091: Denborak erakusten du bidea eginez egiten dela

2004-10-01
Badira une aproposak egindakoaz hausnartzeko, asmatutako ildoak indartzeko, hanka-sartzeak zuzentzeko edota alboratzeko eta asmo berriak nola bideratu erabakitzeko. hik hasiri hamargarren ikasturte honetan iritsi zaio.
 
 
Eta hamar. Aurtengoa hamargarren ikasturtea izango da hik hasirentzat.

Nork pentsa lezake hasiera haietan hik hasik hamar urte iraun zezakeenik? Bai, denborak erakusten du bidea eginez egiten dela.

Atzera begiratu eta aldizkaria zenari euskaraz jolasteko lanak lagundu ziola ikusten dugu. Hainbat musika irakasle eta eurek prestatutako ikasleak grabaketa etxetara eraman genituen, abesten zuten bitartean diskoa nola osatzen zen bertatik ezagutzeko aukera izan zutelarik. Horrela burutu genituen Haur-jolasen abestiak I, II eta III lanak. Eta jolas horiek irakasten hik hasiko bi kide ibili ziren ikastetxez ikastetxe.

Jarraian, euskal abestietan oinarritutako hainbat musika metodo plazaratu genituen: Txirulaz, Gitarraz, Ostadarraren hotsaz, Eskusoinuaz eta Pianoaz.

Ipuinen arloan ere ekarpena egin nahi izan genuen eta disko bat argitaratu genuen esaldi zaharrez, olerkiz eta abarrez aberastuta.

Irakasleen lana errazteko, aberasteko eta hornitzeko ahaleginean, bi urtetik behin Euskal Herriko Baliabide Pedagogikoen Gida argitaratzen dugu.

hik hasi proiektuaren bizkarrezurra aldizkaria bada, azken bost urte hauetan Udako Topaketa Pedagogikoek sona handia hartu dute. Udaro ikastaro mordoa antolatzen dugu gure hizkuntzan. Eta bertan eskaintzen diren ikastaroen artean aukeraketa bat eginez, material erabilgarria biltzen duten hainbat ale monografikok ere argia ikusi dute.

Beste lanen artean, eta udaletako euskara teknikariekin batera, gazteei euskara erabiltzen laguntzeko dauden programak jasotzen dituen Gazteak eta euskara liburua argitaratu genuen.

Horiek guztiak hezitzaileen artean baldin badira ezagunak, eskolaz kanpokoek Zatoz jolastera! eta Jolasen altxorra bideoak dituzte ezagunago.

Ibilbide horretan, eta hain ezagun izan ez bazen ere, garrantzi handia izan zuen guretzat Hezkuntzaren Gizarte GUNEAk egin zuen lanak; euskal hezkuntzaren inguruko hausnarketa sakontzen ahalgindu baitzen.

Eta zer erronka dugu aurrera begira? Orain artekoari heldu, hobetu eta urrats berriak ematea.

Une honetan, udan grabatzen aritu garen luzemetraia prestatzen ari gara, eta Elbira Zipitria andereño historikoari buruzko liburua argitaratzeko asmoa dugu.

Erronka nagusia euskal hezkuntza hobetzeko interesa dugun guztion artean eztabaida zabala sustatzea litzateke, eta hori gauzatzeko gure esku dagoena egiteko prest gaude.

Orain artekoa irakasleen erantzun onari esker atera badugu aurrera, gerora ere horren esperantzan gaude. Harpideen aldetik jaso dugun babesa eta heldulekua ere ez ditugu ahanzten. Eta nola ez, gure eskerrik handiena ibilbide lagun izan ditugun Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldekoei.