LOE, betiko legez...

2005-11-01

Hezkuntzako Lege Organikoaren (gaztelaniaz LOE) aurreproiektua diseinatu du Estatu espainiarreko Sozialisten Gobernuak. Abenduan Espainiako Parlamentuan aurkeztuko dute eta, onartuz gero, datorren ikasturtean jarriko da martxan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Zer datorkigun jakitea komeni.

LOCE ordezkatzera omen dator; baina, LOGSEra itzultzea esan nahi ote du? LOEk erantzuten al die Hezkuntza Sistema honi egiten zaizkion kritika nagusiei?
Adituek LOEz egiten duten irakurketa, datozen orriotan.

 
 

ERREFORMA, BERRIKUNTZAK EDO ALDAKETAK

BASURKO, Felix EHU-ko irakaslea, hezkuntzaren teoria eta historia sailan

Erreforma izena eman geniezaioke al lege honi? Ene ustez, legeak botere borrokarekiko estrategia partidista gisa erabiltzen direnean, duten indar legitimatzailea eta hezkuntza eskubideen bermatzaile funtzioa galtzen dute. Aldaketa politikoek ekartzen duten derrigorrezko eszenifikazio bat besterik ez dira eta, teorian, aldaketaren motorra izateko ahalmena duten balio erantsia galtzen dute, apatia giro bat sortuz. Gure kasua hori izanik, LOE proiektuak ez dauka erreformatzat izendatzeko izaerarik.

Aire berriak
Lege proiektuaren musikak administrazioen eta eragileen arteko harremanetan beste talante berri bat jotzen du eta LOCE-rekin etendura argi bat markatzen du. Hezkuntza Sistemak, zerbitzu publikoa izanik, ekitatea hartzen du helburutzat, bai esklusiorik gabeko denon hezkuntza harrera, erlazioa eta atentzioa zuzentzeko, bai gizartea trinkotzerantz aurrera egiteko hezkuntza eragileei eta administrazioei eskatzen dien gizarte erantzukizun kidetzan oinarritutako kultura berri bat aldarrikatzeko. Egia esateko, hori da lege proiektuaren aktibo nagusia.
Musikako metaforarekin jarraituz, proiektuak, LOCEri aurre eginez, hezkuntza sistemak “bere baitako norbanako eta gizarte ongizatea”-ren alde egin behar duela dio. Ildo horretatik, aipatzekoa da zer kolektibo biltzen dituen Aniztasun Trataeraren barruan: Premia bereziko ikasleak, talentu apartekoak eta etorkinak. Abiapuntu erakargarriak, benetan!
Azkenik, beste erreformatan kanpoan gelditu izan diren ikasketa batzuk arautzen ditu: Arte Ikasketak, Hizkuntza Ikasketak eta Kirol Ikasketak, Lanbide Heziketa ertainarekin eta goi mailakoarekin parekatuz.
Lege proiektuan horiek dira, bereziki, berrikuntzak, nahiz eta beste aldaketa asko izan. Ene ustez, hortik aurrerakoak LOGSEk edo LOCEk bere garaian proposatutako egiturazko erreformen egokitzapenak dira.
Ondorioak
Gaur egun, tratamendu eta estatus desberdina duten bi saretako eskola sistemak ekitatea, ongizatea eta gizarte trinkotzea gauzatzeko musika baino gehiago behar du. Lege proiektu honek ausardia falta erakusten du.
Goitik behera ezarritako erreforma burokratiko hauek, nahiz eta Paris, Geneva, Lisboa edo Bolognako Europako Konferentzien gomendioak izan (Motiboen adierazpena) edota merkatuak eta gizarte aldaketak eskatzen dituen premiak izan, eskola komunitatearekiko kanpo eraginak dira eta zaila dute eskola praktika eta kulturak aldatzea. LOE proiektuan, ametsa eta utopia lantzen duten Aprendizaia Komunitateei buruz , aipamenik ba al da? Horretan, Bigarren Hezkuntzako irakasleriak LOGSErekiko eduki zuen portaera eta jarrera adierazgarria izan zen.
LOE proiektu honek, agian egutegiak bultzata, horrela mantentzen bada, gaur eskolak dituen benetako erronkak planteatzeko abagune ezin hobea galduko du. Zer aipatzen da eskola antolakuntza eta eskola kulturen eraginez? Zer eskolarekiko gurasoen engaiamenduaz? Zer udalen paperaz? Zer administrazioen kulturaz eta ikastetxeen autonomiaz? Zer gizarte hezitzaile eta beste profesionalen paperaz? Nola uler daiteke partaidetzak eta hiritarren hezkuntzak duten tratamendu isolatu eta curricularra, eskola bizitzatik at?...
Beraz, “guk, geure eskola” eraikitzeko baliagarria izango al da lege proiektu hau,edukiko duen izaera organikoa kontuan hartuz? Legeek, alde batetik, administrazioen eta eragileen jokabideak hitzetara murrizten dituzte, eta nahiz eskumenak eduki, legean esandako zentzu hertsian garatu behar dira. Bestetik, ahalak eta zilegiak diren teoria eta praktika batzuk, onartutako legean agertzen ez badira ezin izango dira proposatu, garatu ezta finantzatu ere. Adibidez, LOGSE onartu baino lehen selektibitatea bai ala ez eztabaidatu ahal zen, baina 1990etik aurrera gelditzen zen eztabaida bakarra zera zen: ea zer-nolako selektibitatea den egokiena.
Legegile eta aditu batzuek diotenez, LOE proiektuaren jarrera errealista meritu bat da, ur sakonetan sartzen ez delako, aipatutako egutegi presioa kontuan hartuz. Nire ustez, hori tranpa bat da paktu politiko berri bat inposatzeko eta, berriz ere, gizarte eztabaida eta akordioa alboratzeko, nahiz eta LOCE bertan behera uztearekin ados egon. Eskola hezkuntzarik gabe pentsa liteke? Nora doa hezkuntza, ausardia, utopia, elkarlana eta engaiatzerik gabe?

