Haurrek hezkuntzarako duten eskubidea bermatu egin behar da

2001-11-01
Haur Hezkuntzak garapen azkarra izan du Euskal Herrian. Gerora ere, bidea jorratu egin behar da garapen horrek aurrera egin dezan.
 
 
0-3 urte bitarteko Haurraren Hezkuntza Eskubidearen Aldeko Mahaia osatu da.

Haur Hezkuntzak garapen azkarra izan du Euskal Herrian. 60ko hamarkadan, sei urterekin eskolatzen bazen, ikastolen sorrerarekin batera 3 urterekin eskolatzen hasi zen. Ideia hau 70eko hamarkadan hedatuz joan zen eta 80koan orokortu.

Aldi berean, 0 eta 3 urte bitarteko haurrek zuten hezkuntza hutsunea hainbat ekimenen bidez betetzen joan zen.

Adituek diotenez, adin tarte horretan hasten da gizakiaren oinarrizko garapena finkatzen. Horregatik, eredu egokiak eta langile prestatuak behar dira lan hori betetzeko.

1990eko LOGSE Legearekin Hego Euskal Herriko hezkuntza egoera juridikoa aldatu egin zen. Euskal Herrirako egokitutako legea ez bazen ere, ordura arte egiten ari ziren hainbat heziketa ahaleginei babesa eskaini zien, haurrek jaiotzetik duten heziketa eskubideari Hezkuntza Sisteman leku eginez. Eta badirudi, orain, babes hori zalantzan jarri nahi dela EAEn. Ez dugu LOGSE Legeak ematen duen babes horretan gelditu nahi, euskal hezkuntzak bere lege propioa eduki behar baitu. Eta lege horrek, dudarik gabe, haur horien hezkuntza eskubidea bermatu beharko du. hik hasik bere sorreran finkatu zuen oinarri programatikoan, iadanik duela zazpi ikasturte, proiektuaren ildoak zehaztu zituen eta adin honetako haurren hezkuntza ere hor kokatzen dugu. Ildo horien artean "Euskal Herriaren izaera, nortasuna eta kultur berezitasunak garatzea azpimarratzen zuen. Hau da, euskal kulturan oina-rritutako curriculum propioa, irakasleria iraunkor eta euskalduna, Euskal Herritik kanpo hartutako erabakien menpe ez dagoen eredu dezentralizatua, zentroen autonomia eta eraikitzen ari den herri bati irakaskuntzarako zor zaion finantzazio publikoaren igoera nabarmena. Hau guztia bideratzeak berma lezake kalitatezko euskal irakaskuntzarako herritarrok dugun eskubidea."

Betiere, planteamendu honetan hezkuntza ez unibertsitarioa hartzen zen kontuan, hau da, 0-18 urte bitarteko hezkuntza.

Eremu horretan finkaturik, beraz, hik hasik bat egiten du Mahaitik plazaratzen ari den aldarrikapen nagusiarekin: Haur Hezkuntzak izan dezala dagokion hezkuntza tratamendua, haurrak hezkuntzarako duen eskubidea egon daitezkeen beste interesen aurretik jarriz.