Kronika

2005-06-01
 
 
Francoren garaian ikastola klandestinoetan lanean aritu ziren andereñoek ez zuten Gizarte Segurantzan kotizatu, eta orain arazoak dituzte erretiroa kobratzeko. 2003. urtean Eusko Jaurlaritzak kalte-ordaina eman zien 1968. urtera arte egindako lanagatik, baina geroztik sartu zirenek ez dute ezer kobratu oraindik.
EAJk Estatu espainiarreko parlamentuan lege proposamena aurkeztu du emakume horiek erretiro pentsio duina izan dezaten.
Lan egindako urte guztiak kotizatzerik izan ez zuten andereñoak 130 inguru izan daitezke. Dena dela, kopuru zehatza ezin daiteke jakin ziur. Emilio Olabarria EAJko Madrilgo parlamentariak azaldutakoaren arabera, lege proposamenak Estatu espainiarreko gobernuaren kontuetan ez du eragin handirik izango. Ekimenak balio ekonomikoa baino gehiago balio sinbolikoa duela azpimarratu zuen, urteetan zehar baldintza txarretan lanean jardun ziren eta ekarpen itzela egin zuten emakumeei euren lana duintasunez errekonozitzea.

Seaska berriz mobilizazioetan murrizketak salatzeko
Ikasturte hasieran bezala, bukaeran ere mobilizazioetan murgildurik dabiltza Seaskako partaideak. Datorren ikasturterako ikasle kopuruak gora egin badu ere, ordu kopuruekin ez da gauza bera gertatu. Frantziako Hezkuntza Ministerioak murrizketekin darrai, eta horrek arriskuan jartzen du murgiltze eredua.
Oro har, Seaskak 69 ikasle gehiago ukanen ditu 2005-06 ikasturtean, baina 20 ordu kenduko dizkio Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Azken bi urtetan 54 ikasle gehiago izan dira Lehen Mailan; haatik, irakasle postu gehiagorik ez da sortu. Ondorioz, legeak dioena baino ikasle gehiago pilatzen dira gelatan. Legearen arabera, gehienez 28 ikasle beharko lirateke gela batean, eta 6. urtekoen kasuan 24. Kanboko kolegioan 28 eta 29 ikasleko bi gela dituzte, eta Ziburuko eskolan 29 eta 30 ikasleko bi gela bosgarren urtekoekin. Beraz, ez da legeak eskatzen duena betetzen eta beste gela bat irekitzen. Seaskak apirilaren erdialdera igorri zion gutun bat Bordelako errektoreari hitzordua eskatuz, baina oraindik ez du erantzunik jaso.
Egunerokotasun horrek murgiltze ereduaren kalitatea arriskuan jartzen duela adierazi dute Seaskako arduradunek. Zeren ikastoletan sartzen diren ikasle gehienak frantses elebakarrak dira, eta horregatik da garrantzitsua gelatako ikasle kopurua mugatzea eta ikasketa prozesua ahalik eta ondoen garatzea.
Sortu berri den EEP Euskararen Erakunde Publikoarengandik ere ez dute deus jaso oraindik. Frantziako Hezkuntza Ministerioa, Kontseilu Nagusia eta Akitania dira bertako partaide. Max Brisson EEPko lehendakariak behin baino gehiagotan azpimarratu du hezkuntzaren lehentasuna, baina ekintzak ez dira ikusten. Borondatea ba omen dute, baina ahalik ez. Bitartekaritza lana egitera mugatzen dira, baina fruiturik eman gabe.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastoletako arduradunek, gurasoek eta irakaslek mobilizazioak iragarri dituzte baliabideen murrizketa salatzeko.


Eskola publikoan gehiago inbertitzeko eskatzen dute Nafarroan eta EAEn
Hego Euskal Herriko hezkuntza publikoko eragileek dagokien administrazioei eskaera garbia egin diete: hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiteko eta gehiago inbertitzeko.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Irakasleen Batzordeak -AFAPNA, ANPE, CCOO, CSIF, ELA, EILASK eta UGT- galdeketa bat egin du 260 ikastetxetan zein gabezia dituzten ikusteko, eta ondorioa "penagarria" da. Azpiegiturak eta instalazioak egoera txarrean daude, irakasleen ezegonkortasuna handia da, euskarazko eskaerari ez zaio erantzuten, landa eskolak baztertuta daude, ziurtasun eta higiene neurriak ez dira egokiak eta abar. Sortzen-Ikasbatuaz eta Herrikoa Federazioak ere kalitatezko eskola publikoa eskatu dute karriketara irtenda. Guztiek salatu dute Nafarroako Gobernuaren planifikaziorik eza eta aurrekontuak gutxitzeko hartutako erabakia.
EAEko Irakaskuntza Publikoko Mahaiko ordezkariek -EHIGE, Sortzen-Ikasbatuaz, CCOO, ELA, EILAS, UGT, Sarean, BIHE eta Haur Eskolen Koordinadora- Nafarroan bezalako galdeketa prestatzen ari direla adierazi dute. Oro har, Nafarroako emaitzek EAErako ere balioko dutela iragarri dute.
Europako Irakaskuntzaren Astea aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken lau urtetan aurrera eramandako jarduna kritikatu dute, besteak beste: planifikaziorik eza, aurrekontu murrizketa, ikastetxeetako zuzendaritzak ez babestea, guraso elkarteak indartzeko interesik eza eta irakasleen prestakuntzako hutsuneak. Beraien ustez, Hezkuntza Sailak ez du inolako ahaleginik egin eskola publikoaren irudia indartzeko eta berak jarritako lan ildoak ere ez ditu bete. Hurrengo legealdian egongo diren ordezkariei elkarlanean aritzea proposatu diete, eta irakaskuntza publikoari behar dituen baliabideak eskaintzeko eskatu.
LAB sindikatuak ez du parte hartu ez EAEko ez Nafarroako mahaian. Nahiz eta edukiekin ados egon, sindikatu horren iritziz, foro bakarra beharko litzateke, "euskal hezkuntza sistemaren lege orokorra lortzea baita xedea".

Lanbide Heziketa da euskarazko eskaintza gutxien duen irakaskuntza arloa. Horregatik heldu diote ikastolek hutsune hori betetzeari. Bizkaiko eta Gipuzkoako zazpi ikastolek (Bilbokoa 2007-08rako) 22 titulazio eskainiko dituzte euskaraz helburu bikoitzarekin: batetik, Lanbide Heziketaren alorra euskalduntzea, eta bestetik, ekoizpen sarean gizarteari ekarpena egitea.
Horretarako, bi bide jorratu dituzte: kasu batzuetan zentro berriak sortzeko ikastolek euren artean sortu dituzte taldeak; eta beste kasu batzuetan ikastolek lanbide eskola arrakastatsuekin elkartu eta entitate berriak sortu dituzte.
Koldo Tellitu Partaideko lehendakariak aditzera eman duenez, "ikastolak sartzen diren alorrak euskaldunduz joan dira. Horren adibide ditugu eskola mundua eta Batxilergoa, eta Lanbide Heziketak joera bera izango duela uste dugu".
Dagoen euskarazko eskaintzaren inguruko informazioa ematea oso garrantzitsutzat jo dute Bizkaiko 37 udalerrik, eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako euskarazko ereduak bultzatzeko kanpaina egin dute Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera.
7.200 gazteri gutun bana bidali diete liburuxka batekin eta bertan euskaraz non-zer ikaste dezaketen azaltzen da. Orain lau urte 42.191 ikaslek egin zituzten ikasketak euskaraz, eta aurten 37.413k. Jaitsiera horren arrazoi nagusia informazio falta ei da.