CAMPOS, Tontxu: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua

2005-11-01

Berrikuntza eta Ekonomia Sustapenetik Hezkuntzara eta Bizkaiko Diputaziotik Eusko Jaurlaritzara aldatu da Tontxu Campos barakaldoarra. Hezkuntza sailburu berriak zenbakiak egiten jarraitu beharko du, baina elementu gehiagorekin konbinatu beharko ditu. Izan ere, hezkuntzan pertsonak numeroen gainetik daude, eta hori badaki. Horregatik, hezkuntzari buruzko hausnarketari, balioei eta jarrerei emango diela lehentasuna dio.

Oraindik ere legealdi hasierako lanekin dabil; honekin eta harekin bildu, bilera baten atzetik bestea, bisitak han eta hemen… Halere, ez zaio presarik nabaritzen hizketan hastean. Aurrean duenari denbora eskaini, eta gero gerokoak.
Badaki zaku bete lan duela, baina ez dirudi beldurtuta dagoenik; aitzitik, lantalde osoa martxan jarria dauka.

 
 

Zein dira legealdi honetarako dituzun erronka nagusiak?

Erronka estrategikoa zera izango litzateke: ikustea hemendik 10-15 urtetara gure gizartea nolakoa izango den edo nolakoa beharko lukeen izan, horrek zer-nolako pertsona suposatuko lukeen eta hori jakinda edo hausnarketa hori eginda, erabakitzea hezkuntza sistemak zer paper jokatu beharko lukeen pertsona horiek osatzeko. Hori da gure erronka estrategikoa.
Izan ere, gure gaur egungo hezkuntza sistemaren oinarri eta zutabeak, hein handi batean, orain dela 20 urte diseinatu ziren. Gure gizartea ez da orduan bezalakoa, eta ziur aski ez da izango hemendik 15-20 urtetakoaren modukoa. Orduan, hori da erronka estrategikoa, kontuan hartuz pertsona bat zenbat denboran egoten den hezkuntza sistemaren barruan. Gizarteko beste hainbat arlotan zikloak motzagoak izaten dira, baina kasu honetan nahiko luzea izaten da.
Niretzat hori da kezka eta erronka nagusia. Ez da erraza azterketa bat egitea eta nolako gizartea izango dugun jakitea. Eta ez da erraza izango zer-nolako pertsonak beharko ditugun jakitea. Ondorioz, ezta ere eskolak zer paper jokatu behar duen zehaztea. Baina ziur aski joera batzuk aurreikustea posible izango da eta horiekin hausnarketa sakon bat eginez, agian gai izango gara bihar-etziko gizarteak izango dituen beharrei erantzuteko pertsonak osatzen laguntzeko.
Horra iristeko, daukagun errealitatetik abiatuta, zein dira zure egitasmo nagusiak?
Gobernu egitasmoan egindako apustu bat 0-3 zikloari bultzada ematea da. Urtero 1.000 plaza gehiago eskainiko ditugula agindu dugu.
Lanbide Heziketan, bigarren planaren garapena daukagu esku artean. Orain arte lortutako arrakasta mantendu behar dugu. Lanbide Heziketa bukatzen duten % 87 inguruk kontratua lortzen dute. Zentzu horretan, berrikuntzari garrantzi handia eman behar zaio. Lanbide Heziketako lege bat sustatzea ere helburu bat izango litzateke. Azken urtetan egin eta antolatu diren hainbat erakunde bildu, uztatu eta etorkizunari begirako Lanbide Heziketako zutabeak diseinatu edo bermatu nahi ditugu, gero urtez urte jantzi egokia jartzeko.
Nabarmena da ahalegin berezi bat egin behar dugula euskalduntze prozesuan, eta eleaniztasuna ere garrantzitsua da Lanbide Heziketan. Gutxi gorabehera % 20 eskaintzen bada D ereduan, irakasleen aldetik % 50 inguruk 2. hizkuntza eskakizuna lortuta izango luke. Hor euskalduntze prozesua martxan jartzeko alderdi garrantzitsu bat daukagu, jakinda espezializazioa oso garrantzitsua dela eta agian ez dela nahikoa izango 2HE izatea.
Lehentasunak ezartzerakoan, euskalduntzeko ahalegina zein ziklotan egin behar den ikusi beharko genuke, eta hor jendearekiko harremana eskatzen duten ikasketak lehenetsi beharko genituzke, eta euskararen presentzia handia den eskualdetan eman lehen urratsak.
Ikasmaterialak euskaraz eta digitalizatuta jartzeko ahalegina ere egiten ari gara.
Unibertsitate alorrean erronkarik nagusiena euskal unibertsitatateen sistema Europako goi mailako hezkuntza esparruarekin eta ikerketa esparruarekin txertatzea da. Guk uste dugu Euskal Unibertsitateen Sistemaren Legea garatuz nahiko tresna izango genituzkeela horretara bideratzeko.
Ikastereduak ere hor dauzkagu. Ebaluazio bat egin da eta datu batzuk badauzkagu. A ereduko ikasleek ez dute B2 maila lortzen, B eredukoak % 33ra ez lirateke iritsiko, eta D ereduan % 68k lortuko luke maila hori. Horri ere heldu beharko diogu.
