Kronika

2005-11-01
 
 

Iparraldean haurrak eredu elebidunean eskolatzeko eskaria igo egin da.

Hala jakinarazi du Ikas-Bik, eskola publiko elebidunetako gurasoen elkarteak.
Iaz baino 200 ikasle gehiago dituzte aurten. Denera 3.300 haur ariko dira eredu elebidunean, alegia, eskola publikoan dihardutenen % 20.
Bada puntu beltz bat, ordea: Baiona-Angelu-Miarritze hirigunea, ikasleen erdiak biltzen dituena. “Inkestak egin direlarik gurasoen % 63k adierazi du euskarazko ereduetan eskolatu nahi dituela haurrak, baina Frantziako Hezkuntzak ez dio segidarik ematen”, salatu du Mixel Esteban Ikas-Biko zuzendaritzakideak.

Nafarroan hezkuntzan gehiago inbertitzea jarri dute helburu sindikatuek

2006ko aurrekontuetan hezkuntzara bideratutako diru saila handiagoa izatea, horixe da lortu nahi duena Nafarroako Irakaskuntzako Langileen Batzordeak. Sare publikoari begira egiten du lan batzorde horrek, eta ekimena honako sindikatuok bultzatzen dute: Afapna, ANPE, CCOO, CSIF, ELA, EILAS eta UGT.

Pasa den ikasturtean ikastetxez ikastetxe egoera aztertu ondoren, zera ondorioztatu zuten: zentro asko zaharkituta daudela, eta berririk ez dela egiten. D ereduko Patxi Larraintzar ikastetxea da horren adibide: urteak daramatza eraikin berriaren zain, eta bitartean aurrez fabrikatutako gelatan aritu behar eskolak ematen.
LAB sindikatuak azpimarratu duenez, Nafarroako irakaskuntza sistema publikoaren egoera larria ez da aurreikuspen ezaren ondorio, baizik eta estrategia jakin baten ondorio. Nafarroako Gobernuak hiru helburu zehatz baititu, LABen esanetan: diru laguntzak ikastetxe pribatuetara bideratzea; D ereduko ikastetxeak diru laguntzarik gabe uztea, eta langileen lan baldintzetan murrizketak egitea. 0-3 urteko zikloan euskararen kontra hartutako erabakiak nabarmendu ditu, adibidetzat jarriz gaztelania eta ingelesa uztartzen dituen hezkuntza eredua.

“Irakaskuntza publikoarentzat aurrekontu duinen alde”

Lelo horrekin egingo du kanpaina Irakaskuntzako Langileen Batzordeak (ikastetxe guztietan emango dute kanpainaren berri). Parlamentuko oposizioko taldeekin ere lan egin nahi du Batzordeak, eta haien konpromisoa ziurtatuta eduki nahi du, 2006ko aurrekontuetan hezkuntzara diru gehiago bideratzea lortu ahal izateko. Gobernuko arduradunekin ere gaia landu nahi dute: Hezkuntza kontseilariarekin eta Toki Administraziokoarekin bildu nahi dute, zehazki.

Uda-Leku hitzartutakoa emateko eske

Frantsesez aritzen diren aisialdi ekintzei ematen dieten tratu bera emateko eskatu die Uda-Lekuk Euskararen Erakunde Publikoari eta Herriko Etxeei. Izan ere, Herriko Etxeek diru partida bat ematen dute haur bakoitzeko, aisialdiaren prezioa apalagoa izan dadin. Ordea, Uda-Lekuri ez diete besteei ematen dieten diru kopuru bera ematen. Uda-Lekuk 80 herritako haurrak hartzen ditu; aldiz, 30 herriko etxeren laguntza besterik ez du jasotzen. Gainera, laguntzak ematen dizkieten herriko etxe bakan horiek ere, ez dute legeak agintzen duen beste jartzen haur bakoitzeko. Euskararen Erakunde Publikoari egoera bideratzeko eta aterabideak aurkitzeko eskatu dio.

Behar gorrian

Zailtasun ekonomiko handiak bizi izan ditu Uda-Lekuk. 2.000. urtean Udalbiltzak dirua eman zion zorrak kitatzeko. Zuloa estalita, Uda-Lekuk eskaintza zabaldu zuen. Eusko Jaurlaritzak eta erakunde publikoek akordio bat sinatu zuten gero, diru laguntzak arautzeko: Jaurlaritzak euro bat jarriko zuen euskarazko ekimenak laguntzeko bertako botere publikoek jartzen zuten euro bakoitzeko. Akordio huraz geroztik sortu den Euskararen Erakunde Publikoak, ordea, ez du oraindik hitzarmen hura berretsi, eta ekimena airean gelditu da. Orain arteko hitzarmenak betearazteko eskatzen dio Uda-Lekuk Euskararen Erakunde Publikoari.

Euskararen geroa, txanponek kolokan

2010. urterako erronka bat du Uda-Lekuk: bilgune berriak irekitzea (10 gutxienez). Ttitto Agerre zuzendariaren esanetan, baliabide guztiak dituzte eskuan horretarako: begiraleen prestaketa, plangintzak, denak eginda daude. Falta den bakarra borondate politikoa omen da. Inkesta guztiek euskarak Lapurdin, Nafarroa Beherean zein Zuberoan duen egoera larria nabarmentzen dute. Aisialdian euskara hedatzeko tresna guztiak prest direla dio Uda-Lekuk, botere publikoek horretan inbertitzea omen da falta dena.

Haurreskolak sareko zentroetan, jangelak jartzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari.

Izan ere, ireki diren hainbat haur eskoletan ez da zerbitzu hori eskaintzen.

Oposizioak batera bozkatu zuen proposamen honen alde: Aralar, PSE eta PP taldeek hitzartu eta EHAK taldeak babestutako ekimena izan zen.
Onartutako testuak zera dio: 0-3 urte bitarteko haurrentzat eskoletan jangela ipintzea “kalitaterako oinarrizko osagaia” dela, “emakumeak lan merkatuan sartu eta aukera berdintasuna errazterakoan”.
Bozkaz onarturik, 2006. urteko irailerako Haurreskolak sareko eskoletan jangelak jartzeko eskakizunak aintzat hartua izan behar du.