BAZTANGO HERRIETAKO ESKOLAK: Kazet@ aldizkaria saritu dute

2002-05-01
Baztango Herrietako Eskolak finalista gelditu ziren Bartzelonako Rosa Sensat Fundazioaren 2001 Pedagogia Sariketan. www.k@zet@.org proiektuari eman diote sari hori. Bailarako eskolen artean egiten duten aldizkaria da berau, eta sortzaile eta bultzatzaileetako biren eskutik jasoko dugu egitasmoaren berri.
 
 
Baztango Herrietako Eskoletan azken hiru ikasturteetan ikasleak eta irakasleak teknologia berrietan trebatzeko apustu sakona egin da. Apustu horrek bi abiapuntu izan ditu: alde batetik, teknologia horietan trebatzeari berari ematen zaion garrantziaz jabetzen ginen eta gara, eta bai ikasle eta bai irakasleen artean zegoen hutsuneari aurre egin nahi izan diogu; eta bertzetik, arlo horretan eskolarako egiten den lan proposamenarekin, oro har, ez gentozen bat.

Gure lanean eztabaida eta hausnarketa izan dira nagusi, gaur egun teknologia berriak lantzeko planteatzen zaizkigun ereduak gainditu nahia helburu izanik.



Aipatu dugun nahi horren arrazoiak anitz dira:

- Ordenagailuen aitzinean era pasiboan eta sormenik gabe azaltzea (eta gainera, irakaskuntzak hori hedatzen laguntzen du).

- Ordenagailuekiko mendetasun sentipena.

- Ordenagailuarekin burutzen diren ekintzen (prestakuntzakoak) eta ikasle eta irakasleen beharren arteko aldea.

- Kanpotik ezarritako eginbehartzat jotzea.

- Multimedia ekipoen erabilpen eskas eta kaskarra.



Bertze arlo batzuetarako hain hedatua den ikuspegi konstruktibista ez da, zoritxarrez, teknologia berrien irakaskuntzara hurbildu. Ikuspegi horren arabera, ikaskuntza ikasten denaren aurretiazko ezagupenak, interesak eta ingurunea kontuan harturik eraikitzen dugu, eta bertze arloetan erabiltzen dugun diskurtso eta jarduera pedagogiko koherente hori atzendu egiten omen dugu ordenagailuen inguruko lana programatzerako orduan. Nolatan kritikatzen ditugu hain gogor haurren testu liburuak eta fitxak, eta bitartean txoratu egiten gara CD-ROM pedagogiko berri guztiekin? Aztertu al dugu zein irakaskuntza ereduri erantzuten dioten? Ez ote gara baztertu dugun inprimatutako gauza bera ordenagailu baten pantailan egote hutsagatik goraipatzen ari?

Ideia horrek kezkatuta hasi genuen eztabaida, argi genuelarik, noski, teknologia berriak lantzea ezinbertzekoa zela. Ezinbertzekoa etorkizunerako, baina gaur egungo lan tresna aberatsenetakoa izanik. Hor dugu testu prozesadore bat, eskaintzen ahal zaigun liburutegi zabalena, diseinatzeko, marrazteko edota musika egiteko bertze tresna bat, bertzeekin harremanetan paratzeko eta baten burua ezagutarazteko baliabidea, eta, oro har, jakintza, komunikazio eta artearen mundu zabalean arras lagungarri (eta batzuetan ezinbertzeko) suertatzen den lanabesa.





Kazet@ proiektuaren atalak

K@zeta proiektua lau ataletan antolatuta dago, eta laurak ezinbertzekoak eta bana ezinak iruditzen zaizkigu:



1.- Hezkuntzaren ikuspegi konstruktibistan oinarrituta dago

Prestakuntza faltagatik batzuetan, hausnarketa faltagatik gehienetan, ikasleekin erabiltzen den softwarea erabat desegokia suertatzen da. Ikasleentzat ekoizten diren eta eskoletan informatika curriculumean denboraren zati handienean lantzen ari diren programak erabat gidatuak dira. Horietan haurrak rol pasiboa du, ez du iniziatiba eramaten, eta are gutxiago deus sortzen. Ikasleak programa pedagogiko batek eskatzen dionari erantzuten dio, estimulu-erantzun motako erlazio arriskutsu bat sorraraziz.

