GIMENO SACRISTÁN, José

2005-03-01
José Gimeno Sacristán letra larriz idazteko moduko izena da. Hezkuntza munduan onarpen eta pisu handiko intelektuala. Kritiko sakona eta zorrotza. Kritikatua ere bai. Sari asko jaso ditu bere lan profesionalagatik eta ekarpenengatik. Agian, gustukoena eta politena iaz jasotakoa: Aragoiko Gobernuak eman zion Hezkuntza Domina.

Aragoiko herrixka txiki batean jaioa, Teruelen ikasi zuen eta han jardun zen Lehen Hezkuntzako irakasle lanetan. Handik Zaragozara joan zen goi mailako ikasketak egitera. Madrilgo Unibertsitate Complutesean irakasle izan zen. Gero Salamancan, eta gaur egun Valentziako Unibertsitateko katedraduna da.

Hezkuntza Ministeritzan ere aritu zen. Ministeritzatik makropolitika kudeatzea ez zuen gustuko, ordea, eta ardura hura utzita gelara itzuli zen.

Liburu mordoska idatzi ditu eta ziur oraindik ere gehiago idatziko dituela.
 
 
Azkenaldian asko hitz egiten da kalitateaz. Zergatik hartu du horrelako gaurkotasuna?

Duela 10 urte ez zen erabiltzen. Orain modan jarri da, batez ere merkatuaren eta konpetentziaren teoriengatik, eta kontrolari eta aurrekontu publikoen gutxitzeari lotuta agertu da. Izan ere, eskolan diru gehiago gastatzeak hobekuntzarik ez dakarrela ikusi da, gastu gehiago eta inoiz betetzen ez den zaku beltza baizik.

Gustura ez gaudelako ere sortu da. Hezkuntza sistemak historikoki eta politikoki hitz emandakoa ez du bete, eta horrek kontent ez egotea ekarri du. Horri eskola uztea, eskola porrota, errepikapenak, absentismoa eta ikasleen asaldatzea gehitzen badiogu, egoera kezkagarria da. Eta horri kalitate falta esaten zaio gaur egun. Krisi sentsazio bat dago, hezkuntzan urteak daramatzagunontzat berria ez dena.



Hezkuntza sistema krisian dagoela esan nahi al duzu?

Ni kontziente naiz 60ko hamarkadaz geroztik hitz egiten dela krisiaz eta kalitate faltaz. 1969an idatzitako obra ospetsu bat badago, Hezkuntzaren krisi mundiala, eta bertan planteatzen den hipotesia hau da: hezkuntza sistemak ez direla betetzen ari uste zen funtzioak.

LOGSE ezarri zenean, eskuinak PSOE salatu zuen lege inozo bat eginez eskolatze urteak igo zituela eta kalitatea jaitsi esanez. Hori entzunda, norberak bere baldintza intelektualetan oinarrituta zentzuzko ariketa bat egiten badu zera pentsa dezake: nola da posible eskolatzea handituz kalitatea jaistea? Zer esan nahi du horrek, eskolara zenbat eta gehiago joan orduan eta kalitate gutxiago lortzen dela? Orduan, eskolatzea gutxituz kalitatea handituko al dugu?

Gertatzen dena da funtzionamendu normaleko eskemak ukitzen dituen edozein mugimendu kalitatearen defizit bezala ikusten dela.



Kalitateaz ari gara, baina denok gauza bera ulertzen al dugu kontzeptu horrekin?

Ez. Argot bat erabiltzen dugu, denok ulertzen duguna inork ulertzen ez duelako. Real Academia Española de la Lenguak honela dio: "calidad se refiere a aquellas condiciones propias de los sujetos por los cuales se puede decir que algo es mejor o peor que otra cosa". Hori bai dela ezer ez esateko modu dotorea! Hau da, "que el buen vino es vino bueno, que el Dios bueno es buen Dios, o que el alumno bueno es buen alumno" esatea bezala da; ezer ez esatea, alegia.

