ARRASATEKO BHI, Arrasate: Lan kooperatiboa

2005-06-01
Ikasleen aniztasunari erantzutea, horixe nahi zuten Arrasate institutuko irakasleek: diferentzien gainetik gelako harremanak hobetzea, elkarbizitzen ikastea, eta ikasle denek hobetzea euren eskola errendimendua. Horretarako, eskola tradizioan nagusi izan den eskema indibidualista eta lehiakorretik beste molde kooperatibo batera pasa beharra dago, eta hori izan da institutuko zenbait irakasleren apustua. Oraindik ez dira metodologia hau maila eta alor guztietara hedatzera iritsi, menmentoz DBH osoan ziurtatu nahi dute, maila bakoitzean halako esperientzia bat gutxienez izatea ikasleek. Izan ere, lana modu kooperatiboan egiten ikasi egin behar da, ez baikaude horretara ohituta.

Euren esperientziaren berri eman digute Maite Lasak (ikastetxeko orientatzailea), Maite Borquek (1. zikloko irakaslea) eta Arantxa Gabiriak (matematika irakaslea 2. zikloan) .
 
 
1. zikloa: diziplinarteko proiektuak puzzle metodologiaz

1.zikloan proiektuak hiru ikas arloren artean diseinatzen dituzte: gizarte, natura eta hizkuntza arloetako irakasleek gai bat hautatzen dute (esaterako, URA), eta gero gai hori irakasle bakoitzak bere ikasgaitik fokatuta lantzen du. Proiektuon helburua da gaiarekin lotuta dauden eduki kontzeptual eta prozedurazkoak lantzeaz gain, ikasleen arteko harremanak hobetzea, ikaskide guztiengandik zerbait ikastea, eta denek egiten duten lana baloratzea ere bai.

Lan kooperatiborako hautatu duten dinamika Jogsaw edo "puzzlearena" da. Gela taldetan banatu eta ikasgai bakoitzean lan bat aurkeztu beharko du taldeak. Lan horren barruan hainbat atal egongo dira. Esaterako, "URA" gaia gizarte ikasgaian landu zutenean, lau atal aztertu zituzten: klima, ibaiak, erliebea eta hidrosfera.Taldean ikasle bakoitzak zer atali helduko dion erabakitzen dute, eta baita zer funtzio beteko duen ere (bozeramaile, idazkari, moderatzaile edo materialaren arduradun izango den). Eskola orduaren hasieran taldea biltzen da, eta bakoitzak egin beharreko lana planifikatzen dute, nork bere eguneroko koadernoan apuntatzen duelarik. Azpigai bakoitza landu behar duten ikaslaeek aditu taldea osatzen dute ("klima aditu taldea", "ibaiaren aditu taldea"...); aditu talde horietan eraiki beharko dute ezagutza informazioa bilduz, garrantzitsuena ateraz, eztabaidatuz, adostuz. Ondoren, kontzeptuak argi gelditu diren ziurtatzeko, irakasleak kontrol txiki bat egingo dio ikasle bakoitzari. Azkenik, denak euren jatorrizko lan taldera itzuli eta ikasi dutena azalduko die taldekideei. Horrela, denen artean gaia osatuko dute, eta taldekideek ondo ulertu dutela ziurtatzeko kontrol bera egingo dute.



2. zikloa: matematikako proiektua

2. zikloan proiektuak mintegika proposatzen dituzte. Adibide gisa, hona matematika mintegiak 4. mailakoekin egin zuena: trigonometrian ikasitakoa aplikatzeko, lan praktiko bat aurkeztu behar zuten taldeka. Institutuaren altuera eta pareko mendiaren altuera kalkulatu behar zuten, jolastokitik, eskutan eurek sortutako neurgailua soilik zutela. Azken erronka hori trigonometria lantzen hasi aurretik aurkeztu zitzaien ikasleei; hala, gelan ikasten zihoazena praktikarako baliagarri ote zitzaien hausnartzen zuten etengabe, eta trigonometria gaiari ere zentzu bat ematen zioten.

