MARFEEI, Marta:

2004-05-01
Argentina herrialde eredugarria izan zen psikologian, psikoanalisian eta hezkuntza arloan orain dela hamarkada batzuk. Frankismoaren garaian jende ugari joaten zen hara, hemen ez zeuden argitalpenen bila. Gaur egun gauzak aldatuta daude, Argentina ez da lehen izan zen herrialde hura. Egoera soziala eta ekonomikoa guztiz desberdinak dira, okerrera egin dute, eta horrek eragina du arlo guztietan; baita hezkuntzan ere.

CTERA Confederación de Trabajadores de la Educación de la República de Argentina irakasleen sindikatuak 30 urte bete ditu. CTA Central de Trabajadores Argentinos-en barruan kokatzen da organikoki beste arloetako sindikatuekin batera, eta bera da handiena. Aldi berean, CTERAren barruan Argentinako probintzia guztietako sindikatuak daude afiliatuta, maila nazionaleko erakunde indartsua bilakatzen delarik horrela. Maila guztietako irakasleak, eta zentro publiko nahiz pribatukoak biltzen ditu. Guztira 720.000 irakasle daude gaur egun Argentinan, eta horietatik ia 300.000 afiliatuak dira.

Marta Marfeei da egun CTERAko idazkari nagusia eta Jorge Cardelli Zuzendaritzako kide eta sindikatuaren EMI Prestakuntza Eskolako zuzendari da. Biekin solastu gara Argentinako hezkuntzaren egoeraz ikasturte berria hasi duten honetan, eta Hector Carrica CTA sindikatu orokorreko kideak ere ekarpen interesgarriak egin ditu.
 
 
Zein da memento honetan Argentinaren egoera ikuspegi orokor batetik begiratuta?

Herrialde hau beldurtuta dago Diktadura militarrak jendea hil zuen, baina erradikalak gelditu ziren eta aurrera jarraitu zuten. 1989an, ostera, Menemekin neoliberalismoa ezarri zen eta agintariek dena saldu zuten, dena eraitsi zuten, enpresak itxi, inportazioak ireki... eta ezer gabe gelditu ginen. Neoliberalismoak eraldatu egin du, eta gustatu edo ez, hau beste herrialde bat da orain. Lehen langabeziarik ez zegoen, eta gaur egun zazpi milioi pertsona dago lan arazoekin. 2.300.000 pertsonei 50 dolar ematen dizkiete lanik ez dutelako. Lehen ez zegoen horrelako pobreziarik. Pobrezia hori maila guztietan sartzen joan da, gizarteko hainbat saretan; eta horietako bat eskola da.

Hiru modutara sartu da pobrezia eskolan: pobrezia irakasleentzat soldata baxuengatik; pobrezia ikasleentzat oso behartsuak direlako; eta pobrezia eskolan, eraikinak, materiala, liburuak, teknologia berriak... eskasak direlako.



Pobrezia al da Argentinako hezkuntzak duen arazo nagusia?

Bai, hala da. Pobrezia hezetasuna bezalakoa da eta hezkuntza osoan sartu da. Pobrezia eskoletan sartu da, irakasleetan sartu da eta ikasleetan sartu da. Oinarrizko saskia (jatekoa soilik) 350 peso (150 euro) kostatzen da, eta saski osatuago bat (zerbitzuak barne dituena) 650 peso (230 euro). Hori diru asko da kobratzen den soldatarekin alderatuta, eta beraz, egoera oso ahula da. Ondorioz, hezkuntzak duen arazorik larriena pobrezia da, hezetasuna bezalakoa delako.



Zer ondorio ekarri ditu horrek?

Alde batetik, hezkuntzaren okertzea. Eta bestetik, bi zirkuitu nabarmendu ditu: batetik, ikasle oso pobreek, asko jota, Bigarren Hezkuntza baino gehiago ez dute jarraitzen; eta bestetik eskola ez hain behartsuetako ikasleak (asko zentro pribatuetakoak edo erdialdeko zonaldekoak eta profesionalen seme-alabak) eskola ertainera iristen dira eta baita unibertsitatera ere. Beraz, bi zirkuitu sortu dira eta gero eta definituago daude. Zentzu horretan, eskola publikoa pobrezia gehiago jasaten duen sektorearentzat gelditu da.

