Heriotza heziketan. Hilarriak biribilketan
Hilarriak eta horren inguruko alderdiak ezagutzeak heriotzaren gaian sartzeko aukera ematen du. Bide horretan abiatzeko lagungarri da oso San Telmo museoak prestatu duen maleta didaktikoa. Donostiako Santo Tomas lizeoan dagoeneko erabili dute.
"Hilarriak biribilketan" Europako Kultura 2000 programaren barruan aukeratutako proiektuetako bat da. Kultura 2000 Europako Komunitatearen programa bat da eta kultur lankidetza sustatzen duten proiektuei diru laguntzak ematera bideratua dago. Programaren helburua Europako herrialdeen kultura eta historia ezagutaraztea da, eta horretarako, jendeari bitartekoak eskaintzea. Ildo horretan, 1.023 proiektu aurkeztu ziren 2000. urteko deialdian. Horietatik 219 aukeratu zituen aditu taldeak, bi Euskal Herrikoak izanik: Bilboko Guggenheim museokoa bata eta Donostiako San Telmo museokoa bestea.
Bigarren horrek aurkeztutako proiektua da"Hilarriak biribilketan". Dena dela, gidaritza San Telmok daraman arren, beste bi museorekin batera ari dira burutzen: Baionako Euskal museoa eta Lamegoko museoa (Portugal). Horiez gain, Euskal Herriko, Frantziako eta Portugaleko beste 12 museok ere parte hartzen dute eta beste hainbat laguntzaile ere badituzte.
Museoko teknikari Miren Akordagoitiak adierazi digunez "jende asko ari da parte hartzen eta proiektua zabalkunde handia izaten ari da. Azken finean, hori da helburua: hilarrien gaiaren inguruko ezagutza eta ondarearen berri ahalik eta gehien zabaltzea".
Europar Komunitateko proiektu batean parte-hartzeak garrantzi handia duela dio Akordagoitiak. "Europako onarpena iza-teak erakusten du Europako kulturgintzan borondatezko lankide garela eta berritzai-leak garela. Berritzaileak bi zentzutan: batetik, Batzordeak etorkizunean baliagarriak eta beste lekuetarako balio duten proiektuak baino ez dituelako hautatzen; eta bestetik, kudeaketa abangoardista duelako".
"Hilarriak biribilketan" proiektuak hiru helburu edo lehentasun nagusi ditu. Lehenik eta behin, gizartea, gazteak eta ikasleak europar ondasun historiko eta kulturalaz jabearaztea. Bigarrenik, orain arte gutxi baloratu eta ezagutarazi den ondaren berri ematea modu didaktiko eta interaktiboan. Eta hirugarrenik, museoen eta ikastetxeen arteko elkarlana bultzatzea.
Proiektua aurten maiatzean jarri zen martxan eta azaroaren bukaeran amaituko da. Bitarte horretan hainbat ekintza eta aktibitate eraman dira aurrera, bai museoetan eta bai eskoletan.
Alde batetik, ikus-entzunezko hainbat material sortu dira; eta bestetik, "Ateak zabalik" izeneko jardunaldiak burutzen ari dira proiektuan partaide diren museo guztietan. Jardunaldi horietan tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, olerki emanaldiak, kantaldiak eta abar egiten ari dira.
Horrez gain, hilarriek duten balio kulturala eta ondarea ezagutarazteko maleta didaktiko bat prestatu dute. Maleta hori ikastetxeei eskainiko zaie aurrerantzean, gai hau landu nahi dutenek bitarteko bat izan dezaten.
Akordagoitia San Telmoko teknikaria izan da maletaren egileetako bat. Berak azaldu digunez, "maleta hilarrien eta heriotzaren gaia lantzeko prestatu dugu, batez ere 10-12 urteko neska-mutilei zuzendua, eta bost modulu tematiko ditu".
1. modulua: sarrera
Hasieran gaiaren sarrera egiten da eta horretarako hainbat material daude:
- 1. bideoa: honen bitartez gerturapen espaziala egiten da, hots, hilerriak non dauden, hilerria zer den, museoetako hilerriak, Iparraldeko hilerri-lorategiak eta abar esplikatzen da.