Baita curriculum propioari ere, berriro ere etorkizunari begira. Denontzako curriculum bat behar dugu, ofiziala, eta batez ere, etorkizunari begiratzen diona, pertsona horiek osatzen lagunduko diguna.
Horrekin batera, beste apustu bat Euskal Hezkuntza Sistemaren Legea egitea da.
Tarte horretan beste helburu operatiboak ere badaude, besteak beste: etorkinak, eleaniztasuna, eskola inklusiboaren ikuspegia…
Hizkuntza ereduak. Emaitzak ikusita, aldaketa beharrezkoa da. Datorren ikasturtean eredu berri bat edukiko al dugu?
Azkarregi izango litzatzeke beste eredu bat edukiko dugula esatea. Ereduen bilakaera nola doan esan ahal izango dugu; hau da, orain eredu batean dagoena eredu berean baldin badago datorren urtean, horrek zer ekarriko duen. Baina uste dut proposamen bat egin ahal izateko denbora gehiago behar dugula. Egia da Eusko Jaurlaritzak derrigorrezko eskolaldiaren bukaeran gazteak ofizialak diren bi hizkuntzetan komunikatzeko gai izatea bermatu behar duela, baina ikastereduekin lotuta dago eleaniztasuna ere. 3. hizkuntza nola jorratzen dugun ere aztertu behar da. Eta legealdi bukaerarako 4. hizkuntza sartzea ere aipatu dut nik.
Euskal curriculumaren kasuan, aurreko legealdian ildo bat hartu zen. Horri eutsiko al zaio?
Bai, memento honetan Hezkuntza Sailak azken materialak jaso ditu eta aztertzen ari gara. Hurrengo fasea eskolei eta hango eragileei bideratzea izango da. Eztabaida dezagun, aberastu dezagun, zuzendu dezagun… horrekin azken bertsioa atera eta pixkanaka-pixkanaka ikasmaterialak egin bitarteko prozesuak jarraituz.
Nik neuk uste dut ahalegina egin behar dugula curriculum ofiziala izan dadin. Horrekin batera, niretzat oso garrantzitsua da gero curriculuma erabili beharko duten talde guztiak inplikatzea; beste modu batera esanda, niretzat ez da soilik arau edo ebazpen bat hartzea, baizik eta ahalik eta adostasunik zabalena hartzea komunitatean. Zeren ebazpen batekin gauza bat legala edo ofiziala dela esan dezakezu, baina ez duzu lortzen jendeak erabil dezan. Horretarako denen parte-hartzea behar da prozesuan.
1992an eskola ituna egin zen epe baterako eta geroztik ez da berritu. Orain Euskal Hezkuntza Sistemaren Legea aipatu duzu. Ituna ala legea? Zer lehenesten duzu?
Legea egiteko asmoa dugu. Hori, baina, hainbat eta hainbat eragilerekin egonda eta denbora eskainiz egin behar da.
Edonola ere, horren barruan niretzat lehentasuna hausnarketa zabal bat egiteak izango luke; alde batetik eskola komunitatean bertan, eta bestetik gizarteko hainbat erakunderen iritziak ere garrantzitsuak izango dira. Nora joan nahi dugu eta nola? Hori hausnartu beharko litzateke, eta hori lege baten barruan koka daiteke.
Hausnarketa horretan oso garbi izan behar dugu zer paper jokatu behar duen eskolak, baina baita gizarteko beste taldeek ere, ez eskolak soilik. Hasteko, familiak. Eskolak ezin du ordezkatu familia. Familia da gizarteratze mailaren lehendabiziko pausoa. Halere, familia eta eskola ez dira balio iturri bakarrak. Hor dauzkagu komunikabideak, aisialdiko bideoak, jokoak, komikiak… Arrakasta izateko beharrezkoa da eskola, familia eta gizartearen arteko elkarlana.
Eskolak edo hezkuntzak nora eta nola joan behar duen hausnartu behar dela diozu. Zuk zer diozu? Zein da zure hausnarketa?
Orain bizi garen egoerari begira, niretzat hezkuntza balioak, jarrerak, jokabideak dira; gero oinarrizko ezaguera batzuk; eta ondoren gaitasunak. Niretzat hezkuntzak ez luke helburu gisa profesional edo langile egokiak prestatzea soilik eduki behar, baizik eta pertsonak osatzea. Eta pertsonok jarrerak, balioak eta jokabide mota batzuk dauzkagu. Horrez gain, ezaguera batzuk eduki behar ditugu: irakurtzen jakin behar dugu, kalkulatzen jakin behar dugu… Horiek oinarrizko ezaguerak dira.
Ezagueraren bilakaera hain azkarra denez eta hainbat teknologia eta tekniken bizitza zikloa hain murritza denez, oso zaila da ezaguerarik egokiena zein den planteatzea. Horregatik hitz egiten da long live learning edo bizitzan zeharreko etengabeko ikaskuntzaz. Hor bai, gure gazteek beren ezaguera egokitzeko gaitasuna behar dute gizartearen beharrei erantzun ahal izateko. Baina balioak, jarrerak eta jokabideak bai direla erabat beharrezkoak.
