Ikastoletako Eleanitz proiektuko lehen promoziokoak DBH arrakastaz amaitu du

2003-06-01
 
 
Maiatzaren 9an "Eleanitz Proiektuaren" arrakastaren berri emanez prentsaurreko bat egin zuen Ikastolen Elkarteak. Bertan, proiektuaren nondik norakoei eta aurrera begirako erronkei buruz aritu ziren.

Proiektu honetatik atera den ikasleen lehen promozioa 1991-92 ikasturtean hasi zen 4 urterekin ingeleseko eskolak jasotzen. 12 urte pasa ondoren, aurten bukatuko dute DBH. Hasiera hartan zortzi ikastolak hartu zuten parte pixkanaka egituratzen joango zen proiektu berri hartan, eta gaur egun 65 ikastola, 1.030 gela eta 20.000 ikasle daude inplikaturik. Garai hartan baziren eleaniztasunaren inguruko zenbait programa AEBetan eta Kanadan, baina ez ziren nahikoak izan barne kezkak aireratzeko.

Kezka horien artean euskarari kalte egitearena zegoen. Hizkuntzen nahasketaren onurak ere ez zeuden oso garbi eta baliabide eta materialen nondik norakoa nola bideratu ere kezken artean zegoen.

Honela gogoratzen du hasieratik proiektu honetan murgildu zen Arantxa Zugasagasti irakasleak: "Zortzi irakasle bakarrik ginen hasieran eta orain 200 baino gehiago gara jada. Garbi dago eskolak ingelesez emateak ekartzen dituen onurak ez direla gutxi. Prestakuntza lana ez da erraza, oso parte-hartzailea baita eta materialen prestaketa ere eskatzen baitu. Edozein modutan, benetan merezi izan du proiektuan sinestu eta aurrera jarraitzeak".

Kezka horiei guztiei aurre egiteko ebaluazio jarraiari garrantzi handia eman zaio, alderdi ugaritako ebaluazioari: hizkuntzena, ikasleen adimenarena, proiektuaren baliagarritasunarena... Jarraipen Ikerketa horiek antolamendutik kanpo zeuden unibertstiateko irakasle batzuek egin dituzte.

Ikerketa horretan bi talde hartu ziren kontuan. Talde batean proiektua aplikatu zen eta bestean 3. mailan hasi ziren ingelesa ikasten. Jaso diren emaitzak ingelesa ikasten 4 urterekin hasi zirenen aldekoak izan dira. Horien sormena, adimenaren malgutasuna, harremanetarako gaitasuna, hizkuntza gehiago ikasteko gaitasuna eta Europan bizitzeko ahalbidetzea garatuagoak agertu dira.

Pixkanaka-pixkanaka ikasmaterialak sortzen eta hobetzen joan dira, eta irakasleen prestaketa ere oso modu konstantean eta hainbat prestakuntza tailerren bidez eraman da aurrera.

Helburuetako bat ikasleak eleanitzak izatea da, hau da, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa edo alemana ezagutzea eta komunikazio tresna gisa erabiltzeko gai izatea. Ingelesaren kasuan, ESOL eta Oxfordeko frogen arabera, 7. maila edukitzea lortu nahi da, kontuan harturik Oxfordeko Unibertsitatera sartzeko 8.maila eskatzen dutela. Ez da ez erronka makala, baina dirudienez, ez dago errealitatetik oso urruti ere.

Proiektuaren baliotasuna garbi geratu da, beste lau hizkuntzatara itzulia izan baita: neerlandera, gaztelania, italiera eta gaeliko irlandarrera, hain zuzen ere. 11 herrialdetara, 5 hizkuntzatara eta 95 eskolatara zabaldua izan da. Horien artean Bretainiako Hezkuntza lehendakari Yannick Baron Euskal Herrira etorri zen eleanitz proiektua Bretainian nola zabaldu den eta berarentzat zein baliagarria den adierazi zuelarik.

Honela,Erromako, Birminghameko eta Granadako Unibertsitateek, Amsterdamgo Pedagogia Institutuak eta Cervantes Institutuak hartu dute parte proiektuan Ikastolen Elkartearen gidaritzapean eta Europako Batzordeko Socrates Lingua proiektuen diru laguntzarekin. Nazioarteko hedapen honetaz gain, Europako Komisioak eta Madrilgo Hezkuntza Ministeritzak emandako sariak ere jaso ditu.

Prentsaurrekoan garbi utzi nahi izan zuten ikasleek zuten garrantzia eta beraien parte-hartzea bultzatu nahi zutela. Hori dela eta, Ainhoa Jimenez ikasleak bere esperientzia zein aberasgarria izan den adierazi zuen."Haur eta Lehen Hezkuntzan ahozkoa lantzen genuen batez ere, DBHko lehen zikloan gai ezberdinei buruzko lanak egiten genituen eta DBH bigarren zikloan, berriz, Giza-Zientziak ikasgaia ingelesez jasotzen genuen. Esperientzia oso ona izan dugu".

Pedro Aranburu Ikastolen Elkarteko lehendakariak lankidetza zabala aipatu zuen eta batez ere, ordainketaren zama jaso duten gurasoei , ikasleei, Eusko Jaurlaritzari eta Europako batzordeari eskerrak luzatu zizkien. Aurrera begira erronka berria da proiektuarekin jarraitzea eta batxilergoan eta unibertsitatean ere ingelesaren eta hizkuntzen lanketa garatzea.