GARCIA, Maite: Eskoriatzako Irakasle Eskolaren 25 urteak: iraganari eta geroari begira
Urte hauetan zehar aldaketa ugari gertatu dira, bai unibertsitateaz kanpo arlo sozialean, kulturalean eta ekonomikoan, eta baita unibertsitate barruan: Unibertsitate Eskola izatetik Mondragon Unibertsitateko Humanitateen eta Giza Zientzien Fakultatea izatera pasa da.
Irakasle Ikasketetako diplomaturako zuzendari Maite Garciak aldaketa horien berri ematen digu. Era berean, XXI. mendeari begira Mondragon Unibertsitateak hezkuntza jardueran dituen planak eta jomugak ere aipatzen dizkigu.
1976. urtean Eskoriatzako Irakasle Eskola sortzen da ikastolek garai hartan zuten arazo larria (irakasle tituludun euskaldunik ez zegoen) konpondu guran, eta bere egin zituen euskal eskolak zekartzan dinamismoa eta pedagogia berritzailea. Onespen ofiziala 1978. urtean jaso ondoren, 1979an irakasleen lehen promozioa irten zen: 39 irakasle diplomatura eskuan. Arrakasta handia izan zuen eskolak hasiera hartan: frankismoan ez bezala, irakasle lanbidea erakargarri bihurtu zen euskal gazteentzat.
1997. urtean Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultate bihurtzen da, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoarekin eta Oinatiko Enpresa Zientzien Fakultarekin batera MONDRAGON UNIBERTSITEA osatzen duelarik.
Urte horretan Humanitateak-Enpresa karrera ematen hasten da.
2001. urtean zilarrezko ezteiak ospatzen dira, ospatzeko motiboak baitaude egindako bide luze eta trinkoari so eginez gero: hasierako formaziotik aparte, irakasleen formazio iraunkorrean egindako lana, testuliburugintza, ikus-entzunezko baliabide didaktikoen bilduma, administrazioko euskararen normalizazioko ikastaroak... hori guztia izan da baliagarria bidea egiteko.
Egungoa bizi eta ...
Gaur egun Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) 750 ikasle ditu eta 3 karrera unibertsitario ditu martxan: Humanitateak-Enpresa eta Hizkuntzen Psikopedagogiaren lizentziak, eta Irakasle Ikasketen diplomatura (Haur Hezkuntza, Atzerriko Hizkuntza eta Hezkuntza Berezia dira eskaintzen diren berezitasunak). Hortik aparte, HUHEZI Graduondoko formazioan murgilduta dago (dagoeneko "Enpresa Proiektuen Zuzendaritza" izenekoaren 2. promozioa, eta laster etorriko direnak).
Fakultatearen hazkundearekin batera, kalitatezko hezkuntza emateko aukerek ere aurrera egin dute, eta gure jardueraren helburu nagusiak bihurtu dira, ikasleen formazio teknikoaz gain, ikasleen gaitasunen lanketa, praktiken bidez balio kooperatibo eta solidarioak indartzea (atzerrian praktikak egiteko aukera), eta gure ikasleen partizipazio eta inplikaziorako bideak gehitzea ("talde jarraitzaileak").
Ikasleen satisfazio inkestek oso erratuak ez gabiltzala esaten digute; aldi berean, gurekin 2. titulazio bat ikasten geratzen diren ikasle kopuruak eta, nola ez, lan mundura irteterakoan ikasle-ohien lan-okupazioari buruzko adierazleek, aurrera jotzera animatzen gaituzte.
Baina ez dira lotan geratzeko garaiak. Garbi daukagu gizartea, mundua... aldatzen doan heinean, geuk, etorkizuneko hiritarren eta langileen hezitzaileok , lehenak izan behar garela etorkizuneko gizartearen beharrak aurreikusten, eta horren arabera gure formazio plana eta sistemak egokitzen.
Etorkizuna prestatu
Orain arte bezala, gizarteak teknikoki ondo jantzitako profesionalen beharra izango du XXI.mendean; baina ez hori soilik, jakintzari beste era bateko balioak eta gaitasunak erantsi beharko baitzaizkio.
Gaur egun, injineruak, irakasleak, ekonomialariak, abokatuak eta abar inoiz baino hobeto prestatuta ateratzen dira ikastetxeetatik. Hala ere, hezkuntza eredu horietan ezer gutxi egiten da talde lana, lidergoa, autoikaskuntza, komunikatzeko gaitasuna, elkartasuna eta antzerako balioak garatzeko. Eta hori harrigarria da, gizarteak berak pertsonak aukeratzean oso kontuan hartzen baititu horrelakoak.
