ELKAR HEZI ikastetxea, Oñati: Ikasleak herriari begira. Oñatierari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte ikasleek herritarrentzat

2005-06-01
"Fanean itzungitzen ez den berba baten bidia". Bide horixe jorratu dute Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko Batxilergoko azken mailako ikasleek. Eguneroko hizketaldietan erabiltzen duten hizkera freskoa eta bizia eskolan sartu dute. Han, oñatieraren beste alderdi batzuk ezagutu, aztertu eta landu dituzte. Eta hori dena berriro herrira atera dute. Inbidia pizteko moduko jardunaldi erakargarri eta interesgarriak prestatu dituzte herritarrentzat, eurak ikasi dutenaren berri emateko. Bide batez, herrian oñatieraren alde lanean jardun direnei omenadia egin diete. Horrelako ekitaldiak antolatzeko ez da udaletxean edo herriko elkarte batean aritu behar, ikastetxeetatik ere maila bereko eskaintzak egin daitezke.
 
 
Bi hitzetan esateko, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko Batxilergoko 2. mailako ikasleek egin dutena zera izan da: oñatiera landu eta horren inguruko jardunaldiak prestatu herritarrentzat. Lehenengo egitekoa nahiko ohikoa zen ikasleentzat; baina bigarrena, jardunaldi batzuk antolatzea, gehitxo. Hala iruditu zitzaien hasieran, hitz potoloegiak ziren. Udalak, herriko Laixan Euskalzale Elkarteak edo beste elkarteek antolatu izan dituzte halakoak, baina ikasleek ez. Euskarako irakasle Andoni Salamerok jardunaldiak egitea proposatu zien, eta horren barruan, oñatieraren alde aritutako hainbat herritarrei omenaldia egitea. "Zer ari zaigu kontatzen? Zer egin behar dugula? Hau erotuta dago. Nola egingo dugu hori? Horrelako gauzak berari bakarrik bururatzen zaizkio". Ideia horiek zebilzkiten ikasleek hasieran. Baina, orain, dena bukatu ondoren, beste modu batera ikusten dute. Lanean hasi bezain laster joan ziren aldatzen, gustua hartu zioten, motibatu egin ziren, eta azkenean, "jota pozik, jota gustura" gelditu dira.

Hasteko, gelako lana
Oñatiko Elkar Hezi Mikel Aozaraza ikastetxean DBHko 1 eta 2. zikloko zein Batxilergoko ikasleak biltzen dira. Eskola kristaua eta euskalduna da, eta euskarari ematen dioten garrantziaren lekuko da irakasleek herriko euskaltegian egiten dituzten ikastaroak. Ikastaro honetan, besteak beste, oñatieraren inguruko ikastaro bat egin du irakasle talde batek. Oso gustura gelditu ziren jaso zutenarekin, eta ez zuten bere horretan utzi nahi. Ikasi zutena ikasleei transmititzeko nahia piztu zitzaien, eta horri ekin zion ikastetxe osoak. Hasieratik proiektuan buru-belarri murgildu ziren zuzendaria, ikastetxeko kultur jardunaldiak antolatzen dituen taldea eta gainerako irakasleak. Andoni Salamero Euskara irakasleak eraman du gidaritza batez ere, berak astindu du akuilua. "Aurreko urtean euskalkiak landu genituen, eta aurten oñatiera eta Debagoienako azpieuskalkiak lantzea erabaki nuen, baina planteamendu edo proposamen berri batekin: gelan landutakoa gero oñatiarrei erakustea".
Horrela, 17-18 urteko gazteak lau taldetan banatu ziren, eta bakoitzak gai bat aukeratu zuen: 1) Euskararen jatorria, teoriak eta euskalkien banaketa; 2) Debagoieneko euskalkiak; 3) Oñatiera, grafiaren auzia, oñatiera batua bai ala ez?; eta 4) Kandido Izagirre, Bitoriano Gandiaga eta Luis Villasanteri omenaldia. Handik eta hemendik informazioa bildu ondoren, lan bat prestatu zuen talde bakoitzak, eta berau gelakideen aurrean aurkeztu. Eta ondoren, jardunaldietan.