Programa horiek tutorearen gidaritzapean garatzen dira eta zuzentzaileak suertatzen dira, aspalditik lantzen den ikuspegi konstruktibistatik urrunduz. Tutoretzan oinarritzen direnez (Yábar, 1995), kontzeptuzko edukien transmisore hutsak bilakatzen dira, bilatzen dugun kutsu ikertzailetik oso bestelakoak.



2.- Nekazaritza ingurunea teknologia berrien demokratizaziorantz doa

Haurrek zer dakiten eta bere familia ingurunean zer jakiten ahal duten kontuan harturik eta abiapuntua hori izanik, eskolak ez du horretan geratu behar, haratago joan beharko du, batzuetan familiaren baitan ezagutuko ez lituzketen tresnak haurrei emanez (Solé, 2001).

Sareak mundua ezagutzeko eta gu geu munduaren aitzinean ezagutarazteko eskaintzen duen aukera hori inori ukatzen ahal ez zaionaren uste osoak ere,Kazetarekin ekin diogun bideari jarraipena emateko arrazoiak ematen dizkigu. Herrien arteko elkartasuna, kultur aniztasuna, giza eskubideak, gu bezalakoak ez direnekiko begirunea... eta horrelako ideiak gero eta beharrezkoagoak dira bizi garen gizartean, eta bitarteko ezin hobea dute Interneten (hezitzaileok nahi izanez gero).



3.- Ikasleen lana gizarteratzen du

"Ikuspegi konstruktibistak ikaskuntza prozesua etengabe eraikitzen dagoen prozesutzat ulertzen du; hau da, ez dela kanpo ideien bidez ezarria, ezta bat-bateko garapen eta garapen autonomoaren bidez ere, elkarrekintza testuinguru batean baizik [...] "txoko kulturala" kontzeptuak ingurune kulturala ere zaindu beharrekoa dela adierazi nahi du..." (A. Teberosky, 2001).

Alde batetik, ezinbertzekoa da eskola eta bere ingurunearen arteko lotura izatea, eskola geure gizartearekin zerikusirik ez duen erakunde zaharkitu eta baliogabetzat jotzea nahi ez badugu. Ezinbertzekoa da, beraz, eskola-gizartea loturak jorratzea.

Bertzalde, haurrek egiten dituzten lanei zentzua ematen die gizarteak. Gure ustetan, eskolan egindako lanek zentzua dute baldin eta haurrek baldin badakite zertarako balioko dieten eskolatik kanpo.

Horrekin ez dugu erran nahi eskolan etxean egiten diren gauza berdinak egin behar direnik (kasu horretan bietako bat sobera legoke, eta argi dago zein), eskolan egiten diren gauzek hortik kanpo zentzua izan behar dutela baizik.



4.- Ikasleen eta irakasleen trebakuntza teknologia berrietan

Proiektu hau sortzeko orduan bi irakaskuntza prozesu zabaldu nahi izan ditugu; alde batetik geure ikasleena, eta bertzetik beraien irakasleena, geurea, alegia.

Kazeta proiektuan 3 eta 12 urte bitarteko gure ikasle guztiek hartzen dute parte. Proiektuaren planteamendua zabala da erabat, edozein adinetako ikasleak gero aldizkarian argitaratuko den edozein lan mota egin dezake. Lan horiek egiteko e-maila, entziklopedia elektronikoa, Internet... erabiltzen dituzte, horrela, ordenagailuen praktikotasuna eta gizakion zerbitzurako tresna gisa duen balioa landuz.Kazetak lan mota anitz eskaintzen eta eskatzen dizkio horretan dabilenari, bai ikasleari eta baita irakasleari ere. Gainera, ikaskuntza garapenerako tresna ezin hobea da; haurrei e-mail bat igortzen laguntzetik hasi, eta gelan haurrekin landutako kantu bat web orrialdean sartu edota web orrialdea bera diseinatu eta editatzea bezalako lanetan murgiltzera ailegatu artean, pauso anitz eman daitezke proiektu bakar batean oinarrituz, geure beharretara erabat loturik joanen den proiektu batean.