Egoera hori bizitzen ari gara gaur egun, eta ez dirudi epe laburrean aldatuko denik, nahiz eta Nestor Kirchner lehendakari berria ona izan eta gauza interesgarriak egin. Izan ere, gauza batzuk egiturakoak dira eta ezin dira lau hitzekin soluzionatu. Ahalegin handia eskatzen dute, inbertsio handia, eta gizartea beste modu batera egituratzea: soldata egoera hobetuz, familiaren bizitza hobetuz... Pentsa, haur bat ez da eskolan soilik hezten, etxean ere bai. Etxean egiten dira etxerako lanak, espektatibak etxean sortzen eta bizitzen dira... etxea osagarria da. Jendea animatuta dagoenean ilusioa sortzen da, baina langabezia egoeran jendea eta giroa ahuldu egiten da eta horrek eragina du eskolan.

Egoera horretan, eskolan elikadura sartu da. 4,5 ordutatik zati bat jateko erabiltzen da.

Desberdintasun sozialaren planifikazioaren ondorioz, genozidio bat egon dela esaten dugu. Norbaitek planifikatu zuen hau. Boteredunek dute gertatzen denaren erantzukizuna. Zergatik ez da aberastasuna zuzen banatzen? Herrialde honetan dagoen aberastasuna gaitzesgarria da.

Askotariko aberastasuna duen herrialdea da Argentina, eta urtero 5 urtez azpiko 12.570 haur hiltzen dira gosez. Desnutrizioaren zigorra da. Eta hiltzen ez diren haurrek ez dute gaitasun kognitiborik edukiko. Hau da, desnutrizioa jasan eta bizirik ateratzen diren haurrak arrastoekin geldituko dira, fisikoak eta mentalak, eta inoiz ez dute edukiko ondo elikatutako haur batek ikasteko duen gaitasun bera. Eta hori gaur egungo Argentinako eskola jasaten ari da.

Eta egoera hedatu egiten da. Irakasleek ere gaixotasunarekin elkarbizi behar dute. Haurrak gaixorik bizi dira, eta irakasleek 30-40 haurrekin egon behar dute, eta egoera horretan.



Pobreziaz eta goseaz gain, nolakoa da ikasleen eskolatze tasa eta maila?

Eskolatze tasa altua da. Lehen Hezkuntzan % 90etik gora da eskolatze tasa, eta % 60k amaitzen du. Gehienak Bigarren Hezkuntzan jarraitzen dute, baina gutxik lortzen dute bukatzea; gutxi gorabehera hiru argentinarretatik batek du Bigarren Hezkuntza bukatuta. Bigarren Hezkuntzan errepikapena eta desertzioa arazo handiak dira. % 20k baino ez du bukatzen. Probintzia batzuetan derrigorrezkoa da Bigarren Hezkuntza, eta beste batzuetan ez.

Langabezian dauden familientzat lan planak daude eta horrekin zera lortu nahi dute: gurasoei lana ematea eta seme-alabak eskolara bidaltzea. Baina denek ez dute hori egiten. Eskolak legitimitatea galdu du. Sektore umil batzuetan orain dela 10 urte seme-alabak eskolara bidaltzeko zeukaten desesperaziorik ez dute orain. Izan ere, zer estimulu daukate ikasleek gero lanik ez dutela edukiko baldin badakite?

Bestalde, analfabetismoa igotzen ari da helduen kasuan.



Zenbat urtekoa da derrigorrezko eskolatzea eta nolako antolaketa dago ordutegi aldetik?

