Ikastoletako lehen andereñoak aipatuak izan dira, <br />noizko haien eskubideen aitorpena?

2003-06-01
Diktaduraren garai gogorrean eta hain baldintza mugatutan egindako zerbitzuaren ordaina jasotzea tokatzen zaie. Hori, jubilatzeko orduan dagokiena jasotzean gertatuko da.
 
 
Gora zuek!

Eskerrak, eskerrak egindako lan eskergagatik. Garai gogor haietan, diktadurapean egindako ahalegin handiarengatik zuei eskerrak ematea dagokigu euskal hezkuntzan murgildurik gabiltzanoi.

Askotan aireratzen ez bada ere, denok dakigu zuen lan isilik gabe ez zela lortuko gaur egun hezkuntzan euskaraz ikasteko dauden matrikula kopuruak.

Euskal Hezkuntzaren eraikuntza poliki-poliki osatzen doa . Hasiera hartako andereñoek ezarri zenituzten oinarri sendoei esker, euskal heziketaren etxea osatzen eta edertzen ari da milaka eta milaka ikasle, irakasle, hezitzaile, guraso eta herritarren elkarlanarekin.

Urteak aurrera doaz eta haietako irakasle askok lanean darrai. Beste asko irakaskuntza utzi eta jubilazio garaian aurkitzen da. Hau da, lana utzita, jubilatuta eta zein egoeratan?

Egungo legediaren arabera, gizarte segurantza 35 urte kotizatu behar da jubilazioaren %100a kobratu ahal izateko. 35 urte horiek bete ez dituztenek kotizatu gabeko urte bakoitzeko %2ko galera izaten dute beren jubilazioko diru jasoketan.

Andereño horiek egindako lana, sozialki onartua izan bada, noizko haiei langile bezala dagokien onarpena?

Pentsa liteke aitorpen hori legalki ezinezkoa dela, baina espainiar estatuan bada aurrekaririk. Apaizei, betetzen duten lan soziala dela eta, kotizatu gabeko urteak ere ordaintzen zaizkie jubilatzeko orduan. Horrela, bada, lege aldetik posible dela dirudi.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen dekretuaren arabera, aipatu galeraren izenean, 1968. urte arte kotizatu gabe lan egin zuten irakasleei urte bakoitzeko 3.000 euro ordaintzea onartzen da.

Txalogarria da erabakia, andereño historiko haiek modu ofizialean nonbait agertzen direlako. Hala ere, hartutako neurria dagokienetik oso urrun dagoela nabaria da. Alde batetik, eta ezin beste era batean izan, EAEkoak soilik direlako dekretuan jasotzen direnak. Bestetik, ordaindutakoa dagokienaren oso zati txikia delako. Eta hirugarrenik, 1968 hartzen delako mugatzat, ikastolen egoera 1978an hasi zelarik normalizatzen.

Egindako lan soziala kontuan hartuz, noiz onartuko zaie andereñoei jada apaizei, onartzen zaiena?