Kalitateaz hitz egitean denak ados daude, hain justu inor ez dagoelako ados bakoitzak ulertzen duenarekin. Gertatzen dena da kalitatearen adiera guztiek ez dutela neurri berean inposatzen, eragiten edo espekulatzen. Horregatik, nire ustez kalitatearen hizkuntza oso arriskutsua da, ez baitu zehazten zertaz ari den. Denak ados daude planteamenduan, baina gero inork ez du eztabaidatzen zer dagoen azpian. Nork ez du gaur egun ondo jan nahi kalitatezko janariekin? Denek. Orain, zer ulertzen da kalitatezko menutzat? Bakoitzak bere modura ikusten du.

Kalitateak nahastu egiten du, halabeharrez. Batzuentzat kalitatea denek hizkuntza klasikoak ikastea da. Oposizioko alderdiei entzuten diet eta, gobernuko alderdia edozein delarik ere, kalitatea emaitzak hobetzea da. Gobernuei entzuten diet, eta kalitatea inbertitu den dirua da. Mundu guztiak du kalitatea ahotan, baina ez dira ados jartzen.

Nik esan ohi dut, kalitatea dela eskuinak duen modu lotsagarria hitz egin behar duenaz ez hitz egiteko. Kalitatea erabiltzen du aukeraketa, zorroztasuna, ahalegina... erabili beharrean. Hemen gauzak bere lekuan jarri behar dira; aukeraketa denari aukeraketa deitu; aukeratzeko eta ebaluatzeko erabiltzen diren pauten funtzionamendu zorrotz eta drakoniarrari bere izenez deitu; eta ez bete ahoa kalitate hitzarekin.



Zuretzat zer da kalitatea hezkuntzan?

Nik, pedagogo bezala edo pedagogian afizionatu bezala, uste dut kalitatearen gaian prozesu pedagogikoen analisia dela funtsezko elementua. Uste dut hori dela kapitulu zentrala. Ez da horretaz asko hitz egiten, ez delako erraza horren barruan sartzea eta horretaz eztabaidatzea. Hala ere, Europako Batasuneko zenbait nazioarteko txostenetan hasi dira hezkuntza prozesuak aztertzen.

Lehendabizi proiektuen gaineko kalitateaz hitz egin beharko litzateke, narratibei eta filosofiei eman lehentasuna. Narratiba diodanean orientazio orokorrak eta ideologiak esan nahi dut. Hau da, kalitatea proiektuaren arabera epaitu behar da batez ere, funtsezko kriterioa da sistema batek nola funtzionatzen duen ikusteko. Gertatzen dena da horrek ez duela adierazlerik. Hots, nik daukadan filosofia kalitate adierazle bat da, baina ezin dut zenbatu edo adierazi.

Argi dago gizarte konplexu, moderno eta anitzean hezkuntza proiektuak askotarikoak direla, eta beraz, kalitatearen hautemateak ere hala izango dira. Zer da garrantzitsuagoa gure gazteentzat Lanbide Heziketaren alde lan egitea ala formazio orokorraren alde lan egitea? Zer da hobea akademizismo absurdu baten alde lan egitea (gaur egungo eskoletan duguna) ala hiritarren alde lan egitea? Hezkuntza proiektua orientatzen duen filosofia edo erretorika kalitatearen zati bat da. Horregatik, niri egokiagoa iruditzen zait orain ezarri nahi den proiektua, solidarioagoa, berdintzaileagoa eta kalitate moral gehiago duena. Ibilbide bereiziak eta errebalida dituen proiektuak ikaslea pekatari gisa tratatzen dute.



Europako Batasuneko zenbait txosten hezkuntza prozesuak aztertzen hasi direla aipatu duzu. Nolakoak dira prozesu horiek gaur egun?

