Muga guztien gainetik... euskaraz!: EL SALVADOR MARISTA ikastetxea, Bilbo: Bilboren bihotzean D eredu gora

2004-05-01
Bilboko El Salvador Marista ikastetxea da, 1.250 ikasle dituena Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino. Eskolak "tradizioa eta kalitatea" ditu lema. Tradizioa 86 urtek ematen diote. Kalitatea, berriz, egunero lortu behar da. Euskarazko kalitatezko hezkuntza bilatzen dute; horretarako ikastetxean euskararen normalkuntzarako planari ekin diote, Ulibarri programaren ildoei jarraituta.

Ikastetxeak A, B eta D ereduak eskaintzen ditu egun. Gizarteak eskatzen duena argi ikusi dute euren matrikulazio datuetan: A eredua desagertu da Haur Hezkuntzan, gehiengoak D eredua hautatzen duelako. Lehen Hezkuntzan, berriz, B eredua da oraingoz nagusi, eta D ereduan A ereduan adina ikasle dabiltza. Luze gabe A eredua desagertuko da ikastetxe honetan.

Ulibarri programan sartzeko eman dituzten urratsak azaldu dizkigute Txema Uriarte zuzendariak eta Alfredo Sarriugarte Euskara lan taldeko arduradunak.
 
 
El Salvador ikastetxea ez da atzo goizekoa; 1918an sortu zen. Ikastetxearen historian zatirik handiena A ereduak bete du; sei urte baino ez dira bertan D eredua jarri zutela, eta jada guraso berrien gehiengoak D eredua hautatzen du. Azken sei urteotan A eredua desagertu da Haur Hezkuntzan, eta Lehen Hezkuntzan B eredua nagusitu zaio. Gizartearen eskaria da hori. Ikastetxeko zuzendariak, Txema Uriartek, halaxe nabarmendu digu: "Hemen A eredua desagertzeko bidean dago. A ereduko ikasgelak ditugu Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik aurrera. Eta hortik behera, geroz eta eskari gehiago dago D ereduan eta geroz eta gutxiago B ereduan. Urte gutxi barru aldaketa hori Batxilergoraino helduko da".



Auzo erdalduna baina euskalzalea

Ikastetxera datozen haurrak Bilbo Zaharra eta Santutxu auzokoak dira, eta gehien-gehienek guraso erdaldunak dituzte. Gutxi dira gurasoetako bat euskalduna duten haurrak, eta bizpahiru ikaslek baino ez dituzte guraso biak euskaldunak. Testuinguru honetan deigarria da gurasoen gehiengoak gaur D eredua hautatzea. Txema Uriarte zuzendariak azaldu digunez, "auzoa erdalduna izanik oso euskalzalea da,eta euskalduntzeko nahi hori Bilboko beste auzoetan baino askoz indartsuago agertzen da hemengo jendearengan".

Gizartean zetorren aldaketa hau lehendik ederki sumatua zuen, duela 15 urte ikastetxeko zuzendari izanak. "Duela 15 urte, hemen zuzendari zenak eskatzen zuen sartzen ziren irakasle guztiak euskaldunak izatea. Zuzendaria ez zen euskalduna, baina etorkizunari begira , gizarteak eskatzen zuena ikusita, bazekien hori zela egin behar zuena". Halaxe gogoratzen du Txema Uriartek, gaurko zuzendariak, bera irakasle postuan hartu zuen zuzendaria.



Normalkuntza planean hasiak

Ikastetxea Ulibarri programan sartzeko urratsak ematen hasi dira, buru-belarri, ikasturte honetan. Iniziatiba zuzendaritzatik etorri zen, gainera, iazko ikasturtean. Zuzendaritza taldeko gehiengoa euskalduna da, zuzendaria barne, eta ikastetxean euskararen normalkuntza bultzatzeko bitartekoak eta ahaleginak jartzeko apustua egin du hasieratik. Behin zuzendaritzak bere asmoa azalduta eta ikastetxeak onartuta, Berritzegunearekin jarri ziren harremanetan. Berritzeguneak azaldu die zer pauso eman. Ikastetxea hain handia izanik, Lehen Hezkuntzara begira hasteko aholkatu diete, eta bi ikasturte barru hasteko Bigarren Hezkuntzarekin, ur handitan sartuta itotzeko arriskua baitago.

Ikastetxean hartutako lehen neurria Euskara Lantaldea osatzea izan da; taldean Lehen Hezkuntzako 12 irakasle daude, eta eurek dute inurri lana antolatzeko ardura. Talde honek hausnartu beharko du une bakoitzean zein helburu eta ekintzari heldu behar zaion. Hasteko, egungo egoeraren diagnosia egin dute, ikerketak eginez ikasleen artean zein gurasoen, irakasleen eta zentroko beste langileen artean. Egoera zein den aztertuta, orain lau urtean betetzeko plangintza bat osatua dute, helburu zehatzak eta ekintzak definituz.



