094: Euskara ezagutzeko eskubidea eta betebeharra

2005-01-01
Euskarak ondoan elkarbizitzan dituen bi hizkuntzek dituzten eskubidea eta betebeharra izan beharko lituzke, bestela, ezinezkoa da normalizazioaren bidean urratsak ematea. Nola liteke, Euskal Herrian, gaztelania eta frantsesa derrigorrezkoak izatea eta euskara ez?
 
 
Abenduaren 30ean, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Estatutu Berrirako Proposamenaren testua eztabaidatzeko zenean, Euskararen Kontseiluak ondoko agerpena egin zuen:

"Datozen urteetarako ordenamendu juridikoa izan daitekeena erabakiko da orain. Euskarak, hizkuntza normalizatu bat izan dadin, behar ditu gutxieneko baldintzak, gutxieneko neurriak. Hizkuntz eskubideei buruz egiten den aipamena interesgarria dela uste dugu. Baina, ez da nahikoa. Ez, behintzat, ez badituzte gehitzen asmo horiek errealitate bihurtuko dituzten neurri zehatzak. Gernikako estatutuak ere euskara erabiltzeko eta ezagutzeko dugun eskubidea aitortzen zuen, proposamen berri honek egiten duen bezala baina, gaur egun, 25 urte beranduago, eskubide horiek ez dira errealak. Beraz, berriro hori gerta ez dadin honako neurri hauek kontuan hartzea ezinbestekoa da, bestela, normalizaziorik gabeko beste mende laurden baten aurrean egon gintezke.

Estatutu proposamen horrek markatuko ditu hurrengo urteetan euskararen ezagutza eta erabilera zein izango den, onartzen bada, behintzat, eta horrek markatuko ditu hurrengo urteetan euskarari dagozkion erabakiak; azken batean, euskarak ze egoeratan aurrre egingo dien datozen urteei!

Beraz, biharko eztabaida horretan parte hartu behar duten alderdi politiko eta parlamentari guztiek erantzukizun handia dute, eta horregatik deia luzatzen diegu kontuan har dezaten hurrengo urteetarako euskararen etorkizuna erabakitzen ari direla, besteak beste! Eta Kontseiluak eta bertan ordezkaturiko euskalgintzak hau eskatzen die: kontuan izan dezatela bozkatzerakoan honako hau:

1- Euskara berezko hizkuntza dela hemen eta, euskal herritar guztiek izan behar dutela, euskara ezagutzeko eskubidea eta betebeharra. Horrek gure ordenamendu juridikoan jasota gelditu behar du euskararen normalizazio osoa lortu nahi badugu zeren eta, hori egin ezean ez baita posible izango aurrerapauso serioak ematea normalizazioaren bidean. Herritarrek beren osotasunean hizkuntzaren ezagutza dutenean aukera errealak izango ditugu hizkuntz eskubideak urra ez daitezen.

2- Funtsezkoa dela, beraz, gure belaunaldiak euskaldunak izatea. Hori kosta ala kosta bermatu behar dela, eta horretarako neurri zehatzak hartu behar direla. Hartu eta bete, epe jakin batzuk ipiniz, gainera.

3- Hizkuntz politika oso bat aplikatu behar dela, eraginkorra, epeduna, helburu zehatzak eta lorgarriak dituena, administrazio guztiak inplikatzen dituena eta sailartekoa. Hizkuntz politikak gizarteko sektore guztietara iritsi behar du modu orekatuan garatuz ezagutzaren hedapena eta hori erabiltzeko aukerak.

Gaur hemen bildu garen hainbat eta hainbat euskaltzaleren eskakizuna parlamentariek kontuan hartzea nahi eta espero dugu. Hala izan dadila euskararen osasun eta iraupenerako."

HIK HASIk bat egiten du Kontseiluak aurkeztutako testuarekin.