Haurrak 5 urterekin eskolatzen dira eta urtebeteko Hasierako Maila egiten dute. Gero Lehen Hezkuntza dator, eta hori desberdina da probintzien arabera. Izan ere, 1992an Lege Orokorra egin zen, eta horrek aldaketak ekarri zituen. Kontua da, lege hori ez dagoela probintzia guztietan aplikatua; orduan, probintzia batzuetan eredu zaharrararekin jarraitzen dute, eta beste batzuetan berriarekin.

Beraz, eredu zaharra duten lekuetan, Lehen Hezkuntza 7 urtekoa da, eta gero beste 5 urte Bigarren Hezkuntza. Lege Orokorra aplikatzen den tokietan, bestalde, Lehen Hezkuntza 9 urtekoa da, eta Bigarren Hezkuntza 3koa. Beraz, derrigorrezko eskolatzea 12 urtekoa da denetan; baina batzuetan 7+5, eta bestetan 9+3.

Bigarren Hezkuntza bukatu ostean, batzuk unibertsitatera joaten dira eta beste batzuk lanera.

Haurrak ez dira egun osoan egoten eskolan, egun erdiz baizik. Horrela, eskoletan goizeko eta arratsaldeko txandak egoten dira.



1992ko Lege Orokorra leku batzuetan aplikatzeak eta beste batzuetan ez aplikatzeak zer ondorio ekarri ditu? Lege berria aurrekoa baino hobea dela irizten al duzue?

rintzipioz zerbait berria egiteko zen, baina ez da hala izan. Ez du inoiz funtzionatu. Zergatik? Egin zen legea ez zelako bestea baino goragokoa, jendearen aldaketa ekarri zuelako, curriculumak eta edukiak berrantolatzea ekarri zuelako, soldata baxuekin, baldintza ekonomiko txarrekin... eta hori dena zentzu argirik gabe.

Guri egokiagoa iruditzen zaigu 7+5 eredua. Alde batetik, ez zaigu egokia iruditzen 7 urteko haurrak eta 14-15 urtekoak batera egotea. Eta bestetik, Bigarren Hezkuntza ahuldu egiten du 9+3 izateak, 5 urtetik 3ra pasatzen baita. Gure ustez gazteen hezkuntzak garrantzi handia dauka eta garrantzi handiko arazo politikoa da une honetan. Bigarren Hezkuntzak jendea lan mundurako prestatzeko izan beharko luke, eta une honetan ez da hala. Berez, Bigarren Hezkuntzak hiru ardatz dituela esaten da: lehentasuna izan behar duela, hiritarrak prestatu behar dituela eta lanerako prestatu behar dituela. Baina historikoki ez du horrelakorik egitea lortu, eta lan mundura ordez unibertsitatera soilik bideratu ditu ikasleak.



Eskola publikoak eta pribatuak. Nolakoa da bien arteko balantza?

Bien arteko proportzioa desberdina da probintziaren arabera. Orokorrean % 70 publikoa da, eta Buenos Aires hiriburuan erdi eta erdi. Unibertsitate indartsuena publikoa da eta baita kalitate handienekoa ere. Neoliberalismoak, banku mundialak eta nazioarteko finantza erakundeek unibertsitate publikoak arantzelak kobra zitzan bultzatu zuten, baina erresistentziari esker, dohainik mantentzea lortu zen, graduondokoak izan ezik.



Nolako da sare bakoitzaren egoera?

Orokorrean desberdintasun handia dago bitartekoen aldetik. Pribatuek atzerriko hizkuntzen ikasketak eskaintzen dituzte, familia baldintzak hobeak dira, harrera baldintzak jartzen dituzte... Baina desberdintasun handiena bitartekoetan dago. Eskola publikoetan testu libururik ez dute, materialik ez dute, ordenagailurik ere ez edo gutxi... Pribatuan, ordea, denek dute ordenagailua eskolan, eta etxean ere bai.

Irakasleen kasuan, ez dago desberdintasun handirik publikoko eta pribatuetakoen artean. Hala ere, pribatuetakoak talde homogeneoagoak dira eta baldintza hobeak dituzte.