Ikastetxearen erradiografia eginda, ondorioak

El Salvador ikastetxean euskararen egungo egoera zein den aztertuta, hauexek dira atera dituzten ondorio nagusiak. Ikasleen artean ez dago ama hizkuntza euskara soilik duenik (kasuren bat salbu). Erabilerari dagokionez, gelaz gela soziograma bidez aztertu dute zein diren euskarazko hiztun aktiboak (alegia, ikasleek zein lagunekin egin ohi duten euskaraz) eta zein erdarazko hiztun aktiboak. Erabileran alde nabarmena omen dago ikasgelatik patiora eta, batez ere, irakaslea aurrean egon edo ez. Alfredo Sarriugartek, Euskara lan taldeko arduradun denak, halaxe kontatu digu: "ikasleek gu hartzen gaituzte 'euskararen pertsonifikazio' bezala-edo. Irakasleak azaltzen garenean euskara kutsatzen dugu". Erabilerari eta mailari dagokionez, El Salvadorreko B eredua ere oso euskalduna dela nabarmendu digu Alfredok. "Eta ez da nik esana, kanpora goazenean begiraleek-eta asko azpimarratzen digute gure B ereduko haurrek duten maila". Gakoa zera omen da: Lehen Hezkuntzan, B ereduan gaztelaniaz diren ikasgaietan (esaterako, matematika edo musika) irakaslea euskalduna bada, nahiz testu liburuak gaztelaniaz izan, irakasle horrek eskola euskaraz ematen duela B ereduan ere, euskara oinarri sendo bat finkatzeko lehen urteetan.

Irakasleen artean, berriz, batetik aztertu dute zer euskara maila duten ahozkoan eta idatzian, eta bestetik erabilera zein den (ikasleen aurrean, lan harremanetan, harreman pertsonaletan...). Argi ikusi dute harreman pertsonaletan zer hizkuntzarako joera izan, gero lan harremanetan ere harako joera izaten dela. Alfredo Sarriugartek jarri digu euren kasu bat adibidetzat: "bada irakasle talde bat ikastetxean batera sartu zena, adina ere paretsukoa dutena, eta hasiera-hasieratik lagun talde bat osatu zuten. Harreman pertsonalok gaztelaniarako joera dutenean, lan harremanetan ere nabaritzen da euskara gutxiago erabiltzen dutela". Dena den irakasle gelan euskara entzuten dela dio, eta Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako 1. zikloko bilera guztiak euskaraz egiten direla.

Euskaldunen presentziarik urriena zentroko langile ez irakasleen artean dago. Idazkaritzan edo harrera lekuan dauden langileak, esaterako, aspalditik daude kontratatuta, eta erdaldunak dira. Ikastetxean euskararen normalkuntzari begira egingo duten urrats garrantzitsuetako bat horixe da, hain zuzen: langileok euskalduntzea eta kontratatzen den jende berria euskalduna izatea.



Erabilera sustatzeko ekintzak

El Salvador ikastetxeko Euskara Lantaldea hasia da helburu eta ekintza zehatzak definitzen, zentroan euskararen normalkuntza lortzeko. Langileria euskalduntzea izango da helburuetako bat. Ikasleei begira, berriz, euskararen erabilera dute erronka. Horretarako hainbat ekintza burutzen dituzte. Aurten maskota bat sortu dute, "Pisti" izeneko igela. "Pisti" maskota ikasgela eta pasabide guztietan dago, aldiro lelo desberdin batekin: "nirekin euskaraz, mesedez", "euskalduna naiz eta harro nago"... Leloak ikasleek sortzen dituzte. Igelak ikastetxeko hormetatik boligrafoetara edo kamisetetara ere salto egingo du laster, ikasleen gertutasuna bilatzeko.

Beste proiektu oso bat ere badute euskararen erabilerari on egiten diona. "Lurraska" Ingurumen Hezkuntzarako Zentroarekin burutzen dute proiektua. Haur eta Lehen Hezkuntzako etapatan, ikasgela bera lau alditan joaten da "Lurraska" baserrira (Gernikatik bertara dago). Han ingurumenaz, baserriaz, abereez gozatu eta ikasten dute haurrek. Bertako begiraleek euskara hutsean egiten dutenez, eta haurrak euren auzotik kanpora daudenez beste gune euskaldun batean, askoz ere gehiago egiten omen dute euskaraz euren artean egonaldiko lau egun horietan. Aurrera ere esperientzia hori mantentzeko asmoa dute, beste hamaika modu asmatzearekin batera, euskara denen ahotan egon dadin.