Historiako zertzeladak: "Bizkaiko institutua". Bilboko "historiko" baten erretratua

2003-06-01
 
 
Lehen Gerrate Karlistaren ondoren, Madrilgo Gobernuan liberalismoa ezarri zen Foruen onarpenarekin batera. 1839ko urriaren 25eko legearen ondoren lasaitasun aldi bat ekarri zuen bai Bizkaiara eta bai beste probintzietara ere. Lasaitasun honek hezkuntza marko berri bat ekarri zuen, urte batzuk lehenago Cadizeko 1812ko hezkuntza ideien aldarrikapenean planteatu zen bezala .
Hezkuntza sistema berria hiru mailatan banatua geratu zen, eta haren administrazioa hiru aginte organutan, bai Gobernu zentralean eta baita euskal probintzietan ere:
- Goi mailako irakaskuntza, estatuaren kontrolpean eta Madrildik zuzendua.
- Erdi mailako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza, Probintzietako Diputazioen esku, nahiz eta Gobernu zentralak diseinaturikoa eta unibertsitate ezberdinek kontrolatutakoa izan. (gogora dezagun, XX mendeko 80ko hamarkada arte Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia Valladolideko barrutiarenak izan zirela).
- Eta azkenik, irakaskuntza orokorra eta Lehen Hezkuntzakoa botere munizipalen esku geratuko litzake.

Bigarren Hezkuntzaren irakaskuntzari dagokionez, XVIII. mendearen bukaeratik sumatzen zen bezala, bizkaitar gizarteko elite berrietatatik etorririko seme-alaben formaziora egokituriko ikasketa zentro bat sortzeko beharra zegoen. Era berean, Erregimen Zaharrean Bizkaiko botere organoek Lehen Hezkuntzaren ondorengo hezkuntzarako tradizionalki eskainiriko arretarekin batera, Probintziako Institutua ezartzeko oinarriak jartzea posible izan zen, hezkuntza errealitatearen zentro uniformatzaile bezala.
Bilboko burgesiaren interesa oso nabarmena zen beraien seme-alaben hezkuntza beharrak eta prestakuntzta egokia landuko zituen ikasketa zentro baten alde. XVII. mendean Jesuiten Ikastetxea eta XIX. mendearen hasieran Humanitate Eskolak jarri zirenetik, finantziazioan indar handia nabaritu zen, gero probintziako botere politiko eta ekonomikoaren zuzentzaileak izango ziren gazteriari prestakuntza emateko, hau da, zentroak martxan jartzeko.
Lehen Karlistadan liberalen garaipenak eta gobernu zentralean izan zuen finkapenak burgesiarentzat onuragarria zen hezkuntza gune bat sortzea ekarri zuen. Honek guztiak 1845eko Pidal Plangintzaren eraketa ekarri zuen eta plan honetatik jaio ziren gaur egungo institutuak. Eliteen Bilbok hezkuntza azpiegitura berri honen jaiotza aurkitu zuen beraien nahiei erantzunez.