Ratioei dagokienez, eskola publikoan 40-45 ikasle daude gelako. Eskola publikoetako Bigarren Hezkuntzan ikasle talde heterogeneoagoekin aurkitzen dira irakasleak. Maila horretan egoera larriagoa da, hor ikusten baita alderdi pedagogikoko edo didaktikoko krisia. Ikasleek ez dute eskolara joan nahi, ikasten dutenak ez die ezertarako balioko ez dutelako lanik izango... Zuek daukazuen arazo bera da, baina pobreziak okertuta edo laztuta. Bigarren Hezkuntzako krisia handia da. Ikasleek pentsatzen edo sentitzen dute eskolan irakasten denak oso zerikusi gutxi daukala beraien kaleko bizitzarekin edo errealitatearekin, eta ondorioz, motibazioa ahulduta dago. Lehen, gutxienez unibertsitatera joateko edo lan bat bilatzeko balio zuela uste zen, baina orain hori ere ahuldu egin da, lanik ez baita bermatzen.



Eskola publikoek eta pribatuek jasotzen duten laguntza ekonomiko instituzionala berdina al da?

Eskola pribatuek estatu probintzialen aldetik diru laguntza jasotzen dute irakasleen soldatak ordaintzeko. Eta soldata horiek eskola publikoko irakasleen berdinak dira. Laguntza hori izan liteke irakasleen soldataren % 100, % 80 edo % 60. Hori zentroak bere ikasleei ordaintzen dien kuotaren arabera erabakitzen da. Hau da, kuota oso baxua kobratzen baldin badiete edo kuotarik ez baldin badaukate, estatuek irakasleen soldataren % 100 ordaintzen diete. Kuota ertaina baldin bada, % 80 jasotzen dute. Eta altua baldin bada, % 60. Kuotatik kobratzen dutenarekin alokairua, altzariak, telefonoa, argia... ordaintzen dute, soldata ez den beste guztia.

Buenos Airesen kuotak altuak dira, baina barnealdean eta hegoaldean ez, hor oso baxuak dira. Adibidez, hegoaldean eskola asko erlijiosoak dira, eta horiek egongo ez balira, ez litzateke eskolarik egongo. Horregatik, % 100eko diru laguntza jasotzen dute eta publikotzat hartzen dira, hots, estatuak diruz lagundutako eskola publikoak. Berez, eskola pribatuetatik % 3 soilik dira pribatu pribatuak.



Nolakoa da irakasleen egoera?

Lehiaketa baten bitartez sartzen da lanera, eta horrekin lana eta egonkortasuna lortzen dira. Bitartekoak eta ordezkapenak ere badaude, baina orokorrean egonkortasuna dago. Behin sartu ondoren, inork ez zaitu gogaitzen.

Lehen Hezkuntzan gehiengoa emakumeak dira, % 80, eta nahiko gaizki ordaindutako lana da. 4 edo 4,5 ordu pasatzen dituzte haurren aurrean, eta prestaketa, zuzenketak eta gainerako lanak etxean egin behar izaten dira, ordu horiek ez dira kontabilizatzen. Soldata 150 eurokoa da, Buenos Aireseko apartamentu baten alokairua adinakoa. Beraz, irakasle batek bi haur baldin baditu eta senarrik ez baldin badu, bi txanda egin behar ditu lan, hots, zortzi ordu haurren aurrean. Eta hori erokeria da, zeren, horrez gain, zuzenketak, lanaren prestaketa... bere kabuz egin behar ditu. Herri txiki bateko irakasle batek ez zuen libururik erosten ez zeukalako horretarako dirurik. Herri txikietan lan egiten duten irakasle batzuk auto-stop egiten dute eskolara joateko, ez dutelako dirurik taxia ordaintzeko.

Bigarren Hezkuntzan katedraren sistema dago. Soldata bikoitza dute, baina soldata duin bat edukitzeko katedra ordu asko behar dira. Katedra ordua ikasleen aurrean pasatzen den denbora da. 350 euro irabazteko 40-45 katedra ordu egin behar dira, hots, 9 katedra ordu eguneko. Beraz, 45 katedra ordu = 180 ikasle asteko. Astakeria izugarria da.

