088: Eskola hobetzekotan espiritu kritikoa sustatu beharra dago

2004-05-01
Politikak eta politikariek eskola bakoitzeko jarduna gehiegi baldintzatzen dutela iruditzen zaigu, kolektibo bakoitzak bere zilborrari gehiegi begiratzen diola, eta hausnarketa komunaren falta nabaritzen dugu.
 
 
Azkenaldian, hainbat gertakari garrantzitsu bizi izan ditugu, eta gertakari horiek eskolako egunerokotasunean eragina dutela ere ikusi dugu.

Irakeko gerraren ondorioz Madrilen egindako erasoak Espainiako eta Frantziako estatuen hauteskundeak baldintzatu ditu, eta seguruenik, egitear dauden Europako parlamenturako hauteskundeak ere baldintzatuko ditu.

Hori guztia politika izanik, ba al du eraginik Euskal Herriko eskoletan? Guk baietz uste dugu, baina ez dakiguna da zenbateraino.

PPk martxan jarri behar zuen Kalitate Legea ez duela ezarriko esan zuen Kataluniako hezkuntza ordezkariak, eta EAEko Anjeles Iztuetak ere gauza bera esan du. Nafarroako Hezkuntza kontseilari Luis Campoyk, ostera, guztiz kontrakoa adierazi zuen.

Hezkuntza ikuspegitik hain kaltegarri izan zitekeen Kalitate Legea ez dela ezarriko jakiteak ikastetxe askotako giroa lasaitu egin duela esan liteke.

Gertakariak nola izan diren aztertuta, ondorengo galderak bururatzen zaizkigu: gurasoak, irakasleak, ikasleak, langileak, herritarrak eta gehiengo zabala ditxosozko legearen aurka egonda, zergatik pentsatzen zen aplikatzea? Eskola komunitateak kaltegarritzat jotzen baldin bazuen, zertarako bere ezarpena? Aurreko galderen erantzuna aurkitzeko asmoz, askok, norabide bakarrean begiratuko dute.

Dena den, badago egin beharreko beste galdera bat: Kalitate Legearen aurkako mobilizazioak eta adierazpenak egin ziren, baina ikastetxe bakoitzera eraman al dira sakoneko eztabaida eta hausnarketa? Ikastetxe bakoitzean aztertu al da bere hezkuntza proiektuan zer aldaketa ekarriko zukeen eta horren aurrean zer jarrera hartuko zatekeen? Ala araudien zapalgailuak ikastetxe askoren proiektuak aldatuko ote zituen?

Badakigu elkarteren batek garbi agertu duela bere tinkotasuna, informatu duela haren ikastetxeetan, eztabaidatu dutela eta euren erabakia publiko egin dutela. Zoriontzekoa da agertu duten hezitzaile heldutasunagatik, zabaldu duten jarrera kritikoagatik.

Guk Euskal Herri mailako hausnarketek garrantzi handia dutela deritzogu. Egiten direnak txalotzea eta goraipatzea dagokigu, baina zerbait falta da.

Politikak eta politikariek eskola bakoitzeko jarduna gehiegi baldintzatzen dutela iruditzen zaigu, kolektibo bakoitzak bere zilborrari gehiegi begiratzen diola, eta hausnarketa komunaren falta nabaritzen dugu.

Hala ere, ikastetxe bakoitzak bere nortasun propioa izan beharko lukeelakoan gaude, bizi duen inguruan sustraitua eta etorkizunerako nahi duen jende eredua lortzeko bitartekoak jarriko dituena. Eta horretarako, ezinbestekoa da eskola komunitatearen hausnarketa.