Institutu Zaharra. Lehen urratsak "Instituzio" baterantz
1845ean negoziaketa eta ahalegin luzeen ondoren, Bizkaiko Ikastetxe Orokorra osatzen hasi zen. 1840etik planifikatua, bere ikasketak Valladolideko Unibersitatearekin batzen ziren eta, 1847ko uztailaren 7an Bizkaiko Probintziako Institutu bezala izendatu zuten kategoria igoz. Hau Pidal Plangintzaren Bigarren Hezkuntzarako erreformaren antolamendua jarraituz gertatu zen.
Institutuaren eraikuntzaren iniziatiba historikoki Bilboko eta probintziako zati haundi bateko mapa eskolarra diseinatzeko ardura hartu zuten hiru insituzio hauetatik abiatu zen: Diputazio Forala, Bilboko Udala eta Merkataritzarako Erret Batzordea.
Asmoa zen "literatura eta arlo zientifikoaren ezarpena1" izango zuen ikastetxe bat sortzea Bilbon, eta baita gainerako jaurerrian ere. Modu honetan, eta hirukotearen akordio komunez, 1844an "pentsamentu moral handi hau aurrera eraman, eta herriarentzat onuragarria izango zela2" azpimarratu zuten.
Pedro Belaunzarán arkitektua izan zen proiektua egitearen arduraduna La Cruz konbentu zaharra zegoen lurretan, Madrilgo gobernuak dohainik emandakoetan3. Gaur egun Miguel Unamuno Plaza bezala ezagutzen den garai hartako orubean eraiki zen zentroa. Orduan Instututuaren Plaza bezala izendatu zuten.
Irakasle kopuru nahikoa elkartu eta gero, 1846-47an inauguratu zen ikasturtea. Oraindik izaera pribatua zuen, eta oraindik Bizkaiako Ikastetxe Orokorra izena zuen, Valladolideko Unibertsitatearekin elkarturik.
Institutu honen garrantzia aitortu zuen Gil de Záratek4, Pidal Plangintzaren egile nagusienetakoa izanik bera. 1855ean zentro honen kalitatea Europako onenekin konparagarria zela onesten zen. Sustatzaileek beraiek adierazten zuten bezala, instituzio honen helburua gazte bizkaitarrei jakinduria gorpu bat ematea zen, eguneroko bizitzan aplikagarria izango zena. Modu honetan, kutsu zientifiko eta industriala eman nahi izan zitzaion zentroari, literatura eta apaingarri hutsa izan beharrean - nahiz eta lehen urteetan aurkako asmoak erakutsi zituzten- .
Helburu hau betetzearen asmoarekin, oinarrizko irakasgaiez gain filosofia eta izaera bereziko beste hainbat gai ere antolatu ziren. Horien artean, lekualdatu egin zituzten Kontsulatua, Merkataritza eta Nabigazioa; Matematikak berrantolatu egin ziren; Fisika eta Kimika aplikatuen katedrak handitu ziren; eta azkenik, erabat industriala izango zen eskola bat sortzeko ideia planteatu zen. Han arlo zientifikoarekin zerikusia zuten ikasgaiak irakatsi zituzten, adibidez, marrazketa.
Institutuak probintzien eskuetatik estatuko aurrekontuen menpe izatera pasa ziren urte arte, 1887 arte, bere sortzearen ideiaren hiru sustatzeaileak arduratu ziren zentroaren mantentze onenerako dirua jartzeaz. Diputazioak oso paper garrantzitsua jokatu zuen, neurri batean foruen eskuduntzagatik, hauek 1876an galdu baino lehen.
Bigarren Gudu Karlista bitartean, zehazki 1873an, diputazioak Institutua herizaindegi militar5 bilakatu zuen. Ondorioz, eskolak eraikuntzatik kanpo ematen hasi ziren eta zentroak kalte esanguratsuak jasan zituen. Bestalde, ondoan zegoen Barneko Ikastetxea inoiz ez zen berriro funtzionamenduan jarri. Gerra arrazoiengatiko geldierak eta XIX. mendeko 60ko hamarkadatik zetorren barne krisiak6 lagundu egin zuten sozialki izen ona jada galdurik zuen instituzio honen istearekin.
Institutuaren historian aipatu beharreko gertakizun bat 1888an ezarri zen Euskararen lehen katedra da. Diputazioak sortua izan zen eta Institutuko memorietan honako hau jartzen du: "Bizkaiako diputazio txit gorenak, bere lur maite eta xarmangarriarekiko hainbeste maitasun froga eman dituenak, Euskal Hizkuntzaren Katedra bat sortzea adostu zuen, bertakoengatik eta kanpokoengandik mendetan begirunez ikusiak izan diren instituzioen erlikia agurgarri eta misteriotsua..."7.
Resurrección María de Azkueri eskaini zioten bertako titularitatea, Miguel Unamuno edo Sabino Arana bezalako pertsonaiekin lehian ibili ondoren. Bistan denez, irakasgai hau ez zen agertzen Madrilen diseinaturiko curriculumean, baina Institutuaren barruan "berezi" bezala antolatuak zeuden irakasgaien artean zegoen.

