Euskal Girotze Barnetegiak. Euskaraz bizitzeko

2002-02-01
Euskararen erabilerak kezka ugari sortzen ditu irakasle eta gurasoen artean. D ereduko matrikulazioak urtetik urtera igotzen doaz. Giro erdaldunetan ere euskaraz ikasten duten ikasleak gero eta gehiago dira.

Haatik, sarritan euskara eskolako eremuan gelditzen da, ez da hortik kanpora ateratzen. Etxean, kalean, lagunartean eta abar erdara nagusitzen da. Ikasleek euskara eskolarekin erlazionatzen dute, eta gainontzeko giroetan euskarak ez du lekurik. Zinea euskaraz? Euskarazko komikiak? Etxeko solasaldiak euskaraz? Auzoko dendetan euskaraz? Kiroldegian euskaraz? Bizi diren ingurunean hori posible denik ere ez zaie bururatzen.

Euskal Girotze Barnetegietan bost egun pasa ondoren, ordea, iritzi hori aldatu egiten zaie. Eskolatik kanpora ere euskaraz bizi daitekeela konturatzen dira. Hori kontatu digute, bederen, Euskal Girotze Barnetegietako arduradunek, irakasleek eta ikasleek.
 
 
Euskal Girotze Barnetegien izateko arrazoia



1985-86 ikasturtean ireki zuen Hezkuntza Sailak lehen Euskal Girotze Barnetegia Euban. Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle askok eskolan euskaraz egin arren handik kanpo giro euskalduna ezagutzeko eta bizitzeko aukerarik ez zutela ikusirik ireki zuen. Geroztik beste zenbait ere irekiz joan dira, eta gaur egun bost dira martxan daudenak: Alkiza, Plentzia, Espejo, Segura eta Elgoibarkoa.

Barnetegi horien helburu nagusia etxeko eta kaleko erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberatsa ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da. Lortu nahi dena zera da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei, hizketan askatu ezin hori gaindiaraztea, euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz beren buruekiko segurtasuna eta konfiantza sortzea eta hitz etorria indartzea. Iñaki Iturain Euskal Girotze Barnetegien koordinatzaileak dioen bezala, "euskararen aldeko joera erne dakien nahi dugu, hizkuntzarekiko maitasuna sentitzea, hori baita hizkuntzaren erabilera bultzatzeko modurik eraginkorrena".



Irakasleak ere ikastera doaz

Ez dira ikasleak bakarrik barnetegien jomuga; irakasleak ere ikastera joaten dira. Izan ere, irakasleei hizkuntzaren alorrean laguntza eta aholkua ematea da barnetegien beste eginkizun bat. Eskolatik barnetegira taldearekin joaten den irakasleak, bertako ekintzetan parte-hartze aktiboa duen neurrian, egiten diren jolasak eta baliabideak ezagutzeko modua izaten du. Horrela, interesatzen zaizkionak edo bere eskolarako baldintzetan aplikatzeko modukoak direnak eskuratzeko aukera du. "Ikusi eta ikastitakoa eskolara eramateko aukera dute" dio Iturainek. Xede horrekin hainbat argitalpen eta material osatu dira barnetegietan.



Barnetegi bakoitzaren eskaintza

Esan bezala, gaur egun bost barnetegi dira Euskal Girotze Barnetegien eskaintza osatzen dutenak. Alkiza eta Plentziara B ereduko ikasleak joaten dira; lehenengora Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailakoak, eta bigarrenera Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta DBHko 1. eta 2. mailakoak. D ereduko ikasleentzat beste bi barnetegi daude, Segurakoa eta Elgoibarkoa. Segurara Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailakoak joaten dira, eta Elgoibarrera Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta DBHko 1. eta 2. mailakoak. Azkenik, Espejora maila horietako guztiak joaten dira, baina A ereduan ikasten dutenak. Guztietan bost eguneko egonaldiak egiten dira.

1985-86 ikasturtetik orain arte 39.196 ikasle joan dira Euskal Girotze Barnetegietara. Aurten 260 ikastetxek hartuko dute parte; 68 Gipuzkoakoak, 149 Bizkaikoak eta 43 Arabakoak. Ereduka sailkatuz gero, D eredukoak 123 ikastetxe dira, B eredukoak 101 eta A eredukoak 36. Eta sareei dagokienez, bi heren herri ikastetxeak dira eta heren bat pribatuak.



