Historiako zertzeladak: Maria Dolores Goia Mendiola andereñoa

2001-12-01
Gerra zibilaren ondoren Donostian euskarazko hainbat ikastola sortu ziren. Horietako bat Gros auzoan zegoen, Maria Dolores Goia Mendiolak sortu zuena. 1951an ireki zuen eta 1975era arte makina bat haur pasa ziren ikastola hartatik.
 
 
Biografia


Maria Dolores Goia Mendiola 1913 jaio zen Donostian. Gerra Zibilaren aurretik irakasle aritu zen eta baita ondoren ere. Gerra aurretik egin zituen magisteritza ikasketak, 1932an bukatu zituelarik. Irakasle bezala hasi zen berehala, eta Donostiako Etxaide kaleko ikastolan bi urtez jardun zen. 1936an oposaketak egin zituen. Garai hartako oposaketak gainditzeko lehendabizi azterketa bat gainditu behar zen eta ondoren urtebeteko praktikak egin behar ziren. Mª Doloresek 1936an gainditu zuen azterketa eta praktikak egiten Donostian hasi behar zuen. Baina gerra zela-eta, ikasturtea ez zen hasi eskoletan.


Donostiatik Bermeora eta handik Bilbora alde egin beharra izan zuen Maria Doloresek. Hala, Bilboko delegaritzan egin zuen praktikak egiteko eskaera eta Plentziako eskola batera bidali zuten. Han jardun zen eskolak itxiarazi zituzten arte, hots, Gernikako bonbardaketaren biharamunera arte.


Gerra egoera hartan Eusko Jaurlaritzak haurrak gerratik aldentzeko irteerak antolatu zituen; hala, milaka eta milaka haur irten ziren itsatsontzietan Euskal Herritik kanpora. La Habana itsasontzia izan zen horietako bat eta Ingalaterrara joan zen berau. 4.500 haur eta 500 irakasle iritsi ziren Southamptom portura. Handik batzuk White irlara joan ziren eta Mª Dolores horien artean zegoen. Han zazpi hilabetez egon zen, eta jarraian Parisera joan zen. Handik Euskal Herrira itzuli zen gerra amaitu ostean, 1941ean.


Hemen 10 urteko kartzela zigorra ezarri zioten haurrekin alde egiteagatik, baina ez zuen bete. Berriz ere irakaskuntzan murgildu zen eta hala, 1943an eskola bat ireki zuen Ergobian. 1946an utzi egin behar izan zuen bigarren haurra jaio ondoren.


1951an etxean ikastola irekitzea erabaki zuen, eta 1970. urtera arte bertan lanean jardun zen.


Gerra ondorengo urte haietan Maria Dolores Goiak, beste hainbatek bezala, lan eskerga egin zuten euskal irakaskuntzan. Ikastolen mugimenduaren hastapenetan koka dezakegu, ezbairik gabe.





Groseko ikastola


Maria Dolores Goiak 1951an ireki zuen ikastola bere etxean, Donostiako Gros auzoko Karkizano kaleko 8an. Elixabete Maiztegi maistrak animatu eta bultzatu zuen. Eskola gehiago ere baziren auzoan, baina ez euskaraz irakasten zutenak. Halaber, Donostian euskaraz irakasten zuten ikastola gehiago baziren, ezagunena Elbira Zipitriarena delarik.


Etxeko logela batean hasi zen 3 eta 10 urteko bitarteko 10 haurrekin, eta berehala igo zitzaion kopurua 20ra. Izan ere, Gros auzoan berak uste baino jende euskaldun gehiago zegoen eta beren haurrek euskaraz ikas zezaten nahi zuten. Ez da ahaztu behar helburu horrekin sortu zirela ikastola hauek: haurrek euskaraz ikas zezaten eta euskararik ez zekitenek, berriz, euskara ikas zezaten.


Hasieran haurrak egunean bi orduz egoten ziren, batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez. Baina zenbait gurasok goiz eta arratsaldez hartzeko eskatu zioten. Hala, 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 17:00etara joaten ziren. Denbora gehiago egoten zirenez, lan gehiago egiteko aukera ematen zien.


Maria Doloresen ikastolak bazuen berezitasun bat: mahaiak eta aulkiak zituen. Gainontzeko ikastola eta eskoletan haurrak lurrean esertzen ziren, baina Maria Doloresi ez zitzaion batere gustatzen eta gainera, deserosoa iruditzen zitzaion. Horregatik, hasiera-hasieratik jarri zituen mahaiak; hasieran astodunak eta geroago horman zintzilikatzen zirenak.


1964an bere alaba Miren Egaña Goaia ere hasi zen eta bien artean 80 haur zituzten: 3-6 urteko 40, eta 7-9 urteko beste 40. Ordurako lekuz aldatuta zeuden, hasierako etxeko gelan ez baitziren 80 haur sartzen. Etxe azpiko bulegoko bi gelatara aldatu ziren.