IRAKASLEEN PAPERA

Zer duzu esateko LOEk definitzen duen irakasle funtzioaz?

ELIZALDE, Luis Mari: EHU-ko magisteritza fakultateko irakaslea

1. Irakasle zeregina askotarikoa da, konplexua. Irakasle lana ez da behin ere erraza izan, baina azken hamarkadetan nabarmenki zaildu da. Lege organikoa aldaketa sakon horren isla besterik ez da.

Irakasleak irakatsi egiten du, eta ikasketak ebaluatzen ditu, eta hobe, gainera, ikas-irakas prozesuak ere ebaluatzen baldin baditu. Eta tutore eta orientatzaile ere izan behar du. Ikasleen heziketa, zentzu zabalenean, bere gain hartuz. Garapen afektiboa, morala, gizartekoitasuna... Eta horrek guztiak gurasoekiko lankidetzara darama irakaslea. Ez da horrekin aski, irakasleak eskolako komunitatean ere erantzukizuna badu: bertako klima, balioak, jarduera osagarriak, irakaskideen arteko koordinazioa, kudeaketa... ere bere lan eremuko egitekoak baitira. Eta irakaskintza ikertu, esperimentatu, berrikuntzak diseinatu eta martxan jarri behar ditu. Eta hori dena, ekipoetan, lankidetzan.
Aipatu berri diren zeregin horiexek, eta besteren bat ere, zerrendatu ditu legeak bere 88. artikuluan. Esan bezala, zeregin profesionala bere konplexutasunean laburbilduz.
2. Lege organiko handi hauek ateak zabalik uzten dituzte maiz, ondotik etorri beharko diren garapenen zain (eta menpe). Irakasleen formazioa da oraingo lege honek irekita utziko duen bideetako bat. Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezitzaileen formazioa, tamalez, bere horretan utzi baldin badute ere, DBHko eta Batxilergoko irakasleen irakas formazioari, azkenean, irtenbide normaldua eta duina emateko bidea hartu dela dirudi. Irakasteko ez baita aski edukiak ezagutzearekin! Etengabeko formazioak ere tarte berezia du legean. Life Long Learning delakoa profesional guztientzat aldarrikatzen bada, nola ez da bada irakasleentzako eskatuko!
3. Administrazioak irakasleen lan baldintzak duintzeko hitza emanda uzten duela iruditu zait, 100. artikuluan. Mariaje Urangak, hainbeste irakasleren irakasleak, azken Hik Hasin zera dio: “Gaur egun irakasleei eskatzen zaiena ezinezkoa da, ezin da denean espezialista izan. Eta eskatzen duenak badaki ezinezkoa eskatzen ari dela. Horregatik esaten diet gurasoei irakasleak zaintzeko”.
Horixe bera da gure administrazioari eskatu behar dioguna, irakasleak zaintzeko. Ekipo lanerako, hausnarketa pausaturako, ikas materialak txukun egokitzeko, gurasoei behar bezala jaramon egiteko, ikasleak ongi hartzeko... lan baldintza egokiak sortzen ez baditu, irakasleek ezin izango diote egokiro eutsi erronkari. Denon kaltetan.

