Harrera etxeak eta familiak
Familian egoera larriak, gogorrak bizi dituztenei eskaintzen zaie toki bat harrera familiatan eta harrera etxeetan. Jaioberritatik hasita 18 urtera bitarteko haurrak zein nerabeak izaten dira. Babesa eta maitasunaz gain, behar dutena da jakin benetan zein den euren bizi-historia, eta etorkizun hurbilean autonomo izateko prestatu.
Babesgabetasun egoeran dauden haurrak dira harrera etxeetan eta harrera familiatan bizi direnak. Babesgabetasun egoera epaileak deklaratzen du, eta esan nahi du haurra bere gurasoekin babes fisiko edo psikikorik gabe dagoela; esaterako, tratu txarrak (fisikoak zein emozionalak) jasan dituzten haurrak edo abusu sexualak jasan dituztenak leudeke "babesgabetasun" egoeran.
Familiatan halako egoerak detektatzeko bideak gero eta gehiago dira gizartean: zerbitzu sozialak, eskola, medikuak, gaztelekuak, aisialdi taldeak... Kasua oso larria bada eta haurra etxean arriskuan badago, lehenik eta behin egiten dena da haurra familiarengandik banatu, eta zuzenean haurraren tutoretza Foru Aldundiak hartzen du beregain.
Familiari laguntza, haurraren kargu egiteko
Familiako arazoa hain larria ez bada, alegia, "laxotasun" mailako kasua denean eta konponbiderako zirrikiturik ikusten badute, orduan zerbitzu sozialak hasten dira familiarekin lanean, eta lehenik eta behin saiatzen dira gurasoei euren funtzioa bete ahal izateko errekurtsoak eskaintzen. Lanketa horretarako, Diputaziotik familia esku-hartzerako programa bi daude: Gizalan eta Osatu. Gizalan da guraso gaitasunak lantzeko programa, 18 hilabetetik 2 urtera irauten duena. Osatu, berriz, gurasoen osagarri izateko programa da; gurasoak euren funtzioa betetzeko gai ez direnean, baina kaltegarriagoa izango denean haurra eurengandik bereiztea, orduan egiten dena da haurrari babesa eskaini. Programa honek gurasoekin ez du lan egiten hainbeste, haurrekin baizik.
Familia esku-hartzerako programek, ordea, beti ez dute familiatan hoberanzko aldaketa lortzen; oso sustraituta dauden egoerak edo jokamoldeak izaten baitira askotan, konplexuak direnak aldatzeko. Horregatik, urteetako lanak ez baditu behar bezalako emaitzak ematen, haurra harrera etxera edo harrera familiara sartzeko prozesua jartzen da martxan, Adingutxikoen Epaitegiak ematen duen foru aginduaren bidez. Gurasoek onartzen badute erabakia eta haurraren zaintza besteren eskutan jartzen badute borondatez, orduan tutoretza gurasoek mantentzen dute. Baina bestelako kasuetan, edota familiako egoera oso larria bada, tutoretza Diputazioak hartzen du eta haurraren zaintza harrera etxeen edo familien eskuetan uzten du.
2002ko datuak Hegoaldean
Harrera etxeetan Harrera familiatan
Nafarroan 300 haur 180 haur
Bizkaian 300 haur 400 haur
Gipuzkoan 133 haur 141 haur
Araban 100 haur 75 haur
Guztira 833 haur 796 haur
Harrera etxeak
Eguneroko bizitzan hezi
Harrera etxeak barrutik ezagutu nahi eta, Donostiara jo dugu, Intxaurrondo auzoko Zarategi harrera etxera. Zuzendariak, Mertxe Iturraldek, eta hezitzaileak, Javier Sanchok, zabaldu digute atea, euren esperientziara sar gaitezen.
Zarategi harrera etxea Hijas de la Caridad mojek kudeatzen dute, Diputazioarekin duten hitzarmenaren bidez. Mojak bertako pisu batean bizi dira. Hezitzaileak, berriz, kooperatiba batekoak dira, Hezitu S. Coop., hain zuzen.
Bi zentroetan, guztira 49 haurrentzako lekua dute. Zentro batean 0-9 urte bitartekoak daude, hainbat pisutan, eta beste zentroan 18 urtera artekoak. Pisu bakoitzean 7-9 haurreko taldeak bizi dira, eta bost hezitzaile ari dira egun osoz, eta beste hezitzaile bat egun erdiz. Pisuek egongela, sukaldea, bainuak eta banakako zein binakako gelak dituzte. Oso goxoak dira, argazkietan ikus daitekeenez.
