10 urte inguruko haur talde bati, alegia, gorputzaren funtzionamendua oraindik nahiko ondo kontserbatzen dutenei, hitzaldi bat emateko eskatu dizute. Zer izan behar dugu kontuan hemendik 30 urtera gaur bezain sano egon daitezen?
Zaila da hitzaldi bakar batean gaur egungo kontsumo gizartearen eragin izugarriari aurre egiteko pautak ematea. Edozer gauzaren gainetik, euren irabazi ekonomikoak handitu nahi dituzten enpresa multinazional boteretsuak baitaude. Esate baterako, medikamentuen ekoizleei jendea gaixotzea eta produktuak kontsumitzea interesatzen zaie.
Osasun agintariek “botikak arrazionalki erabiltzeko” diote Osasunaren kostuak asko igotzen direlako eta botikek beraiek sortutako gaixotasunak gero eta gehiago direlako. Mendikamentuei alternatibak bilatu asmoz sortu zen 1995ean Sumendi elkartea (osasunaren autogestioaren alde). Norbera sendatu, botiken arriskurik gabe… eta patrikari minik egin gabe liburuxka argitaratu zidaten eta hor gorputzak sendatzeko dituen ahalmenak erabiltzeko ideiak biltzen ditut, betiere botikak hartzen hasi aurretik. Eskolan irakats daitezken ideia xumeak dira. 2000. urtean Txalaparta argitaletxeak liburu bat argitaratu zidan, Cuídate compa! Manual para la autogestión de la salud, eta bertan liburuxkako ideiak sakonago agertzen dira. Ikasleek kontuan eduki beharko luketen lehenengo gauza zera da: gizaki guztiek ez duela osasunaz gozatzeko zorterik. Batzuk jaiotzatik, istripu bategatik edo gaixotasun kroniko bategatik ez dute ahalmen guztiekin gozatzeko aukerarik. Batzuek ez dute ongi hitz egiten, ikusten, entzuten, beren kabuz mugitzeko aukerarik ez dute eta abar. Horietako edonork bizitza duina eramateko eskubidea du. Gutako edonork gal dezake orain daukagun ahalmenen bat. Gauza horietaz kontziente izateko ariketa praktikoren bat egin daiteke ikasleekin. Adibidez, minutu batzuetan haurrak itsuak, gorrak, herrenak, besamotzak, elbarriak… balira bezala joka dezakete. Edo ezintasuna duten pertsonen talde bati deitu eta haietako batzuk euren zailtasunak eta eskubideak zein diren kontatzera gonbida daitezke. Gure gorputza: jakintsua, boteretsua eta laguna Gure gorputzak duen jakituria azpimarratu beharko litzateke. Milaka milioi! urteren poderioz iritsi zaigu jakituria hori. Duela bi mila milioi urte inguru zenbait bakteria elkartu egin ziren eta gaur egun gure ehunak osatzen dituzten zelulak asmatu zituzten. Zelula haiek, esperientziaren ondorioz, eurentzat onena zer zen ikasi zuten eta belaunaldiz belaunaldi transmititu ziguten. Gure gorputzak duen jakituria dela-eta, badaki zer den hoberena beretzat. Kontserbazio Sena dei geniezaioke horri. Gure gorputzeko organu guztiak eraikitzeko gai izan zen jakituria hori; gure aitaren espermatozoideak ernaldutako zelula mikroskopiko batetik (gure amaren obulua) abiatuta. Jakinduria inkontziente hori funtzio eta erreakzio kimiko askoren aurrean adi egoteko gai da. Gure birikek oxigeno gehiago har dezaten ahalbidetzen du, eta gure bihotzak odola gorputzeko bazter guztietara ponpa dezan, gau eta egun, esna edo lo egon. Gutako bakoitzak berezia duen hatz-marka erretzen badugu, gorputzaren jakinduria gai da azal hori marrazki berberarekin erreproduzitzeko. Zauritzen baldin bagara, orbaindu egingo zaigu, eta hezur bat hausten badugu, soldatu egingo da. Gure gorputza, jakintsua izateaz gain, boteretsua da. Hori argi ikus daiteke zerbait txarra jaten dugunean. Gorputzak indarkeriaz erreakzionatzen du oka eginez, beherakoarekin, eta batzuetan sukarrarekin, sustantzia txar horiek lehenbailehen kanporatzeko. Eta jakintsua eta boteretsua izateaz gain, lagun ona dugu gorputza. Guregandik banaezina den lagun bakarra da. Gainerako lagunak, egoera