- Esploraziorako kit-a: kanpoko behaketa lana egiteko materiala biltzen da: erregela, iparrorratza...
- 2. bideoa: Manu Gomezen laburmetraia batek heriotzaren gaia era poetikoan lantzen du. Hemen gaia emozionalki lantzeko aprobetxatu nahi da, hausnarketa bideratzeko balio dezakeelarik.
2. modulua: testuingurua
Planoa eta CD-ROMa: proiektua Europar Komunitateko diru laguntza batek finantzatzen duenez, Europako ardatz atlantiarreko hilerriak ditu aztergai. Beraz, hilerri horien kokapena biltzen da planoan eta CD-ROMean; alde batetik hilarriak dituzten museoak non dauden, eta bestetik museotatik at dauden hilerriak.
3. modulua: materialaren azterketa
Hilarriak hainbat materialekin eginak daude. Normalean, herrialde bakoitzeko geografia-orografia baldintzen arabera, bat edo bestea erabiltzen da. Ohikoenak kareharria, harea, granitoa, marmola eta gaur egungo hormigoia dira. Modulu honetan hilarrien egitura, kolorea, lanketa... eta abar aztertzen dira, eta herrialdeen artean dagoen desberdintasuna ere bai.
4. modulua: hilarrien lanketa
Modulu honetan bideo bat dago eta hilarriak nola egiten ziren agertzen da artisau batek jarraitzen duen prozesuaren bitartez. Lanketa bera ikusteaz gain, zein tresna erabiltzen diren ere erakusten da.
5. modulua: ikonografia
Ikonografia aldetik izugarrizko aniztasuna dago eta hori agerian jartzea du helburu modulu honek: animalien irudiak, gurutzeak, izar moduko irudiak, lanbideen erreferentziak...
Material horren osagarri modura olerkiak eta ipuinak ere erabil daitezke. Heriotzaren gaiarekin lotutako poemak eta ipuinak hausnarketa egiteko egokiak izan daitezke.
Guztira 12 maleta egin dira. Horietatik hiru Portugaleko Lamegoko museoan egongo dira eta gainontzekoak Euskal Herrikoetan. Baionako Euskal Museoan lau egonen dira eta gainontzekoetan bana: Donostiako San Telmo museoan, Gernikako Euskal Herria museoan, Eskoriatzako museo eskolan, Bilboko Etnografia, Arkelogia eta Kondaira museoan, Enkanterrietako museoan, Iruñeko Museo de Navarra eta Julio Caro Baroja museoetan, Arabako Elizbarrutiko museoan eta Arabako Arkeologia museoan. Horrenbestez, gai hau landu nahi duen edonork museo hauetara jo dezake eta maleta maileguan hartzeko aukera izanen du.
AIESTA, Aitziber: "Uste dut gehiengoari pentsakera aldatu egingo zaiola"
San Telmo museoko arduradunak maleta didaktikoaren eskaintza egin aurretik, esperientzia pilotu bat burutu nahi zuten. Akordagoitiak hala dio: "maleta egiten jardun garen denbora berean Donostiako Santo Tomas li-zeoan landu dute. Horrek asko lagundu digu maleta egoki prestatzen".
Akordagoitiak Santo Tomas lizeoko Aitziber Aiesta irakasleari luzatu zion proiektu pilotua aurrera emateko proposamena. Baiezkoaren ondoren, Aitziberrek 6. mailako lau gelatan landu du, Ingurunea ikasgaian.
Zerk bultzata animatu zinen proiektu pilotu hau gidatzera?
Asko gustatzen zait horrelako proiektuetan parte hartzea, ikasleen inplikazioa askoz ere handiagoa izaten delako eta beste hainbat alderditatik begiratuta ere egokiak direlako.
Gaia zertan zen ikusi nuenean interes handia sortu zitzaidan. Heriotza bete-betean har zezakeela ikusi nuen. Gizarte honetan ez da batere hitz egiten heriotzaz, ez daukagu ohiturarik, eta bakoitzak bere modura eramaten du. Ikasle askok horren inguruan hitz egiteko gogoa eta beharra izaten dutela ikusi nuen, eta gogo handiz heldu nion gaiari.