Guraso-haurrak banantzea
Harrera etxera etorri haurretik, familian gizarte laguntzaileak landu ohi dute banaketa, bai gurasoekin eta bai haurrekin. Baina Javier Sanchoren hitzetan, askotan etxetik irtetea ez da modu idealean gertatzen, "profesionalek familiarengan ikusten dituzten beharrak eta hutsuneak, ez dituztelako ikusten ez gurasoek eta ezta haurrek ere". Horregatik beti ez da lortzen zaintzaile boluntarioa izatea. "Eta gurasoak -jarraitzen du Javierrek- harrera etxean sartzearen aurka daudenean, haurrak ere aurkako jarrerarekin datoz. Gurasoekiko fidelitate sentimendua dutelako, azken batean euren gurasoak baitira, eta egoera oso gogorrak bizi izanagatik etxean (kanpotik ikusita asaldatu egiten garen egoerak), hala ere, beren gurasoak dira".
Harrera pisuan, haurren ohiko faseak
Harrera etxera etorrita, haur denek ez, baina askok fase jakin batzuk pasatzen dituzte. Mertxe Iturraldek hala kontatu digu: "zer gertatu zaien onartzen dutela etortzen dira asko (esanaz 'egia da nire gurasoek hori egiten zidatela'), eta egun gutxitan dena ukatzera pasatzen dira". Euren gurasoak idealizatzen hasten dira, eta ondorioz, banaketaren errudunak eurak direla sentitzen dute: "gaizki portatu naizelako nago ni hemen. Nik lehertarazi ditut gurasoak, beste modu batera jokatu izan banu ez zatekeen hau dena gertatuko".
Halako mezu distortsionatuekin etortzen dira asko. Horregatik, funtsezkoa da haurrokin lantzea zein den euren historia, zergatik irten diren euren etxetik. Harrera etxera sartzerako, Diputazioan bere kasua daramatenek haurrari azaltzen diote zergatik hartu duten erabakia. Eta harrera etxean pasatzen duen denboran, hezitzaileak haurrarekin bakarka lantzen du zein den bere historia."Egia esaten diegu beti -dio Javierrek-, nahiz eta haurraren adinaren arabera eta bizi duen unearen arabera, modu batean edo bestean azaltzen diogun". Mertxek naturaltasun handiz bizi du haurrei egia esatearena: "historia oso katastrala izanda ere, ez diezu gurasoez gaizki hitz egin beharrik; besterik gabe, ez dute hobeto egiten jakin. Gurasoek ere askotan ez baitute ikasterik izan hobeto nola egin, haiek ere beren istorio berezia izan dutelako. Gaiaz lasai hitz egin daiteke". Eta aurrerago gurasoek ere hitz egiten diete gauzaotaz seme-alabei, euren harremanean aurrerapausoak eman ahala.
Pisuak, epe baterako bizileku
Harrera etxeak epealdi baterako bizilekuak dira. Horien funtzioa da familiak duen arazoa konpondu bitartean haurraren beharrei erantzutea, edota familiaren arazoak hobera egiten ez badu, haurraren bizileku izatea adin nagusitasuna lortu arte. Harrera etxean bizi ostean, gehiengoa bere familiara itzultzen da. Beste batzuk 18 urterekin "desloturako pisu"etara joaten dira, bizitza autonomoa hasteko zubi direnak. Eta beste zenbaitek bizitza autonomoa hastea lortzen du inoren laguntzarik gabe .
Bistakoa da haurrarentzat zer garrantzia duten gurasoek; nahiz etxean esperientzia gogorrak bizi izan, haurrarentzat bere gurasoak izaten jarraitzen dute. Oso figura garrantzitsuak dira. Bestetik, denborarekin haur gehienak itzultzen dira euren familiara. Horregatik, proiektu berri bat jarri da martxan, haurrarekin eta familiarekin lantzekoa. Javierrek azaltzen duenez, "lehenago, harrera etxean haurra soilik lantzen genuen. Baina haur hori familia baten zati da eta familiarekin harremana du. Azkenaldian garbi dugu familiarekin ere lana egin behar dugula, bai kriterioak bateratzeko, bai haurra nola erantzuten ari den ikusteko...". Horretarako, pisuko hezitzaileak familia bakoitzarekin koordinatzen dira, zuzenean gurasoekin hitz eginez edo familia horretan dagoen gizarte laguntzailearen bidez.
