NOGERAS, Itziar: Euskal filologia eta Elhuyar-ko zuzendaria. “Gaur inoiz baino gehiago, pazientzian hezi behar ditugu haurrak, eta ikusarazi edozer lortzeko prozesuak, esfortzua eskatzen duela"

2006-03-01

Euskal Filologian lizentziatua.Lanean gazte hasi zen, euskaltegian eta euskalduntze munduan; 8 urte inguru eman zituen arlo horretan, kargu batean eta bestean.Elhuyarren 13 urte daramatza. Hainbat arlotan aritu da: hiztegigintzan hasi zen, lan munduari lotutako proiektuetan aritu zen gero (euskalduntze teknikoan, enpresa planetan). Elhuyarrek Aholkularitza enpresa sortu zuen, eta 3 urtean izan zen bertako kudeatzaile. Egun Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia da. 1966an Donostian jaioa, bi semeren ama.

 
 

Munduan, zientzian, zer eremutan egiten da inbertsio gehien? Zerk du interesa, eta zerk ez?

Ikerketa mailan inbertsio gehiago egiten da mundu garatuari begira, zoritxarrez, eta munduaren beste zatiari begira tarteka, geure burua zuritzeko. Ez ditut datuak ezagutzen, baina gerrako armetarako seguruena dezente ikertuko da. Azkenean interes ekonomikoek agintzen dute. Gauza bat baita esaten dena, eta bestea zenbat ikertzen den hor benetan. Energia berriztagarriak denen ahotan daude, baina seguruena, inbertsio kopuruak ezagutuko bagenitu, galtzen aterako lirateke arlo horiek.
Zer interesatzen den gaurko munduan, azterketa batzuk badaude. Herrialde ez garatuetan, ez dakit galdetu ere egin diegun. Europa mailako azterketek diotenez, jendearen interes edo kezka nagusia osasuna da. Zientziara etorrita, Eurobarometroaren datuetan 1995etik hona jaitsi egin da zientziari buruzko interesa. Arrazoiei begira, % 32 inguruk dio ez duela ulertzen; beste horrenbestek dio ez zaiola axola; eta % 16k esaten du ez duela inongo interesik (gainera talde horretan gazte asko dago).

Orduan gero eta amildegi handiagoa al dago zientzia ikerketaren eta gizartearen artean? Ala justu kontrakoa da, zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta jakitunago gara zientzian gertatzen ari denaz?

Oso informatuta gaudela uste dugu, baina gero hegaztien gripea dela-eta, Gipuzkoan gripearen aurkako txertoak bukatu egin ziren, nahiz eta txerto horrek ez duen horretarako balio. Hor badaude kontraesanak gizartean. Zulo bat badago. Agian beldurrak garamatza, baina azken batean benetan informatuta ez gaudelako da, edo behintzat hor nahastu egiten dira beldurrak eta informazioa.
Bestetik, zientzia gizartera hurbiltzeko kezka instituzionala orain dela gutxikoa da; ekimen pribatuak izan dira gehiago, bai mundu mailan, bai Euskal Herrian. Elhuyar da horren adibide: 33 urte daramatza dibulgazio lanean. Beraz, zientzia gizartera hurbiltzeko programa eta politika horien emaitzen zain egon beharko dugu oraindik.
Badago beste kezka bat ere, asko aipatzen dena azken urteotan, hezkuntza ikuspegitik, besteak beste: zientziarako dagoen bokazio falta. Ikerketari begira eta zientzia arloko kultura horri begira, bokazioa da adituek faltan sumatzen dutena. Gero eta zientzialari gutxiago dago, edo gazteen artean behintzat ez da ikusten halako interesik. Teknologiari lotutako ikasketetan (ingeniaritzak kasu) agian ez da jaitsierarik egon, baina zientzia arlokoetan bai, handia.
Hegaztien gripearen eta txertoaren kasura itzuliz, gizartean bada sarri samar sortzen den inpresio bat: azkenean ez dakizu komeni zaizun ala ez (txerto bat, kasu), aldekoa eta kontrakoa “frogatzen” duten ikerketak nahi adina daudelako.
Hor behar dena hauxe da: gizartea gero eta irizpide gehiagoko pertsonaz osatutakoa izatea. Jakina, informazioak ere egokia izan behar du. Baina jendeak jakin behar du informazioa kontrastatzen, azkenean jendearen esku baitago erabakiak hartzea, txerto bat jarri behar duen edo ez erabakitzea (noski, baita berari gomendatzen dion horren esku ere). Informatuta egotea ez da aski, gero eta irizpide gehiagokoa izatea da gakoa, kriterioz erabakitzen jakitea, eta hori eskolatik eta txiki-txikitatik lantzen hasi behar litzateke. Gaur dauden baliabide guztiekin, hori da benetan lortu behar genukeena.