Adibide bat jarriko dut. PISA txostenak horrelako galderak egiten ditu: "Matematikan zailtasunak baldin badituzu, zure irakasleen aldetik arreta indibidualizatua jasotzen al duzu?". Estatu espainiarreko laginaren % 48k soilik erantzun zuen baiezkoa. Ehuneko horrek OCDEko azken postuan jartzen gaitu. Beraz, zera ondorioztatzen dugu: ikuspegi pedagogikotik begiratuta, oso txarrak direla Matematikaren irakaskuntzan dauden prozesuak. Hizkuntza, artea, geografia, historia edo beste edozeinena egingo balitz, gauza bera gertatuko litzateke.

Prozesuen logikan eta etikan sartuko bagina, kalitatearen analisian sartuko ginateke, eta praktika hobetzeko neurriak hartu beharko genituzkeela ondorioztatuko genuke. Zeren, PISAk batez bestekoa 485 dugula esateak ez dit ezertarako balio, salbu Hong Kong baino okerrago eta Grezia baino hobeto gaudela esateko. Kontsolagarria da, baina ez da arazoak hobetzeko balio duen analisi bat. EAEko hezkuntza Galiziakoa baino hobea dela esateak ez du estatuko politikan eragiten eta ez du balio arazoak konpontzeko, tokatzen zaion sailburua argazkian hobeto edo okerrago ateratzeko baizik.



Kalitatearen gainean egiten diren neurketek ez dute baliorik, orduan?

Diagnostikatzen diren elementuak diagnostikatuta, sistemaren oso azaleko ezagutza lortzen da, eta ez du berau hobetzeko esku hartzeko aukerarik ematen. Zentzu horretan, errazena emaitzetan gelditzea da.

Baina emaitzak prozesu baten fruitu dira, eta prozesua bera zalantzan jartzen ez bada, emaitzek ez dute ezertarako balio.

Gainera, emaitzak zuzenak eta zeharkakoak izaten dira. Eta hezkuntza emaitza garrantzitsuenak epe luzekoak eta askotan zeharkakoak dira, neurtu ezin daitezkeenak. Esaterako, ezagutza erabiltzeko gaitasun kritikoa, hiritarren zentzu kritikoa, kolaborazioa, pertsona onak egitea eta abar epe luzera neurtzen dira, eta gainera, ez dakigu emaitza hezkuntzarena den edo ez.

Orduan, neurketa horiek eskaintzen dizkiguten adierazleak erabilita eta horien azpian zer dagoen ikusi gabe kalitateaz hitz egitea, hezkuntza sisteman gertatzen ari denaz funtsik gabeko ezagutza edukitzea esan nahi du.



Zein ikuspegitatik hitz egiten duzu zuk kalitateaz?

Zazpi alderdi aipatzen ditut nik kalitateaz ari naizenean: jakituria eta kultura; sozializazioa eta hiritarrak; garapen pertsonala; lanerako hezkuntza; informazioaren gizartea; kalitatea eta merkatua; eta ezagutza aditua.



Gaur egungo eskolak txarrak direla esango al zenuke?

Nik ez dut uste lehen baino txarragoak direnik. Ez dut uste gazteak lehen baino okerrago hezita daudenik. Gertatzen dena da baldarrak, bihurriak eta ezjakinak lehen baino gehiago ikusten direla gaur egun. Hau da, hezkuntza sistemak gehiago erretratatzen du errealitatea, kameraren objektiboaren enfokea handiago da orain. Ondorioz, sistematik at eta sistemaren barruan zegoen kalitate eza agerian gelditu da.



Krisia eta kalitate eza aipatu ditugu. Egoera horren ardurarik edo kezkarik ba al dago?