Gurasoek bisitak izaten dituzte; eta hainbat bisita mota daude, haurrarentzat komeni denaren arabera (asteburu osokoa, ordu batzuetakoa...). Kasu batzuetan, gurasoekiko harremana oso mingarria denean, hezitzaileek gainbegiratutako bisitak izaten dituzte. Javierren hitzetan, "halako egoeratan guraso askorentzat etsaia zara; azkenean poliziarena egiten ari zara, harremana egokia ez dela iruditzen zaizunean esku hartu egin behar duzulako ". Mertxek ere ulertzen du gurasoen erreakzioa: "gurasoentzat oso zaila da haurraren lekuan jartzea. Askotan gurasoek ere ez baitakite zein den euren historia, eta nahikoa dute euren buruhaustearekin, gainera haurraren lekuan jartzeko! Zaila suertatzen zaie, gehienei gaitasun asko falta zaizkie". Baina bestetik, gurasoek beren lana eskertzen ere badakitela diote, ikusten baitute hezitzaileak 24 ordu pasatzen dituztela euren seme-alabekin, eta benetan maite dituztela.
Pisuko martxa
Pisuan hezitzaile bakoitzak erreferentziako haur bat edo bi izaten ditu (edo, bestela esanda, haur bakoitzak bere erreferentziako hezitzailea du). Hezitzaile hori da haurrari segimendu sakona egiten diona, jarraitzen duena haurraren eskolako, familiako eta aisialdiko ibilbide osoa. Neska-mutilekiko lan hezitzailea, berriz, harremanean oinarritzen da. Mertxek argi du: "haurrekin lan egiteko lehenik behar duzu harremana sortu. Ez badira maitatuak sentitzen, ez gara benetan eurengana iritsiko".
Pisuan eguneroko martxa bat dago, errutina bat, laguntzen duena ohitura batzuk hartzen edo orden bat izaten. Nahiz pisuko arauak "arruntak" edo "zentzuzkoak" izan, askorentzat hasieran gogorra da horietara egokitzea. Familia oso desegituratuetatik omen datoz gehienak, eta bat-batean pasatzen dira desorduetan jaikitzetik eta oheratzetik, eguneko errutina guztiak ondo antolatuta dituen etxe batera.
Elkarbizitzan gatazka gehiago sortzen dira adinaren, ezaugarrien edo bizi duten unearen arabera. Baina, normalean, jada elkarrekin bizitzen denbora dezente daramaten taldeak izaten dira, eta "azkenean, bestea den bezala onartzen dute", Javierren esperientziaren arabera; "eta nahiz eta euren borrokak eta haserreak eduki, era berean identifikatuta sentitzen dira toki berean dagoen beste horrekin, egoera beretsua bizitzen ari den horrekin".
Zer da behar dutena
Gehien behar dutena afektibitatea da, denek ere hutsune afektiboak izan dituztelako, edo egokiak ez ziren lotura afektiboak eduki dituztelako. Javierrek hala kontatu digu: "Arreta, kontaktu fisikoa, hori denek eskatzen dute. Batzuek horrelako ezer ez dutelako eduki. Hezitzaileok behar afektibo horiek ere ase behar dizkiegu. Horregatik, heziketarako gure lan tresna nagusia harremana da, eurekiko sortzen dugun lotura".
Hezitzaileek gutxi iraun
Javierrek hiru urte eta erdi daramatza lanean; hezitzaile gutxik irauten du horrenbeste:"lan gogorra da, harremanean oinarritzen delako. Beraiekiko lotura afektiboak dituzu,oso egoera intentsoak bizitzen dituzu eta bizitakoaz libratzea kosta egiten zaizu. Hemendik irten, etxera joan eta buruak kezkatuta jarraitzen du". Hezitzaileek gatazkak kudeatzen jakin behar dute, etengabeak baitira.
Lan baldintzei dagokienez, nahiz hobetzen joan diren, oraindik ere ez dira samurrak. Eguneko 24 orduak bete behar direnez, asteburuetako zein gauetako txandak egin behar. Sozialki lanbide honek ez du inolako aitorpenik, beraz soldatak ere ez dira batere onak. Horregatik guztiagatik, jendeak karrera amaitu berritan jotzen du lan honetara, hilabete batzuetan edo asko jota urtebetean aritzeko asmoz. Lan mundura sartzeko ate bat da, baina inork ez du pentsatzen profesionalki bere azken egunak lan horretan egingo dituenik. Mertxek argi du, lan honetan jarraitzen duenak bokazioagatik egiten duela, ez behintzat soldatagatik.