AUTONOMIA

LOEk autonomia aski uzten al du erkidegoetan, hezkuntza sareetan zein ikastetxeetan?
ARIZNABARRETA, Abel: EHUko gizarte zientzien didaktikako irakaslea

Erkidegoen autonomia

Nahiz eta egin den ahalegina aitortu, hala ere, Lege proiektu honek erabat Autonomia Erkidegoen eskuduntzapekoak diren hainbat esparru eta maila nabarmenki arautzen dituela iruditzen zait. Gauden egoeran, hots, LOGSE-LOCE arteko tirabira normatibo horren pean, nahikoa zuen lege berri honek PPk argitaratutako arauak indargabetzearekin batera, Autonomia Erkidego guztientzat --eta guztien iritziz-- oinarrizko eta komun izan beharko luketen alderdiak definitzearekin soilik. Gainerako guztian, gutxienez egungo eskuduntza autonomikoak errespetatu beharko lituzke, are gehiago, epe motzera aldaketak ere egon daitezkeela aurreikusten den honetan (EAEko eta Kataluniako Estatutuak, Konstituzioa...). Lege proiektuan oinarrizko (”básico”) bezala definitzen diren hainbat eta hainbat xedapen zein aginduk duten zehaztasun maila ikusirik, izango dugu zailtasunik beraietan oinarritutako garapen propio bat egitekotan.
Hezkuntza sareen autonomia
Lege proiektu honen atarian eman zen eztabaida tarte eskasean egindako ekarpenetan, titularitate pribatuko sektoretik zetozen autonomia zabalago baten aldeko ahots tinkoenak, batez ere ikastetxeen titular horien zuzendaritza eskubidea aitortzea eskatuz. Lege proposamenean esaten denari dagokionez, “hezkuntza lege” bat izan ordez, gehienbat, “eskolatze lege” bat den heinean, autonomia eta sareekiko planteamenduak batzerakoan honako hauen inguruan kokatzen da gaia: ikastetxea aukeratzeko eskubidea, aniztasun eta behar bereziei erantzuteko konpromisoa eta baliabideak, finantzaketa eta abar. Oro har, epel xamar jokatuz, keinu batzuk azalduz baina asko zehaztu gabe utziz gehienetan, zalantza eta irakurketa interesdunei bide emanez.
Ikastetxeen autonomia
Lege proiektuak bat egiten du erabat errotuta dagoen diskurtso teorikoarekin; hau da, ikastetxeen autonomia hezkuntza komunitatearen konpromiso eta erantzukizun maila bultzatzera datorren faktore bat den neurrian, hezkuntzaren hobekuntza eta kalitate eragile garrantzizko bat bihurtzen dela. Hori horrela, hobetsi ez ezik Autonomia Erkidegoetako hezkuntza administrazioek arlo honetan jarraitu beharreko bidearen arrastoa ere seinalatzen du. Beraz, norbere zelaian jokatzea tokatzen zaigun partida dugu hau: EAEko administrazioari dagokio, hezkuntza eragileekin elkarlanean, ikastetxeen autonomia garatzeko planteamendu osatu bezain landu bat egitea. Baina, edonola ere, ez geneukan honelako baten zain egon beharrik urrats hori eman ahal izateko, ikastetxeen autonomia garatzeko aukera ez ezik agindua ere ematen baitzuen Eskola Publikoaren Legeak berak. Halere, bat gatoz gehienok praktikan ezer gutxi egin dela aitortzerakoan: bai ikastetxeen autonomia pedagogikoa eta batez ere antolakuntza eta ekonomiko-finantzieroari dagokionez, eta baita ere eskolaren autonomiari buruzko lege propioa argitaratzeko ematen zuen aukera eta azaltzen zuen borondatearen konkrezioari dagokionez. Etorkizuneko euskal hezkuntza sistema bere osotasunean arautzeko xedez letorkeen lege berri batek ezinbestean jaso beharreko atala berau, nire ustez.