Han jarraitu zuen 1970. urtera arte, utzi zuen arte. Ikastolak, ordea, beste bost urtetan jarraitu zuen Miren Egaña alabarekin.





Gela barruko lana


Euskaraz ikasteko materialik ez zegoen garai hartan, eta handik eta hemendik eskuratutakoarekin moldatu beharra izaten zuten. Lehendabizi "Txomin ikasle" izeneko kartila zahar batekin hasi zen Maria Dolores, eta banan-banan irakasten zizkien letrak ikasleei. Gero bizkaieraz idatzitako itun zahar bat lortu zuen eta hura erabiltzen hasi zuen. Nahiz eta bizkaieraz izan eta ulertzeko zailtasunak eduki, berdin zitzaion irakurketa mekanikoa egiteko baldin bazen.


Handik gutxira Maritxu Berriolak "Xabiertxo" liburua argitaratu zuen. 68 pezeta balio zuen 1951-52 urteetan eta erabat klandestinoa zen. Maria Doloresek 10-20 erosi zituen eta poliki-poliki salduz joan zen. Asko estimatutako eta erabilitako liburua izan zen.


Beste irakurketa liburu bat Orixeren "Leoi-kumea" izan zen. Hura ere erabiltzen zuten, nahiz eta haurrentzat zaila izan.


Durangoko I. Liburu eta Disko Azokara joan zirenean Maria Doloresek eta Miren alabak Julene Azpeitiaren Umien Adizkidea liburuarekin egin zuten topo. Irakurtzen eta idazten ikasteko haurrentzako metodoa zen. Bizkaieraz idatzita zegoen, baina oso egokia zen. Liburu harekin haurrek errazago ikasten zuten irakurtzen arrazoi sinple batengatik: alderantzizko silabak ziren ikasteko zailenak eta liburu honetan hasieratik agertzen ziren. Horrela, askoz ere azkarrago ikasten zuten, eta nahiz eta bizkaieraz egon irakurketa mekanikoa egiteko oso erabilgarria zen.


Liburu hauekin euskaraz irakurtzen ikasten zuten, eta gainerako ikasgai guztiak ere euskaraz irakasten zitzaizkien. 9-10 urterekin, aldiz, Ingreso egin behar izaten zuten gero ikasten jarraitu ahal izateko. Eta hori, noski, gaztelaniaz egin behar. Horregatik, 9 urterekin gaztelania ikasten zuten; irakurtzen eta idazten. Baina gainerako ikasgaiak, lehenagotik bezala, euskaraz ikasten jarraitzen zuten.


Maria Doloresek garrantzi handia ematen zien berak karrera garaian ikasitako eta gero errepublika garaian indarrean jarritako Centros de Interés delakoei. Liburu horietan gai bat lantzen zen heinean, horrekin lotutako mila gauza jorratzen ziren. Bestela, ikasgaiak banaka eta elkarren arteko loturarik gabe ikasten ziren, eta Centros de Interés hauekin loturak egiten ziren.





Euskara eta frantsesa


Eskolako irakaskuntza guztia euskaraz egiten zen, baina baziren euskaraz ez zekiten haurrak ere. Urtero 10 haur berri hasten ziren, eta horietatik laupabost erdaldunak izaten ziren. Batzuk ez zekiten tutik ere euskaraz, eta beste batzuk oso eskas. Hala ere, haur horiek berehala integratzen ziren. Nola? Murgilketaren bitartez. Euskaldunak gehiengoa ziren multzo handi batean sartzen ziren haur erdaldunak, eta pixkanaka-pixkanaka ikasiz joaten ziren. Noski, hasierako egunak gogorrak izaten ziren. Kontuan hartu behar da haur haiek 3 urterekin hasten zirela, ez zutela ezer ulertzen, eta gainera, ama utzi behar izaten zutela. Maria Dolores eta Mirenek hasierako 15 egunetan hitz batzuk gaztelaniaz egiten zizkien, baina handik aurrera dena euskaraz. Gabonetarako gutxiengo esaldi eta hitz batzuk ikasten omen zituzten; Aste Santuetarako nola edo hala hitz egiten omen zuten, baina oraindik ere gaizki; eta ekainerako dezente. Udako oporraldiaren ondoren irailean dena ahaztuta etortzen ziren, baina ez zuten hutsetik hasi behar izaten, lehendik ikasitakoa bergogoratzetik baizik; eta hori, oso gutxi kostatzen omen zitzaien. Bigarren urtean euskaraz normal hitz egiteko gai izaten ziren.


Murgiltze eredu honekin haurrek euskara menperatzea lortzen zuten. Agian pedagogikoki ez zen eredurik egokiena izango adin ezberdinetako haurrak nahastuta zeudelako, baina momentu hartan hizkuntzari ematen zioten lehentasuna; hizkuntza menperatu gabe ezin baitzen beste ezer egin.