Berez DBHko ikasleentzat prestatuta zegoen, baina 6. mailako ikasleen irakaslea naizenez, maila horretara egokitu dut. Horrela, 6. mailako lau gelatan landu dugu.
Ingurunea da zuk irakasten duzun ikasgaia. Nola uztartu dituzu Ingurunea eta heriotza eta hilarriak?
Heriotzaren gaia naturarekin oso lotuta zegoela ikusi nuen. Hortaz, heriotza bizitzaren jarraipen bezala lotu dut eta horrela azaldu diet. Gorputza lurretik sortzen dela eta lurrera doala kontatzen diet, hau da, gure gorputza lurrera itzultzen dela eta eraldatu egiten dela. Zientzialari guztiek dioten bezala, ezer ez da desagertzen edo hiltzen, eraldatu baizik. Triste ez gelditzeko, esaten diet gure gorputzaren gehiena uretara doala, ur hori itsasora doala, han lurrundu egiten dela eta laino bihurtu, gero hoztu eta euri bilakatzen dela, eta euria egiten duenean errekara eta berriro itsasora joaten dela. Han berriz lurrundu egiten da. Beraz, amaierarik ez dagoela ikusarazten diet, dena jarraipen bat dela.
Proiektua zure ikasleen adinera egokitu zenuela aipatu duzu. Nola hasi zinen gaia lantzen?
Hasieran heriotzaren inguruan hitz egin genuen: beraiek nola ikusten zuten heriotza, inguruan zer entzuten zuten edo nola kontatu zitzaien, heriotzaren ondoren zer dagoen, bakoitzaren sinesmak, zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten...
Interesgarria izan zen oso. Sentipenen inguruan asko hitz egin genuen. Nahiz eta oraindik oso helduak ez izan eta 11 urte baino ez eduki, puntu batzuetan gauza interesgarriak lortu ziren. Adibidez, negargurea sentitzen zutela esaten zuten eta zergatik galdetzen nien, ea hildakoagatik edo beraiengatik sentitzen zuten negargurea. Hildakoa faltan botatzen zutelako pena sentitzen zutela konturatu ziren. Era berean, hildakoa beste bizitza batean egongo zela esaten zuten, edo arima hor egongo zela, eta zoriontsuagoa izango zela. Orduan, galdetzen nien, "zoriontsuago dela uste baduzue, zergatik sentitzen duzue pena? Maite baditugu beraientzat hoberena nahi dugu, ezta?" Eta konturatu ziren beraiengatik sentitzen zutela pena.
Gero, hitz egindako guztia idazlan edo poema modura transkribatu zuten. Bukaeran, lan guztia bukatu ondoren, berriz ere idazteko eskatuko diet, ezberdintasuna ikusteko. Uste dut gehiengoari pentsakera aldatu egingo zaiola.
Hori al da lortu nahi duzuna, hots, heriotzari buruzko pentsakera aldatzea?
Bai, nire helburuetako bat heriotzaren alderdi ezkor edo negatibo hori pixkat kentzea da. Ez da erraza, gizartea eta ohiturak hor daudelako. Baina beste zentzu bat ematen saiatzen ari gara.
Nola jarraitu zenuten ondoren?
Irteera bat egin genuen Eskoriatzako Apozaga auzoko hilerrira. 40 urte besterik ez ditu, baina bertako apaizak lehengo hilerrien modura egin zuen. 20 hilarri daude biribilean jarrita eta lorategi bat dirudi.
Irteeraren helburua informazioa jasotzea zen. Aldez aurretik nik ez nien inolako informaziorik eman. Bakoitzak hilarri bat hautatu eta hari buruzko informazioa jaso zuen fitxa batean: neurriak, zer informazio zeukan, zer irudi eta abar.
Handik Eskoriatzako museora joan ginen eta hango arduradunak prestatu zigun tailerrean heriotzaz eta Euskal Herrriko sinesmez mintzatu ginen.
Zer egin zenuten irteeraren ondoren?
