Hezkuntza geurea eta solidarioa

2002-05-01
Jakintsuak baino pertsonak behar ditugu, eta pertsona horiek herriko

hizkuntzan eta

kulturan badira jakintsu, askoz hobe
 
 
Pilar del Castillo ministrak Oinarrien txostena garatzean erabiltzen duen kalitate kontzeptuak eurek ezarritako emaitzen neurgailuari begiratzen dio soilik.

Hezkuntza munduan gabiltzanok, irakasteaz gain badakigu zein garrantzitsua den heztea ere. Heziketa gabeko irakaskuntzak jakintsuak sor ditzake, baina garbi dago munduak jakintsuak baino pertsonak behar dituela eta pertsona horiek jakintsuak badira, askoz hobe.

Horregatik, kalitate hitzak ezin ditu ikasle bakoitzaren ahaleginak eta daraman prestatze prozesua ahaztu, ezin du ikasleak bizi duen herriaren hizkuntza eta kulturaren ezagutza eta bizipena alboratu, ezin du ikastetxe bakoitzak ezartzen duen hezkuntza proiektua kontuan hartu gabe utzi, ezin du... eta egiten du.

Horregatik guztiagatik, hik hasik bat egiten du Bilbon maiatzaren 4an Hezkuntza, geurea eta solidarioa lelopean egindako manifestazioan irakurritako idatziaren ideia nagusiekin. Idatziak honela zioen:



Hezkuntza, geurea eta solidarioa

Gaur hemen manifestatu garen milaka euskal hiritarron iritziz, PPko Gobernuak Kalitate Legea deitzen duen hori azkenik indarrean jartzea lortzen badu, gainditutzat ematen genituen garaietara itzuliko gara.

Badakigu jakin manifestazio honetan parte hartzeko deia egin dugun erakundeon artean ez dagoela erabateko adostasuna Hezkuntzako ministra espainolak aurkeztutako txostenaren edukia aztertzerako orduan. Hala ere, Legearen ezarpenak ekarriko lituzkeen ondorio larriak kontuan hartuz batu egin gara eta gaurko mobilizazio handi hau burutzea lortu dugu.

EZ esan diogu eta esango diogu Lege honi, EZ inposizioari, EZ uniformizazioari, EZ atzerakuntzari.

BAI esango diogu, ordez, gizarte kontsentsu zabal eta jarrera integratzailearen bitartez, hainbeste kosta zaigun eta oraindik geratzen zaigun horretan sakontzen jarraitzeari. Kalitatezko hezkuntza, euskalduna, euskararen erabilpenaren normalkuntzan aurrera egin eta egungo elebitasunetik eleaniztasunera irekiko dena, desberdintasun sozialen gainditzailea, integratzailea eta parte-hartzailea, geuri dagokigun gizarte etakultur eremutik, Euskal Herritik, egituratu eta antolatutako hezkuntza. Hori da gure bidea.

Bilbon, 2002ko maiatzaren 4an
.