Beraz, gaizki ordainduko lanbidea da, baina erakargarritasuna egonkortasunean dauka.



CTERAk 30 urteko ibilbidea egin du hezkuntzako sindikatu nazional bezala. Nolako antolaketa duzue?

Egitura nazionala du, hau da, hezkuntzako sindikatu probintzialak biltzen dituen sindikatu nazionala da. Herrialdeko probintzia guztietako sindikatuak daude bere barruan, hots, 23 probintzietakoak eta Ciudad Capitalekoak. Maila eta zentro mota guztietako irakasleak biltzen ditu. Guztira 720.000 irakasle daude gaur egun Argentinan eta horietatik 300.000 afiliatuak dira.

CTERAren ildo nagusiak orokorrak dira, baina gero, bere barruko sindikatu bakoitzak bere gobernu probintzialarekin borrokatu behar du. Izan ere, gobernu probintzialek dauzkate hezkuntza eskumen nagusiak, eta ez gobernu zentralak. Gaur egun hezkuntza sistemaren ezaugarrietako bat atomizazioa eta desberdintasun ikaragarria dira, eta horrek zaildu egiten du gauzak orokortzea. Egoera oso konplexua da, baina guk batasun nazionala mantentzea lortu dugu.



Zer lorpen eskuratu dira 30 urtetan?

Besteak beste, lan egonkortasuna lortu da, izugarri kosta bazaigu ere.

Lehen, Hezkuntza nazionala zen eta gobernu zentralaren eskuetan zegoen, eta gero, probintzietara pasa zen, baina aurrekonturik gabe. Horrela, probintzien artean soldata desberdinak, egoera desberdinak, aurrekontu desberdinak... sortu ziren. Borroka nazionalaren eta batasun nazionalaren ohitura geneukan, eta aldaketa horrek borroka hori zatitu egin zuen. Nahiko gaizki pasa genuen, geldialdi asko eginez. 1988an Marcha Blanca egin genuen, Menem etorri aurretik. Hasieran 45 eguneko geldialdia egin genuen, eta gero bi asteko martxa. Txoko guztietatik abiatu zen jendea eta bi asteren buruan 100.000 irakasletik gora bildu ginen Buenos Aireseko 9 de julio etorbidean. Eskola komunitate osoak parte hartu zuen, gurasoek ere harrera ona egiten zigutelarik pasatzen ginen tokietan animoak emanez. Sekulakoa izan zen, eta oso garrantzitsua. CTERAri bultzada ematen lagundu zion. Denok ezkertiarrak izan arren, ikuspegi askotarikoak zeuden, eta martxaren ondoren ikuspegi nazionala eta herritarra indartu zen. Ondorioz, erakundea eraldatzen lagundu zigun.

1996-97an karpa zuria muntatu genuen Buenos Airesen, kongresuaren aurrean, eta hiru urte inguru egon ginen gure aldarrikapenak defendatzen.



Gaur egun, zein dira CTERAren aldarrikapen eta egiteko nagusiak? Zein dira oinarri filosofikoak?

Gremio entitate bezala, ikusten duguna zera da: arazo sozial, ekonomiko eta politikoa edukitzeaz gain, kulturala ere badaukagula: dependentziaren kultura, etsipenaren kultura, ezinezkoaren kultura, kode horien onarpenaren kultura... Gizarteak ez du ezer abiatzen kode horien kontra, ez dago kontsentsu sozialik, eta hori da sustraiko arazoa. Horren aurrean, hezkuntzatik eta kulturatik guk baieztatu egin behar dugu etikaren eta balioen printzipioetan, horiek izan baitziren gure herrialdearen sorrerako printzipioak. Gu ez ginen herrialde ustela. Etika, balioak eta eraldatzeko eta garatzeko borondatea genituen, herrialde produzitzailea ginen... eta hezkuntzak rol garrantzitsua jokatu zuen.