Ondorioak, haurrengana
Hezitzaileek lan honetan gutxi irauteak bere ondorioak ditu. Pisuetan profesionalek talde lanean jarduten dute. Hezitzaileek gutxi irauteak taldea ere esperientzia gutxikoa izatea dakar, eta beraz, hezkuntza kriterioak bateratzea ere nekezagoa izango zaie. Haurrek, gainera, erreferentez aldatzea askotan beste abandono bat gehiago bezala bizitzen omen dute. Javierren hitzetan, "azkenean zugan konfiantza jartzeko erreparoa izaten dute. Sentitzen dutena zera da: 'zertarako lotuko naiz zurekin, laster alde egingo baduzu!' , azken batean beraientzat galera emozional handia baita".
Harrera etxeak non kokatu
Foru Aldundiak etxebizitza sozialak hautatu ohi ditu harrera etxeak jartzeko, batetik pisu handiak behar duteko izan, gela askokoak, eta bestetik merkeagoak direlako. Baina zer auzotan kokatuta dauden, eragina du. Auzo marginaletan inguruak ez du askorik laguntzen, haurroi beste aukera batzuk eskaintzea denean kontua. Hala ere, askotan herri txikietan egotea ez omen da hobea. Mertxek Segurako aterpetxea edo Fraisoro ditu gogoan: "aterpetxeko haurrak estigmatizatuta zeuden, herri txikietan dena nabarmentzen baita, eta gainera, karga historiko handia dutelako aterpetxeok".
Auzo berean harrera pisu bat baino gehiago egoteak ere bere ondorioak ditu. Pisu desberdinetako haurrek elkartzeko joera izaten dute, auzoan edo koadrila desberdinetan integratu beharrean. Eskolan ere, familian arazoak dituzten haurrekin elkartzen omen dira, sentitzen dutelako besteek ezin dutela ulertu zer den eurek pasatzen ari direna.
Sarean lana
Haurra eguneroko bizitzako testuinguru guztietan integra dadin, ezinbestekoa da hainbat profesionalek sare lana egitea. Hezitzaileak, beraz, haurrarekin esku hartzen duten profesional guztiekin koordinatu behar du: irakasle, mediku, begirale, psikologo eta gainerako espezialistek bateratu egin behar baitituzte irizpideak.
Gaur egun eskolak sare lanerako eta elkarlanerako mentalitate askoz handiagoa omen du lehen baino. Javierrek ondo gogoan ditu eskolarekiko lehengo tentsiozko harreman haiek: "edozein gurasori eskatzen ez zaizkion erantzunkizunak eskatzen zizkiguten hezitzaileoi, edo guri ezer esan gabe hartzen zituzten erabakirik handienak (ez zinenez bere gurasoa, ez zintuztelako haur horren erreferentetzat hartzen)". Haurrok bota ere, erraz botatzen omen zituzten eskolatik. Gaur egun gauzak asko aldatu dira, baina toki guztietan bezala, denetik dago. Ba omen dira bete-betean inplikatzen diren profesionalak, beti haurrarentzat egokiena zer izango den begiratzen dutenak, eta ba omen dira haurrok "enbarazutzat" jotzen dituzten eskolak ere.
Bestetik, hizkuntza ereduen kontua dago. Hala kontatu digu Javierrek: "haur horietako gehienak ingurune erdaldunetan bizi dira, eta gainera, euskararekiko baztertze izugarria izaten dute. Euskaraz ez dute B ereduan eskolatzeko mailarik, eta A ereduak bilatu behar dizkiezu. Beraz, kasu gehienetan sare pribatura jo behar duzu. Eta eskola pribatu askorentzat, elitistak direnez, hori 'zentroaren maila jaistea' da, eta mota guztietako erresistentziak jartzen dizkizute. Baina tira, gure funtzioetako bat ere bada haur hori defendatzea".
