MATA, Marta:

2001-11-01
Marta Mata pedagogo eta irakasle katalanaren bizitza osoa haurren heziketarekin lotua egon da. 1965ean Rosa Sensaten sortzaileetako bat izan zen. Betidanik egon da Haur Hezkuntzari loturik, eta 0-6 urteko etapa hezkuntza dela errebindikatu du egon den leku guztietan: Berrikuntza Pedagogikoko Mungimenduko partaide eta bozeramaile zenean, PSCko diputatu zelarik aurre-proiektu bat egin zuenean eta Kataluniako parlamentuko senatari zenean. LOGSE legearen bultzatzaile eta defendatzaile ere izan zen Madrilen diputatu zelarik. 1999ko maiatzaren 5ean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak doctor honoris causa izendatu zuen.

Jubilatuta egon arren, oraindik ere haurraren hezkuntza eskubidearen defentsan jarraitzen du, eta badu zer erakutsia. Horregatik gonbidatu zuen sortu berri den 0-3 Haurraren Hezkuntza Eskubidearen Aldeko Mahaiak Haur Hezkuntzako lehen zikloaren (0-3 urte) aldeko jardunaldietara.
 
 
EAEko Haur Hezkuntzaren egoera ezagutzen duzu eta badakizu Eusko Jaurlaritzaren asmoa 0-3 etapa Hezkuntza Sailetik Justizia eta Lan Sailera pasatzea dela. Zer iritzi duzu horren gainean?

Ez da hemen soilik duzuen arazoa, mundu osoak duen korapiloa baizik. Oinarrian hezkuntzaz zer ulertzen den dago, hau da, eskubide bezala edo merkatuko ondasun bezala ulertzen den. Hor dago korapiloa. Mundu mailan bi txosten oso interesgarri sorrarazi ditu korapilo horrek: Delors-en txostena eta Munduko Bankuaren txostena.

Munduko korapilo horretan gaudelarik, hemen konkretuki Eusko Jaurlaritzaren planaren hizkuntza edo hiztegia errepasatzea eskatuko nizueke. Besteak beste, honako puntu hauek aipatzen ditu: ugalkortasun tasa, premiazko egoera, euskaldunek seme-alaba gehiago izan nahi dituztela, dena oso garesti dagoela eta haurrak heztea asko kostatzen dela, lan egiten baduzu ezin dituzula seme-alabak zaindu, urte batzuk barru biztanleriaren %30ak 60 urte baino gehiago izango dituela, pentsioen etorkizuna, gastuen gorakada, familia bizitza eta lana elkar aditzeko neurriak hartu behar direla, familiei laguntzeko zerbitzuak jarri behar direla, laguntza ekonomikoak eta fiskalak eman behar direla, sentsibilizazio neurriak ere bai... Hezkuntza hitza ez da aipatu ere egiten. Haurra ez da ikusi ere egiten. Eta hori da larriena.



Horren aurrean, zer iruditzen zaizkizu Haurraren Hezkuntza Eskubidearen Aldeko Mahaiak egiten dituen eskakizunak?

LOGSE legeari helduz bere puntu positiboak defendatzen ditu. Momentu honetan LOGSEk dio 0-6 etapa hezkuntza dela. Mahaiak hori garbi ikusten duela uste dut, eta legetik garrantzitsuena dena hartu duela; hots, neska-mutil guztiek jaiotzetik hezkuntzarako duten eskubidea.

Hortaz, Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzako lehen zikloa garatu behar du etapa horren ezaugarrietara egokituz. Ezaugarri horiek haurraren eskubide pertsonal guztiak dira.

Bestalde, Mahaiak Haur Hezkuntzako mapa egitea eskatzen du, haur eskola publiko zein pribatuak barnean hartuz. Eta azkenik, LOGSE esatera ausartu ez zen gauza bat ere eskatzen du, oso interesgarria iruditzen zaidana: Haur Hezkuntzako profil profesionala diseinatzea Hezkuntza Saileko gainontzeko profesionalen lan baldintza berberekin. Hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait.



Haurraren hezkuntza eskubidearen inguruan mundu mailan dauden bi txosten aipatu dituzu. Zein dira eta zer diote?

