Eskolaz

2006-03-01
 
 

Eskola hitza ahozkatzen dudanean, Herriko eskola etortzen zait gogora. Hizkuntza berri bat eta kontatzen ikasi nuen lehen tokia hain zuzen. Alabaina sei urte arte euskaraz baino ez mintzo eta urte eskas batez frantsesera pasatu behar izan nuen. Egoera jadanik berezia zen, eskola lagunek aspalditik mintzaira hori ezagutzen zutelako. Lehen ahalke-iturri.

Oroitzen naiz eskolan hasi aurreko udan, amak anaia eta biok bildu gintuela erreka erdiko uharte hertsian, generoen erabilpenaren irakasteko. Ez genuen ulertzen zergatik mahaia femininoa zen eta zerua maskulinoa. Amak alabaina, Parisen egona baitzen sehi orduko euskaldun gazte anitzen gisara, ez zuen nahi salbai eta atzeratuegi ager gintezen eskolara heltzean. Oraindik ere zubiaren gainetik pasatzen naizenean, behialako eszena ikusten dut, atzo balitz bezala.
Herrian hiru eskola baziren. Oragarre zabala da eta auzo bakoitzak berea bazeukan. Argazkietan azaltzen denez, haur franko bazen. Uharanekoan ibiltzen ginen, etxetik kasik bi kilometrotan. Oinez edo bizikletaz gindoazen, saldoan. Eskolara joatea festa zen, festa are handiagoa eskolatik itzultzea. Bihurrikeriaz bihurrekeria ginabiltzan, nolabait taldean, bakarka baino ausartago ginelako. Egia erran, laborari haurrontzat, eskolako orduek baserriko lan dorpeetarik askatzen gintuzten. Baina eskolatik landa ardika joaten ginen, edo behi zain, edo zerritegi garbitzen, hau baitzen zereginik likitsena!
Eskolako argazki apurrak begiratzea gustatzen zait. Hor herrokan ginaudenen destinua harrigarria zait. Gehienak Amikuze eskualdean berean plantatu dira eta hauen haurrek dituzte gaurkoan gure eskola ohiak betetzen. Ez zuten estudio luzerik egin: hamasei urteetan utzi, sehi edo mutil has, ezkondu eta familiatu. Orduko Euskal Herrian, ikasketetan higatzea alferkeria zen, lanaren ez maitatzea hots. Gure gurasoek bazuten ideia fermu bat: zazpi haurrek behar zuten baccalaureat gainditu eta halaz, adina baino haratagoko ikasle ginen, auher fama areagotuz.
Uharaneko eskolan liburutegi hurria bazegoen. Irudi zait hanko liburuak oro, behin edo berritan, irakurri nituela. Jack Londonen nobelak, Ivanhoe, eta Pierre et Françoise sail osoa. Liburuek erakarri naute betidanik: ardi edo behi zain liburua eskuan nindoan. Arras txarra nintzen matematiketan eta haiek neri ariketak egitearen truke, nik neure lau maila kideen frantsesezko erredakzioak izkiriatzen nituen. Euskararekin topo egin aitzin, erdaraz idazten nuen.
Uharaneko eskolan errientsak écrivain public bat baizik ez nintzela leporatu zidan behin. Funtsean hori bilakatzea zen neure ametsa. Eta amets zahar horrekin darrait. •