Haur eta gaztetxoon heziketan garrantzi berezia du autonomia lantzeak, askok 18 urterekin bere bidea egin beharko baitute. Gainera, bizitako esperientziagatik hutsuneak izaten dituzte hainbat abildade sozialetan zein gaitasun pertsonaletan. Beraz, kasu askotan eskola errendimendua bigarren mailakoa da, eta lehentasuna du bestelako gaitasunak lantzeak. Eskolak hori onartzen ez duenean eta alderdi akademikoa lehenesten duenean sortzen dira arazoak. Baina behin zentroak onartua duenean benetan zerk duen garrantzia, orduan prest dira sarean lan egiteko.
Hobetzeko dagoena
Azkar hobetu beharrekoa zer den galdetuta, Mertxek eta Javierrek argi dute: zentroek espezializatzen joan behar dute behar bereziak dituztenei erantzun ahal izateko. Harrera etxeetan tratamendu psikiatrikoa dutenak ere egoten dira, edo bestelako behar berezi nabarmenak dituztenak. "Integrazioa oso polita da -dio Javierrek- baina beti ez da posible, eta beti ez da egokiena ez haur horrentzat eta ezta taldearentzat ere. Asko beste nora joanik ez dutelako daude hemen". Haurren ratioa jaisteko ere eskatzen dute, bosteko taldeak izan daitezela, hezitzaileak guztiengana iritsi ahal izateko. Egun 7-9 haur izaten dituzte, eta horietako batek edo bik behar berezi oso nabarmenak badituzte, arreta gehiago behar izaten dutenez, ezin iritsirik ibiltzen omen dira gainerako haurrengana.
Kristina Moreno: "Harrera familiak argi eduki behar du haur horrek bere gurasoak dituela eta harremana behar duela"
BEROA izena du Gipuzkoako Harrera Familien elkarteak. Bertako lehendakaria da Kristina Moreno. Autolaguntza da batez ere elkartean egiten dutena, badakitelako esperientzia duen familia batek, harreran urteak daramatzanak, baduela zertan lagundua hasi berria den familiari. Aurten erronka berri bat dute gainera: Gipuzkoan 14 haur dira larrialdi egoeran daudenak, harrera familia bat behar dutenak azkar. Familia eredu hau gizartean zabal dadin egingo dute lan.
Zein familia mota izan daitezke harrera familia?
Denak izan daitezke harrera familia. Baina gako garrantzitsu batzuk badira. Familiako kide guztiek (erabakitzeko gaitasuna dutenek) ados egon behar dute harrerarekin. Bestalde, hobe da familia horrek seme-alaba propioak edukitzea; batetik haurrak hobeto integratzen direlako haurrak dauden etxeetara, eta bestetik gurasoek esperientziaz errazago egingo diotelako aurre hainbat arazori.
Zer adineko haurrak nahi izaten dituzte harrera familiek?
Normalean 6 urtez beherako haurrak eskatzen dituzte, errazago egokitzen baitira familia berrira. Hala ere, jasotzen dituzten gero eta gurasobakar gehiago dago (emakume zein gizonak), eta horiek nahiago izaten dituzte handixeagoak, autonomoagoak direnak. Bestetik, zailagoa da 8-12 urtekoak harrera etxetik irtetea, bertan egonkortuak egoten direlako eta ez dutelako familia berri batera irten nahi izaten.
Zein da jasotzeko prozesua?
Lehenik familiak harrera egiteko eskaini behar du bere burua Gurutze Gorrian. Bertan oinarrizko ikastaro bat egiten dute, 8 ordukoa. Ikastaroaren helburua da autoaukeraketa egitea. Alegia, hasieran harreraren irudi idealizatua izan dezakezu, eta beraz, beste familien esperientziak entzun eta gero erabakitzen da: "ur handiak dira niretzat" edo "bai, prest nago".
Ikastaroa eginda, egokitzat jotzen bazaituzte (hori Foru Aldundiak erabakitzen du), urtebete edo urte t´erdi itxaron beharko duzu, ikusi behar dutelako haur bakoitzari zein familia izango zaion egokiena. Haurra bilatzean kontratu bat egiten da, eta lege mailan haurraren zaintza ematen dizute. Harrerako familiak inoiz ez du izango guraso aginterik.
Familia biologikoarekiko harremanak nolakoa izan behar du?
Familia biologikoek bisitak dituzte, eta derrigorrezkoa da horiek errespetatzea. Harreran bada gauza bat oso argi eduki behar duzuna, eta adopzioarengandik bereizten duena: haur horrek bere gurasoak dituela eta beraiekiko harremana funtsezkoa dela.
