www.semealabok.net Gurasoentzako leiho berri bat

2005-11-01

Gaur egun, teknologia berriei esker, harremanetarako bide berriak zabaldu dira. Eskolari eta familiari ere iritsi zaie aukera hori, eta batzuk baliatzen ere hasi dira. www.semealabok.net Internet bidezko kontsulta zerbitzua da horren adibide.

 
 

Bizkaiko Ikastolen Elkarteko egitasmo berri bat da semealabok.net eta gurasoei eta hezkuntzako profesionalei laguntza emateko sortu da. Gurasoek seme-alabekin nahiz irakasleek ikasleekin izaten ditugun harremanak errazteko baliabide praktikoak eskaintzea du xede, horrek neska-mutilen jokabideak hobeto ulertzen lagunduko duelakoan.

Web orriak artikuluak, aholkuak eta kontsultetarako atalak ditu. Artikuluak bi modutara antolatuta daude: adinka (0-6, 6-12 eta 12-16) eta gaika. Gurasoen kezka pizten duten gaiei buruzko artikuluak dira. Esate baterako: gaueko ikaraldiak eta amets gaiztoak, kasketekin zer egin, lehenbiziko eskola egunak, haur berriaren etorrera, zer egin haurrek ez dutenean ondo jaten... Zenbait kasutan, gaiekin batera liburu zerrenda bat agertzen da.
Aholkuen atalean errezeta modukoak eskaintzen dira, horiek ere ohiko kezken ingurukoak.
Kontsultaren atalari dagokionez, gurasoek edota hezitzaileek zer kezka dituzten idatz dezakete, eta gero erantzuna jasotzen dute.
Egitasmoaren bultzatzaileek diotenez, “modu batera edo bestera, 0-16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoen zalantzak argitzen saiatuko gara bai galderei erantzunez eta bai guk sortutako artikuluak kontsultatzeko aukera eskainiz”.
Informazio gehiago ere gehitzen da: Beste web gune batzuen zerrenda, premia bereziei lotutako elkarteen zerrenda, argitaratutako artikulu interesgarriak eta abar.
Hori dena bideratzeko, psikologoz eta pedagogoz osatutako talde sendo bat dago: Ander Deuna ikastolako Ana Zabala, Eleizalde ikastolako Aintzane Egaña, RM Azkueko Bego Gordillo, Muskiz ikastolako Ixabel Lombardero eta BIEko Maria Galdeano eta Nerea Arregi. Denek ere orientazio arloan lanean dihardute eta kontsulta zerbitzua eskaintzeko prestatuta daudela esan daiteke.
Gazteen txokoa
Bada beste web gune bat, www.kontaizu.net, gazteei zuzendutakoa. Gazteek egindako eta haientzat prestatutako gunea da eta kontsulta zerbitzu honek lotura zuzena dauka horrekin. Hezitzaileak, gurasoak eta gazteak lotzeko eta elkarren berri jakiteko beste modu bat. •