Eskoriatzatik ekarri zuten informazioa gehitzea zen nire asmoa, baina ez betiko roiloa sartuz. Horregatik, kondaira bat kontatuz hasi nintzen, eta horren bitartez eman diet informazioa. Gehiago gustatzen zait gaia horrela ematea, badakidalako horrela ez zaiela ahaztuko. Bestela, historia huts-hutsetik kontatzen hastea oso zaila da adin horretan.
Horrela bada, historiaurrean lurperatzen zergatik hasi ziren azaltzeko, kondaira bat kontatu nien.
Horrekin batera, grafikoak erabili ditugu eboluzio osoa nola izan den garbi ikusteko: historiaurreko zutarriak, trikuharriak, harrespilak, historian harrespilei hilarri forma ematen nola hasi ziren, hilarri horiek zituzten lehengo jainkoen irudiak, irudiez gain etxe edo baserriko izena eta lanbide tresna nola agertzen ziren, kristautasuna iritsi zenean nola galdu ziren euskaldunen sinesmen horiek, trantsizio garaian lehengo sinesmei lotutako irudiak eta kristautasunari lotutakoak nola agertzen ziren, eta bukaeran, gure hilerri modernoetara iritsiz, gurutzeak eta marmolezkoa hilerriak.
Informazio hori guztia jaso ondoren, zein izan zen eman zenuten hurrengo urratsa?
Maleta didaktikoan agertzen ziren fitxak egiten hasi gara. Garaiko politika, ekonomia, gizartea... lantzeko fitxak dira. Nik informazio gehiago eman ondoren, marrazkiak eginez landuko dituzte fitxak eta eduki horiek. Guztira hiruzpalau fitxa egingo dituzte. Bakoitzak hilarri bati buruzko informazioa jaso zuen Eskoriatzan eta hori aztertuko dute. Hiztegitxo bat emango zaie hilarriko irudiek zer esanahi duten jakin dezaten. Beraz, beraiek egingo dute azterketa lan osoa eta sormen lana.
Bukatzeko, hasieran bezala, idazlan edo poema bat egingo dute. Eta azkenik, egindako lan guztiarekin erakusketa bat jarriko da ikusgai San Telmo museoan.
Ingurunea ikasgaian landu duzue eta lantzen ari zarete proiektua. Beste ikasgaietan gaiari lotutako zerbait egin al da?
Plastikan bai, bakoitzak bere hilarriaren maketa egin du, eta denon artean hilerri osoa osatu dugu. Baina beste ikasgaietan ez. Politena ikasgai guztietara zabaltzea izango litzateke: euskara, plastika, musika... baina zaila da. Gaur egun irakasle guztiok lanez gainezka gaude eta horrelako proiektu batek inplikazio handia eskatzen du. Arazoa denbora falta izaten da.
Dena dela, zuk ekin diozu, prest agertu zinen eta gustura aritu zara. Merezi al du ahaleginak?
Noski baietz. Nik ere asko ikasi dut. Irakaslearentzat ere motibagarria da horrelako lan bat burutzea. Niri izugarri gustatzen zait. Informazioa biltzeko garaian, batzuetan ikasleei beraiei eskatzen diet. Argazkiak eta gauza gehiago ekartzen dituzte eta horiek erabiltzen ditugu. Nik ez dut dena egina eta prest izaten. Beraiei esaten diedan bezala, nik orientatu eta lagundu besterik ez diet egiten, gaia denon artean eraikitzen dugu. Beraien esperientziatik abiatzen gara. Eta hortik aurrera beti ez dut metodologia bera erabiltzen: batzuetan beraiek jartzen ditut irakasle bezala klasea ematen, bestetan kondairak erabiltzen ditut, bideoak tarteka, grafikoak, gardenkiak... eta sortzen zaizkidan gauza berriak.
Ikasleentzat zein onura ikusten dizkiozu horrela lan egiteko moduari?
Horrela lan egiteak zentzua hartzen du, inplikazioa handiagoa da eta gehiago ikasten dute. Beraien iniziatibei leku egitea oso garrantzitsua da.