Balioak, jarrerak… Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan bildu ohi dira. Beraz, hori funtsezkoa dela ondorioztatzen badugu, proiektuaren hainbat zutabe ere bai, besteak beste langileen egonkortasuna. Zer gertatzen da horrekin gaur egun?
Bai, langileen egonkortasuna ezinbestekoa da. Aita gisa ere sufritu ditut egonkortasun ezaren ondorioak.
Horren jakitun izanik eta orain zauden karguan egonda, zer aukera ikusten dituzu hori aldatzeko, beste gurasoek zuk sufritutakoa sufri ez dezaten?
Etorri naizenetik egin dudan lehen gauza hori izan da. Sistema hain zabala eta konplexua denez, hainbat arau eta eskubide indibidual dituenez eta hainbat pauso bermatu behar direnez, ez da lan erraza.
Une honetan egiten ari garen ariketa zera da: ikusi zer plaza libra daitezkeen horietara lan eskaintza publikoa deitu ahal izateko eta arazoak zatikatu kudeaketa ahalik eta azkarrena izan dadin. Niretzat oso garrantzitsua da egonkortasunaren gaia.
Irtenbide horiek egokiak izan daitezke, baina ez al dira, azken batean, petatxu batzuk? Horren azpian ez al dago egiturazko arazo sakon bat? Duela 100 urteko egitura bat daukagu eta hurrengo 10 urteko erronkei erantzun nahi diegu.
Hori sistemaren ezaugarri bat da. Hezkuntza Sailean bertan hainbat eta hainbat zerbitzutan daukadan jendea ez da egonkorra, eta nola demontre kudeatuko dut nik hezkuntzako sistema bat egonkorra ez den langileriarekin? Ziur aski askoz ere neurri sakonagoak beharko lirateke, eta horiek sistema osoan izango lukete eragina, ez hezkuntza sisteman soilik. Hezkuntza sistema funtzio publikoko sistema baten barruan dago eta hor, agian, beste sistema batzuk era zitezkeen. Horrek arlo guztiei eragingo lieke: hezkuntza sistemari, osasun sistemari, suhiltzaileei… denei.
Zer iritzi duzu publiko-pribatuaren arteko eztabaidaz?
Nik uste nuen hori aurreko mendeko eztabaida zela eta orain askoz gehiago kezkatu beharko genukeela eskolaren ereduan: eskola inklusiboan, balioetan, kalitatean… eta ez hainbeste titularitatean, behintzat eztabaida ez monopolizatzeko edo desbideratzeko gai horrekin. Izan ere, sarritan beste eztabaida batzuk estaltzeko arriskua dakar.
Hori esaten dut, hein handi batean, hemen titularitate pribatua duten ikastetxe gehienak izaera gisa irabazi asmorik gabekoak direlako eta benetan, kasu gehienetan, zerbitzu publikoaren bokazioarekin planteatzen direlako. Gainera, hainbat eta hainbat kasutan ekimen sozialarenak dira, kooperatibak dira (gurasoenak, langileenak, guraso eta irakasleenak…). Egia da munduko beste herrialde batzuetan badaudela negozio gisa eratzen diren ikastetxeak eta unibertsitateak, egia da. Baina hori ez da hemen gehienetan gertatzen dena.
Agian ez dugu alboratu behar publiko-pribatu eztabaida, baina behintzat ez dezala ezkutatu niretzat hezkuntzako eztabaidarik garrantzitsuena dena: nolakoa izan behar du eskolak, zer balio jorratu behar dira, kalitate maila, zer gaitasun bultzatu behar dira…
Eta hor bai, diru publikoarekin babesten baldin badugu hezkuntza, joka dezagun denok eskema edo testuinguru beraren barruan.
Posible ikusten al duzu egin asmo duzun legean sare bakarreko hezkuntza sistema planteatzea?
Ziur aski oso zaila izango da euskal hezkuntza sistema euskal hezkuntza komunitate bat bihurtzea, horrek dakarrenarekin. Nik, egia esateko, asetzat emango nuke nire burua baldin eta lortuko bagenu gutxienez sare moduan ikastetxe bakoitza nodo bat izanda, elkarrekin joka dezaten beraien praktikarik onenak elkarren artean partekatuz eta arazoak eztabaidatuz.
Ikastetxeetan dagoen ezaguera edo eskarmentua zabaltzeko gai izango bagina eta gure hezkuntza komunitatea benetan komunitate bihurtu, horrek dakarrenarekin, nahiko arrakastatsua izango ginateke sistema gisa.
Amaitzeko, zer esango zenieke irakasleei?
Beraiek direla hezkuntza sistemaren eragile nagusiak. Guk, Sail bezala, konfiantza osoa dugu gure irakasleengan.
Benetan gizarte bat osatzen duten pertsonak prestatzeko prozesuan irakasleak dira eragilerik garrantzitsuenak. Gizartearen baliostatzea edo prestigioa merezi dute. Animo, ekin eta beti egongo naiz zuen esanetara.