Hiru eguneko jardunaldiak
Jardunaldien lehendabiziko egunean "Euskararen jatorria eta bilakaera historikoa (hainbat hipotesi)" zen gaia. Gai hori jorratu zuen taldeak hitzaldia eskaini zuen, eta ondoren Xabier Kintana eta Jurgi Kintana mintzatu ziren.
Bigarren eguneko gaia zera izan zen: "Deba Ibarreko azpieuskalkien inguruko gainbegirada". Ikasleen txanda izan zen aurrena, eta gero zenbait adituren arteko mahai ingurua ( Asier Sarasua, Gerardo Elortza eta Roberto Altuna).
Hirugarren egunean omenaldia egin zieten Kandido Eizagirre, Luis Villasante eta Bitoriano Gandiagari, eta haien senideak izan ziren bertan. Ikasleen hirugarren hitzaldian pertsona horiek eta beste hainbatek oñatieraren inguruan egindako ekarpenak eman zituzten ezagutzera. Beraien ondoren hitz egin zuten Paulo Agirrebaltzategik eta Pello Zabalak. Egun horretan Mendata, Urretxu eta Gernikatik omenduen senideak gerturatu ziren, eta horiekin batera udalerri horietako eta Oñatiko ordezkariak, Eusko Jaurlarizako Kultura sailburu Miren Azkarate eta Euskaltzaindiako Henrike Knorr.
Oro har, jardunaldiek harrera ona izan zuten, eta ikasleak pozik gelditu ziren. Banatutako balorazio orrietan hiru alderdi baloratu behar ziren: ikasleen jarduna, hizlariena eta iritzi orokorra. Bada, baloraziorik altuena ikasleen hitzaldiek jaso zuten. "Gustura gelditu ginen. Hasieran, herritarren aurrean aurkezteak beldurra ematen zigun, baina gero, behin eginda, ondo" diote ikasleek.

Oñatiera, gure ondare
Beste gauzen artean, ikasleek jendearen aurrean hitz egiten ikasi dute, eta esperientziarekin gustura gelditu dira. Seguru gerora lagungarri izango zaiela.
Baina ez da ikasi duten gauza bakarra izan. Oñatiera aztertzen jardun ondoren, eguneroko hizketaldietan egiten dituzten akatsak ere detektatu dituzte. Hanka-sartze asko egiten dituztela ohartu dira. "Adibidez, normalean 'ikusi otzuk' esaten dugu eta gaizki esana dago; 'ikusi zaut' esan beharko genuke" diote. Erdarakada asko sartzen dituztela ere konturatu dira, eta zentzu horretan, euren gurasoek edo aiton-amonek hobeto hitz egiten dutela uste dute, haien euskalkia jatorragoa dela.
Apirilaren hasieran gazte hizkeraren inguruko jardunaldiak egin ziren Azpeitian. Beste gauzen artean, gazte hizkera baturik behar ote den edo ez eztabaidatu zen. Oñatiar gazte hauek ezetz diote, bakoitzak bere hizkera mantentzea egokiagoa dela uste dute. "Herriko ondarea da norberaren hizkera, gure kasuan oñatiera, eta hori mantentzea garrantzitsua da" diote. "Gainera, polita da besteekin berba egitean haien hizkera entzutea".
Oñatin, Laixan Euskalzale Elkarteak egindako datu bilketaren arabera, gazteen % 75,16k euskaraz hitz egiten du. Eta euskaraz hitz egitean oñatiera esan nahi da. Herritar guztiak kontuan hartuta, % 59,81ek erabiltzen du oñatiera.
Inguruko azpieuskalkiekin alderatuta, baditu zenbait berezitasun, batez ere azentua eta entonazioa. Horretaz jabetzeko modurik onena oñatiera entzutea da, eta horretarako, Oñatira fan eta kito.•