Lan honetan oso-oso gustura aritu dira. Hasieran harrituta galdetzen zuten: heriotza? Hilerriak? Zer da hau? Irteera egiteak asko lagundu zuen. Hilerria asko gustatu zitzaien eta museoko kontakizunak ere berehala lotu zituen. Gelatik irten, biribilean jarri eta hitz egitea ere asko gustatu zaie. Etxetik ere informazio asko ekarri dute. Izugarri inplikatu dira.
Horrez gain, taldean lan egitean gauza asko ikasten dituzte: gizarte arauak, beraien arteko arauak, errespetua, sozializazioa, laguntasuna... 11 urterekin askok ez dakite taldean lan egiten eta hori ikastea oso garrantzitsua da.
Horrelako proiektuak lantzeak merezi du, orduan?
Bai, dudarik gabe. Baina proiektua bera baino garrantzitsuagoa da metodologia. Proiektua, edo kasu honetan maleta didaktikoa, munduko politena izan daiteke, baina irakasleak erabiliko duen metodologia da benetan funtsezkoena. Lan egiteko modua da azkenean balio duena.
PLAXATS, Maria Antonia: "Gizarte moderno honetan emozioetan analfabetoak gara"
Psikoterapeuta katalan honek Hik Hasiren II. Topaketa Pedagogikoetan parte hartu zuen, "Heriotza heziketan. Egungo tabua?" izeneko ikastaroan, hain zuzen ere.
1988an galera garrantzitsuen aurreko doluaren gaia lantzen hasi zen eta geroztik esperientzia eta lan ugari burutu ditu eskoletan, ikasleekin, irakasleekin, jardunaldietan... 1995ean bera bezala gai hau lantzen ari ziren Joan-Carles Mélich eta Concepció Poch-ekin estatu mailan lehenengoa izan zen ikastaroa diseinatu zuen: "Bizitzarako hezi: heriotzarako hezi". Bartzelonako Rosa Sensat Udako Ikastaroetan aurkeztu zuten eta geroztik udako, udazkeneko nahiz neguko ikastaroetan aritu dira ikastaroa ematen.
Ikastaroaren helburu orokorra gure gizartean, eta ondorioz gure ikastetxeetan, ukatzen den gai baten inguruan hausnartzera animatzea da, hots, galeraren eta heriotzaren inguruan. Xede horrekin ari dira aurrera eramaten Katalunian Doluaren Pedagogia.
Hik Hasiko Topaketetan eman zenuen ikastaroan zein mezu igorri zenuen?
Mezua honakoa izan zen: heriotzaren, galeraren, sufrimenduaren eta doluaren pedagogiaren beharra dagoela. Ikastaroaren intentzioa izan zen gai horren inguruan sentsibilizatzea, helduok gai hori lantzeko dugun beharraz konturatzea, bideratzea, aurre egitea eta trebatzea, gero haurrei eta gazteei transmitu ahal izateko. Azken batean, alboratu duguna errekuperatzea da.
Izan ere, gizarte modernoak eta postmodernoak gai horiek baztertu egin ditu pertsonen arteko harremanetatik eta giza komunikaziotik. Beste arlo batzuetan, ordea, ez da baztertu heriotza, hor dago. Telebistako albistegietan egunero ikusten ditugu heriotzak eta ezbeharrak. Ez da gauza bera gertatzen harreman pertsonaletan; errekurtsorik gabe gaude, ez dugu ezagutzen. Horregatik, ikastaro hauetan komunikazio gaitasunak eta aurre egiteko abileziak erakusten saiatzen gara galeraren aurreko minari aurre egiten ikas dezagun. Teknikoki doluaren lanketa deitzen zaio. Niri doluaren eraldaketa osasungarria deitzea gustatzen zait.
Beste modu batera esanda, norbait kontziente denean zerbaiten edo norbaiten galera izan duela, sentimendu- zauri bat duela esan nahi du. Horren aurrean gure sistema naturalak zauri hori konpon dezan saiatzen gara. Hori modu osasungarrian gerta dadin kanpoko laguntza eskatzen du batzuetan jendeak.
Gizarte moderno eta postmodernoak gai hau baztertu egin duela esan duzu. Horrek zer esan nahi du, lehen present zegoela heriotza?