KONTZERTUA

Ikastetxe kontzertatuen gaia aipatzen du LOEk. Arazoari irteera planteatzera iristen al da?
IGEREGI, Imanol: Euskadiko kooperatiben elkartea

Ikastetxe kontzertatuen trataera aztertzeko bi bide hauta daitezke:

1. LOEren helburuak gauzatzeko legeak berak aukera ematen duen ala ez hausnartzea.
2. Norberaren ikuspegia, hots, ikastetxe kontzertatuen jarrera eta zereginetatik abiatzea
Espazio labur honetan biak uztartzen ahaleginduko naiz, baliabideen eta irakaskuntzaren programazioaren gaiak aztertzera mugatuz.
Irakaskuntza zerbitzu publiko gisa ulerturik, ikastetxe kontzertatuen trataera ezin da aztertu LOEren helburu nagusia adierazi gabe. Lege honen Zioen Adierazpenean ondorengoa esaten da: “laburbilduz, ikasle guztien hezkuntza-maila hobetu nahi da, hezkuntzaren kalitatea eta haien banaketaren ekitatea uztartuz” (4. orrialdeko 38. lerroa). Ondoren, Legearen 84.1 atalean programazio orokorrean parte hartzen duten ikastetxe guztiek “era orekatu eta egoki batez beharrizan bereziko ikasleen banaketari erantzun behar diotela eskolatze prozesuan”, 87.1 atalean ideia hau berretsi eta 88.ean erabateko doakotasuna bermatu behar zaiela gehitzen da. Printzipioz, helburu eta proposamen hauekin, baldintza egokiak ziurtatuz gero, bat etor gintezke.
Hezkuntza-eragile asko gai horiei eusteko garaian premisa honetatik abiatzen gara: “herri baliabidez hornituriko ikastetxe guztiok beharrizan eta eskubide berdinak izan behar ditugula”, hots, beharrizan berdinei erantzun behar baldin badiegu (horren barruan, beharrizan berezi eta ekonomiko guztien ikasleen eskolatze, bazterkeriarik gabe), eskubide berdinak (ikasle eta ikasgelako kosteak, irakasleen dotazioak, oinarrizko irakaskuntzaren programazioa, esate baterako) eduki beharko genituzke. Zoritxarrez, moduluaren definizioa egiten denean (117 eta 118. artikuluak) horrelakorik ez da legean antzematen. Ezin zaio inori doakotasuna exijitu eta bermatu, ezta berdintasuna aldarrikatu ere, horretarako baliabide nahikorik ez badago. Ondorioz, legearen helburu nagusietakoa, “ekitatea eta kalitatea ikasle guztientzat”, kolokan jartzen dute legearen egileek. Filosofian egon daitekeen aurrerapena errealitatean ez da gauzatzen.
Bestalde, lege honetan sumatzen den beste aldaketa zera da: beharrizan bereziko ikasleei egoki erantzuteko administrazioak beharrezko baliabideak eman behar ditu, “dotazioak gauzatzeko irizpideak berdinak izango dira herri ikastetxe zein ikastetxe kontzertatuetan” (72.2 atala). Ondoren, kontzertuaren modulua adierazterakoan, antzerako irizpiderik ez da inolaz ere ikusten.
Irakaskuntzaren programaziora etorrita, (109.1,2 eta 3 atalak), bi ondorio argi daude:
- zerbitzu publikoaren programazioa eta planifikazioa ez direla osagarritasunez aurreikusten: biak dira zerbitzu publikoaren parte (testuan), baina bata (kontzertatua) bestearen menpe azaltzen da legean.
- programazio honetan administrazio (gune) zentralaren ekimena baino ez da ikusten, ez eragile sozialena, ez udal-administrazioarena, ezta beste inorena ere.
Epe laburrean LOE aukera galdu baten kronikatzat hartu beharko al dugu?