Sindikatuek ez dute kalitatearen inguruko eztabaidarik egiten. Berrikuntza pedagogikoko mugimenduetan 70eko eta 80ko hamarkadan izan ziren eztabaidak, baina gaur egun oso eragin txikia dute. Eta hezkuntza sistemaren funtzionamenduaren barruan ez dago kezkarik. Adibidez, unibertsitateko ikasketa planen eztabaidetan irakasle bakoitzari zenbat lan tokatzen zaion eztabaidatzen da, ez barruan gertatzen dena. Europako proiektuaren inguruan ikasle bakoitzak zenbat orri irakurri behar dituen eztabaidatzen da, baina ez da eztabaidatzen zer gertatzen ari den unibertsitatean eta zein diren erabiltzen diren metodo nagusiak. Lehen mailan hasten den ikasleen % 35-40k utzi egiten ditu ikasketak eta denek normaltzat jotzen dute, unibertsitatea selektiboa delapentsatuz. Inork ez du galdetzen zergatik ikaratzen den ikasle bat unibertsitatera iristean eta zergatik uzten duen.



Zein erantzukizun dute irakasleek hezkuntza sistemaren osasunean?

Azken urteetan ikasleak errudunak, ganberroak, ikasi nahi ez dutenak... direla zabaldu da, eta irakasleak biktimak direla. Hizkuntza hori azaleratu da. Irakaslea hezkuntza sistemaren funtsezko elementua da, baina bai sistema ona denean eta bai txarra denean. Beraz, egungo hezkuntza sistemaren kalitatea ez bada ona, irakasleek zerikusia izango dute. Daukagun egoeraren kolaboratzaile gara guztiok.

Nik uste dut autokritikatzen duen langileria behar dela. Lanboralak ez dien errebindikazioak ere onartzen dituzten sindikatuak behar ditugu. Eskakizunak denontzako kalitatean zentra daitezela, eta ez sistemaren erosotasunean. Hau da, lanbidearen etika eguneroko praktikan, politikan eta pedagogian sartu beharko genuke.



Zer esango zenuke irakasleen prestakuntzaz?

Lehen Hezkuntzako irakasleek bultzagarri kultural bat behar dute, eta Bigarren Hezkuntzakoek busti pedagogiko bat, bestela ez dugu hezkuntza hobetuko. OCDEko herrialdeko Lehen Hezkuntzako irakasleen artean, estatu espainiarrekoak dira formazio gutxien dutenak; besteen ikasketen batez bestekoa baino heren bat baxuagoa da. Memento honetan PSOEk 240 kreditura igo nahi zuen Lehen Hezkuntzako irakaslegaien formazioa unibertsitatean. Filtratu den paper batek dio Errektoreen Batzordeak 180an utzi duela berriro. Horrela ez goaz inora.

Herrialde honetan defizit kultural bat dago. Gazteen garapen ekonomikoak posible egiten du motor bat gidatu ahal izatea, baina ez dute zaratarik gabe gidatzeko hezkuntzarik. Botere ekonomikoa kulturala baino handiagoa denean, "hortera" indizea igo egiten da.



Zer iritzi duzu eskolan erakusten diren edukiei buruz?

Nik aita bezala sufritu egin dut egungo pedagogiarekin. Eskolako edukietan dagoen zentzugabekaria hain da izugarria, non hobe baiten horietaz ez hitz egitea. Gaur egun dibulgazio zientifikoa erakargarria da, baina eskolako zientziek formulazio huts izaten jarraitzen dute. Gaur egun hizkuntzen ikasketa teknologia berriekin aurreratu den heinean, eskolan itzulpenak eta hiztegiak erabiltzen dira oraindik. Nire alaba berokiarekin baino ez zen joaten neguan ingeleseko akademiara. Eskolara, berriz, arkatza, ezabagoma, koadernoa, testu liburua, hiztegia... eramaten zituen. Akademian ikasi zuen, noski.

Horrez gain, gaur egungo antolaketa, 'ikasgai bat = ordu bat= irakasle desberdin bat' eskema taylorizazio burugabebat da eta izugarrizko gora beherak sortzen ditu. Laborategiko saio bat ezin da ordubetean eman. Aipatutako eskemarekin batez besteko erritmora egokitzen direnak bakarrik ateratzen dira ondo. Azkarragoak direnek denbora galtzen dute besteek baino lehenago bukatzen dutelako, eta mantsoagoak direnek etxean bukatu behar dute egitekoa. Horrek diskriminazioa dakar, etxean denek ez dituztelako baliabide berdinak.



