Argazkiak eta Matematika

2002-05-01
2001eko uztaileko Hik Hasi Udako Topaketen barruan Niri ere ez zait Matematika gustatzen ikastaroa burutu zen. Bertan argazki-rallya izeneko jarduera antolatu genuen.
 
 
Artikulutxo honekin batera ikus daitezkeen argazkiak saio hartan jasotako materialaren zati dira. Jarduera haren helburua gure ingurune hurbilean Matematikak duen presentzia beharaztea zen. Matematika zeruan dauden ideiekin erlazionatzeko ohiturari edo joerari kontra egitea zen gure asmoa jarduera hura antolatu genuenean; horrela, Lurrean ere Matematikarekin zerikusi zuzena duten hainbat eta hainbat elementu, egoera eta informazio egon badaudela sumarazteko.

Matematika horizontala deitzen zaio Matematikaren alderdi esperimental honi, eta beste batzuek esperientzia matematikoa esaten diote. Ezagutza piramide baten antza duen zerbait omen da, eta jakina da piramidearen oina dela gorputz horri oreka ematen diona. Bestela esanda, oina txikia bada zaila da piramide altua egitea iraultzeko arriskutik kanpo egon gabe.

Abstrakzioak gora egingo du baldin eta oina sendoa bada. Uste horretan sinetsita ekin genion jarduera hari. Helburua Matematika ikusten ikastea zen; gure ingurune hurbilean dagoen Matematika; Matematikari buruz dugun ezagutza horizontala, esperimentala, alegia, zabaltzea.

Ikastaroan parte hartu zutenak hiruzpalau kideko taldetan banatu ziren eta talde bakoitzak argazki kamera bat jaso zuen. Donostiako Ibaeta-Antigua auzoetan barrena paseatu eta argazkiak atera ondoren, argazkiekin erakusketa bat antolatu genuen. Hemen ikusten diren argazkiak erakusketa horretatik aukeratutakoak dira.

Ea zuetako norbait animatzen den horrelako beste zerbait antolatzera. Animo. •