Eraikuntza berri bat Institutuarentzat
Bere bizitzan zehar, institutu zahar hau ospe handia edukitzea iritsi zen, hasieratik ezarri zituen helburuak ere arrakastatsuak izan ziren bezalaxe. Hala ere, urteak ez ziren alferrik pasa eraikuntzarentzat. 70 urte baino gehiagorekin bizkarrean, bere zahartzearen kalteak ordaintzen hasi zen. 1919an, ez zegoen hango irakasgaiak eta ikasleak jasotzeko adina gela. Instalazioak, hasiera haietarako egokiak izan baziren ere, garai berrietara ez ziren moldatzen. Institutua zaharkitua geratu zen.
Arrazoi horiengatik, 1920ko irailaren 1ean, Diputazioko Ikuskaritza Publikoko Batzordeko lehendakariak ofizial egin zuen eraikuntzaren eraisketa, nahiz eta oraindik berri bat eraikitzen ez hasi. Modu honetan, denbora batean, Bilboko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan eman ziren.
Egoera hau 1927ko urriraren hasierarte luzatu zen. Urte hartan zentro berri bat hartu zuten, ordu arte Alfonso XIII Institutua bezala izendatua izan zena eta gaur egun Miguel Unamuno edo Bilboko Zentrala bezala ezagutzen dena. E raikuntzaz aldatu zen beraz, eta baita izenez ere: Bizkaiako Institutua Alfonso XIII Institutuan bihurtu zen.
1927ko urriaren 2an ireki ziren ateak estreinatu berri zen Institutuan Atxuriko lokalean sarrera frogak pasa zituzten guztientzat. Institutu honetako eskolak, ordurako jadanik mistoak zirenak, txirrinaren soinuarekin hasten ziren. Ikasle neskek ikasgelako lehen lerroak betetzen zituzten. Ikasgela hauetan 80 ikasle inguru egoten ziren. Zentro berriko lehen maila bi taldetan banaturiko 160 ikaslek osatu zuten. Lehen hiru mailak egiten zituzten horiek soilik egin ahal zuten errebalida, zenbait karreratarako sarrera posible egiten zuena. Gehienek sei kurtsoak ikasten zituzten eta ondoren Medikuntza, Zuzenbidea, Farmazia edo Ingenieritza fakultateetan jarraitzen zituzten beraien ikasketak.
Bigarren Errepublikaren etorrerarekin, Institutuak izenez aldatu zuen berriro. Ordutik aurrera, hiru urtetan zehar, Bizkaiako Bigarren Hezkuntzako Institutu Nazionala izatera pasa zen. Orden politiko berriaren sarrerarekin, institutuaren barne bizitzan eragina izan zuen. Astebetez eskolak bertan behera uztearekin hasi zen, eta denborarekin ikasleen artean tendentzia politiko konkretu batzuk ateratzen joan ziren. Probintziako bizitza maila guztietan politizatu zen eta hori hezkuntza zentroetako gelatan ere nabaritu zen. Ikasleek "monarkizatzaile" bezala izendatu zituzten taldeak sortu ziren, hau da, ikasle katolikoen taldeak - ezagunagoak EC siglengatik -, ez ziren faltatu nazionalistak, zeinak Ikasle Euskaldunen Elkartean elkartzen ziren. Ezin gaitezke ahaztu ezkerraldeko bezala ezagun egin ziren ikasleekin. Hauek sortu zuten FUE, hau da, Unibertsitateko Ikasleen Federazioa. Orokorrean, ikasleen gehiengoa politizazio horrentatik urrun mantendu zen8. Esperantza ugari ekarri zituen garaia izan zen. Planteamendu berriak ere plazaratu ziren hezkuntzaren antolamendua zela eta. Autonomia estatutuak Euskal unibertsitate baten ezarketa egiteko aukera errekuperatu zuen eta horrekin batera, baita ere Bigarren Hezkuntzako berrantolaketa. Berau estatuko unibertsitate sistemaren barruan egonda ere, eta nahiz eta eskema tradizionalak errepikatzen zituen ordura arte, ez zegoen guztiz lotuta. halako batean, ordea, dena zaku puskatu batean geratu zen, lehen Euskal Gobernuaren eraketa baino hilabete batzuk lehenago Gerrate Zibila hasi baitzen.
Frankismo garaian erreforma berriak egin ziren irakaskuntzan maila honetan, bai Ruiz Giménezek 1953an egin zuenarekin oinarrizko batxilerra eta goi mailakoa sartuz, eta baita 1970ean egin ziren Hezkuntzaren Lege Orokorrarekin eta Batxilergo Bateratu eta Balioanitzarekin ere. Baina ordurako batxilergoak lehenago zuen ospea eta bereizketa galduak zituen. Herritar guztiareei zuzenduriko batxilerra izatera pasa zen eta gisa honetarako irakaskuntzan sartzeko erraztasunak ematen ziren. Gaur egun, berriz, adin eremuaren handitzea eta 1990az geroztiko ikasketen derrigortzearekin batera, Bigarren Hezkuntza oinarrizko prestakuntzaren jarraipen gisa ulertzen da.