Orain arteko aurrerapenak

Barnetegiek emaitza onak eman dituzte Iturainek dioenez: "Arazo handienetako bat zera zen: ikasleek irakasle eta begiraleen kontrolpean zeuden bitartean beraien artean euskaraz egin zezaten lortzen zela, baina begiraleen eta irakasleen begiradapetik kanpora, ordea, gaztelania erabiltzen zutela. Urte hauetako lanaren eta hausnarketa luzeen ondotik, pertsonaia eta joko jakin batzuk erabili dira barnetegietan. Motibazio handikoak suertatu dira eta aipatu dugun ohitura hori aldatzea lortu da".



Aukeraketa irizpideak

Edozein ikastetxek egin dezake Euskal Girotze Barnetegietako egonaldietan parte hartzeko eskaera, baldin eta baldintza eta irizpide batzuk betetzen badira. Besteak beste, zuzendariak eskabide orria bidaltzen duenean ziurtatu egin behar du eskolako irakasle euskaldun batek ikastaldearekin batera barnetegira joateko asmo sendoa duela eta hango ezaugarri nagusien jakinaren gainean dagoela.

Hezkuntza Sailak urtero Aste Santu inguruan egiten du deialdia, eta ikasturte amaierarako erabakiaren berri ematen die eskolei.

Eskaera egiten duten zentroen artean aukeraketa egiterakoan honako irizpideak hartzen dira kontuan: aukeran dauden txandak, lurralde bakoitzeko ikastetxe kopurua, jasotako eskabideen kopurua, ikastetxea Hizkuntz Normalkuntzako Proiektuan sartuta egotea, aurreko urteetan eskabidea egin eta aukeratua ez izana, haur kopurua, taldea lehendik barnetegian egon gabea izatea eta gizarte egoera ahuleko eskualdekoa izatea. A ereduko ikasleen kasuan, lehentasuna izaten dute goiko mailetakoek.



Euskal Girotze Egonaldien maleta

Ikastetxe asko gelditzen dira barnetegietara joan ezinik toki faltagatik eta horientzat Euskal Girotze Egonaldien deialdia dago. Horrela, Euskal Herriko beste gainontzeko aterpetxetara joateko laguntza jasotzen dute. "Norberak bere kabuz aterpetxe horietara joateko aukera badu, baina han begiralerik ez du aurkituko. Horregatik, gure urteetako esperientziaz baliatuz, horiei laguntzeko "EGE maleta" izendatu dugun materiala prestatzen ari gara, norberak egonaldia antolatzeko lagungarri izan dadin" azaldu digu Iturainek.

Maleta irizpide lingustikoei lotutako edukiekin betetzen ari dira, eta ereduen eta mailen arabera desberdinak izango dira. Berritzeguneetan banatuko dituzte, eta ikastetxeek han izango dituzte eskuragai.





Segurako barnetegia

Segurako barnetegira D ereduko 3., 4. eta 5. mailako ikasleak joaten dira. 15-35 haur bitartean biltzen dira eta bost eguneko egonaldia egiten dute.

Ikasturte honetan barnetegian dauden begiraleak Jaione Ansola, Agustin Mujika, Txema Mujika, Josetxo Ugalde, Maite Olabe eta Amaia Telleria dira. Ongi asko dakite zein den beraien egitekoa: haurrak euskaraz bizi daitezkeela ohartzea.

Xede horren harira antolatzen dira barnetegiko jarduera guztiak, eta Segurako kasuan, Txaparro maskota da ekintza guztiak lotzen dituena eta euskaraz egin dezaten bermatzen saiatzen dena. Bide bat baino gehiago erabiltzen ditu horretarako. Jaione Ansolak dioskunaren arabera, bata hona etorri aurretik bidaltzen zaien eskutitza da. "Txaparrok gutun bat bidaltzen die hemengo helburua euskaraz egitea dela esanez, hemen zer egingo den kontatuz eta zer ez den egingo adieraziz. Etorri eta lehenengo egunean berriz ere euskararen gaiaz hitz egiten diegu. Txaparro izeneko aldizkari bana ematen zaie, eta euskara nola landuko dugun eta zer hartuko dugun kontuan esplikatzen zaie". Aldizkari horretan egunerokoa, barnetegiari buruzko informazioa, denbora-pasak, margotzekoak, abestiak eta euskararen balorazioa daude. Egunerokoan egun bakoitzean zer egin duten idazten dute, beraien iritzia emanez eta nola pasa duten idatziz. Euskararen balorazioari dagokion atalean, bakoitzak bere burua ebaluatzen du. Horrela, dena euskaraz egin badute, puntu gorria jartzen diote beren buruari; erdia baino gehiago euskaraz egin badute, puntu horia; eta erdia euskaraz eginez gero, puntu berdea. Bestalde, astean zehar egiten diren ekintza guztiek ostiral arratsaldean egiten duten bola txapelketarekin lotura dute. "Egiten dituzten ekintza guztietan kanikak banatzen zaizkie, beti ere euskararen erabileraren araberakoa delarik kopurua. Gero, ostiralean, bola txapelketa egiten dugu. Kanika kopuruaren arabera, zenbat birla bota behar dituzten eta bola zenbat aldiz jaurti dezaketen esaten zaie. Eta azkenean diploma antzeko bat ematen zaie beraien argazkiarekin". Bola txapelketa ostiral arratsaldean denez, ordura arte mantentzen dute energia, eta noski, euskaraz mintzatzeko helburua.