Modu batean, hezkuntza publikoa eskubide sozial bezala eta garapen pertsonal eta sozial bezala berreskuratu behar dugu. Hezkuntza publikoa berreskuratu behar da, hezkuntzak jokatzen duen rol politikoa eta heziketa prozesuaren neutraltasun ezaz kontziente izanik. Irakasleen artean pedagogiak betetzen duen rol politikoaz eta ezagutzaren prozesuaren kontzientzia berreskuratu behar da. Urte asko daramagu irakasleen prestakuntzan lan egiten rol etikoaren garrantziaz jabe daitezen. Noski, prozesu kritikoa eta konstruktiboa garatu nahi dugu, baina abiapuntu bezala etika batek bideratuta.

Erresistentzia lana egiten dugu hezkuntzaren pribatizazioari aurre egiteko. Pribatizazio hori balio batzuek bultzatzen dute eta balio horiek hezkuntza merkantzia bilakatzen dute, eta gainera, merkantzia abalorikoa. Hau da, hezkuntza norberaren garapen ekonomikorako ezagutza batzuetaz jabetzea ahalbidetzen duen merkantzia da, baina ez norberaren garapen sozial, kulturak, etiko eta familiarrerako. Alderdi hori alboratu egiten da.

Hezkuntza instrumental eta kultura hegemoniko horren erdian, guk hezkuntza eredu horri aurre egiten diogu irakasleei begirako lanarekin. Eskolatik, pertsonak aldatzen lagunduko dugu herrialdea alda dadin, baina beste aldaketa sozialak lortzen ez badira, guk bakarrik ez dugu egingo dena. Eskolak espazio bat dauka, eta eragiteko posibilitate handia du aldeko marko sozio-ekonomiko-politikoan; kontrako baldintzetan, berriz, eskolak erresistentzia lana egiten du.



Irakasleak kontziente al dira egoera eralda dezaketela?

Horretan dihardugu. Irakasleak jada kontzientzia hori edukiko balute, ez genuke arazo kulturalik izango. Arazo kulturala daukagu, ordea, irakasleak urratzearen, ustelkeriaren, onarpenaren... kode horien guztien kulturan prestatuta daudelako. Irakasleak gizartean bizi dira, errealitatean, eta erasotuak dira.

Orduan, guk uste dugu sektore batzuek kontzientzia berri bat eta prozesu etiko berri bat eratzeko joera izan dezaketela. Pentsatzen dugu irakasleek beraiekin lan egin daitekeen sektore bat osatzen dutela, eta horretan ari gara urte askotan.



CTERArekin batera 30 urte borrokan daramaten irakasleek aurrera jarraitzeko kemenik ba al dute?

Diktadura militarrari eutsi genion, lankideen desagerpenari ere bai, Menemismoari ere bai... eta erresistentzia horretatik guztitik, borondate oneko ikuspegitik begiratuta, esan liteke mantendu direla lanpostu publikoa, prezio publikoa, finantziazio nazionala, sistema publikoaren doakotasuna... Baina langile baten ikuspegitik galdu besterik ez dugu egin: soldata galdu, eskubideak galdu, lana zaildu da ikasleak gosez, jarrera arazoekin, indarkeriaz.. etortzen direlako eta abar.

Ez diogu egun bati eutsi, 30 urteri baizik, eta lankideak nekatuta daude. Utzi egin dute borroka, eta ez gremio borroka soilik, baita borroka soziala eta gelatako borroka ere. Hasierako pasioa eta kemena galdu egin dituzte.

Menemismoarekin irakasleak eta ikasleak desmobilizatu egin ziren. Denbora horretan irakasleek higadura bat jasan dute. Higadura horrekin, irakasleek gero eta heterogeneoagoak diren gelei egin behar diete aurre, eta jubilatzeko gogoz daude. Horrez gain, laboralki, kualifikatu egin beharrean, deskualifikatzera jo da, eta gauza askoren erantzule egin dira.



Zer sumatzen da irakasle berriengan?

Ez dira hainbeste inplikatzen. Irakasle ikasketak egin zituzten lana izateagatik, ez bokazioz edo egiturazko aldaketa egiteko gogoatik.