Bata Munduko Bankuaren txostena da eta bestea Delors-ena. Biek hitz egiten dute haurraren hezkuntza eskubideaz, eta hitzak leuntzen dituzte horretaz ari direnean. Munduko Bankuaren txostenak ere bai, baina hala ere, bere ideiak nabarmen gelditzen dira: irakaskuntzaren errentagarritasuna da kezka nagusietako bat, kantitatea eta kalitatea kontrajartzen dira, irakaskuntzako azken urteei ematen die lehentasuna eta ez lehen urteei... praktikoki ez da Haur Hezkuntzaz hitz egiten. Delors-en txostena, aldiz, guztiz kontrakoa da.

Haatik, korapilo honetan hezkuntza haurraren eskubidea dela pentsatzen dugunok badakigu abagune garrantzitsua daukagula: haurraren eskubideen aitorpen internazionala edo hitzarmena.



Zer da haurraren eskubideen hitzarmena?

Haurraren eskubideen adierazpena 1959an egin zen lehen aldiz, gizon-emakumeen eskubideen adierazpena baino 20 urte inguru geroago. 1989an haurraren eskubideen hitzarmena akordio internazional bezala onartu zen. Horretarako, gobernu eta estatuetako goi karguen bilera egin zen, eta zenbait adierazpen ere jaso ziren, beroiek errespetatzeko hitza eman zutelarik. Adibidez, haur bati bere nortasunaren elementuren bat debekatzen baldin bazaio, estatu kideek behar duen asistentzia eta babes egokia emango diotela bere nortasuna berreraikitzeko. Badakigu zein gutxi betetzen den hori, baina esaldi hori defentsa arma bat da haurrak hezkuntzarako duen eskubidea publikoki defendatu behar duenarentzat.



Zein da haurraren eskubideen hitzarmenaren mamia? Zein eskubide jasotzen ditu?

Nortasunaren garapenaren garrantzia zehazten du, gurasoekiko errespetua, kultur eta hizkuntza nortasuna, bere komunitatearen eta hainbat zibilizazioren balioak, gizarte libre batean bizitza arduratsua eramateko prestakuntza, ulermena, bakea, tolerantzia, sexu berdintasuna, herrien eta talde etnikoen arteko laguntasuna (nazionalak eta erlijiosoak) eta haurrari ingurumenarekiko errespetua erakustea. Beste zerbait ere gehitzen du: eskubide horiez gain, haurrak eskubidea duela bere adimen propioa formatzeko, pentsamendu librea, kontzientzia, pribatutasuna eta bere iritzi propioa adierazteko, entzuna izateko eta bere intimitatea errespetatua izateko. Hori ezin da lege batean jarri, baina hitzarmenean idatzita dago eta geureganatu egin behar dugu hezitzaileok eta gurasook.



Giza eskubideak eta haurren eskubideak aipatzean sarritan ezaugarri soziala dutenak eta giza nortasunarekin lotuta daudenak bereizten dira. Zer ondorio du horrek?

Ezaugarri soziala duten eskubideak botere publikoak bermatu behar ditu egungo sistema sozialen bitartez; haurrak justiziarako eskubidea du, eta horretarako sistema judiziala dago; haurrak osasunerako eskubidea du, eta horretarako osasun sistema dago; haurrak hezkuntzarako eskubidea du, eta horretarako hezkuntza sistema dago. Denak ere eskubide sozialak dira.

Giza nortasunarekin lotuta dauden eskubideen erantzukizuna, aldiz, nahastuago dago: ez da botere publikoen erantzukizuna soilik, baita familiena, profesionalena eta hiritarrena ere. Hiritar orok kontziente izan behar du kalean pasatzen den haurra babestu behar duela bere hezkuntza eskubideari dagokionean.

Horrenbestez, oso argi gelditzen da haurren eskubidea eskubide soziala izateaz gain (botere publikoen esku-hartzea eskatzen baitu), haurren hezkuntzan parte hartzen dugun guztion (guraso, hezitzaile, familia, bizilagun, hiritar...) estilo, teknika edo eredu bat eskatzen duela adin, testuinguru eta kasu bakoitzera egokitu ahal izateko.



Gaur egungo testuingurura egokitu beharrak eraman du Eusko Jaurlaritza hasieran aipatu dugun aldaketa egitera. Hau da, gizartearen aldaketari eta eskaerari aurrera egiteko. Zer dago gaizki, orduan?

Egin duen moldaketa, hori dago gaizki. Hor dago gakoa. Lehen aipatu dudan bezala, bere txostenean ez dira haurra eta hezkuntza agertu ere egiten.