Haurrak sekula ez du pentsatuko, inolaz ere, "ni hemen nago gurasoek min egin didatelako", eta ez dute ulertuko zergatik banatu dituzten (ez bada benetan zerbait oso nabarmena).Oinarrizkoa da harrera familiek errespetua izatea familia biologikoari. Gainera, jakizu zergatik iritsi diren mutur horretara. Azkenean sorgin gurpil bat da; mina jasotakoak dira gaur mina eragiten dutenak. Kasu askotan gurasoek ez dute jakin nola zaindu, eurek ere umetan ez baitute sentitu zaindu dituztenik. Zaintzea ere ikasi egiten den zerbait baita, eta ez "berezkoa".
arrera familien erdia "familia zabalak" dira, alegia, haurraren osaba-izebak edo aitona-amonak. Zer berezitasun dute horiek?
Batetik, familia zabalak hobeak dira haurrarentzat, ez delako bere sustraietatik banantzen, eta beraz askoz hobeto integratzen delako. Baina bestetik, familian egonda aita-amak errazago sartzen dira eta arazo gehiago sortzen dituzte, aitona-amonei kosta egiten baitzaie euren seme-alabei mugak jartzea.
Familia gutxi dira anaia-arrebak hartu nahi dituztenak. Halako kasuetan zer egin daiteke?
Bada formula bat, Galizian eta Madrilen aspalditik zerabiltena eta orain hemen hasi direna praktikan jartzen: herri berean jartzen dituzte anaia-arrebak, elkar ezagutzen duten bi familiatan. Eta harremana mantentzea derrigorrezkoa da, asteroko bisitak daude. Eredu hori oso ondo ari da funtzionatzen.
Nolako da familia barruan haurraren prozesua?
Hasierako fasean haurrak ongi kausitu nahi du, eta behar den guztia egiten saiatzen da. Behin konfiantza dagoenean eta haurra seguru sentitzen hasten denean, orduan hasten da barruan duen guztia deskargatzen, eta krisiak sortzen dira. Argi eduki arazo oso larriez ari garela: abusu sexualak, tratu txarrak... Eta gauza horiek denek atera egin behar dute. Gero jada fase egonkorrago batera pasatu ohi dira.
Haurrok, orokorrean, kontzentratzeko arazoak izaten dituzte, nahasteak oso arruntak dira. Izan ere, asko kostatzen zaie euren baitara biltzea eta euren bizitzari buruz pentsatzen jartzea (hain gaizki pasa dute-eta); beraz, nahiago dute erreparatu ondokoa zertan ari den, euren buruari buruz pentsatu baino.
Harrera familiek jasotzen al dute inolako laguntzarik?
Bai, familia guztiek psikologoekin segimendua egiten dute. Eta haurrak arazo larriren bat badu, psikiatra talde zabal bat ere eskura dugu, eskatu orduko hartzen gaituena. Laguntza ekonomikoa ere jasotzen dugu, haurraren mantenu gastuetarako. Eskola beka ere badute.
Harrera familien berezko helburua da haurra jatorrizko familiara itzultzea; baina oso kasu gutxitan gertatzen da hori. Beraz, 18 urte betetzean, zer?
18 urte betetzean jada adin nagusikoa bihurtzen da, eta harrera bukatu egiten da. Arazoa da, gizarte hau ez dagoela prestatua 18 urteko gazteak bizitza autonomoa egiten hasteko. Ezagutzen ditugun kasu guztietan, behin 18 urte beteta, ere harrera familiak gazteon sustengua izaten jarraitzen du.
Euskal Herrian haur asko daude harrera familiak behar dituztenak. Ez badira familiak ateratzen, zer egin?
Frantzian bada eredu bat, "familia profesionalak" izenekoa. Harrera familiako guraso bati (normalean ama izaten da) egun erdiko lana ordaindu egiten dio estatuak, gizartearen aldeko lan bat egiten ari delako. Jakina, baldintza horietan harrera familia asko irteten da. Euskal Herrian ere halako ereduren bat beharko dugu.
Eskoletan ikastaroak
BEROA elkarteak eskoletan ikastaroak eskaintzen ditu. Ipuin bidez haurrei azaltzen diete harrera familiak zer diren, beste eredu bat bezala onar dezaten, naturaltasunez. Irakasleekin, berriz, prebentzio lana egiten dute.
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan ematen dituzte ikastaroak, euskaraz zein gaztelaniaz.