Enpresa berriak sortzeko kultura ereiten da ikasleengan:Lea-Artibaiko Azaro fundazioa

2006-03-01

Azaro Fundazioa orain dela lau urte sortu zuten Markina-Xemeingo Lea Artibai ikastetxeak, Markinako Udalak, Okamikako Industrialdeak eta Lea Ibarreko Mankomunitateak. Lea Artibai eskualdean enpresa berriak sortzen laguntzea du helburu, eta martxan dauden enpresei lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

Enpresa berri bat sortu nahi dutenei tutoretza orduak eskaintzen dizkiete: 3 hilabetean proiektuaren bideragarritasuna aztertzen laguntzen diete, alor horretan aditu den tutorearekin. Proiektuaren arabera (adibidez, prototipoak egin behar direlako), epe hori 2 urtera arte ere luza daiteke. Bestetik, lanerako lokalak ere uzten dizkiete, diru-laguntzei buruzko informazioa ematen diete, edozein kezkaren aurrean aholkularitza eskaintzen diete, eta behin enpresa sortzen denean, finkatze fasean sartzeko aukera dute, enpresa sortu ondorengo aholkularitzaren bidez. Enpresa ideien lehiaketa antolatzen dute urtero: aurkezten diren guztiek tutoretza programa jasotzeko aukera dute, eta 13.000 daude, hiru saritan banatuta.
Aurten eskolekin hasi dira lanean, ikasleengan ekimena erna dadin.

 
 

Ikasleekin ekimena landu behar da

Azaro Fundazioan jabetuta daude enpresa berriak sortzeko sustapen kultura hori ikastetxeetan dauden gazteetatik hasi behar dela ereiten: “Gu ikasle ginenean –dio Ainhoa Arrizubietak, Azaro Fundazioko sustapen teknikariak– inoiz ez zitzaigun burura etortzen geuk enpresa sor genezakeenik; ikasketak beti egiten dituzu inorentzako lan egiteko burubidean. Beraz, ikusten dugu, gazte horiei euren enpresa sor dezaketela, euren erabakiak hartu behar dituztela esaten hasi beharra dagoela, ikus dezaten hor ere badela beste aukera bat”.
Ikasleen aldetik zer jarrera ikusten duten galdetuta, zaila dela dio Ainhoak: “Oraindik inorentzat lan egiteko txip hori dute. Eta gazteegi sentitzen dira halako proiektu batean sartzeko; dirurik ere ez dute, eta ez dute euren burua enpresa bat eramaten ikusten. Horregatik, lehenengo, lan munduan egiten dute proba, inoren kontura lan eginez, eta gero erabakitzen dute euren proiektuari tira ala ez. Guk hauxe nahi dugu: ikasle direnen buruetan hazi hori ereiten hasi, gerora ‘ikastetxera joango naiz, edo Azarora, laguntza eske’ esan dezaten. Baina ekimena izan dezatela, eta jakin dezatela nora jo. Bestetik, egia da eskualde honek beti eduki duela sustapen indar hori, eta bere garaian kooperatiba asko sortu zirela. Baina lan asko dago egiteko”.

Ikastexeei zuzendutako ekintzak

Lea Artibai ikastetxearentzat, enpresa ideien lehiaketa antolatu dute. Ikastetxeko edonork parte har dezake (ikasle, langile, bekadun...). Enpresa ideia bat aurkeztu behar dute, eta 3 ideia onenek jasoko dute saria. Helburua Lea Artibai Ikastetxean sustapen kultura hedatzea da, eta partaideak orain ala etorkizunean beraien enpresa sortzera animatzea; eta erabaki hori hartzen dutenean jakin dezatela nora jo.
Eskualdeko ikastetxe guztiei begira, ikasturte honetan idazlan lehiaketa bat antolatu dute lehen aldiz. Taldeka jorratu beharreko gaia hauxe zen: “Zure enpresa sortzea zer da? Ilusioa, erronka, buru haustea...”. Sari banaketa abenduaren 16an izan zen, eta Ondarroako Txomin Agirre Ikastola izan zen irabazle. Lehiaketak izan duen harrera ona dela medio, datorren ikasturterako ere Lea Artibai eskualdeko ikastetxeetan martxan jartzeko hainbat ekintza prestatzen ari dira, sustapen kultura hedatzeko: ikasleekin dokumental edo film laburrak egitea, esaterako, eskualdeko enpresa bati buruz; kooperatibetara bisitak egitea, edota eskolan bertan kooperatibagintzari buruzko solasaldiak antolatzea. Nafarroan funtzionatzen ari den ekimen bat ere aztertu nahi da (ikasleek kooperatiba bat sortu omen dute bertako produktuak saltzeko, eta diru sarrerak ikasturte amaierako bidaian baliatzen dituzte), Lea Artibai eskualdean ere bertoko produktu baten inguruan horrelako ekimen bat martxan jartzeko aukerarik badagoen jakiteko. •

Sustatzaile Eskola jarri berri dute. Estatu mailan lehena da.

· Ideia bideragarriak eta sustatzaile profila duten pertsonak biltzen dituen eskola.

Fundazioan gertatu izan zaie profil oneko jendea etorri, baina ideiak huts egin duela-eta enpresa sortu gabe bukatzea. Edo alderantziz: ideia oso ona izan, baina pertsona horrek gauzatzeko profilik ez izatea. Sustatzaile eskola honetan, ideia bideragarriak eta sustatzaile profildun jendea bildu nahi dituzte, Lea Artibai eskualdean enpresa berriak sortzeko.

· 15 sustatzaile ariko dira beren ideiak lantzen, eta lanbide-profila formatzen.

Langabezian dauden 25 urtetik gorako 15 ikasle hautatu dituzte. Kontuan hartu dute profila (ekimena, erabakiak hartzeko erraztasuna, zer proiektu duten), eta formazioaren amaieran benetan martxan jarri nahi duten enpresa. Proiektua INEM erakundeak finantzatu du, eta 15 ikasle horiek lan kontratua izango dute Azaroa Fundazioarekin. Sustatzaileek beren enpresa berriak sortzeko beharrezkoak dituzten tresna guztiak izango dituzte eskuragai.

· Espainiar Estatuan, proba pilotu moduan hartu duten esperientzia da.

INEMek lan tailerrak edo eskola-tailerrak eskaintzen ditu. Sustatzaile Eskola honek zera du berri: langabezian dagoenak bihar lana izatea bilatzen du, baina bere enpresa sortuz. Horrek beste abantaila bat dakar gainera: lanpostuak sor ditzakeela. Proiektua aurkeztu zutenean, INEMi “berritzaileegia” iruditu zitzaion kasik. Azkenean proba pilotu moduan onartu dute, eta ondo irteten bada, esperientzia hau beste leku batzuetara ere zabaltzeko asmoa dago.