TEDESCHI, Maddalena; PICCININI, Sandra:

2005-04-01

Herriak berezitasunen batengatik bihurtzen diren ezagun munduan zehar. Ospetsuak dira Gernikako piperrak, Portugaleteko zubi zintzilikaria, Lantzeko inauteriak, Idiazabalgo gazta... Bada, Italiako Reggio Emilia herrian bertako udal haur eskolak dira famatuak.

Herri osoa inplikatzea lortu duen proiektua orain dela 31 urte sortu zen, eta erreferentzia bilakatu da munduan zehar. Leku askotatik joaten da jendea Reggio Emiliako esperientzia bertatik bertara ezagutzera. Alderantziz ere gertatzen da; hango pedagogoak eta arduradunak ere ateratzen dira kanpora. Azken bidaia Euskal Herrira egin dute. Sandra Piccinini Reggio Emilia Instituzioko lehendakaria eta Maddalena Tedeschi pedagogoa gure artean izan ditugu, elkarrekin Hik Hasi jardunaldietan.

Italiarrek berezko duten graziarekin eta umorearekin aritu dira 300 lagunen aurrean azalpenak ematen eta Reggio Emiliako esperientziaren nondik norakoak azaltzen. Argi gelditu da oinak lurrean dituztela, eta ez direla ideia teorikoetan galduta gelditzen. Egunero-egunero daude haurrak, familiak, hezitzaileak, garbitzaileak eta sukaldariak elkarrekin eta hor sortzen dira elkarrizketa eta elkarbizitza.

 
 

Nola irudikatu behar ditugu Reggio Emilia herria eta bertako udal haur eskolak?

Sandra.- Biak bat eginda. Reggio Emiliako ezaugarri nagusietako bat eskolek hiriarekin duten lotura indartsua da. Haur eskolak udal haur eskolak dira, herrikoiak. Hiria harro dago bere haur eskolekin, eta hori zerbaitegatik da.

Maddalena.- Gure proiektu pedagogikoaren giltzarrietako bat haurren, hezitzaileen, gurasoen, komunitatearen eta hiriaren arteko elkarrizketa da. Hori da oinarririk funtsezkoena ibilbide osoan zehar.

Eskolak sortu ziren unetik beretik egin dira ikusgarri hiriarentzat. Hau da, gure proiektu pedagogikoa ez da eskola barruan giltzapeturik gelditu. Eskolak kanporantz zabaldu nahi ziren hiriari eskolak zer diren erakusteko. Eta baita haurrei eskolatik ateratzen laguntzeko ere. Hirira joan eta beren pentsamendua eta kultura ezagutzera ematea izan da xedetako bat. Beste modu batera esanda, haurtzaroa ikusgarri bihurtzea eta haren trebeziak eta haurrak dauzkan eskubideak bultzatzea izan da abiapuntua.

Udal haur eskolak izanik, udalari lotuta daude. Zentzu horretan, udal gobernu aldaketak proiektua aldatu izan al du? Politikoen joerak nabaritu al dira?

Sandra.- Udaleko politikak badu zerikusia. Udaletxean beti ezkerra egon da, II. Mundu Gerraz geroztik. 1995ean zentro-ezkerra jarri zen, katolikoak eta ezkerrekoak. Horrek ez zuen ekarri, ordea, inolako aldaketarik udalak haur eskolen gainean zuen jarrerari dagokionez. Orain zentro-ezkerrak jarraitzen du boterean, baina alkatea zentrokoa da, ez ezkerrekoa.

Aldaketa horien aurrean eskolak batzuetan beldurtu egiten dira, udalaren interesa jaits litekeela pentsatzen dutelako. Eta zenbait mementotan hori pentsatzeko arrazoia egon da. Malaguzzi bizirik zela ere une zailak egon ziren. 90eko hamarkadaren hasieran ezkerra zegoen alkatetzan eta eskolak estatalizatzeko saiakera bat egon zen, diru asko kostatzen zirelako.

Arazoa da zenbateko arreta lortzen den udal gobernuaren aldetik. Hori beti maila altuan eduki beharreko tentsioa da, bai udalarekin, bai familiekin eta bai hiriarekin. Familiak baldin badira eskola defendatzen duten lehenengoak, oso zaila da udal administrazioa hiritarren aurka joatea. Hori izan da gure indarra eta gure eskolak defendatzeko modua.

Bestalde, udal haur eskolak Reggio Emilia Instituzioaren barruan daude eta horrek ere berme bat ematen du.