bategatik edo besteagatik, guregandik banatu egiten dira. Gure gorputzak, ordea, guretzat onena dena bilatzen du, eta hil arte lagunduko digu. Hura atsegina baldin bada gurekin, gu ere izan gaitezen arretatsuak eta arduratsuak harekin. Gaixotasunak badu zentzua Ikasleei Batasunaren printzipioa azaltzen saiatuko nintzateke. Lehenaldia, oraina eta etorkizuna lotuta daude. Helduek jasaten dituzten egonezin batzuen kausa lehenaldian dago, haien bizitzen hasieran. Bizitza luzea, zabala eta sakona eduki nahi baldin badugu, oso garrantzitsua da gure gorputza orain zaintzen hastea, hazten ari garen une honetan. Garrantzitsua da oinarri sendoak eraikitzea gure gorputza indartsua izan dadin. Gure gorputza batasun bat da. Atal guztiak elkarren artean komunikatuta daude. Beldurtuta baldin bazaude, hesteak eta maskuria indargetu egiten dira. Urdailari lan asko ematen baldin badiozu, muskuluak indarrik gabe gelditzen zaizkizu. Gaixorik zaudenean, energia guztia gauzarik garrantzitsuenean kontzentratzen da: sendatzea. Horregatik, muskuluetan eta urdailean indarrik gabe gelditzen zara. Nahiz eta Munduko Osasun Erakundeak esan osasuna “ongizate fisikoa, mentala eta soziala” dela, gaixotasuna ez da hain txarra. Min zorrotza sentitzen dugunean, gure gorputza kexatzen ari delako da; daramagun bizitza desegokia dela esan nahi du eta zerbait adierazi edo erakutsi nahi izaten digu. Azken finean, sendatze prozesuak dira. Gorputza oso nekatuta dagoenean eta organismoaren barruan sortzen diren edota kanpotik datozen sustantzia toxikoak kanporatzeko gai ez denean, gelditu egin behar du; muskuluei, buruari eta liseriketa aparatuari indarrak kendu eta garbiketan kontzentratu behar du: pixa kontzentratua, izerdi usaintsua, hatsa, behazun kolikoa, hainbat hantura (azaleko negalak, zorne jarioak, mukiak…), sukarra… Hainbat haurrek hazteko geldialdi bat behar dute, ohean egon eta garbiketa sakonak egin behar dituzte. Jateko gogorik ez daukagunean eta, are gehiago, janariek nazka ematen digutenean, gorputzaren jakinduriak zerbait esan nahi digu: une horretan nahiago duela energiak sendatzen gastatu eta dauzkagun erretserbatatik elikatu, horrek ahalegin gutxiago eskatzen baitio. Bai animaliek eta bai landareek, erretserbetatik elikatzeko baliabideak dituzte. Harrituta gelditu nintzen dokumental batean honakoa ikusi nuenean: desertuko katu mota bat (surikata) bizirik atera zen suge pozointsu batek hozka egin ondoren hiru egun erretserbetatik elikatuz eta erabat geldirik egon eta gero. Maiztasun batekin jan behar dira elikagaiak, baina bizitzako une batzuetan urdailean janaria sartzeari utzi egin behar zaio. Osasuntsu egoteko, 16 orduko aktibitatearen ondoren 8 orduko atsedena behar dugu, 8 ordu egon behar dugu ezer egin gabe. Loa beharrezkoa da gastatutako energiak errekuperatzeko, mugitzen garenean sortzen ditugun sustantzia toxikoak botatzeko, matxurak konpontzeko, zentzuen bitartez buruan sartzen den informazio guztia ordenatzeko eta abar. Ohea tailer baten modukoa da: gorputzak barruko mekanikoari aztertzen, garbitzen, konpontzen eta makineria prest jartzen uzten dio. Pertsona bat gaixorik edo istripu bat izanda baldin badago, gorputzak erabateko atsedena eskatzen dio garrasika: etzanda egotea, isiltasunean, ilunpean eta abstinentzia. Bero egiten badu, freskotasunean jarri beharko da, edota urarekin freskatu, batez ere erredura kasuetan. Urak gorputzaren gehiegizko berotasuna ateratzen laguntzen du. Beroa 20 aldiz azkarrago bideratzen du. Hotz egiten badu, jantzi egin beharko da, batez ere gorputz-adarrak. Horrela muskuluen, buruaren, zentzumenen eta beroaren (odol beroko animaliak gara eta funtzionatzeko gorputza 37 gradutako