Lehen komunikazioa beste era batekoa zen; ez zegoen hiri handirik eta elkarren arteko harremanak estuagoak ziren. Askotan galdetzen zitzaion aldamenekoari zer moduz zegoen, zer gertatzen zitzaion eta abar. Gaur egun, bizimodu indibidualagoa daramagu eta galeren aurrean bakarrik gaude. Gure gizarte aurreratuak gero eta gehiago modernizatu diren heinean, aseptikoagoak bihurtu gara. Emozionaltasuna desprestigiatuz joan da eta arlo askotan emozioetan alfabetatzeko beharra sortzen ari da.
Alderdi emozionalean analfabertoak al gara, hortaz?
Baietz esango nuke. Hamarkada hauetan arrazoia-emozioa binomioaren arteko desoreka ikusi dut. Berez burmuineko hemisferio biak ahal diren gehien garatu beharko genituzke, ezkerrekoa zein eskuinekoa. Ezkerreko aldean arrazoitzeko, ulertzeko eta analizatzeko funtzioak daude, eta eskuinekoan intuizioari, emozioari eta afektibitateari lotutakoak. Egungo gizartean ezkerreko hemisferioa da nagusi, hots, arrazoia, analisia. Ondorioz herren gaude, urritasunekin. Ez gara eskuineko alderdi horren jakitun, eta ez dakigu nola landu. Ni paradigma holistikoaz baliatzen naiz desoreka hori konpontzen saiatzeko.
Zer da paradigma holistikoa?
Sistemen teoriaren ikuspegitik munduaren perspektiba bat izatea da, interakzioan oinarritzen den perspektiba. Horren arabera gizakia bost dimentsioz osatuta dagoela esaten da eta beraien artean interakzioan daude. Dimentsioak hauek dira: mentala edo arrazionala, fisikoa (gorputz guztiaren igorle eta hartzaile dena), emozionala, gertuko nahiz gizarteko harremanak, eta espirituala (bakoitzarentzat esan nahi duena esan nahi duelarik; batzuentzat erlijioarekin oso lotuta dago, eta beste batzuentzat ez).
Gizakiaren baitan dauden bost dimentsio horiek elkarren arteko interakzioan daude: pentsatzen dugunak eragina du sentitzen dugunean, emozionalki sentitzen dugunak eragina du dimentsio fisikoan, egoera emozionalaren arabera hobeto edo okerrago arrazoituko dugu, era batera edo bestera erlazionatuko gara...
Hain garrantzitsua den alde emozional hori ezezaguna da, ez dago ondo ikusia sentimenduak adieraztea eta ez dugu sentitzen duguna komunikatzen.
Heriotza oso lotuta dago alderdi emozional horrekin, eta gaur egun emozioak nola maneiatu jakin ezinik gabiltza.
Alde emozionala maneiatzen erakustea al da zure eginkizuna?
Bai, dimentsio hori bideratzen laguntzea. Ikastaroetan azalpen teorikoak eman arren, alderdi praktikoa da benetan garrantzitsua. Bizipenak lantzeko ariketa eta proposamenak egiten ditugu emozioak bideratzeko edo kanalizatzeko, eta emozio handiko uneak bizitzen dira.
Zein dira proposamen edo ariketa horiek?
Bat baino gehiago daude, indibidualak eta taldekoak. Esate baterako, ariketa indibidual batean idatziz erantzuteko galdera batzuk planteatzen dizkiet: heriotzaren aurrean zer sentitzen, pentsatzen, esaten eta egiten dut? Zer sentitzen dugun galdetzean komeni da. Bereiztea zer sentitzen dugun emozionalki eta zer fisikoki. Baita emozio jakin bat (tristura, amorrua...) non sentitzen dugun ere (eskumuturrak edo hortzak estututa, buruko mina, eztarriko korapiloa...).
Galdera horiek erantzuteak gaiaren aurrean jartzen gaitu, eta horrek guztiak emozioen hizkuntzarekin zerikusia du. Hobeto ezagutzen badugu, hobeto bideratuko dugu, beti ere, osasunez, era osasungarrian.