1964an Miren Egaña frantsesa irakasten ere hasi zen. Nahi zuten haurrei aukera hori luzatu zien, eta 7-9 urteko dozena bat haurreko taldea osatu zen. Garrantzitsutzat jotzen zuten beste hizkuntza batekin hastea. Frantsesa edo ingelesarekin hasteko aukera zuten, Mirenek biak baizekizkien, baina frantsesa irakastea erabaki zuten, euskal herritar askoren bigarren hizkuntza zelako eta frantsesa zelako garai hartan Hegoaldean ikasten zen bigarren hizkuntza.





Egitasmo bereziak


Karkizanoko ikastola honetara joaten ziren haurrek abesti ugari ikasten zituzten. Ezen Maria Doloresek garrantzi handia ematen zion kantuari. Eskolara iritsi eta lehenengo gauza kantatzea izaten zen. Ez da ahaztu behar garai hartan gurasoak kristatuak zirela eta elizara joaten zirela, hots, garrantzi handia zuela kristautasunak euren bizimoduan. Horregatik, beste kanten artean, Gabonetakoak, jaunartzekoak eta Jainkoari zuzendutako otoitz-kantuak erakusten zitzaizkien.


Gabonetan ikuskizun berezia egiten zuten haur guztiek. Baserritarrez jantzi eta etxean atez ate ibiltzen ziren kantari:


"Ai hau gauaren zoragarria,


Jesus jaio da Belenen.


Etxe honetan sartu ote da


bila gabiltza beraren"


Abesti hori kantatzen zuten etxe barruko gelako ate guztietan eta azkeneko atean agertzen ziren San Jose eta Ama Birjinaz jantzita bi haur. Hauek beste abesti bat kantatzen zuten erantzun modura. Ondoren, denek ikasitako kantu guztiak abesten zituzten.


Egun hortan argazkiak ateratzeko ohitura ere zabaldu zen. Haurrei baserritarrez jantzita argazkiak ateratzen zizkien, eta argazki horiekin postalak egiten zituzten. Zorionak jarri eta aiton-amonak eta familiakoak zoriontzeko erabiltzen zituzten.





Klandestinitatea andereñoarentzat eta gurasoentzat


Garai hartan ikastolak etxeetan ziren, eta ikastolak ireki zituzten andereñoak (maestrak) ugari ziren. Alde horretatik begiratuta, ikastolak ere ez ziren arraroak.


Aitzitik, hauek erabat klandestinoak ziren, bai andereñoarentzat (maistrarentzat) eta baita gurasoentzat ere. Beren buruak eta seme-alabenak arriskuan jartzen zituzten. Guraso gehienak abertzaleak ziren eta oso kontzientziatuta zeuden garrantzitsua zela seme-alabek euskara eta euskaraz ikas zezaten.


Hori ez zen eskolara mugatzen, hortik atera ondoren ere euskara erabiltzeko ahaleginak egiten zituzten gurasoek. Horrela, Groseko Katalunia plazara joaten ziren denak elkarrekin, amak eta seme-alabak, eta euskaraz jolasten ziren. Azken finean, talde bezala funtzionatzen zuten, familia txiki bat osatzen zuten, eta eskolako lanari jarraipena ematen zioten.





Karkizano kaleko ikastolaren azken urteak


Maria Doloresek 1970ean utzi zion bere ikastolan lan egiteari, gaixotu egin baitzen, baina Miren alabak jarraitu zuen. Hainbat berrikuntza abian jarriak zituen, eta esanguratsuena irteerak ziren. Larunbat goizetan haurrekin irteerak egiten hasi zen. Batzuetan jolastera ateratzen ziren, eta beste batzuetan hainbat leku bisitatzera eta ezagutzera. Esate baterako, okindegira joaten ziren ogia nola egiten zuten ikustera, errotatiba batera eta inguruko beste zenbait lantegitara.


Beste bost urtetan jarraitu zuen Mirenek, 1975an utzi baitzuen. Ikasleak 10 urtera arte egoten ziren Mirenen ikastolan eta handik beste ikastola handietara joan behar izaten zuten. Beste ikastola handi horietara sartzeko oztopoak jartzen hasi ziren, ordea, eta horrek bultzatu zuen Miren eskola ixteko erabakia hartzera. Inguruko ikastolek hartu zuten Karkizano kaleko ikastolaren eta besteen lekukoa.


Mirenek ere irakaskuntzan jarraitu du. Karkizanoko ikastolatik Hernaniko Urumea ikastolara joan zen eta 3 urtez egon zen bertan. Ondoren Donostiako Usandizaga institutuan aritu zen bi urtez. Euskal Herrian egin ziren lehen Institutuko Katedra eta Agregaduritzetako lehiaketa edo oposaketan esku hartu zuen eta Katedra lortu ere bai. Katedratikoen artean emakume bakarra izan zen. Egun Donostiako Zubiri-Manteo BHIko Euskarako katedraduna da.