099: Anjeles Iztueta, lau urtez EAEko Hezkuntza sailburu

2005-06-01
Laburbilduz, zera esan liteke: Euskal Herriak ez duela bere Hezkuntza Sistemarik, baina bere eskola propioa garatzen urratsak eman dituela, eta bertako administrazioek hortan sinesten badute urrats handiak eman daitezkeela.
 
 
Anjeles Iztuetaren legealdia amaitzera doa. EAEko Hezkuntza Sailburutza hartu zuela lau urte igaro dira. Epe laburra izanda ere, bada baloratzeko nahikoa gai.

Anjeles Iztuetak lau urte horietan kritika ugari jaso ditu. Hezkuntza eragileen kritikak izan dira gehienak. Eta eragile horiek halako jarrera izateko, arrazoiak izango zituztela dudarik ez dago.

Dena den, bere lana ebaluatzeko orduan, guk ondorengo bi premisak hartu ditugu kontuan: 1) egindakoa aitortzea; 2) herri ikuspegitik aztertzea.

Hasiera haietan, bazirudien Anjeles Iztuetak sinesten zuela EAEk bazituela nahiko hezkuntza eskuduntza eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaz hitz egiten zuen etengabe, ideia hori jendartean txertatzen joan asmoz. Denboraz, estatuko edozein lege organikok EAEko hezkuntza erabat baldintzatzen duela ohartu da. Hala ere, ez da besoak gurutzatuta geratu; estatutuaren eskuduntzen ideia behin eta berriz aldarrikatu du, euskal herritarroi geure hezkuntza izatea dagokigula adieraziz.

Ildo horretan ikusi dugu Aznarren gobernuak ezarritako LOU edo Unibertsitate legearen aurrean Euskal Unibertsitate Legea egitean; LOCE edo Kalitate legea arbuiatzean; etorkinak eskolatzeko orduan eman beharreko tratamenduan, estatuko etorkinak beste etorkinen parean jartzean eta abar.

Europan egindako biltzarretan ere, Eskualdeen edota Herrien hezkuntza eskubideak defendatzen ikusi dugu. Eta hemen, Europaren dimentsioarekin batera, Euskal Herriko dimentsioa bultzatzen ahalegintzen ari da, euskal curriculumaren garapena babestuz eta EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko eragileen elkarlana sustatuz .

Herri ikuspegia izan du bitartekoak jarri eta euskaldundu ez diren irakasleekiko. Eta baita gaur egungo hizkuntz ereduen porrota argitaratzean ere; hau da, 16 urteko EAEko ikasleek lortzen duten euskara maila erakustean.

Hasieran esan bezala, Iztuetaren lanak kritika ugari jaso ditu. Horien artean 0-3 urtekoen eskolatze prozesua izan da kritikatuena. Nekazal giroko herri txikikoek, kritika eta guzti, ahalegina asko eskertu dute, baina eskola publikoetakoek erabateko desadostasuna agertu dute.

Laburbilduz, zera esan liteke: Euskal Herriak ez duela bere Hezkuntza Sistemarik, baina bere eskola propioa garatzen urratsak eman dituela, eta bertako administrazioek horretan sinesten badute, urrats handiak eman daitezkeela ikusten da. Bestalde, administrazioen jokaera zentralizatua aldatu egin behar da, hezkuntza demokratizatu egin behar da, eskola proiektuei eta eskola komunitateari erabakietan protagonismoa emanez.

Bukatzeko, eta legealdiko lau urteak aztertuta, Anjeles Iztueta EAEko Hezkuntza sailburuak Euskal Herria herri gisa kontuan hartu duela esan liteke. Eta gainera, ondorengo sailburuarentzat bidea ezarri duela esatera ausartuko ginateke.