Zer esan nahi du emozioak osasuntsu bideratzeak?
Bi kontzeptu daude. Hasteko bideratu hitza erabiltzen dut, eta ez adierazi. Zergatik? Bideratzeko modu bat baino gehiago daudelako. Pertsona batzuek isiltasunean, beren buruarekin konektatuz bideratzen dituzte emozioak. Beste batzuek errezatuz, hausnartuz, hitz eginez, saltatuz, dantzatuz, negar eginez, buila eginez... beti modu osasungarrian.
Hori da bigarren kontzeptua, modu osasuntsua. Adibidez, haserre edo triste egon eta alkohola edanez ahazten saiatzea ez da osasungarria, nire ustez. Haserrealdia pasatzeko autoa hartu eta autopistan 100-200 km/h abiaduran ibiltzea ere ez. Ezta aurrean daukagun lehenengoari (haurrari, senarrari, emazteari, lankideari...) garraisika erantzutea ere, horrek harremana konplikatu baino ez baitu egiten.
Zein izango litzateke modu osasungarria?
Nik adibide bat jarri ohi dut beti: Cabaret filmean badago jende askok gogoratzen duen eszena bat. Liza Minelli protagonista oso haserre dagoenekoa eta tren zubi baten azpira joaten denekoa. Trena tutua joz pasatzen denean berak ere garraisi egiten du. Eta ondoren lasai-lasai itzultzen da. Niretzat oso modu osasuntsua da.
Zenbaitek, ordea, ezingo lukete hori egin, emozionalki gainezka egingo lukeelako. Horientzat beste modu batzuk bilatu behar dira.
Haurrei emozioak bideratzen irakasteko lehenengo helduek ikasi behar dutela uste al duzu?
Beno, aldi berean egin daiteke. Ez dugu helduok perfektuak izan arte itxaron behar, bestela ez baitugu ezer egingo.
Garrantzitsua da denok arlo hau lantzeko intentzioa eta borondate ona edukitzea. Geure burua ezagutu behar dugu, beharrezkoa da gure emozioak, sentimenduak, pentsatzen duguna eta sentitzen duguna ezagutzea. Helduentzat nahiz haurrentzat da garrantzitsua.
Gainera, haurren kasuan familia, eskola eta komunikabideak dira eragile nagusienak eta ez batean ez besteetan ez dira bideratzen emozioak. Horretan laguntzea da gure eginkizuna.
Nola ikusi duzu ikastaroko taldea?
Ikastaro hauetan zerbaitegatik ematen dute izena, eta horrekin soilik lehen urratsa emana dute. Ondoren, taldean konfiantza sortzen den heinean, ohikoa da norbere esperientziak kontatzen hastea: seme bat hil zaiola, fase terminalean dagoen ama duela, osasunez ondo dagoen 80 urteko aita edo ama duela eta hil egingo dela pentsatzean oso triste jartzen dela... Egoera hunkigarriak sortzen dira eta aberatsa da oso. Hausnarketa teorikotik haratago aplikazio praktikoetan murgiltzen gara, hori baita bereziki interesgarria. Ikastaroetik atera ondoren euren eguneroko bizitzarako bitarteko praktikoak eramango zituztela espero dut.
Dena dela, gaia delikatua dela kontuan hartuta, ez al dago arriskurik agerian jartzen diren sentimendu horiek itxi gabe gelditzeko?
Bai, arrisku hori badago eta horregatik kontu handiz ibili behar dugu. Guk erantzukizun handia daukagu. Askotan erraza da emozionalitatea irekitzea, gehiegi sakontzea eta zauria irekita gelditzea. Dena dela, guk ezin dugu den-dena kontrolatu, ezin dugu ziurtatu pertsona guztiak zauriak itxita joango direnik. Gaiak emozionalki barruak mugitzen ditu, hausnarketara bultzatzen du, eta bi funtzio edo dimentsio horiek ahal den ondoen integratzeaz ari gara. Horregatik, gu oso arduratsuak izaten saiatzen gara ikastaroak antolatzean eta horrelako interbentzioak bultzatzean. Bai baitakigu oso-oso delikatuak diren puntuak ukitzen ditugula.