Edukiez gain, eduki horiek irakasteko modua ere ez da egokia, orduan, zure ustez.

Begira, ni ez naiz gogoratzen aljebraz, baina badakit triangelu baten hipotesuna kalkulatzen makil baten itzala, kanpandorrearen altuera edo eraikin baten itzala kalkulatuz. Sinoaz eta kosenuaz ahaztu naiz, baina inoiz ez dut ahaztuko nola kalkulatu zen munduko meridianoaren luzera Eratostenesen adibidearen bitartez (hesola bat jarri zuen Sienan eta beste bat Alejandrian, eta bien arteko angulu diferentzia ikusita distantzia kalkulatu zuen). Jendeari galdetzen badiozu zergatik den esnearen tetra-brika laukia edo zergatik aukeratu duten erleek hexagonoa, ez daki. Jendeak ez ditu planteatzen eguneroko bizitzako problema matematikoak. Haur espainiarren % 30 inguruk 14 urterekin ez daki Europako Batasuneko moneta sistema erabiltzen. Nola liteke hori? Gela batean euroak maneiatzen hastea eta arbeletik ateratzea... uf! Gehiegizkoa da!

Baina matematikaren zentzua arazorik gabe alda daiteke. Horrek, noski, unibertsitateko sistema osoaren mutazioa eskatzen du, eta baita berrikuntzeei laguntzeko sistema kurrikulurra ere, zeina gobernuek ez duten batere bultzatzen.

Nik uste dut edukien aldaketa ezinbesteko baldintza dela hezkuntza sistema aldatzeko. Egia da bizitzan gauza batzuk ezinbestean ikasi behar direla, baina modu askotara eta gustura ikas daitezke. Gauzak gustura eta gogoz kontra ikas daitezke, eta ikasketak ez du zertan gogoz kontrakoa izan behar behar. Ikasleek gustura ikasi ohi dute, eta adinean aurrera egin ahala motibazioa jaitsi egiten da. Zergatik? Ikasteko moduagatik.



Ikasle guztiek ez dute erritmo eta gaitasun bera. Horri aurre egiteko eskola inklusiboa, aniztasuna... aipatzen dira. Zer behar da zure ustez?

Herrialde honetan daukagun arazoa kultura pedagogiko falta da erritmo askotarikoak, eskola askotarikoak, erritmo anitzeko talde heterogeneoak eta abar edukitzeko. Matematikako ordu bat ez da egokia ikasleen gaitasun aniztasuna lantzeko. Aldiz, goiz osoa matematikari eskainiz gero, irakasleak taldeak egin ditzake ikasleen erritmoen eta beharren arabera.

Bide askotariko autobidea behar dugu denek aurrera jarrai dezaten; batzuek azkarrago eta beste batzuk mantsoago, baina inori bere bidea izorratu gabe. Onak, bikainak, azkarrak ez du markatu behar mantsoaren, baldarraren edo gainditu ez duenaren erritmoa. Haatik, gainditu ez duenak, mantsoak, pobreak, baldarrak ere ez du markatu behar gaitasuna duenaren erritmoa. Justiziaren zentzuak inplikatu behar du minimoak eskaintzea gutxien ahal duenari, baina maximoak zaildu gabe gehien ahal duenari.

Autopista hori egiteak erabateko aldaketa dakar hezkuntza sisteman. Maila anitzeko irakaskuntza deituko litzaioke. Orain arte ez dugu lortu injustiziarik gabeko modu koherenterik. Eskuinak itxuraz ibilbide berdintzaileak ezarriz konpondu du arazoa, baina sakonean desberdintzaileak dira. Ibilbideak ez dira ibilbideak, sakontasun desberdineko tunelak baizik: batzuk lur azpitik joaten dira, beste batzuk zerutik, eta beste batzuk lur gainetik.



