ASKAGINTZA erakundea: Drogak larrugorrian

2002-01-01
Askagintza erakundeak argitaratu duen liburuaren izenburua d Drogak larrugorrian . Koloretako argazkiekin eta testu arin eta irakurterrazekin osatutako liburu honek drogen eta droga menpekotasunaren inguruko informazioa biltzen du. Nolanahi ere, bilketa lanaren helburua ez da apalean gelditzea, ahalik eta jende gehienarengana iristea baizik. Droga menpekotasunaren fenomenoari aurre egiteko bitarteko bat izan nahi du.
 
 
Drogak larrugorrian liburuak droga menpekotasunen prebentzioan lanean dihardutenentzat lan tresna zehatz bat izatea du xede. Hori horrela izanik, drogen inguruko informazio argia eta objektiboa erakusten du. Liburua hainbat ataletan banaturik dago. Hasierako sarreraren ondoren, testuinguruari eta pertsonei buruzko informazioa dator, eta jarraian drogen gaia objektibotasunez eta zentzuz lantzeko materiala aurkezten du. Oinarrizko hainbat kontzeptu argitzen ditu segidan: drogak zer diren, droga kontsumitzaile motak, tolerantzia eta menpekotasuna. Liburuaren zatirik mardulena droga motei dagokiena da. Hasieran sailkapen orokor bat dago eta hor hiru droga mota bereizten dira: naturalak (gordinak eta findurikoak), erdi-sintetikoak eta sintetikoak. Jarraian hainbat drogaren banan-banakako azterketa biltzen da. Aztertutako substantziak hauek dira: alkohola, anfetamina, Ayahuasca, azidoa, barbiturikoak, belar estimulatzaileak, cracka, disolbenteak, DMT, estasia, GHB, heroina, kannabisa, ketamina, kirolarekin erlazionaturiko drogak, kokaina, lasaigarriak, metadona, metilanfetamina, onddo haluzinogenoak, PCP, peyotea, poppersak, rohipnol eta tabakoa.

Substantzia horien alderdi eta ezaugarri guztiak hartu dituzte kontuan. Azken finean, drogak plazer iturri eta sendatzeko gaitasuna izateaz gain, osasun fisikoa eta psikikoa kaltetzeko gai direlako, eta baita menpekotasuna eta heriotza sortzeko gai ere. Bakoitza zer den, nolakoa den, nola kontsumitzen den, zein efektu dituen, zer ondorio dituen, legeak zer dioen, zer erabilera duen eta abar esplikatzen da. Tartean hainbat datu historiko ere aurki daitezke: sorginen ukenduak, Delfos Orakuluko erritualetako gasak eta lurrinak, Hego Ameriketako kokaren jainkoak, amaniten historia, peyotearen historia, tabakoarena...

Liburuaren azken orrietan Interneteko hainbat helbideren erreferentzia ematen da.



Liburua egiteko xedeak

Liburu honen egilea Askagintza herri erakundea da. Erakunde honen jatorria 1970eko hamarkadan Euskal Herrian sortu zen droga menpekotasun fenomenoari aurre egiteko sortutako hainbat herri erakundetan bilatu behar da. Orduko talde asko elkartu eta 1988an Etxarri-Aranatzen erakunde bilakatu zen.

Harrezkero, gizarteko hainbat sektorerekin elkarlanean dihardu: gurasoekin, gazteekin, hezitzaileekin, psikologoekin, pedagogoekin, prebentzio teknikariekin eta abarrekin.

Horiek guztiek ikusten zuten liburu hau egiteko beharra eta hala eman izan dute aditzera auzo, herri, ikastetxe eta gaztetxeetan egindako topaketetan, tailerretan, mahai inguruetan, bileretan, asanbladetan eta abar.

Informazioa biltzeaz gain, iturriak kontrastatu dituzte, betiere baieztapenak erlatibizatzeko eta ondorioak objektibatzeko asmoz. Beste zientzietan eta esperientzietan lanean diharduten profesionalekin ere kontrastatu dute informazioa, hala nola, farmazeutikoekin, medikuekin, prebentzio teknikariekin, abokatuekin, psikiatrekin, gizarte langileekin eta hezitzaileekin.



Prenbentzio lana ezinbestekoa da

Liburuaren xedea informazioa ematea bada, informazioa prebentzio tresna garrantzitsua delako da. Eta prenbentzioa da droga menpekotasunari aurre egiteko modurik egokiena Askagintzako kideen ustetan. Horrela, ildo hori jorratu dute urte hauetan guztietan.

Drogak beti egon dira, orain ere badaude eta etorkizunean ere egongo dira. Jakin badakigu pertsona bakoitzak egiten duen substantzia horien erabilera ezberdina dela, drogak hartzen direnean lortzen diren ondorioak ezberdinak izan baitaitezke: sendatzea, plazera lortzea, ihes egitea, eguneroko gauzak ahaztea, heriotza... Substantziak berez ez dira arazo, ematen zaien erabilpena baizik.

Politika debekatzaileak eta kontrol polizialak porrot egin dute. Beraz, beste bide bat bilatu behar da. Askagintzak proposatzen duena da drogekin dugun harremana modu arduratsuagoan eta demokratikoagoan erregulatzea, bai ekoizpena, bai salmenta eta baita kontsumoa ere. Haien ustetan, erabiltzen diren diskurtso hutsal eta neoliberalak kontsumoaren eskubide indibidualen eta kolektiboaren osasun eta askatasun eskubideen aurretik jartzen dira. Droga ilegalen eskaintzaren eta banaketaren atzetik dauden interes ekonomikoak, politikoak eta polizialak ustelkeria sortzeko besterik ez direla diote, eta askotan droga kontsumoak berak baino ondorio kaltegarriagoak sortzen dituztela. Hori guztia aintzat harturik, Askagintzak droga menpekotasunaren fenomenoari erantzun zehatzak eman nahi dizkio, betiere ikuspuntu globaletik.

Zeregin horretan Drogak larrugorrian liburua bitarteko bat izanen da. Bizkitartean, badakite ez dela bukatutako lan bat. Droga menpekotasun fenomenoaren errealitate aldakorrek hori ezinezkoa egiten dute. Horren jakitun izanik, ez dute liburu itxia egin, guztiz kontrakoa baizik. Beraien filosofia eta ideologia parte-hartzean oinarritzen da eta planteatzen zaizkien iritzi, aldaketa, kritika, iradokizun, ekarpen, hausnarketa, berrikuntza eta abarri irekita daude. Horretarako, beraiengana jotzea da onena, eta liburua eskuratzeko ere bai•



Askagintza Gipuzkoa

Tel.: 943 33 60 80

Faxa: 943 33 63 27

askagintza@euskalnet.net