Orain arte aipatutako bitartekoez gain, Txaparro saioa izeneko asanblada ere erabiltzen dute. Goizero haurrek begiraleekin bezperan nola afaldu duten, gaua nola pasa duten, zer ordutan lokartu diren eta antzeko gauzak komentatzen dituzte, eta baita euskara zenbat erabili duten, nola eta abar.



Programazioa

Barnetegiko arduradunek esan digutenaren arabera, bost egunetako programazioa eratuta daukate. Hala ere, adinaren eta taldearen arabera hainbat ekintza aldatu egiten dituzte.

Hasteko, lehenengo eguneko arratsaldean Segura herria ezagutzera irteten dira. Haurrak lasaitzeko balio izateaz gain, begiraleentzat ere aproposa da haurrek nola hitz egiten duten behatzeko. Horrez gain, beste irteera pare bat egin ohi dituzte hurrengo egunetan. Bata Zerainera izaten da. Oinez joan ohi dira hara eta herriko museo etnografikoa eta diaporama ikusten dituzte. "Hango arduraduna euskalduna da eta beste erregistro bat ezagutzeko aukera izaten dute haurrek" dio Txema Mujikak. Beste irteera Goimen elkartearen barruan sartuta dauden ekintzaren bat ikustera joatea izaten da: Urretxuko Aikur baserrira erleen mundua ezagutzera, Gabiriko Baztarrika baserrira gazta egitera, Aginako Martin Muino baserrira lore lehorrekin lan egitera...

Bestalde, antolatuta dauzkaten tailerretatik bi egiten dituzte astean zehar: ordenagailuekin, dantzak, irratsaioak, telebista saioak...

Eta noski, hizkuntza lantzeko jolasak ere ez dira falta. "Sinonimoak lantzeko Zirkoaren jolasa daukagu, kultura orokorra lantzeko Indian taula, esamoldeak lantzeko Karlota robota, Txunpa txun galdera motzen jolasa..." azaltzen digu Agustin Mujikak. "Jolas ezagunak dira, baina guk euskara lantzeko moldatu eta prestatu ditugu. Zeren, ondo pasatzeko eta ikasleak motibatzeko balio izateaz gain, hizkuntza lantzeko egokiak izatea baitazen gakoa. Horregatik, joko guztiek hizkuntz edukia txertaturik dute".

Jolasen balioaz ederki jabetuta daude begiraleok. "Haurrek ikastetxean egiten ez dituzten gauzak egiten saiatzen gara" dio Josetxo Ugaldek. "Jolastera datoz eta jolasen bidez egiten dugu dena. Jolasen bidez euskara erabilaraztea da gakoa. Jolasek funtzionatzen dute, haurrak asko inplikatzen dira, eta beraz, hizkuntza lantzeko erabilgarriak dira. Ondorioz, horretaz baliatzen gara".



Norabide bakarra euskara da

Barnetegiko ekintza eta jarduera guztiak euskararen erabilera bultzatzera bideratuta daude, hori baita barnetegien izateko funtsa.

Gakoa zera da: bost egunetan lortzen ote den erdal giroko haurrak euskaraz mintzatzea. Begiraleek baietz diote, beti ere emaitzak taldearen arabera neurtu behar direlarik. "Lehenengo egunean asko kostatzen zaie euskaraz mintzatzea, normalean gelan soilik egin ohi dutelako" azaltzen digu Ansolak. "Guraso gehienek ez dakite euskaraz hitz egiten,eta gelatik kanpo ia inork ez du egiten. Herri batzuetan kalean gehiago entzuten dute, baina beste batzuetan ez. Horregatik, euskaraz jolastea, bazkaltzea, dutxatzea, afaltzea, lo egitea, esnatzea eta abar posible dela konturatzea nahi izaten dugu guk. Helburua euskaraz bizi daitekeela ohartzea da".