Teknologia Berrien erabilpena zer da, ona ala txarra eskolarentzat?

Erabiltzen dakitenentzat onak izango dira, eta erabiltzen ez dakitenentzat alferrikakoak. Teknologia Berriek ezaugarri bat dute: baldintza intelektualaren jarraipena direla. Hizkuntza bat menperatzen duenarentzat hobeak dira. Ezagutza menperatzen duenarentzat hobeak dira. Ingelesa menperatzen duenarentzat hobeak dira. Hori dena menperatzen ez duenarentzat, existituko ez balira bezala.

Nire iritziz, asko hobetuko dute hezkuntza erabiltzen baldin badakigu. Okerrena da gizarte hau azkarrentzat dela, eta azkarrak soilik baliatzen direla azkartasunez. Horregatik, Teknologia Berriak desberdintasun soziala ikaragarri handitzen ari dira.

Bestalde, eskolan interesgarriak iruditzen zaizkit dena azpikoz gora jartzen dutelako. Internetek ez du edukia ikasgaitan banatzen. Imajinatzen al duzue eskolarentzat nolako deskalabrua den Google-k edukiak ikasgaika banatuta ez ematea? Internet eguneko 24 ordutan kontsulta daiteke, ez irakasleak n. orrialdea ireki esaten duenean soilik. Internetek ez du iraintzen edo ez du zerorik jartzen. Internet udan zein neguan kontsulta daiteke. Internet zuhaitz baten azpian edo mendi puntan kontsulta daiteke. Azken finean, Internetek irakaskuntza-ikaskuntzaren leku fisikoa aldatu egiten du.

Halere, argi ibili behar da; Internetek txorakeria asko esateko aukera ematen du, eta aukeratzeko kriteriorik ez duena ito egin daiteke. Internetek ez ditu bereizten ergelkeria eta jakituria. Eta jakituria eduki behar da zer den ergelkeria eta zer den sanoa bereizteko. Hori izango da arazo berria: aukeratzeko kriterioak edukitzea, ez dadin izan Google guregatik aukeratzen duena.

Labanari boterea ematen diona erabiltzailea da, eta teknologia berriekin gauza bera gertatzen da. Nork ematen dio erabilpena teknologiari? Erabiltzaileak. Eta zerk ematen du erabiltzeko gaitasuna? Kulturak.

Horrez gain, beste gai garrantzitsu bat dago: teknologia berrien iraungitze data dela-eta, ez da bideragarria izango hezkuntza sisteman ezartzea. Etengabe aldatzen dira eta berehala zaharkitu. Beraz, azkeneko herriko azken eskola informatizatzen dutenerako, lehenengoa zaharkitua egongo da.



LOCEren ondoren, orain PSOE gobernuan egonik eta hezkuntza sistemaren egoera ikusirik, posible ikusten al duzu itun sozial zabal bat?

Ez. Batetik Elizaren eskakizunak daude erlijioa ikasgai ebaluatua izan dadin; bestetik aukeratzeko askatasuna eskatzen da sutsuki; eta azkenik, ibilbide selektiboak. Oso urrun dauden ideiak dira, eta oso zaila ikusten dut adostasun bat lortzea.

Adostasuna lortzeko, lehendabizi hezkuntzaren inguruko eztabaida bat behar dela adostu behar da, Frantzian bezala (nahiz eta badirudien irtenbidea oso eztabaidatua izaten ari dela). Eztabaida handi bat behar da, eta hori abiatzeko arazoetan ados egon behar dugu. Ez dezagun erabili diagnostikoa elkarri erasotzeko, alderdi politikoek egiten duten bezala. Ituna oso zaila ikusten dut eskuineko alderdi politikoak daukan esplikazio sistema baldin badauka (datuak eta egia ezkutatuz) eta gobernuan dagoen ezkerrak hain anbizio txikia baldin badauka.