tenperaturan mantendu behar dugu) lana aurrezten da, eta sendaketan eta biziraupenean kontzentratzen dira indar guztiak. Atsedena bezain garrantzitsua da ariketa egitea. Ona da egunero zerbait egitea arnasestuta jarri eta berotu arte. Horrela, birikak ireki egiten dira eta oxigenoa hartzen dute. Bihotza ere mugitu egiten da eta odolak ongi ponpatzen du gorputzeko ixkina guztietara iritsiz. Gure gorputzak 600 muskulu baino gehiago ditu eta erabiltzen baldin baditugu indartu egiten dira. Erabiltzen ez baditugu, berriz, ahuldu egiten dira eta ez dituzte hainbat funtzioa betetzen. Adibidez, ornoei edo errain abdominalei eustea. Ariketa erregulartasunez egiteak gehiegizko pisua edukitzea saihesten du, eta horixe da beste gaixotasun asko sortzen dituen kausetako bat. Elikaduraren aldaketa Gizakiok, gainerako animalien gisa, senaz baliatu izan dugu behar genituen elikagaiak aukeratzeko. Usaimenak produktuaren kalitatea aukeratzen du eta zaporeak kantitatea. Orain dela gutxi, orain ela hamar mila urte inguru, naturak ematen zizkigun produktuak eraldatzeari ekin genion: nekazaritzak landare basatiak eraldatu zituen, abeltzaintzak beste espezie batzuen esnea hartzea ahalbidetu zigun, eta sukaldeak elikagaiak eraldatu zituen tenperatura oso berotan edukiz (batez ere frijitzean eta laberatzean). Eraldatutako produktu horiekin gure senak ez du funtzionatzen. Zerraila bateko giltza eraldatzea bezala da. Irekitzeko ahalegintzen garen bakoitzean, bortxatu egingo dugu. Elikadura modernoa gure organismoa bortxatzen ari da. Osasun agintariek biztanleek fruta eta barazki gehiago kontsumi dezaten nahi dute (gutxienez egunean 150 gr.ko bost anoa) gaixotasun kronikoak gutxitzeko. Horrek lurrari kalterik egin gabe fruta eta barazki produkzioa igotzea dakar. Horregatik, 2006ko abendu arte Fruta eta Barazki Freskoen Kontsumorako Promozio Kanpaina egingo dute janari dendetan, ikastetxeetan eta beste lekuetan. Leloa honakoa izango da: “Egunean bost aldiz. Nahitaezkoa da”. Ikonoak, aldiz, eskuko bost behatzak irudikatzen ditu. Gizakion osasuna eta Lurraren osasuna batera doaz. Gizakiok animalia jatorriko elikagaien ordez fruta, barazki eta hazi oleaginoso gehiago jango bagenu, jende gehiagorentzako iritsiko litzateke jatekoa, hilgarrienak diren gaixotasunak gutxituko lirateke (minbizia eta kardiobaskularrak ) eta gure planetako lurra aberastuko litzateke. Buru osasunari buruz ere zerbait erakutsi beharko litzaieke 10 urteko gazte hauei, antidepresiboak, ansiolitikoak, alkohola eta beste drogak kontsumitzen buka ez dezaten. Norbanakoak dituen bitartekoak erabiltzen erakutsi behar zaie bizitzan sortzen diren arazoei aurre egiteko. Egunero zaila den zerbait egitera bultzatu behar dira, prestatuta egon daitezen. Zailtasunei aurre egiteak ihes egiteak baino asetze maila altuagoa sortzen duela konturatu behar dute. Gure atsekabeetatik askatzeko dauzkagun mekanismo naturalak ezagutarazi behar zaizkie: negarra, garrasia, dardara, aharrausia, barrea, haserrealdiak… Konfiantza nahikoa ematen digun norbaiten begirada behar dugu barruak hustutzeko. Ez da egia alkohola, tabakoa edo botikak behar ditugula urduri gaudenean lasaitzeko. Sarritan inkomunikazioak sortzen du egonezina eta depresioa. Nahiko baldarrak gara komunikatzeko garaian, batez ere gatazkak sortzen direnean. Egokia litzateke eskolan komunikazioari buruzko ezagutzak irakastea eta horretan jardutea. Entrena daitezela hobeto adierazten besteek uler diezaien eta hobeto entzuten besteei uler diezaien. Aipatu ditudan guztiak “izugarrizko garrantzia” duten ezagutzen gaineko ideiak baino ez dira. Eta noski, hitzaldi bat baino gehiago eskaini beharko litzaieke ikastetxeetan. •