HIZKUNTZAK, Nola ikusten duzu LOEk hizkuntzei ematen dien trataera?

SAINZ, Matilde: Mondragon Unibertsitatean, HUHEZI fakultateko irakaslea
Eskola da eremu egokiena kultur eta hizkuntza aniztasunak behar duten trataera emateko, badakigu eta, eremu horretan kohesio soziala eta pertsonen nortasunaren garapena lortzeko mikrokosmos aproposa eta kontrolatua sor daitekeela. Hona hemen, mikrokosmos hori lortzeko beharrezkoak diren zenbait baldintza. Baldintza horietan oinarrituko gara LOE aurreproiektua aztertzeko.
Aipatu mikrokosmosa lortzeko, eskolak honako alderdiak izan behar ditu kontuan: ezagutarazi aniztasun soziala, kulturala eta hizkuntzazkoa errealitate positibo eta konplexu modura, bideak jarri identitatearen bizipena problematikoa izan ez dadin, testuinguru egokia sortu interakzioak ekitatiboak izan daitezen, kultur gatazken trataeran hezi, elebakar ideologiaren ordez eleaniztasunarena suspertu, ikasgelak hizkuntzen erabilera eremu bihurtu… Irakasleen formazioari dagokionez, hizkuntzak jakiteaz gainera, aipatu alderdiak aurrera eramateko formatu.
LOE aurreproiektura etorriz, honakoak aurkitu ditugu: Hezkuntzaren oinarriak eta helburuak atalean ikasle guztientzako hezkuntza aldarrikatzen da, inklusioa bermatzen duena. Horrez gainera, Estatuan dagoen hizkuntza eta kultura anitzen errespetuan formatzea eta kulturartekotasuna gizartearen elementu aberasgarri modura tratatzea. Curriculumaren atalean gabezi handi bat ikusten da: Haur Hezkuntzako etapan ez dira agertzen hizkuntza koofizialak, baina bai atzerriko hizkuntza. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapetan, hizkuntzari buruzko edukiez ari den guztietan, gaztelania eta hizkuntza koofiziala aipatzen ditu. Bestalde, Lehen Hezkuntzako helburuetara etorrita, nork bere eta baita besteen kulturaren oinarriak ezagutzea, baloratzea eta errespetatzea aipatzen da. Batxilergoan, berriz, nork bere hizkuntza eta kulturari buruzko helburuak desagertzen dira eta ikasleen hiritartasun demokratikoa Espainiako eta Europako konstituzioarekin lotzen da. Lanbide Heziketan, berriz, ez dago kulturartekotasunari erreferentzia egiten dion ezer. Irakasleen formazioari dagokionez, ez da aipatzen ohiko titulaziotik aparteko beste baldintzarik. Ingeleseko irakasleentzat, aldiz, aipamen berezia egiten da. Gurasoen zein ikasleen eskubideen artean ez da aipatzen eskolatzeko hizkuntza hautatzeko eskubidea.
Laburbilduz esan, hizkuntza aniztasuna eta kulturartekotasuna suspertzeko keinu batzuk egon badaudela maila batzuetan (DLH eta DBHn) baina ezin direla seriotasunez aurrera eraman testuari koherentzia falta handia nabari zaiolako. Bestalde, ez da Hezkuntza bere osotasunean aurreikusten eta ikusitako gabeziak nabarmenak dira Haur Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, nagusiki, halaber, irakasleen formazioari dagokionez.