Ikaskuntza erabat esanguratsua suertatzen da alde horretatik. Izan ere, irakasleek mementoan dituzten beharrei erantzuten dien prestakuntza jasotzen baitute eta, gainera, klaustroan dagoen aniztasuna kontuan hartuko duen irakaskuntza izanen da. Prestakuntza hori lankideen artekoa da, gehiago dakitenek gutxiago dakitenei erakusten diete. Gero, bakoitzaren esku dago ikasitakoa praktikara eramatea, baina gogora dezagun nahitaezkoa dela, ikasleen lanak argitara eman behar badira.



Ondorio positiboak atera ditugu

Honela, bada, gure proposamena arras positibotzat jotzen dugu orain arteko jardueran:

- Esanguratsua da arras, ikaslearen eta irakaslearen interesetara erabat lotzen baita.

- Ikaskuntza garatuz doa, ez da programa zehatz bat ezagutzearekin agortzen, baizik eta pixkanaka lan konplexuagoak egiteko aukera eskaintzen du.

- Bereganatutakoak praktikotasun zuzena izanik, ez da alde batera uzten ikastaldia akitutakoan.

- Lankide batzuk bertzeen irakasle bihurtzen dira, horrek dakarren guztiarekin: bertzearen beharren eta gai horrekiko prestakuntza mailaren ezagutza...

- Ikasitakoa erakutsi beharrak lanarekiko konpromiso berezia eskatzen die irakasleei eta ikasitakoaren gaineko hausnarketa dakar.

- Lanari zentzua emanen dion tresna sortuta dago, Kazeta alegia, edo hobeki erranda, lan egin behar da tresna hura denon artean sortu edo zabaltzeko.

- Sozializatzen den lana da eta, gainera, denona da (garbi dago horrek lanarekiko konpromiso maila handiagotzen duela).

Horiek izanen lirateke Rosa Sensat 2001eko pedagogia sariketan finalista geratu den gure proiektuaren ardatz nagusiak. Proiektuaren aitzineko edizioak eta ikasturte honetan burutzen ari garenetik sortutako lana www.kazeta.org orrialdean ikusi daiteke.

Informazio gehiago nahi izanez gero, gurekin harremanetan paratu zaitezkete ondoko posta elektroniko hauetan:



cpziga@pnte.cfnavarra.es

cpamaiur@pnte.cfnavarra.es






Kokapen gisara...



Baztango Herrietako Eskolak izenpean Baztango herri txikietan (800 eta 200 biztanle bitartekoetan, alegia) kokatzen diren hamar eskola publikoak biltzen dira. Eskola horietan klaustroak irakasle batekin edo birekin osatzen dira, eta kasu bakar batean hirurekin. Almandoz, Amaiur, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Erratzu, Gartzain, Irurita, Oronoz eta Zigako eskoletan adin ezberdinetako ikasleek gela bateratuetan ikasten dute, haur kopuruen arabera banatuz. Horrela izaki, normalki Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloa gela batean biltzen dira, eta bertze guztiak, 6. mailara arte, bertze gelan. Ziga, Arraioz eta Azpilkuetako ikastetxeetan gela bakarrean biltzen dira ikasle guztiak.

Eskola horiek guztiak, bertze anitz zonaldetan ez bezala, erabat autonomoak dira, ez daude zentro bakar gisa antolatuta, baina irakasleen erabakiz, astean behin biltzen da lan talde osoa ekintzak elkarrekin koordinatzeko asmoz.

Horrela, teknologia berrien inguruan burututako esperientzia guztiak eta Kazeta bera bilkura horien fruitu dira:

- 1995/96 ikasturtean lehenbiziko konputagailuak heldu ziren eskoletara: testu prozesadoreak eta Adibu eta antzeko programak lantzen dira.

- 1997/98 ikasturtean cfnavarra.es lotura egin zen bi eskoletan eta e-maila lantzen hasten da.

- 1998/99 ikasturtean lotura eskola gehiagotara zabaldu zen: eskolen arteko txalupen urperatze lehiaketak, txata eta Html hizkuntza lantzen dira batik bat.

- 1999/00 ikasturtean eskola guztietan bada lotura: ziber-ipuina proiektua lantzen da (hamar eskoletako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleen artean ipuin bakar bat ekoiztea, harremanetarako tresna e-maila izanik).

- 2000/01 ikasturtean eskola guztietan multimedia ekipoak nahiko osatuta daude; inprimagailua, eskanerra, mikrofonoak... etaKazetari hasiera eman zaio, hamar eskoletako ikasle eta irakasle guztion partaidetzarekin.