Ikuspegi erabilgarria da nagusi, batez ere hiriburuetan, konpetentzia dela-eta. Horrek desnaturalizatu egiten du lana.

Irakasleak ez du gizarteko legitimitaterik galdu, nahiz eta orain dela 40 urte irakasle baten prestigioa handiagoa zen. Edonola ere, oraindik orain, Argentinan eskola publikoa da indar gehien duen instituzioa, eliza, komunikabideak eta epaitegiak baino gehiago. Baina prestigio horrekin ez gara konformatzen, gure haurrek ez badute jaten.



Esan al liteke CTAren barruan CTERA eredugarria denik?

Argentinako historiako memento ilunenetan eta zailenetan, une batean ohorearen garaia izan zen eta Maiatzeko Amek sinbolizatu zuten. Estatuaren terrorismoak isilarazitako herrialdean giza eskubideen defentsa gidatu zuten. Demokrazia errekuperatzen hasi zenean, paradigma bat sortu zen, eta CTERAk jarraitu zuen antolaketa izugarria izan zen: Martxa Zuriak izugarrizko garrantzia izan zuen, Karpa Zuriaren arima... Menemen garaian eskola komunitate osoa inplikatu zen: irakasleak, gurasoak, ikasleak... eta hori oso garrantzitsua izan zen.

CTERAk gizarte egoerari aurre hartu zion eta salaketa indartsu bat sortu zuen salaketa existitzen ez zen garaian. Onarpenaren garaia zen eta CTERAk bandera etiko eta sozial bat altxa zuen. Eutsi egin genion, salatu egin genuen, eta kontzientzia sortu. Eta inoiz ez genuen bakarrik egin, beti komunitatearekin: gurasoekin...



Nolako harremana du CTERAk gobernu berriarekin?

Guk beti eduki dugu autonomiazko harremana alderdi politikoekin eta horregatik iraun dugu hainbeste urte. Autonomia horrekin, gobernu batzuekin harreman hobea eduki dugu beste batzuekin baino. Azken urteetan gobernuen joera izan da hezkuntzaren komertzializazio moduak bilatzea gastuak gutxitzeko eta kanpo zorra ordaintzeko, munduko bankuak eta fondo monetarioak presionatuta. Beraz, tentsio eta presio handiko garaiak izan dira.

Memento honetako Hezkuntza ministro Daniel Filmus pedagogoa da eta hori ona da. Hemen badugu esaera bat: erratz berriak ongi garbitzen du. Oraingoz ongi errazten ari da. Ministroak hezkuntza publikoaren ikuskera aldatu nahi du eta irakasleen etsaia ez denez, hori ona da. Hezkuntzari buruzko eztabaida bideratuko duen leku edo aukera bat bilatu nahi du, hor akordio batzuk hartzeko arrazoizko epe batean hezkuntzaren hobekuntza posible izan dadin. Zentzu horretan, hezkuntzaren hobekuntza bilatzen du. Dena dela, hobekuntza horretan gurekin ere kontatu behar du, aldaketak irakasleen ahaleginaren kontura ez egiteko, irakasleekin baizik.

Horrez gain, badaki probintziekin ere akordioak egin behar dituela, eskumen asko haien esku baitaude.



Zein bide daude aldaketak edo hobekuntzak irakasleekin egiteko? Hots, nola bermatzen da irakasleen iritzia kontuan hartzea?

Gidaritza Organoa delakoa dago. Hezkuntza sistemaren orientabideen eta akordio orokorren gunea da eta probintzia guztietako Hezkuntza ministroek osatua dago. Hor hartzen dira adostasunak eta akordioak, probintzien arteko desberdintasunak gutxitzen joateko.

