IKAZTEGIETAKO HERRI ESKOLA: Zer dira janari transgenikoak?

2003-06-01
Ikaztegietako herri eskolan janari transgenikoen inguruan egin den lan esanguratsu baten berri ematen dugu idazki honetan. 4., 5. eta 6. mailako gelan eraman da aurrera egitasmoa eta denera 15 ikasle aritu dira lanean eta eztabaidan gaurkotasunez beteriko gai honen inguruan. Hori bai, adinaren arabera gaia modu batera edo bestera landu dute, maila ezberdinak errespetatuz eta ekarpenen izaera ezberdinari eutsiz. Helduenek gazteenei ere beraien ikasiak erakutsi eta trukatzeko parada izan dute.
 
 
Ima Delgado irakasleak aipatu digunez, haurren aurretiko jakintzatik abiatzeari eta beraien iniziatibaz gaian aurrera jarraitzeari garrantzia emanez emaitza oso baikorrak jaso dituzte. Hasiera batean irakasleak harriturik geratu ziren haurrek gelan plazaratutako iritzi eta terminoekin, ez baitzuten espero genetika gaiaren inguruan horrenbeste jakingo zutenik. 2002ko maiatzean egin zuten jadanik aurkezpen txiki bat gaiaren inguruan eta hurrengo ikasturteko urrian hasita aurtengo martxo arte aritu dira lanean.

Hasiera hartan, Ameriketako aurkikuntzaren inguruko ikasgaiarekin ari ziren eta gaiaren barruan irtenaldi bat antolatu zuten Tolosako Zuloaga Txiki Ingurumen elkartera, non Ameriketatik ekarritako gozoak ikusi eta aipatu ziren: azukrea eta kakaoa, besteak beste. Orduan, ikasleek beren kabuz beste janari batzuk gogorarazi zituzten: txokolatea, artoa, babarrunak... Ondoren, gaur egungo janariei buruzko elkarrizketa bultzatu zuen irakasleak eta zehazki janari transgenikoen berririk ba al zuten galdetu zien.

Hortik abiatuta, hasieran binaka eta gero talde handian (15 ikasleak) gaia lantzen hasi ziren. "Azpimarratzekoa da talde txikitan egon ziren bitartean, oso baxu hitz egiten zutela eta ez zegoela batere builarik" dio Ima Delgado irakasleak.

Builarik gabe eta interes handiz murgildu zirela aipatzen du. "Ikasle hauek taldean lan egiten eta hiztegia erabiltzen ohituak daude eta horrek eragin du beraien iniziatibaz gaiari interesez heltzea ere, erabat motibatuak agertu baitziren memento oro. Testu liburuak kontsulta liburu bezala eta kutsu entziklopedikoan erabili zituzten eta edukian zentratu ziren. Horrela, lan giro oso dinamikoa sortu zen". Erronkaren barruan Internetetik jaitsitako testu "zail" bat ere erabili zuten, gaiaren berri ematen zuena."Helburua ez da dena jakitea, janarien aukeraketaren garrantziaz konturatzea, zaintzea eta kokatzea baizik. Arreta pixka bat jar dezatela etiketetan jakiak erosterako garaian. Garrantzitsuena gaurkotasunez beteriko gai honen inguruan interesa piztea da" aipatu digu Ima irakasleak.



Informazio iturri anitzen artean ibiltzen ikasi dute

Erabilitako metodologiaren barruan, Interneten erabilgarritasuna, informazioaren bilaketa, hiztegien erabilera, etxean galdetzea eta talde lanean aritzea izan dira lanaren funtsetako bat. Bestalde, Interneteko testu gehienak gaztelaniaz daude eta itzulpenak zailtasunen bat suposatu badu ere, ariketa interesgarriak sortu omen zaizkie eta testu zailei izaten dieten muga hori hausteko ere balio izan omen du. Garbi geratzen da, beraz, gaia lantzeaz gain lan metodo eta bestelako arloak ere landu dituztela eta etekin handia atera diotela janari transgenikoen inguruko ekintza honi, hainbat zehar-lerro landuz.

Iniziatibaren barruan, transgenikoei buruzko informazioa modu garbian agertzen duen liburu bat ere erabili zuen iraksleak, erabat gomendagarri bezala kontsideratzen duena: Jorge Riechmanne Qué son los alimentos transgénicos , hain zuzen ere. Hasieran pisutsua badirudi ere, ikasleek gustura irakurri omen zuten.