Bigarren Hezkuntzako ikasleak. Eliteetatik herritar guztiengana
Bigarren Hezkuntzako ikasleen izaera soziala aztertzen duten ikerketek erakutsi dutenez, garbi dago batxilergoa mutilentzako eskola gune sozial bezala sortua izan zela. Mutil horiek, gainera, hirigunetatik eta maila sozial eroso batetik etorriak ziren. XIX. mendean 10etik 15 urtera bitarteko mutikoen 6% joaten zen normalean. Egoera hori XX. mendean aldatzen joan zen, oinarrizko hezkuntzaren ondorengo ikasketen definizio ezarekin batera. Izan ere, ikasketa horiek ikasketa profesionalen edo unibertsitatearen arabera banatuta zeuden.
Hezkuntza maila honetan ikasleak onartzeko aukeraketa gutxienekoa eta pixka bat bereizketarik gabekoa zen, batzuk adinez goiztiarregiak zirelarik. Kasu horietan gelaren prestigio sinbolikoarekin justifikatua geratzen zen eta ez jasotako jakintzarekin. Garrantzitsuena bigarren hezkuntzako mundu ponpoxotik "pasatzearen erritotik" igarotzea zen.
Egoera modu berdinean mantendu zen gutxi gorabehera pasa den mendeko 60ko hamarkada arte. Bizitza kalitatearen hobekuntzak eta garapen plangintzek prestakuntza hobea eta espezializatua behar zuen belaunaldi berria ekarri zuen. Eliteen batxilergoa herri guztiari bideraturiko batxilergoan bihurtu zen.
Bestalde, Institutuari dagokionez, irakasleen ospeak eta institututik pasatako hainbeste ikasleren oroitzapen onek beti kokatu izan dute zentro hau maila altuko zentro bezala. Honela, bertako ikasle edo irakasle izan diren zenbait pertsonaia famatu izendatu ditzakegu: Miguel de Unamuno, gaur egungo institutuari izena eman diona; Telesforo de Aranzadi antropologoa; Julio de Urquijo e Ybarra, Gorteetako diputatua eta Euskal Ikasketen nazioarteko aldizkariaren eta Euskal Hizkuntzaren Akademiaren sortzailea; Resurrección Maria de Azkue Euskararen lehen katedraduna eta Euskal Hizkuntzaren Akademiko sortzaileetakoa; eta hainbat politikari, intelektual, irakasle eta beste gisa askotako profesionalak.
Urte askotan zehar, gisa honetako irakaskuntza bereziki mutilei zuzendutakoa izan da, nahiz eta emakumeei sarrera debekatzen zien arautegirik ez egon. 1911ko ekainean lortu zuen lehendabiziko aldiz emakume batek Batxiler titulua, nahiz eta erregistraturiko lehen ikasle neska 1897-98koa izan. Hori dela eta, XX. mendeko lehen herenean nesken matrikulazio eskasia iraunkorra izan zen. Denborarekin igotzen joan zen emakumeen sarrera gisa honetako ikasketetan. Zentroaren aldaketarekin nesken zenbakia nabarmenki hazi zen Gerra Zibila hasi aurreko azken ikasturtean institutuko zerrendetan 266 neska zeuden izena emanda. Frankismoarekin eta berehezkidetzaren aurkako hezkuntzaren legearekin, Institutuak egoera berrira moldatu behar izan zuen. 1943an eraikuntza beraren barruan neska eta mutilen arteko bereizketa egin zen. 1965ean egin zen behin-betiko banaketa eta Martin de Bertedona Nesken Institutua sortu zen, eraikuntza berean bi sexutako ikasleak egoteak sortzen zituen arazoak ikusirik. 1982 arte ez zen talde mistorik izan Institutuan.
Institutuaren argazki txiki honek ikusarazten digu gaur egungo Miguel Unamunok ez duela zer ikusirik XIX. mende erdian sortu zen, hasiera hartako eraikuntza ponpoxo harekin. Baina egia da Bizkaiko bizitza kulturaleko fenomeno iraunkor bat izan dela zentro hau urte hauetan guztietan. Belaunaldiz belaunaldi, Institutua bizkaitar ugariren bizitzaren parte izatera iritsi zen, hezkuntza etapa baten maila gorenaren adierazgarri izan zelarik, hain zuzen ere oraindik gaur egun ere definizio baten bila dabilen eta etengabeko berrikuntzak eskatzen dituen hezkuntza sistema honen adierazgarri. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzak zein funtzio eta zein helburu bete beharko lituzkeen galdetzen diogu geure buruari , baina horrek ez die ez pisurik ez garrantziarik kentzen Bizkaiko Institutua bezalako zentroei, zeinak 150 urte baino gehiago daramatzaten bere funtzioa ahal duten modurik oneneanegiten. Bigarren Hezkuntza modernoaren garapena eta genesia errepresentatzen duen zentrorik egon bada oraino Bizkaian, hori, Miguel Unamuno Institutua da. •


Oharrak
1 ARREGUI Y HEREDIA, A.: Memoria histórica del Instituto Vizcaíno y su colegio adjunto", Juan E. Delmás hijo inprenta, Bilbo, 1852.
2 Idem.
3 AGA: secc. E eta C Leg. 6881
4 GIL DE ZARATE, A.: De la Instrucción Pública en España", Gor-mutuen ikastetetxeko inprenta, II. bilduma, Bilbo, 1855.
5 AGA: secc. E eta C Leg. 6932
6 AGA: Leg. 6529
7 "Memoria sobre el estado del Instituto Vizcaíno de segunda enseñanza durante el curso 1888-1889", Est. Tip. de la viuda de E. Calle, Bilbo, 1890.
8 LAZRO TORREZ, R. M.: Aquellos tiempos del Insti: el Instituto de Enseñanza Media de Bilbao cumple 150 años, Beitia, Bilbo, 1997.