Artearen txokoa: euskal gizartea ulertzeko beste bide bat

2004-05-01
Iazko topaketetan "Artearen txokoa" estreinatu genuen eta urtero-urtero arteari buruzko ikastaro bat eskainiko da txoko horren barruan. Jorge Oteizari buruzko ikastaroarekin abiatu ginen, eta aurten beste proposamen erakargarri eta berri batekin gatoz: Aurelio Arteta eta Vicente Ameztoi: euskal gizartearen eboluazioa ikuspegi eta garai desberdinen arabera. Arteak adierazten duena irakaskuntzan hainbat arlo ikasteko oso erabilgarria dela erakustera dator.
 
 
Historian zehar artea betidanik gizartearen zutabe nagusietako bat izan da; garaiko gizartearen izaera soziala eta ekonomikoa azaltzeaz gain, bere sinesmenak adierazteko herraminta bezala erabilia izan baita. Honen lekuko dugu artearen hastapenetan kobazuloetan topatu izan den labar-pintura edota Greziar zein Erromatar garaiko arte espresioetan aurki ditzakegun garaiko gizartearen ezaugarri ekonomikoaren zein gizarte beraren egiturari buruzko deskribapenak.

Artearen gizartearekiko izaera "deskriptiboa" historian zehar mantendu izan da hainbat herrialdetako adierazpen artistiko anitzetan; pinturan, eskulturan, grabatuan eta abarretan, alegia. Eta askotan, izaera deskribatzaile hori heziketarako tresnatzat hartua izan da; adibidez, Erdi Aroko arte-diziplina anitzetan, esaterako, elizetan dauden erretauletan. Guztiok dakigun bezala, artelan horien garaiko gizartearen gehiengoa analfabetoa zenez, irudi horiek herri xumeari Historia Sakratuaren hainbat gertakari aditzera emateko erabiliak ziren.

Ikastaro honetan, artearen historian betidanik agerian izan den artearen izaera didaktikoa azpimarratu nahi da eta, aldi berean, ezaugarri hori eskolako curriculumeko arlo eta eduki multzo zehatzetan nola txertatu aztertu nahi da. Horretarako, euskal artea abiapuntu izanik, euskal gizarteak XIX. mendeaz geroztik XX. mendera bitartean jasan izan duen bilakaera ikusi ahal izango da. Analisi hori euskal artearen historian ezagunak ditugun bi pintoreren (Aurelio Arteta, 1879-1940 eta Vicente Ameztoi, 1946-2001) artelanen analisiaren bitartez eta beraiek bizi izandako garaiaren azterketaren bitartez burutuko da.



Helburuak

Artea baliabidetzat harturik, euskal gizartea ezagutzeko bidea irekiko duen ikastaro honekin hainbat helburu lortu nahi dira:

- Euskal gizartearen bilakaera aztertzea.

- Bilakaera hori islatu duten bi euskal artisten artelanen ezaugarri estetikoak eta teknikoak ezagutzea eta aztertzea bere testuinguru historiko, ekonomiko eta sozialean.

- Artelanen balio didaktikoa agerian jartzea, gizarte batean gertatzen diren aldaketa historikoak aditzera emateko herraminta baliagarria izanik.

- Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako eskolako curriculumeko hainbat arlo lantzeko artelanak baliagarriak direla ikustea.

- Curriculumarekin erlazioa izango duen jarduera didaktiko zehatza burutzea.

- Artelanen analisian trebatzea.



Metodologia

Ikastaroaren lehengo egunean, aipatutako artista bakoitzaren artelanak eta garaiko testuingurua aztertuko dira banaka. Analisi hori taldekideen artean egingo diren jarduera zehatzetaz osatuko da, artista bakoitzaren garaiko artelanen analisian trebatzearren.

Bigarren eguna bi artisten arteko artelanen azterketan oinarrituko da, beraien arteko konparaketa eginez, euskal gizarteari buruzko ikuspegi desberdinak topa ditzagun. Jarduera hori osatzeko, eskola curriculumera egokitutako proposamen bat landuko da.