Zer da Reggio Emilia Instituzioa eta zein da bere funtzioa?

Udalaren barruan dagoen instituzio bat da eta 0-6 urteko udal haur eskola guztiak bere baitan biltzen ditu. Udaletik eratorri arren, erakunde autonomoa da. Udaletik jasotzen duen dirua berak kudeatzen du eta administrazio kontseilu bat dauka.

Instituzioak udalari diru eskaera edo proposamen bat egiten al dio ala udalak erabakitzen du zenbat eman?

Udalak aurrekontu finko bat ematen digu. 19 milioi euro ematen dizkio udalak instituzioari urtean (udalaren aurrekontu orokorraren % 17 inguru). Instituzioak 25 milioi euroko aurrekontua du. Beraz, horrekin iristen ez dena beste iturri batzuetatik lortu behar izaten du: familiak, instituzio probintzialak eta eskualdekoak, estatua, eskumen pribatuak... eta Reggio Children fundazioa. Elkarte publiko-pribatu gisako bat da, arlo pribatuan lan egiten duena, baina ateratzen duen dirua haur eskoletan inbertitzen duena. Liburuak eta materialak salduz, ikastaroak antolatuz eta abar ateratzen du dirua.

Ez al duzue pribatizatzeko arriskurik ikusten?

Ez, instituzio publikoa garelako, oso garbi daukagulako publikoak garela eta herritarren babesa daukagulako.

Nola dago antolatuta 0-6 etapa lege aldetik?

0-3 etaparen kasuan ez dago lege estatalik, eskualdekoak baino ez. Beraz, Italia osoan egoera desberdina da, eskualdearen arabera aldatu egiten da. Estatuak ez du diru laguntzarik ematen haur eskolak sortzeko. Salbuespena enpresekin egiten du: bere langileen haurrentzat 0-3 haur eskola eskaintzen baldin badute, dirua jasotzen dute estatutik.

Gainontzean, udaleko 0-3 sare publikoaren barruan eskolak kudeatzeko modu asko daude. Reggio Emilian zuzenean udalak kudeatzen dituen 13 haur eskola daude eta beste 10 kooperatibak dira. Horiek denak Instituzioaren barruan daude.

3-6 urteko haur eskolei dagokienez, legeak hala dio: eskola ez da derrigorrezkoa, baina doakoa da. Kasu horretan, eskola estatalak eta ez estatalak daude, baina bien artean parekotasuna dago baldintza batzuk betetzen baldin badira: konstituzioa onartzea, proiektu pedagogiko bat aurkeztea eta esperientzia duzunaren frogagiria. Baldintza horiek betez gero, estatalek adina diru jasotzen dute ez estatalek. Gero, udalek garraioa, jangela... ordaintzen dituzte.

Familiek zenbateko kuotak ordaintzen dituzte?

0-3 etapan, lege estatalik ez dagoenez, dena udalek eta familiek ordaintzen dute. Bost prezio daude: 90-400 euro artean hilean, eta errenta aitorpenaren arabera ordaintzen dute familiek. Batez bestekoa 300-310 euro da.

3-6 etapan gehienez 180-200 euro artean ordaintzen dute eta prezioa finkoa da, ez errentaren araberakoa. Dena dela, zailtasunak dituztenek erdia ordaintzen dute.

Kexurik izan al duzue kuotak altuak direlako?

Ez, kuotagatik ez. Beharbada altuak izango dira kasu batzuetan, baina ez dugu erresistentzia handirik topatu. Zerbitzurik ez baldin badago kexatzen dira, ez diruagatik. Kalitatezko zerbitzuak eskaintzen baldin badira, nolabaiteko itun bat egiten da hiritarrekin.

Sandrarekin haur eskolei kanpotik begiratu ondoren, zurekin barrura sartuko gara, Maddalena. Nolakoak dira udal haur eskolak?

Maddalena.- Eskola guztiek dute sarrera handi bat eta helburua harrera egitea da. Sarreran bertan ikusten da eskolen nortasuna.

Gero erdiko plaza bat egoten da haurren eta helduen topagunerako. Leku zabala, abegitsua, eskolaren bihotza. Familiak ere bertan elkartu ohi dira eskola orduz kanpo elkarrekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko.