Neurgailua, berriz, "teodolitoa" deritzana, teknologia gelan sortu zuten: egur zati bat hartu, bertan graduatzaile bat ipini (paperean 0ºtik 180ºra marraztu eta huraxe itsatsi egurrari), graduak neurtzeko jarri hari bat zintzilik pisua duela, eta bisore moduan boligrafo bat erabili. Puntako ingeniari direla frogatu zuten ikasleek: institutuaren altuera kalkulatzean, talde guztiak sartu ziren metro erdiren barruan.



Ikasleak ere irakasle

Lan kooperatiboak txipa aldatzea esan nahi du: ikustea pausoak mantsoago ematen dituzten ikaskideei lagunduta taldea azkarrago doala, eta ez dela aurreratuta doazenentzat "denbora galtze bat". "Interdependentzia positiboa" esaten dena, alegia: nik nire helburuak lortuko ditut, denok gure helburuak lortzen ditugun heinean. Metodologia honek bideratzen du ikasleek berdinengandik ikastea; batak besteari azaltzen dionean, biak dira ikasten ari direnak, esplikatzen ari den ikaslea bere eskema mentalak ziurtatzen ari baita, ideiak berrantolatzen. Lan kooperatiboari esker, ikasle guztiek hartzen dute noizbait irakasle rola, eta denek badugula taldeari zer irakatsi eta zer eskaini ikasten dute (taldean hain zehatz finkatuta egon ohi diren rolak hautsiz, hein batean).

Irakasleek nabarmentzen dutenez, eskema indibidualistak eta lehiakorrak oso barneratuta ditugu, ordea, eta modu kooperatiboan lan egitea, ikasi egiten den zerbait da, ez da gizarte honek berez sustatzen digun gaitasun bat. Ikasleei kosta egiten zaie, hasieran, negoziatzea eta iritzi bat adostea; taldean nork bere prestigioa izaten du, autoritatea batzuei onartzen zaie, eta besteen ikuspegiekin bat egitea ez da erraza izaten. Baina, jakintsu etiketa dutenei ere on egiten die tarteka beste ikasle batzuk izatea ekarpena egiten dutenak edo gelaren aurrean onespena jasotzen dutenak. Bestetik, liskarrak sortzen dira kide bakoitzak lanarekiko duen ardura dela-eta: "hori zuk egin behar zenuen eta ez duzu bete". Kargu hartzen diete elkarri eta taldearen pisua edo lanaren ardura gehiena baten bizkar eror ez dadin euren zatia betetzeko exijitzen diete besteei.



Eta, nola ebaluatu?

Lan kooperatiboan, ebaluatzeko hainbat modu daude eta horietako bat zera litzateke: bakoitzari baloratzea, batetik, pertsonalki ikasi duena, eta bestetik, taldearen helburuak lortu dituzten. Alegia, taldearen lorpenek ere eragina izango lukete norberaren kalifikazioan. Horretarako, metodo bat izaten da azterketa indibiduala egitea, eta taldekide guztiek gainditzea lortzen badute, kide bakoitzari bere azken nota igotzea, lortu dutelako helburua: taldeko denek ikastea, denek aurrera egitea.



Irakasleek zer abantaila ikusten dizkiote metodologia honi?

* Ikasleen partaidetza hobea da gelako jardueratan.

* Ikasleek ikaskideengandik ere ikasten dute: berdinen arteko ikasketa.

* Irakasleak hobetu dezake ikasle bakoitzaren jarraipena, behaketarako aukera gehiago du.

* Irakasleak gelako aniztasunari ematen dion erantzuna hobetzen du.

* Normalean garatzen ez diren gaitasunak lantzen dira: informazioa bilatzea, ulertzea, adostea, ahozko azalpena... Funtsean, ikasten ikasten dute.

* Hizkuntza lantzeko metodologia hau klabea da: hitza ikasleari ematen zaio eta beraz, ahozko erabilera nahitaezko bihurtzen da, hizkuntza menperatzeko oinarrizkoena dena.