Axa mixa zilarra <br /> agenda-egutegi berria

2001-12-01
Urtarrilaren 1era arte itxaron beharrik ez dugu izango egutegi berri bat mahai gainean jartzeko. Axa mixa zilarra agenda-egutegia neguaren hasierarekin batera estreinatu ahal izango dugu.
 
 
Elkarlanean argitaletxeak kaleratu duen produktu berritzaile eta erakargarria d Axa mixa zilarra agenda-egutegia .. Izenak berak adierazten duen bezala, izaera bikoitza du: alde batetik, agenda bezala erabil daiteke esku-liburuxka edo oharrak jasotzeko koaderno gisa, eta bestetik, mahai gainean zutik jar daitekee egutegi moduan.
J. M. Olaizola "Txiliku"ren Axa mixa zilarra liburuan oinarriturik dago, egile berak atondu duelarik. Marrazkiak eta diseinua, ostera, Elena Odriozolarenak dira.
Agenda-liburua lau liburuxka edo koadernok osatzen dute eta bakoitza urtaro bati dagokio. Horrela, lehenengo koadernoaneguari dagokiona da eta 2001eko abenduaren 21ean hasi eta 2002ko martxoaren 20an amaitzen da. Bigarren koadernoa, udaberria , martxoaren 21etik ekainaren 20ra artekoa da. Hirugarrenaudakoa da, ekainaren 21etik irailaren 20ra, eta azkenekoa, udazkena, irailaren 21etik abenduaren 31ra arte. Udazkena abenduaren 21ean bukatu arren, azken liburuxka abenduaren 31ra arte luzatzen da. Beraz, denera, 376 egun ditu, 2001eko 11 egun eta 2002ko egun guztiak.
Egun bakoitzari orri bat dagokio almanaka edo egutegi gehienetan bezala. Orria bakoitzaren aurrealdean egunari buruzko informazioa, esaera zahar bat eta oharrak idazteko lekua dago. Atzealdean, berriz, esaera zaharrari buruzko argibidea eta jolaserako baliagarri den igarkizuna, ipuina, jolasa, aho-korapiloa edo dena delakoa. Guztira 200 igarkizunetik gora, ipuinetik bi hamarreko, bost dozena kanta, hogei bat hitz-joko, dozenatxo luze bat aho-korapilo eta jolas eta bitxikeriatatik eskukada bat edo beste ditu. 376 esaera zaharrak, aldiz, urtaroei eta eguraldiari buruzkoak dira.
Horiek guztiek jolas egiteko aukera ematen dute, eta horixe da, gainera, agenda-egutegi honen helburu nagusia: euskaraz jolas egiteko baliagarria izatea. Igarkizun eta galderek, esaterako, jolas egiteko aukera ematen dute. Izan ere, egun bateko igarkizunaren edo galderaren erantzuna hurrengo eguneko orrian agertzen da. Beraz, 24 ordu daude igarkizunaren erantzuna asmatzeko edo galderari erantzun egokia emateko. Igarkizunez gain, esaera zaharrek egunero zertxobait irakurtzeko aukera eskaintzen dute, bai orrialde aurrealdean (esaera) eta baita atzealdean (esaera horren azalpena). Tarteka-marteka ipuin laburtxoak, jolaserako kantuak, abesti zaharrak... ere badaude. Azken finean, egunero pixka bat irakurri eta egunero pixka bat jolasteko egutegia da, eta bide batez, ahozko literatura dastatzeko. 2.500 pezeta balio duen Axa mixa zilarra agenda-egutegiak eskaintzen du aukera hori guztia.