Eskola ataletan banatzen da, hau da, gelatan. Atal bakoitzak hiru zati ditu: erdigunea jolaserako, beste zati bat talde txikitan lan egiteko, eta hirugarrena tailerra. Honek horma gardenak ditu. Horrela, haurrek ekintza eta egoera desberdinak ikusteko aukera dute. Eskola berrietan atal bakoitzak atsederako lekutxo bat du. Hor haur talde txikiak biltzen dira une lasaiak pasatzeko hezitzaileekin.

Lorategia ere izaten dute eskolek, erdian, eta argitasuna ematen dute.

Sukaldea eta jantokia ere toki garrantzitsuak dira. Bazkariak eta askariak bertan egiten dira. Nolabaiteko laborategitzat hartzen dira, familiei sukaldaritza lantzeko aukera ematen baitzaie.

Helduentzako lanerako espazioak ere badaude: dokumentazioa egiteko, prestakuntzarako, artxiboa edukitzeko eta erabiltzeko...

Gutxi gorabehera 800-1.300 m2 artekoak izaten dira.

Pedagogiaren eta arkitekturaren arteko erlazioari garrantzi handia ematen diogu. Esperientzia pedagogiko on batek harreman ona behar du arkitekturarekin, eta beraz, ingurunearekin.

Non dago zuen esperientzia praktikoaren abiapuntua? Zein da zuen oinarri teorikoa?

Reggio Emiliako udal haur eskolen proiektua hainbat oinarri teorikotan sostengaturik dago, eta horregatik, oso esperientzia konplexua da.

Lehendabizi, gogoeta filosofiko-pedagogiko bat dago: pentsatzea edozein pertsona jaiotzen dela adimentsu, eta beraz, edozein pertsona dela subjektu adimentsu eta ikasteko ahalmen handiak dituena.

Horrez gain, pertsona guztiak, jaiotzen diren unetik beretik, harremanetan jartzen dira besteekin, inguruan daukaten munduarekin, baina oso modu aktiboan eta eraikitzailean. Topaketa eta elkarrizketa horiek oso-oso garrantzitsuak dira guretzat. Gutako bakoitzak besteari segur aski modurik onenean begiratzen dio. Horregatik, gutako bakoitzak bestearengan halako begirada baikor bat jartzen du. Hori guretzat funtsezkoa da, alegia, halako energia bat, potentzialitate bat dago, kognitiboa eta emotiboa dena aldi berean, eta beste pertsonari balioa ematen diona. Eta hori guretzat funtsezkoa da.

Malaguzzik hala zioen: gutako bakoitza oso loturik dago bizitzarekiko, gutako bakoitzak elkarrekintzarako potentzialitate handia dauka bizitzaren aurrean, eta prozesu hori egoerarik txikienetik abiatzen da. Horregatik, bi haurren arteko edo talde handi baten arteko harremana ikusten dugunean, hasierako pentsamendua berdina da bietan.

Nola begiratzen diozue haurrari? Nola lantzen duzue potentzialitate hori?

Haurrari begiratzen diogunean aintzat hartzen dugu ez dela zaindu beharreko pertsona bat, baizik eta etengabe bilaketan dabilena, jakin-mina duena, aktiboa dena, ahalmen handiak dituena. Haurrek jakin egin nahi dute, ikusi egin nahi dute. Eta noski, haurraren irudikapen horrek eskola mota bat behar du: eskola adimentsua, eskola ahalmentsua, trebea.

0-3 urteko haurrekin ikusten dugu nortasun subjektiboa eraikitzeko besteen beharra dutela. Hazteko eta beraien ideiak heltzeko besteekin harremanetan jarri behar dute.

Eztabaidatzea funtsezkoa da Reggio Emiliako eskoletan.

Bai, ezinbestekoa, esango nuke. Gauza guztietaz eztabaidatzen da. Eta horrekin batera, entzun, noski. Garrantzitsua da ikuspegi positibotik entzutea besteek esaten dutena, inolako epairik egin gabe besteei buruz. Eztabaidatzen dutenean, norberarena ez den beste ikuspegi bat bilatzen saiatzen dira; horretarako eztabaidatzen dute, beste ikuspegi bat ezagutzeko. Ez dugu bestea konbentzitu behar, baizik eta hark esaten duena eta nirearengandik desberdina den ikuspegia ulertu behar ditugu. Ariketa dialektikoa da, tesien aurrez aurreko ariketa bat. Bestearen ikuspegia ezagutu eta guk hari buruz uste genuena berrantolatzea.