Mondragon Unibertsitatean hutsune horretaz ohartu gara, eta egoerari konponbidea emateko Mendeberri izeneko proiektua abian jarri dugu. Mendeberri proiektuaren helburua Mondragon Unibertsitateko hezkuntza proiektua erabat birplanteatzea eta berregokitzea da. Horretarako, unibertsitateko titulazioetako ezagutza tekniko zehatzez gain, hezkuntza proiektuan gaitasun profesionalarekin eta balioekin zerikusia duten alderdiak hartuko ditugu kontuan.
Hezkuntza proiektu honen arabera, eta Delors-en informea oinarri gisa hartuta, etorkizuneko profesionalari gaitasun edo konpetentzia tekniko(ikasten jakitea ) eta metodologikoarekin batera egiten jakitea ), partaidetzarakoa egoten jakitea ) eta pertsonala izaten jakitea ) eskatuko zaizkio. Profesional horiek modu eraginkor batean lan egiteko, lau konpetentzia mota horiek egoki garatzen eta elkarlotzen jakin behar dute. Horrekin batera, ezin dugu ahaztu eraldaketa teknologiko eta linguistiko batean murgilduta dagoen munduan kokatuta gaudela, beraz, konpetentzia horietan ezinbestekoa da eleaniztasunerako hizkuntza konpetentziak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien ekarpenak eta baliabideak txertatzea.
Mendeberri proiektuaren garapena
Proiektuak gauzatzeko 4 urteko epea du, 650 milioi pezetako aurrekontua eta proiektuan zuzenean, oraingoz, lanean ari diren 40 lagunen partaidetza.
40 lagun horiek lantaldetan banatu dira, gai zehatzak lantzen dituzten aditu edo ikerketa taldeetan, alegia. Mendeberri proiektuaren helburuarekin bat etor daitezkeen gaitasunak eta balioak aztertu ditugu, eta baita horiek bultzatzeko orduan hizkuntza aniztasunak eta komunikazio teknologia berriek izan dezaketen funtzioa.
Orain esperientzia pilotuak prestatzen hasita gaude. Mondragon Unibertsitateko hiru fakultateetako titulazio bana aukeratu dugu, eta hezkuntza proiektu berregokitua lehenik horietan ezarriko da; beraz, talde pilotuak dira. Eskola Politeknikoan Ingeniaritza Tekniko Elektronikoa, Humanitate Fakultatean Haur Hezkuntza, eta Enpresa Ikasketen Fakultatean Enpresen Administrazioa eta Gestioa aukeratu ditugu.
Dagoeneko talde pilotu bakoitzean gaur egungo egoera nolakoa den aztertu dugu, titulazio horietako bakoitzean beharko dituzten gaitasunen eta balioen identifikazioa, alegia. Egoera aztertzeko eta gaitasunak eta balioak identifikatzeko merkatuak , hau da, gizarteak zer eskatzen duen begiratu dugu: enpresetara, ikastetxetara, aditurengana... joanda, adibidez, sumatzen diren beharrei nola erantzuten ari zaien, unibertsitatetik ateratzen direnak zer-nolako maila ematen ari diren eta abar galdetu zaie. Udazkenerako, berriz, karrera bakoitzean behar diren eskakizunen definizioa egingo dugu, hau da, titulazio bakoitzeko Profil Profesionala burututa izango dugu. Horren ostean ikasketa planak aztertu, eta ikasketa planen helburuak eta metodologia zehazteko lana egingo dugu.
Mendeberri proiektuaren formazio eredua
Hezkuntza proiektu berri honetan, bereziki, besteak beste, azpimarratzeko ezaugarriak hauexek ditugu :
1.- Landu beharreko edukiak ezagutzak, esperimentazioa eta gaitasun eta balioak dira.
2.- Ikas baliabideen aldetik, "hitza-apunteak-liburuak-presentzialitatea" ohiko formula honekin apurtu nahi da, formazio birtualak, ekintza osagarrien balio didaktikoak, ikasleen lan autonomoak... indarra hartuko dutelarik.
3.- Irakasle-ikasle harremanean, protagonismoa konpartitua izango da (ohiko formuletan irakaslea ardatza da), irakaslea tutore kolaboratzaile gisa agertuz, eta ikaslearen ekimena bultzatuz.
4.- Hezkuntzaren azken helburua ikasle bakoitzaren garapen profesional eta gizatiarra ahalik eta handien lortzea da, egokituko zaion gizarte eta lan munduan behar dituen baliabideak eskuratzen dituelarik.
Mendeberri proiektuaren ezarpena
Planak oraingo eran joaten badira, hau da, aurrez prestatutako egutegiarekin bat , 2002ko udazkenean talde pilotuetan programa aplikatzen hasiko da . Gauzak horrela, 2005-2006ko ikasturtean (2005ko udako Irakasle Ikasketakoak) Mendeberriko planaren tituludunen lehen promozioa irtengo da. Gizarte , enpresa eta hezkuntza munduan ekarpen handiak egiteko pertsonak eta profesionalak izan daitezen da gure helburua !!