ERLIJIOA

LOEk erlijioari emango dion trataera eztabaidagai dago. Nola ikusten duzu proposamena, eta zein da zuk erlijioari emango zeniokeen lekua?
ARREGI, Joxe: Teologia irakaslea. Frantziskotarra

1. Argi eta garbi diot hasieratik bertatik: Gobernu Sozialistaren proposamena gaurdaino inoiz izan den arrazoizkoena iruditzen zait. Hots: ikastetxe publiko guztietan irakats dadila erlijioa derrigorreko irakasgai ebaluagarri gisa, baina modu ez-konfesionalean (erlijioen historia, fenomenologia, filosofia...). Eta erlijio konfesionala ere eskain dadila, ikasleek (nahiz gurasoek) hala eskatuz gero, baina eskola orduetatik kanpo, ebaluaketari balio akademikorik aitortu gabe eta erlijio guztiei aukera berdinak emanez (kristautasuna, islama...). Kristautasunak ez baitu, berez, beste edozein erlijiok baino eskubide gehiago eskolan. Hezkuntzaren laikotasuna hori bada, ongi etorri bedi!

2. Erlijioaren presentziari, ordea, guztiz funtsezkoa deritzat haurren eta gazteen hezkuntzan. Artearen, literaturaren, etikaren presentziari bezain funtsezkoa. Gure haur eta gazteek nola ulertuko dute gure historia eta kultura, erlijioaren berri ikasi gabe? Gaurko euskal literaturako bertako hainbat obra eta pasarte ere nekez uler daiteke kultura biblikorik gabe. Hiruzpalau titulu aipatzearren: Consummatum est (J. M. Irigoien), Hamar manamenduak (X. Etxaniz), Eta emakumeak sugeari esan zion (L. Oñederra), Zeruetako erresuma (I. Borda). Edo bi pasartetxo ausaz: “Kurloiak Probidentziaz mintzatzen dira lorategiko jazminen artean saltoka” (F. Juaristi, Arinago duk haizea, Absalon). “Ba al dakizu zenbat denbora egon ziren Adan eta Eva paradisuan?” (B. Atxaga, Gizona bere bakardadean). Hizkuntzan ez ezik, nortasun kolektiboaren sustraietan daramagu erlijio biblikoa (onerako eta txarrerako). Eta norberaren buruari zor zaion arreta zor diogu.

3. Baina kultura baino ere areago, bizitza eta errealitatea bera daude jokoan. Zientziak, makinak eta kontsumogai guztiak ez dira nahikoa: izaten ikasi behar da. Jakintza guztiak ez ditugu aski: onak eta zoriontsuak izateko jakinduria behar dugu. Jakinduria horixe da niretzat erlijioa, eta guztiz gauza sinpleak eta funtsezkoak erakusten dizkit: begiak zabaldu eta begiratzen, oinak lurrean lasai tinkatzen, biriketan airea esker onez hartzen, neure burua eta izaki guztiak maitatzen, bizitzako hainbat oinaze eta gatazka bakean eramaten, nire azken galderak ez itotzen, nire lehen ametsei ateak zabaltzen, konfiantzaz bizitzen, itxaropenez hiltzen... Horretarako egon behar luke erlijioak ikastetxeetan.