Gure eskoletan denek eztabaidatzen dute: haurrek haurrekin, haurrek helduekin, helduek helduekin... Malaguzziren esperimentu filosofikoaren eta psikologikoaren ezaugarri garrantzitsu bat da eztabaida kognitiboa, pentsamenduarena. Ideien eta kontzeptuen eztabaida aberatsean sinesten zuen.

Zergatik da hain garrantzitsua eztabaidatzea?

Ni pedagogo lana egiten ari nintzen 0-3 haur eskola batean sartu zen Malaguzzi eta oso gustura gelditu zen giroarekin, harremanekin... Gero 3-6 urtekoen haur eskola batean sartu ginen eta ez zituen bost minutu ere egin. 'Zuk eztabaidatzen al duzu hezitzaileekin? Eztabaidarazten al diezu?' galdetu zidan. Hori zen bere kezka.

Zuk zerbait esplikatu behar baduzu, zure pentsamendua antolatu behar duzu, eta hori egitean lan intelektual eta kognitibo bat egiten ari zara. Nik ahalegin hori egiten badut nire buruarekin, zuk zurearekin eta gero biok mintzatzen bagara, biderkatu egiten den efektua lortzen da.

Eskola batean hori gertatzen ez bada, ez bada eztabaidatzen, hezitzaileak utzikerian erorita daudelako da, ez zaielako axola, ez dutelako eztabaidatzen.

Eztabaidatzeak ezaugarri genetiko bat sorrarazten dizu barruan: jakin-mina, egonezina... badirudi inoiz ez zarela helmugara iristen eta beti ibili egin behar duzula. Gauzak beste modu batera ikustera iritsi behar duzu. Zure balio eta sinesmen propioak zalantzan jar daitezela. Galderaren, zalantzaren kultura. Hori da egungo filosofiaren oinarrietako bat.

Programa zehatzak egiteko partez, proiektuak edo esperientziak eramaten dituzue aurrera. Adibide bat jarriko al diguzu?

5 urteko haurrekin egindako proiektu bat azalduko dizuet urratsez urrats:

Bat) Beti arazoak planteatzen ditugu egoera, testuinguru edo esperientzia modura, eta haur bakoitzak bere ikuspegia ematen du. Hori normalean helduek egiten dute, baina gurean haurrek ere bai. Adibide honetan, hezitzaileak erronka edo esperientzia berri bat planteatzen die: Erromako zubi bat egin behar dute. Ataleko haur guztiek (26 dira) hezitzailearekin batera eztabaidatzen dute: zer da Erromako zubia, non sortzen da, noiz ikusten da... Haur bakoitza Erromako zubia zer den ulertzen saiatzen da. Gero, eskua altxa eta bakoitzak bere ikuspegia azaltzen du, bakoitzak Erromako zubiari buruz dakiena komentatzen du. Beraz, guztiek daukate ezagutza. Helduek badakite haurrek badakitela, eta haurrek badakite helduak adi daudela. Beraz, entzutearen pedagogia hor dago.

Bi) Esperientzia hasten da. Hezitzaileak esaten die: 'gauza asko esan dituzue Erromako zubiari buruz eta horrekin guztiarekin Erromako zubi bat egiten saiatzeko eskatzen dizuet'. Bide horretan, hezitzaileak galderak egiten dizkie haurrek ezagutza berria sor dezaten. Kasu honetan, haurrei behar diren osagaiak ematen dizkie. 'Zuen ustez, posible al da gauza hauekin Erromako zubia egitea?' galdetzen die. Galderak inoiz ez dira alferrikakoak izaten, laguntzeko izaten dira, baliodunak. Helduak haurrei konfiantza eman behar die, lortuko dutenaren lasaitasuna eman behar die. Galderek ezin dituzte haurrak engainatu, traizionatu. Alderantziz, ezagutza azpimarratu eta Erromako zubia lortzen lagundu behar die. Galde-erantzunekin teoria guztiak errepasatzen dituzte eta talde guztiaren oroimena lantzen dute.

Hiru) Haurren talde handitik saioa egin behar duen talde txikira pasatzen dira. Haurrek probatu egiten dute. Denbora ematen zaie probatzeko eta berriz probatzeko. Horrela, beraien pentsamenduak esperientziarekin harremanetan jartzen dituzte. Haur guztien pentsamenduak dira baliagarriak. Batek esandakoa probatzen dute, gero besteak esandakoa... Saioak egiten dituzte.