Era berean, giza mailako hainbat helburu lortzeko bultzada eraginkorrak emateko aproposak dira barnetegiak: elkarbizitza, norberaren nortasuna eta autonomia, hezkidetza, integrazioa, naturarekiko harremana eta abar.

Normalean hirugarren egunerako euskaraz egin dezaten lortzen dutela diote begiraleek. Dena dela, jakin badakite barnetegia txoko bat baino ez dela, eta ezin dela miraririk egin.

Kontuan hartu behar da haur guztien euskara maila ez dela berdina, eta beraz, beti ez direla nahi diren helburuak lortzen. Ugaldek dioenez, "taldeak gehiago ezin duela ikusten bada, soka pixka bat lasaitu egiten da eta helburua ere apaldu. Haurrak ezin dira ito, ezin da posible dena baino gehiago egin, eta azken finean, xedea euskararekiko maitasuna sentituz ondo pasatzea da".



Begiraleen eta irakasleen erantzukizuna

Barnetegiko begiraleak zortzi orduz egoten dira haurrekin: goizeko 9:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 18:30era. Gainontzeko orduetan irakasleekin egoten dira.

Azken horien kasuan, haurrak begiraleekin dauden bitartean irakasleak bertan egotea komenigarria eta garrantzitsua izaten dela azpimarratzen dute begiraleek. "Gure lanerako berdin zaigu aurrean egon edo ez, baina haurrentzat oso garrantzitsua da irakasleak hor egotea. Bestela, irakasleak non dauden galdezka hasten dira, eta hori ez da ona. Azken finean, irakasleak dira ikasleen erreferentzia. Gu beraien lagunak gara, beraiekin ondo pasatzeko gaude, baina irakaslea da aurretik beraiekin egon dena eta ondoren ere egongo dena".

Irakaslearen presentzia horrekin eta inplikazioarekin loturik dago aurretik eta ondoren egiten den lana ere. Barnetegiko arduradunek irailean bilera bat egiten dute irakasle guztiekin. Bertan, barnetegira joan aurretik zer egin dezaketen esaten diete, zenbait ideia ematen dizkiete: Segura herria kokatu, historia pixka bat bilatu liburuetan edo Interneten, eta motibatu. Guztiak ere ideiak eta iradokizunak dira, ez dituzte ezertara behartzen. Baina barnetegira joaten direnean, aurretik zerbait landu duten edo ez ongi antzematen dela diote arduradunek.





IRITZIAK

Muskizko ikastolako ikasleak iaz izan ziren Segurako barnetegian. Ikasleak zein irakasleak oso gustura egon ziren, eta hori islatzen da beren iritzietan. Barnetegira joan aurretik gaia landu zuten, eta baita ondoren ere. Horren lekuko da Segurako esperientziaren inguruan osatu duten web orria, eta beste hainbat kontu eta informazioren artean aurkitu ditugu ondorengo iritziak.



BAÑULS, Siracusa.

Muskizko ikastolako irakaslea


Ikasturtez ikasturte eskolaz kanpoko giroan euskara hutsean elkarrekin bizitzeko aukera eskaini nahi diegu gure ikasleei. Euskararenganako motibazioan eraginez, euskararen aldeko jarreren garapena bultzatuko duen giro euskaldunean murgildu nahi ditugu.

Hori dela eta, marko ezin aproposagoa topatu genuen iaz Segurako Euskal Girotze Barnetegian.

Erabat euskalduna den ingurune hartan, etxeko zein kanpokoekiko edozein harremanetarako euskara besterik ez genuen behar izan egonaldi osoan zehar.

Gure ikasleek, erdal ingurukoak izanda, aukera paregabea izan zuten euskaraz bizi diren herriak badirela ohartzeko.

Hizkuntz gaitasuna landu eta erabilera suspertzeko jokoetan oinarritutako metodologiak erraz erakarri eta inplikatu zituen gure neska-mutilak barnetegian antolatutako jardueretan.

Joko eta jolas zirriragarri eta dibertigarriak, kantak, dantzak...motibazio handiko ekintzak izan ziren guztiak.

Giro atsegin, lasai eta ludikoan murgilduta, gustura eta ezin pozago ibili ziren haurrak. Une eta egoera guztietan euskaraz.

Ekimen garrantzitsuak eta arras baliagarriak izan ziren egin genituen irteera eta bisitaldiak: ingurune berriak ezagutu genituen, barnetegitik kanpoko jendearekin euskaraz aritzeko egoerak bizi izan genituen eta zenbait gaien inguruko informazio ugari eta interesgarria jaso genuen.

Egonaldi bikaina bizi izan genuen Seguran, alor eta maila guztietan aberasgarria.