Gero, Aholkularitza Pedagogikoko Batzorde bat dago, eta Gidaritza Organoaren eta CTERAren arteko harremana bideratzen duen bide instituzional bat da. Batzorde federala da eta eskualde bakoitzeko ordezkari bat egoten da (Argentina bost eskualdetan banatuta dago). Orain arte espazio formala izan da eta lortu diren akordioak hain intentsitate baxukoak izan dira, non ez duten lortu hezkuntzaren ardatza inorantz mugitzerik. Orain, Hezkuntza ministroak esan du pauso bat emateko erabakia hartu duela batzorde horretan garrantzi handiko gauzak soluziona daitezen eta akordioak bete daitezen. Proposamenak dira, ez dakigu beteko diren edo ez, baina guregatik bai. Gu joango gara eta lan egingo dugu.



Zer egin dezake gobernu berriak, zer esperantza duzue?

Asmo onak dituela dirudi, baina gobernu nazionalak ez dauka margen handirik gauzak egiteko, probintzien eskuetan dagoelako hezkuntza. Sektore batzuk, eskola pribatuak kasu, nahiago dute politika nazionalik ez egotea. Izan ere, gobernu probintzialen laguntza jasotzen dute beraien hezkuntza politika aurrera eramateko eta horretan jarraitu nahi dute. Zentzu horretan, gobernu nazionalak zailtasunak ditu, eta guk ere bai, erakunde nazionala baikara.



Eraldaketei begira jarrita, zeri ematen dio lehentasuna CTERAk?

Guk hezkuntza proiektu berreraikitzailea nahi dugu, ikuspegi nazionalagoa edo herrikoiagoa duen hezkuntza proposamena egitea. Herrikoiagoarekin esan nahi dugu parte-hartzaileagoa, dialogikoagoa. Eta zentzu horretara bideratu nahi dugu eskola, gauza txikiak eginez eta bidea argituz.

Orokorrean instituzio guztiak sakonean demokratizatu behar direla ikusten dugu. Bigarrren Hezkuntzan ikasleek parte hartu behar dute euren ikasketen diseinuan eta diziplinan, goi mailako ikasketetan ikasleek botua eman behar dute, eztabaidatu, aukeratu... Hori da planteamendua. Eta horrek konpromiso indartsua eskatzen du gobernuaren aldetik. Ez da hitzaldiekin lortzen, urteetako lana eta inbertsioa eskatzen du. Eta dirua daukatenek, eman egin behar dute.



Zein dira Lehen Hezkuntzan ikusten dituzuen lehentasunak?

Eskolak indartzea. Horrek esan nahi du eskolaren barruan eztabaidatzeko, planifikatzeko, diseinatzeko eta taldean lana egiteko espazioak egotea. Uste dugu Lehen Hezkuntzako irakaskuntza ez dela gelan bukatzen. Gela partziala dela uste dugu, eta horrez gain etxerako lanekin, ikasleei bizitza antolatzen lagunduz... lan egin behar dela. Ikasleek kanpoan ere ikasten dute. Horregatik, Lehen Hezkuntzak hazi egin behar du antolaketa aldetik, komunitatean gehiago sartu behar du, irakasleek aukera gehiago eduki behar dute planifikatzeko eta diseinatzeko, argitaletxeei hain lotuta egon gabe, lagundu egin behar zaie teknologia berriekin, testuekin eta abar autonomia eduki dezaten beren lana diseinatzeko.



Bigarren Hezkuntzari dagokionez, zer proposatzen duzue?

Gauza bera pentsatzen dugu, baina zera gehituz: gazteria identitate bezala ikusaraztea, gizarteko sektore protagonista bezala ikustea, gazteria present egotea. Ez da eskolara eramatea eta kito. Eskolak protagonista egin behar ditu, beraiek garatzeko, antolatzeko eta espazio pertsonal propioa izateko. Gizaki osoa da, integrala, eta ez zaio ezer falta bizitzan eragina izateko.



Unibertsitatearen kasuan, zer?

Gehiago konprometitu behar du errealitateko arazoekin. Ez du zerbitzuak komertzializatzera mugatu behar, alderantziz baizik, herrialdeko beharretara egokitutako ikasketak sortu behar ditu, eta ezagutza zientifikoa herriaren eskuetan egon dadin saiatu behar du.