Dudarik gabe, hezkuntza eredua aldatu egin behar da gizartea aldatzen den heinean. Gaur egun hiritar ororen erantzukizuna da haurren hezkuntza. Izan ere, haurrek ez dute familiaren eragina soilik jasotzen, ingurune osoarena baizik. Familiaren eragina kuantitatiboki gutxitu egin da, gizarteko beste edozein bitartekoren eragina gehitu den bitartean. Ondorioz, haur batek etxean irratia gehiago entzuten du bere gurasoei baino; etxe barruan telebistaren bitartez gauza gehiago ikusten ditu kanpoan baino; gurasoen bizitza osoa kanpoan gertatzen denaren peskizan dago; orain dela 150 urte gurasoen %80ak etxean egiten zuen lana, eta egun etxean lan egiten duen aiten kopurua ez da %5era iristen. Horrek haurraren eredua aldatzen du, eta ondorioz, eskolak eta hezitzaileok haurraren garapen beharraz konbentzitzeaz gain, gurasoak ere konbentzitu behar ditugu beraiek ez direla horretarako formatu.



Nolako aldaketa edo egokitzapena behar da?

Dialektikak hirukoitza izatera iritsi behar du. Hau da, haurrekin lan egin, profesionalki aurreratu eta sozialki konprometitu egin behar dugu haurraren hezkuntza eskubidea edonon defendatzeko. Hezitzaileak hiru paper horiek jokatu behar ditu. Eta horrekin batera gurasoekin aurrez aurre mintzatu behar dugu, instituzio guztiekin hitz egin eta eskubide horiek defendatzeko geure instituzioak sortu.

Gizarteko aldaketek haurraren beharrizanak aldatzen dituztela ikusteko sentsibilizatuta gaude hezitzaileok. Hori da gure berezitasuna.



Gizarte osoa sentsibilizatu beharko da, hortaz.

Bai, gizarteak askotan ez du hezkuntza eskubidea ikusten, Eusko Jaurlaritzaren edota Munduko Bankuaren dokumentuek esaten dutena baizik: zenbat kostatzen den, ordutegia... Merkatuaren gizarteko aitak haurra jabetza pribatu bezala ikusten du. Badira, ordea, beste guraso batzuk, munduan dabiltzan haziek eraginda edo gure eragina dela medio, aldatu egin direnak. Eskolaren funtzioa ondo ulertzeaz gain, aita eta ama biak arduratzen dira haurraren hezkuntzaz.

Jende askoren burmuinean aldaketa eragin behar dugu, Haur Hezkuntzaren lehen zikloaren kontzeptuaren aldaketa kulturala sortu behar dugu, eskola tradizionalak jasan zuenaren analogoa. Elite batzuentzat zen eskola tradizionalak, denentzat izan behar zuela aldarrikatu zen frantses iraultzan. Ondorioz, eskola guztiengana hedatu zen, baina inertziak eraginda, eredu tradizionala zabaldu zen, denei eredu bereiztaile hura ezarri zitzaien.

Beranduago Berrikuntza Pedagogikoko Mugimenduak eskola berria eta aktiboa aldarrikatu zuen, eta momentuoro horretan jarraitzen du. Eskola haurraren aktibitatetik hasita egin nahi zen, ordura arteko ideiak alde batera utzita. Eskolaren zentroa ez da irakasten den jakintza, bizitza eta konpartitzen den haurraren hazkundea baizik. Eskolaren zentroa haurraren garapena da, eta bere adimen guztiak garatu behar dira.



Adimen horiek guztiak garatzeko zein metodologia proposatzen duzu?

Jolasa eta entzutearen pedagogia funtsezkotzat jotzen ditut, horiek dira erabili behar ditugun tresnak.



Zer dela-eta jolasa?

Haurrak betidanik jolastu izan du; aldiz, iritzi publikoak deskantsatzeko modu bezala ikusi izan du. Haurrak gelatik jolastokira basatien modura irteten direnean horrela ateratzeko barruan zer gertatu ote den pentsatzen dut. Bestalde, gelan gozatu duten haurrak lasai ateratzen dira jolastokira, gela barruan jolasten duten bezala jolastera.