Oroitzapen atseginak dira orain gurekin.

Euskaraz jarduteko eta hobeto egiten saiatzeko konpromisoa ere bada gure artean.

Ikasleen motibazioa aprobetxatuz, egonaldia gaitzat hartuta aritu gara lanean ikasgelara itzulitakoan.

Seguran izandako egonaldiaren berri eman nahi izan dugu gure web orrian: herriaren inguruko informazioa, barnetegiko deskribapena, berton burututako zenbait jardueren azalpena, Urretxun erleei buruz ikasitako hainbat datu, aste hartan izandako bizipenen inguruko iritziak eta abar.



Garazi

Segurako barnetegia oso handia eta polita da. Logelak bi pertsonentzat dira, ondo daude baina alde batean zirrikito bat zegoen eta beste aldean bi kuxkuxero zeuden, Beñat eta Joseba Fournier izenekoak. Joku gelan ondo ibili ginen futbolinean, petankan, ping -ponean... Frontoia handi xamarra zen. Gehien gustatu zaizkidan ekintzak diskoteka eta Karlota robota jolasa izan ziren. Herria ikustera joan ginen eta zoragarria da Segura. Ordiziako azokara ere joan ginen eta erosi genuena sukaldariek afaltzeko prestatu ziguten. Erletegi batera ere joan ginen eta gauza izugarriak ikusi genituen; eztia eman zigun Josunek (erlezainak) eta argizarizko kandela bat egin genuen. Bigarren egunean Zerainera joan ginen bertoko museora, polita zen, aintzinako tresnak zeuden. Museoa ikusi eta gero parkean jolasten ibili eta barnetegira! Altxorraren bila jolasean 25 puntuko kanika bat irabazi genuen eta Txaparroren kamiseta bana eman ziguten. Ostiralean abesti berriak ikasi genituen, dantza batzuk baita ere. Txunpa -pum jolasean primeran ibili ginen! Ostiralean bola txapelketan ikaragarri ondo pasatu genuen eta errekorra lortu genuen! Hango monitoreak zoragarriak ziren: Txema eta Karmele. Segurara itzultzea gustatuko litzaidake!

Iritzia orokorrean: ikaragarri ondo pasatu genuen!



Beñat.

Barnetegiko jokoak nahiko politak ziren, baita oso dibertigarriak ere. Hango oheetan ezin nuen lorik egin Joseba Ortizengaitik..... Zirrikitoak zeuden hango logeletan. Han, baserrian, nire urtebetetzeko merendola egin genuen.

Irteerak nahiko nekagarriak ziren. Urretxuko erletegiko neskak Josune zuen izena eta erleen inguruko gauza asko azaldu zizkigun. Barnetegiko janaria oso ona zegoen eta horko sukaldariak oso majuak ziren. Egunero jartzen zizkiguten enigmak oso dibertigarriak ziren eta diskoteka, ez dizut kontatzen! Gauza bat nahiko ondo zegoen: frontoi ondoko jokogela. Han erraketak, pilotak eta beste gauza asko zegoen. Barnetegiko irakasleak oso majuak ziren eta beraien izenak Karmele eta Txema dira. Egun bakoitzean jantokian arduradun batzuk zeuden. Egin genuen altxorraren jolasa oso dibertigarria zen eta altxorra aurkituz gero 25eko kanika eta Txaparroren kamiseta bana irabazi genuen. Karlota eta Karlitos jokoak oso politak ziren. Eta Txemak abesti polit batzuk erakutsi zizkigun. Nik Segurara berriro joan nahi nuke!



Pablo.

Diskoteka asko gustatu zait. Monitoreak oso majuak dira. Karlota errobotarekin ikaragarri ondo pasatu genuen. Eguerdi batean Agustin gu agurtzera etorri zen bazkal orduan.

Erletegian egon ginen eta kandela egin genuen. Zerainera joan ginen eta hango museoan izan ginen. Ordiziako azokara ere joan ginen, han erosketak egin genituen.

Azken egunean boloetan jolastu genuen. Jolas gelan egunero oso ondo pasatzen genuen. Altxorraren jolasan kamiseta bana irabazi genuen.

Egunero goizez euskararen balorazioa egiten genuen: beti eskaraz egiten genuen! Seguran ikaragarri ondo pasatu genuen. Segurara berriro joan nahi dugu!



Ikasle gehiagoren iritzia eta Segurako barnetegiko esperientziari buruzko informazio gehiago http: //www.muskizkoikastola.com/ ikasleentxokoa/websegura/index. htm helbidean duzue.