Lau) Azkenik, esperientzia egin, burutu, egiaztatu eta faltsifikatu ondoren, esperientzia horren puntu garrantzitsuenak hartzen dituzte eta zer egin duten kontatzen dute. Dokumentazio lana izango litzateke.

Esperientziei helbururik jartzen al diezue?

Gure esperientzien barruan badira helburuak, baina ez dira helburu kurrikular itxiak edo zurrunak, baizik eta ikasketa pedagogikoko helburuak. Haurraren 100 hizkuntzen teoriarekin lotuta daudenak dira, eta beraz, argi dago askatasun handia dagoela, baina baita erantzukizun handia ere hezitzailearen aldetik. Izan ere, esperientzia arlo eta hizkera anitzetan eta ikasketa askori begira planteatu behar da.

Parte-hartzea ere funtsezkoa da zuen eskoletan. Nola lortzen da denek parte hartzea?

Malaguzzirentzat parte hartzea zen kudeaketa soziala, partaidetza demokratikoa, erantzukizun partekatua eta arazoetan sakontzea biltzen dituen forma eratzailea eta kulturala. Eta hori dena familien, langileen, administrazioen eta politikoen ideiak batuta.

Gure eskoletan urrun ez dagoen zerbaiten zati izatearen sentimendua dago. Zerbaiten kide izatearen emozioa edo pasioa.

Denek eztabaidatzen dute proiektu pedagogikoari buruz: familiek, haurrek, hezitzaileek, pedagogoek, sukaldariek, garbitzaileek... Eztabaidatu eta akordiotara iristen dira proiektu pedagogikoa aldatzen joan dadin. Izan ere, balioak aldatu egiten dira familiak eta haurrak aldatu ahala, eta hori egokitzen joan behar da. Familiek dokumentazioa irakur dezakete, hezitzaileekin hitz egin, haurrekin hitz egin... Bilerak familiei ondo datorkien orduan egiten dira, haurrak oheratuta daudenean eta afaldu ondoren (iluntzeko 9:00etan).

Gure ustez beharrezkoa da familiarekin egoteko denbora hartzea. Oso baliotsua da arratsaldean familiarekin elkartzea haurrak egindakoaz hitz egiteko eta dokumentazio guztia erakusteko: irudiak, oharrak... Haurrek egindako guztia erakusten zaie eta komentatu egiten da. Familiarekin interpretatzen da.

Hezitzaileek zenbat denbora dute prestatzeko?

Haurrekin egoten diren denboraz aparte, gogoeta egiteko denbora daukate. Oharrak, gogoetak, pentsamenduak... antolatzen dira eta agenda egin. Zer da agenda? Eskolako atal bakoitzaren kanpoaldean dokumentazioa egoten da haurrek egunean zehar egin dutena jartzeko, eta astean zehar halako narrazio txiki bat egiten da. Familiek hori irakurtzeko aukera dute.

Hezitzaileek egiten duten lanari buruz hitz egiteko premia daukate, eta hori egiten dute sukaldariekin, garbitzaileekin, pedagogoarekin... Haurrekin egoteaz gain, astean zehar beste bi ordu eta erdi dituzte gogoeta eta dokumentazioa egiteko eta egindako esperientziara itzultzeko. Normalean hezitzaile bakoitzak astean goiz bat hartzen du horretarako, eta urtean zehar beste ordu batzuk eguneratzeak egiteko. Hezitzaileek beraiek aukeratzen dute noiz, zer eta zertarako egin eskolako gauzetan sakontzeko.

Zein da pedagogoen lana?

Pedagogo bakoitzak haur eskola batzuk ditu bere ardurapean. Astean behin pedagogo guztiak biltzen dira bilera batean, batez ere proiektuan kalitateari buruz eztabaidatzeko edo teoriari buruzko edo sakontze teknikoak egiteko. Baita ere eskola bakoitzaren bizitzari buruzko informazioa elkarri pasatzeko: dauden arazoak, ekimenak...

Beste zenbait unetan sakontze teorikoak egiten ditugu gai bereziei buruz. Pedagogo bakoitzak gai berezi batzuk landu eta sakontzen ditu, materiala bildu, pertsona adituekin egon... Horrek gai espezifikoei buruzko ikuspegi berriak izateko aukera ematen digu.