4. Bai, badakit: pertsekuzio, zapalketa, umilazio, erreketa eta asmatu ahaleko ankerkeria guztiak eragin dituzte erlijioek milaka urtetan. Zergatik? Erlijioa sineskizun, erritu eta arauekin identifikatu izan delako. Boterearen tresna bihurtu delako. Azken batean –nire ikuspegitik– egiazko erlijio-bizipen libre eta libratzailea ukatu delako. Libra dezagun erlijioa, erlijioak libra gaitzan! Zerk libratuko gaitu bestela?

EGUTEGIA

· 2006ko urtarrilerako, LOE onartuta eta publikoa izatea espero dute.
· 2006ko Aste Santurako, administrazioek LOE garatzeko derrigorrezko dekretuak, matrikula eskaintza, irakasleen plantilak, eta abar prestatzen hasi behar dute.
· 2006ko irailerako, derrigorrez LOE martxan jarri behar da, LOCE-k agintzen duen egutegia betetzeko. Beraz, ez bagara espabilatzen, LOCEren egutegia indarrean sartuko da.

LOGSE + LOCE = LOE

·Haur Hezkuntza. LOGSEk eman zion jite hezigarria berreskuratzen du bi zikloetan.
· Lehen Hezkuntza. LOGSEk proposatu zuen ebaluazio etengabea eta hezigarria berreskuratzen du. LOCEk ezarri zuen Diagnostiko Ebaluaketak mantentzen dira, nahiz eta hezkuntza administrazioen esku utzi. Hiritartasun Hezkuntza gaiak orain arteko zehar lerroak ordezkatzen ditu.
· Lanbide Hezkuntza. Beste erreformetan kanpoan gelditu izan diren ikasketa batzuk arautzen ditu, Arte Ikasketak, Hizkuntza Ikasketak eta Kirol Ikasketak, Lanbide Heziketa ertainarekin edo goi mailakoarekin parekatuz.
· Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. LOCEk ezarritako lau ikasturteren egitura mantentzen da. Aniztasunerako LOGSEk garatutako errefortzuak eta curriculum zein antolakuntza neurrien malgutasuna onartzen da berriz ere. Hiritartasun Hezkuntza ikasgaia areagotzen da curriculumeko bi kurtsoetan. Haserako Lanbide Kualifikazioa arautzeko, LOGSEren Gizarte Berme Programetako erantzukizun kidetzaren bidea hartzen du, baina hezkuntza agiria eskainiko da. LOCEren Azkeneko Froga mantentzen da, gainditu gabeko ikasgaiak errekuperatzeko azken aukera gisa. Ebaluazio Diagnostikoa onartzen du.
· Batxilergoa. LOCEk ezarritako egitura jarraitzen du, hiru Modalitateak mantenduz. Gai komun bi gehitzen dira: Egungo Munduko Zientziak eta Hiritartasun Hezkuntza. LOGSEk garatutako Unibertsitatean sartzeko Sarrera Froga bakarra berreskuratzen da.
· Irakasleria. Irakasleen formazioa eta onespena egokitzeko irizpide bikoitzaz jokatzen du, publiko edo pribatuaren arabera. Sistema publikoan sartzerakoan irakasle berrien tutoretza praktikak ezartzen dira. Irakasleriari babes instituzionala emateko neurri batzuk hartzen ditu: laguntza juridikoa, pizgarri profesional eta ekonomikoak...
· Parte-hartzea, autonomia eta sareak. Parte-hartzea eta autonomia gaiak batera doaz proiektuan, LOGSEk ezarritako abiapuntuetara itzuliz. Eskola Kontseiluak zeukan kudeatze organoaren izaera berreskuratzen du. LODEk proposatzen duen sare sistema bikoitza berrikusten da ukitu ahul batzuekin.

LOE interneten

www.mec.es/files/Anteproyecto
_Ley_Organica_Educacion.pdf