nork egin behar ote duen. Jose Ramon Vitoriaren gisako ekarpenak euskal curriculumaren eraikuntzan aurrerapausoak dira, eta gure aburuz hori da bidea; dauden beharrak antzeman, jada tresnak edo baliabideak baldin badaude gure behar eta kulturara egokitu eta ez badaude sortu.

Zorionak Jose Ramon urrats hori bi norabideetan eman duzulako: bitarteko eta proposamen premia berezia duen ikasle taldeari zuzendu diozulako eta euskal curriculumaren eraiketan urrats handia ematen lagundu diguzulako, bejondeizula!