Interesgarria da aipatzea eztabaida eta irakasgaia ez direla ikasgelara soilik mugatu. Ingurumenarekiko irakasbideez arduratzen den CEIDA elkartearen eta zenbait pertsonen parte-hartzea ezinbestekoak izan dira. Gurasoen artean badaude biologo bi eta argibide bat baino gehiago jaso dituzte etxetik eta komunikabideetatik ere.

"Asko sakondu gabe, gauzak ateratzen doaz elkarrizketetan eta saioetan. Produktu naturalen alde agertzen dira, produktu kimikoen berri izan dute, eta klon, gena, ADN, moldaketak eta horrelako hitzekin ohitzen joan dira".

Gehienbat jolas izaeran eta haurrei beren kasara pentsaraziz, betiere irakaslearen gidaritza eta laguntzarekin, hurrengo irakasgaiarekin lotura egiteko modua ere izan dute. Gena hitzaren inguruan hasi eta gorputzeko atalen lanketari ekin diote hurrena, gorputzaren eta landareen zelulak aztertzeari ekinez.

Gisa honetako saioek denbora asko kentzen dutela baieztatu digu Imak, baina landu dituzten atal guztiak ikusita benetan merezi duela ziurtatu digu. "Hanka sartuz, hitz eginez, edukiari baino prozedurari garrantzi gehiago eman diogu, eta ikasleak memento oro motibatuak izaten saiatu gara. Egokia iruditu zait ikasleei erantzuteko aukera ematea , berdin dio erantzun zuzena izan edo ez. Senti dezatela konfiantza esan nahi dutenarekin eta ez dezatela partekatzeko beldurrik izan" .





Oso interesgarria da haurrek gai bat lantzen hasi aurretik zer dakiten jakitea eta beraiei uztea bidea egiten. Hori egin zuen Inma Delgado irakasleak eta honako hausnarketak eta hipotesiak aireratu zituzten ikasleek besteak beste:





* Egon naizen lau taldetatik batean soilik aipatu ditu landareen arteko eraldaketak ikasle batek (Miren), "horrela landare bat fuertea da eta horri hazi bat kentzen zaio eta beste bati ematen zaio, fruitu asko ematen duenari. Laborategian egiten dute, pintza batekin". Gainera esan du, "etxean lehenago zereal batzuk jaten genituen, baina orain beste batzuk, aitak entzun duelako transgenikoak direla eta beharbada gaixotasunak sor ditzaketela".



* TRANS/GENIKOA hitzaren inguruan esandakoak:

Trans: leku batetik bestera garraiatzen dena.

Genikoa: ez dakigu zer den

Beste talde batean (Beñat D. eta Uxue) lau hipotesi azaldu dituzte:

- Herrialde batetik bestera zabaldutakoa.

- Egunero egunero janda ez zarela gaixotzen.

- Munduan asko dagoen janaria.

- Denetik duen janaria: bitamina asko (irakasleak erantsi du: proteina asko).

Irakasleak gogoratu du, talde horretan tenperaturari buruz aritu direla hizketan eta talde handiari hipotesi hori azaltzeko eskatu dio:

* "Tenperatura ezberdinetan landatu daitekeena, Errusian ezin bada landatu eramaten da beste leku batetik".

* Irakasleak Albak azaldutako hitzaren zatiketa gogora ekarri du berriro eta haurrei planteatu die ia badakiten zer den GENIKOA. Erantzunak:

- Baratzatik ateratakoa.

- Higienikoa.

- Zientifikoek erabiltzen duten zerbait. Zientifikoek tomateari botatzen diote zerbait...., berriz gazta biologikoari ez diote ezer botatzen , ez koloranterik, ez ezer.

- Denetik edukitzea.



* Irakasleak hitzaren beste zatiketa bat planteatzen du:

TRANS/GEN/IKOA



* Beste haur batek beste zatiketa planteatzen du:

TRANSGEN/NIKOAK

Adur: Biologikoaren kontrakoa da.

Maialen: Artifiziala da, berez ez da horrelakoa, berez ez da hazi hori pasatzen.

Lander: Gauza bat bestearekin nahastea da, bi gauza dauzkena

Alba: Gen higienetik dator. Amerikatik ekarritakoa biologiko bezala da.

Miren: (transgenikoa) ez dela artifiziala esan duzu, Alba, nik uste dut artifiziala dela, bestela biologikoa jartzea zuen. Biologikoa transgenikoaren kontrakoa da.

Maialen: Hitz hori ingelesetik etorriko da.