Aditu eta jakitunen artean adostasuna egon izan da jolasen heziketa potentzial izugarria baloratzeko garaian. Jolasa haurren berezko ekintza da, jolasaren bidez deskubritzen dute mundua eta lan egiten ikasi ere bai. Jolasak haurrari beste baten lekuan jartzeko aukera ematen dio, esperimentatzeko, erreala eta irrealaren arteko muga hausteko, eta dena lagunen konplizitatearekin. Jolasak segurtasuna hartzen laguntzen dio. Sormena lantzeko aukera ematen du. Beraz, utz diezaiegun jolasten! Utz diezaiegun hezitzaileei ere haurrekin jolasten! Jolasean hainbeste eta hain onak diren ezaugarri hezitzaile positiboak ikusteko gai bagara, nolatan lan egiten dute Haur Hezkuntzako hezitzaileek fitxekin? Nolatan daukate hainbesteko ardura curriculumarekin? Nolatan onartzen dugu telebistak eta hirigintzak ia haur jolasak debekatzea hirugarren pedagogia bati bidea irekitzen badiote?



Zein da hirugarren pedagogia bide hori?

Entzuketa pedagogia, hots, haurrari entzutea. Hori funtsezkoa da. Haurraren portaera eta jolasa behatzen baditugu haurrek nolako kuriositatea duten ikusiko dugu, euren lan egiteko gaitasuna, probak egitekoa, aldatzekoa... Behaketa honetan entzuketaren pedagogiaren oinarria dago. Horixe da orain dela urte batzutatik Reggio Emilian egiten ari direna, eta hori egiten hasi beharko genuke.

Han eskolako aktibitatea ez da curriculumetik abiatuta planteatzen, baizik eta haurraren behaketa dokumentuetatik. Gela bat haur talde handi bat bezala hartzen da. 3 urteko gela batean 26 haur izatera irits daitezke, baina bi hezitzailerekin egoten dira, eta talde txikitan lan eginez. Hezitzaile bat noraezean dauden haurrei laguntzen egoten da, besteak sistematikoki haurrek esaten dutena idazten du. 26ko edo 15eko gela batean denak hezitzailearen inguruan jartzen badira, ez dute hitz egiten. Talde txikitan jarrita, ordea, bai. Ondoren, haurrek esandakoa jaso, aztertu, eztabaidatu eta horren arabera erabakitzen dute zein aktibitate mota egin.

Guk hemen orain arte erabili dugun pedagogia guztiak balio du, baina haurrari entzuteko erabili behar dugu. Gu egiten saiatu garen guztiak haurrari zertarako eta nola balio izan dion jakin behar dugu eta horretarako haurrari entzun behar diogu. Ez da orain arte bezala guk galderak egin eta haurrek erantzutea, alderantziz baizik. Gogoratu Loris Malaguzzik zioena: haurrak 100 hizkuntza dituela eta 99 lapurtu egiten dizkiogula. Askotan, gainera, hizkuntza horien edukiak kezkatzen nau ni.

Hezitzaileoi ere hizkuntza asko debekatu izan zaizkigu, eta edukiak ere bai. Horiek aldarrikatu behar ditugu. Aditzera eman behar dugu hezitzaileak garela gustatu egiten zaigulako, haurrak haztea gustatzen zaigulako, haurrak maite ditugulako, elkar maite dugulako eta gure herria maite dugulako.



Azkenik, bukatu baino lehen, balorazio bat eskatu nahi dizugu. LOGSE Legearen Haur Hezkuntzako zatia diseinatzen ibili zinen. Orduko asmoak bete al dira?

Egia esan, ez. Ikastetxeei ez zaie eman aurreikusten zen autonomiarik. Katalunian horren adibide garbia daukagu. Hezkuntzaren ardura Generalitaten esku gelditu zen, baina Madrilek zeukan zentralizazio berarekin jarraitu du. Haren eredu berberarekin segitu du eta hezkuntzako partaideei ez die aukerarik eman euren esku-hartzea garatzeko eta zabaltzeko. Eta horrek izugarri mugatzen du ikastetxeen dinamika eta potentzialitatea.



Batzuk diote LOGSEren porrotaren arrazoia sostengu ekonomiko nahikorik eman ez izana dela. Iritzi horretakoa al zara?

Neurri batean horregatik izan daiteke, baina lehen aipatu dudanak garrantzi eta pisu handiagoa duela iruditzen zait. Ikusi besterik ez dago Euskal Herrian gertatzen dena. Haur Hezkuntza garatzen lehenengoetarikoa izan zen, maila oso garatua du, esperientzia guztiz aberatsak eraman dira aurrera eta talde lana egiteko ohitura handia dago. Herri bezala dituen posibilitateak izugarriak dira. Baina ez zaio uzten. Ikastetxe bakoitzari bere Hezkuntza Proiektua garatzeko jartzen zaizkion mugak ezin dira ahaztu LOGSEren porrota aipatzen dugunean.