Irriak behar ditugulako

2003-06-01
Bazen behin pailazo talde bat, baziren behin Takolo, Pirritx eta Porrotx. Baziren. Eta guk inoiz ulertuko ez ditugun arrazoiengatik baztertu egin zituzten, eta orain guk ezin ikusi.
 
 
Denok dakigu zein den Euskal Herriko egoera eta honen ondorioak zabaltzen ari dira arlo guztietara, baita inoiz iritsi behar ez diren arloetara ere.
Pertsona orok du eskubidea bere iritzi politikoak edukitzeko eta ezin da onartu eta ez dugu onartzen, boterearen iritzi bera ez dutenen baztertzea . Mendekutik urruti ez gabiltza.
Oso gertukoak izan ditugu Takolo, Pirritx eta Porrotx, oso geureak; lasartearrak gu bezalaxe. Beraiek irudikatzen diguten mundua ere oso hurbila dugu: amona Josefina, baserria... geure lurreko ipuin eta kontaketak.
Zenbat jaialditan ikusi ditugu haurren aurpegi inozoak alaitzen, zenbat poz eta alaitasun banatu dute gure ikastetxetan, antzokietan, herriko plazetan. Zenbat eta zenbat aldiz!
Izan dugu irakasleok Takolo, Pirritx eta Porrotxen beharra; izan ere, neurri batean gure haurrek euskaraz ari diren pailazo zintzoak maitatuz ikasi zuten eta ikasten dute euskara maitatzen. Txiki-txikitatik, haur eskolatik hasita erabili ditugu beraien abestiak, jolasak, dantzak... eta guk bezala, Euskal Herri osoko ikastetxetan.
Irakaskuntzaren oinarrizko helburuetariko bat haurrak ingurunean txertatzea da eta inguruko kultura eta ohituretan heztea. Gure geletan lan hau burutzeko baliagarria izan da pailazoek egin duten lana, ateratako materiala eta baita Hik Hasirekin elkarlanean sortutakoa ere.
Urteetan zehar gure pailazo hauek sortu eta zabaldu duten lana (abestiak, bideoak...) ezinbestekoa bihurtu zaigu eta asko erabili dugu lehenengo aldiz hurbildu diren ikasleekin hizkuntzan murgiltzeko modu erraza eta alaia bilakatuz, curriculuma aberasteko errekurtso ezin hobea gehituz.
Pailazo zintzoak eta jatorrak Takolo, Pirritx eta Porrotx. Emanaldietan elkarri adarra joko diote; bihurrikeriaren bat edo beste egingo dute, baina beti ongia gailentzen da, lagun izaten bukatzen dute parrez eta musuka . Bitartean, bizitzari bizitasuna, grazia eta piperra ematen saiatuko dira behar duenari laguntza eskainiz, baita Nikaraguaraino joan behar bada ere. Nork dio gaiztoak direla?
Beren emanaldietan alaitasunez lantzen dituzte gaiak eta balioak, eta oso garbi azaltzen dira laguntasuna (borroka eta agresibitaterik ez), elkartasuna eta kultur aniztasuna (kintxoak ), tradizioari begirunea (jolasak eta herri festak), ingurumenari errespetua (baserriaren mundua, natura... ). Arazoen aurrean beti planteatzen dute irteera irudimentsu bat. Hori guztia ikusi ondoren badago oraindik balio eza aurpegiratzen dienik.
Ez da alferrikakoa zuen lana; gurekin batera landu dituzue alaitasuna, hizkuntza, euskal sena, elkartasuna, maitasuna. Beraz, horregatik, oraindik ere, agian inoiz baino gehiago, gurekin behar zaituztegu.