Lan hori prestakuntzaren esparruan egiten da, lankideekin eta beste pedagogoekin harremanetan egonez. Baina, bereziki, eskolekin harremanetan egonez. Zeren, prestakuntza batez ere ekintza konkretuei buruzko gogoeta eginez lortu behar dela pentsatzen dugu. Teorietan eta azterketetan oinarritzen diren gogoeta pedagogikoak baino nahiago dugu esperientzia praktikoa. Eguneroko behaketaz baliatzen gara teoriak eta interpretazioak ateratzeko. Gero, gure teoria horiek beste filosofo, psikologo eta diziplina anitzeko adituekin konparatzen eta lantzen ditugu.

Zer gertatzen da 6 urtetik aurrera? Jarraipenik ba al dago?

6 urtetik aurrera eskola estatalak daude Italian. Eta hor elkartzen dira gure eskolako haurrak, haur eskola estatalekoak, haur eskola erlijiosoetakoak eta eskolatu gabekoak. Derrigorrezko eskolak denak homogeneizatzeko ahaleginak egiten ditu; irakaskuntza bakarra emanez beraien ikasketak bateratzen saiatzen da. Hala ere, ez da gai haur guztiak berdin tratatzeko, gero eta desberdinagoak baitira haurrak. Lehen ere desberdinak ziren, baina orain gehiago nabaritzen da. Gure eskolako haurren % 10 inguru beste herrialde batetik etorritako familietakoa da, ohitura eta kultura desberdinekin.

Horregatik, derrigorrezko eskolari esperientzia berriak egitea interesatzen zaio, beste esperientzia batekin eta haurrek dituzten desberdintasunak kontuan hartuz.

Bide horretan bi esperientzia berri hasi ditugu. Bata, haur eskolen eta oinarrizko eskolen arteko jarraikortasun proiektua. Haur eskoletako taileristak derrigorrezko eskola batzuetara joaten dira astean bi egunez, eta astean behin gure pedagogoek eta lantoki arduradunek gaurkotze lan bat egiten dute oinarrizko eskolako irakasleekin. Oraindik esperientzia berria da, irailean hasitakoa, baina interesgarria dirudi eskolak nola antolatuta dauden eztabaidatzeko.

Bigarren proiektua irakasleen prestakuntzari buruzko eztabaida da. Esperientziaren eta ikasketaren arteko loturan sakontzen ari gara ikusiz teoria, praktika, haurrek egiten dituzten esperientziak eta horren inguruko kontzeptualizazioa. Horren inguruko dokumentazioa prestatzen ari gara.

Zuek haurraren heltze prozesuaren erritmoa errespetatzen duzue. Baina derrigorrezko eskolan, beste haurrekin homogeneizatuko direla jakinda, ez al duzue irakurketa-idazketa lantzeko presiorik sentitzen?

Guk uste dugu derrigorrezko eskolak haurrari kode formalak eraikitzen laguntzen diola. Horregatik, derrigorrezko eskolak irakurketa eta idazketa "zuzena" irakasten du. Denok ezagutzen ditugun hizkuntzaren kode idatzia, alfabetoa, zenbakiak... derrigorrezko eskolaren lana dela pentsatzen dugu.

Haur eskolak planteatzen dituen helburuak bestelakoak dira: haurrari kodeen ezagutza erraztea, eta ez idazten jakitea, edo hitz bat nola irakurri, edo zenbatzen jakin. Hori ez da haur eskolaren helburua. Baizik eta haurrek horretaz egiten dituzten galderak entzutea. Zeren haurrak oso azkar hasten dira kodeei buruzko galderak egiten. Oso zaila da haurrek jakin-minik ez agertzea aukera horiei buruz.

Orduan, kontua da zein estrategia eta material erabiltzen diren kode horiek ezagutzeko. Adibidez, harritxoak kontatuz edo antolatuz, posta txokoan mezuak aurkituz, ordenagailua erabiliz... Haur bakoitzak topatu behar du bere hurbilketa modua ezagutzara iristeko. Horregatik, ezagutza ez da nozioen batuketa hutsa, baizik eta topaketa berezi bat halako arazo batekin, lantzen eta bilakatzen den arazo batekin eta ezagutza ematen duena.

Hori da kontua. Errealitatean, gure haur eskoletatik ateratzen diren haur batzuek badakite idazten, eta beste batzuek ez. Baina denek planteatzen dute arazo hori eta jakin-mina daukate, eta horrek lagunduko die derrigorrezko eskolara idazten eta irakurtzen ikasteko gogoz joaten. Hau da, motibatuta daude horiekin topatzeko, eta hori da guk daukagun helburua.