Informazio saturazioaren ondorio ere izan daiteke aukeratzen ez jakite hori.

Gaztetxoak Internetekin txoratzen dauden honetan, bi alderditan esku har dezake gizakiak (eta hor hezkuntzak ere zeresan handia du). Batetik, balioetan hezi, informazioa benetan bilatzen jakiteko eta topatzen duten informazio hori modu kritikoan jasotzeko. Hala, informazio saturazio hori ez genuke hain modu txarrean ikusiko, baizik eta aprobetxatu egingo genuke, benetan behar duguna eskuratzeko.
Beste alderdia da (seme-alabekin ikusten dut-eta!), pazientzia lantzea, bitarteko prozesuan. Gaur ematen du behar duzun informazioa berehala topatuko duzula, eta hori aberia bat da, ze Interneten sartu eta benetan behar duzuna automatikoki bilatzea zaila da askotan. Beraz oraindik ere, eta inoiz baino gehiago, pazientzian hezi behar ditugu seme-alabak edo ikasleak, eta ikusarazi lan bat egiteko, erabaki bat hartzeko, edozer lortzeko, aurretik sekulako prozesua eraman beharra dagoela, eta esfortzua eskatzen duela. Uste dut horretan gaur gabezia handia dagoela, eta ni behintzat asko kezkatzen nauen gaia da, ze denak dirudi bat-bateko, eta benetan ez da hala, eta gainera berehala frustrazioa sartzen zaie.
Ikerketa edo berrikuntza mailan, Interneten bilaketa sistemak hobetu beharko dira, inteligenteagoak izan daitezen, zaborra alboratzeko eta beste. Uste dut jadanik horretan fintzen badabiltzala.

Hedabideek zientzia munduko albisteak nola ematen dituzten ikertu duzue berriki. Zer ondorio nabarmenduko zenuke?

Kalitatea neurtu dugu, eta ikusten da 5eko nota oso justu gainditu dutela prentsa idatziko komunikabideek. Kalitatea neurtzeko parametro batzuk hartu ditugu (berria kontrastatu gabe zuzenean sartzen ote den egunkarian, sinatuta dagoen…). Ikerketaren arabera, oraindik hobetzeko asko dago. Zientzia albisteen atalean El País-ek, adibidez, egin du dezenteko inbertsioa, eta bertako kazetari bati elkarrizketa eginda justu horixe aipatzen zigun: komunikabideetan ere lehentasunetan eduki behar dela zientzia albisteak kalitatez ematea, edo behintzat horren aldeko apustua egiteko erabakia hartu behar dela. Era guztietara, zientziaren presentzia aurten iaz baino handiagoa izan da aztertu ditugun egunkarietan. EAEn argitaratzen direnetan % 1etik % 2,42ra igo da. Eta horrez gain, esan beharra dago euskararen presentzia txukuna Berriak bakarrik bermatu duela.

Elhuyar eta horrelako zientzia aldizkari espezializatuok gaur sekula baino irakurle potentzial handiagoa duzue, ala, eskaintza horren zabala denez, zaila da irakurle potentzialengana iristea?

Eusko Jaurlaritzak 2005ean ikerketa bat egin zuen, “Irakurketa ohiturak aisialdian” izena duena, eta datu nagusiak hauek dira: EAEn % 90ek esaten du aisialdian prentsa, aldizkari eta komikiak irakurtzen dituela, eta horietatik % 60k egunero edo ia egunero irakurtzen du. Aldizkariak irakurtzen dituztenak EAEko biztanleen % 54 dira; % 35ek informazio orokorreko aldizkariak irakurtzen ditu, beste hainbestek prentsa arrosa, % 14k zientzia eta kultura dibulgaziokoa, % 11k kiroletakoak, eta gainerako espezializatuak irakurtzen dituztenak % 10 baino gutxiago dira. Hizkuntzei dagokienez, % 99k gaztelaniaz irakurtzen du, eta % 8k euskaraz.
Gure datuak ezagutzea oso zaila da, baina uste dugu gure aldizkaria irakurtzen dutenen kopurua handia dela, konparatiboki, errealitate orokor hori hartuta. Beste datu kurioso bat sexuarena da: gurea bezalako aldizkariak oraindik gizonezkoek irakurtzen dituzte gehien. Eta adinaren arabera, 30-45 urte artean daude gehienak.

Zein dira dibulgazioan gizartera iristeko dituzuen zailtasunak?

Funtsean gauzak komunikatzen jakin behar da, adituak ez direnentzat azaltzen ikasi behar dugu. Zailtasuna hor dago, zientzialariak bere gaia edonork ulertzeko moduan azaltzen jakitea, edota alderantziz, kazetari batek jakitea alor bat hartu eta garbi eta zehatz azaltzen. Elhuyarren denetik dago, baina gehienak zientzialariak dira, hizkuntza berri hori lantzen ari direnak, azkenean hizkuntza berri bat baita erabili behar duzuna pertsona bat zientziari buruzko berria irakurtzera erakartzeko. Teknikak eta taktikak daude, eta hizkuntza berri horretan ahalegin berezia egiten ari gara. Izan ere, topiko asko dago (zientzia ulertzen zaila dela, astuna dela…). Topikoak muga dira, itxi egiten zara, eta igual ez duzu irakurri ere egiten zientziari buruzko berri bat. Aurreiritzi eta hesi horiek, batzuetan psikologikoak ere badirenak, gainditu behar ditugu guk gizartearengana iristeko.
Bestetik, ulertzen dugu komunikabideek ezin dutela alor guztietan oso espezializatuta egon. Irtenbide bat izan daiteke komunikabideek alor bakoitzean espezializatuta daudenekin elkarlana egitea. Hori da Elhuyarrek egin nahi duen ekarpena: zientzia arloan espezializatuta egonik, gure hedabideak izateaz aparte, beste komunikabideekin kolaborazioak egiten ditugu (prentsa, irrati, telebista). Adibide bat jartzeko, guk Teknopolis telebista saioa egiteaz gain, telebistarentzat astero berri bat prestatzen dugu informatiboetarako.

Eskolan, zientziak ikasterakoan lehen irakasleak ahoz ematen zuen informazio hori, gaur, askoz bide eraginkorragoetatik lantzeko hamaika baliabide daude (zientzia museoak, ikus-entzunezko materialak, esperimentazioa…). Beraz, gaur nola planteatu beharko luke eskolak zientziaren ikas-prozesua?

Aurretik, esan beharra dago guk baino askoz hobeto irakasleek dakitela. Bakarrik aipatuko dut oso garrantzitsua iruditzen zaigula zientzia dibulgazioko baliabide horiek denak benetan aprobetxatzea, eta irakasleak bakarrik ez sentitzea. Gure esperientziaren arabera (“Zernola” olinpiadetan ikastetxeekin harremana baitugu), batzuetan oso bakarrik aritzen dira irakasleak. Halako gauzetan nork parte hartzen duen ikusi, eta izaten da irakasleak motibazio izugarria daukalako alor horretan. Ona da horren irakasle apasionatuak izatea, gero emaitzetan ere nabaritu egiten baita. Baina kontua da teknologia berrietan edo beste edozein alor berriren aurrean, ikastetxeak berak eman beharko liokeela bultzada gaiari, modu babestuagoan, eta ikasleak benetan murgildu esperimentu birtualetan eta halako esperientzietan.
Beste kezka bat ere badago, hezkuntzarekin lotuta: zientzia gaiei eskaintzen zaien ordu kopurua murrizten ari dela. Gero eta dibertsifikatuago daude ikasgaiak, eta horrek ere maila pixka bat jaisteko arriskua dakar.

Zientziak zer-nolako ikasleak eskatzen dizkio eskolari, bihar ikerlari onak izan daitezen?

Jakin-min handiko pertsonak eta kritikoak behar dira. Horrek ez du zientziarako soilik balioko, seguruenera.

Zientzia orain artean gizonen mundua izan dela diozu. Hori zein alderditan nabaritzen duzu?

Ez dakit zuzenki erantzuten. Agian zientzian emakumeek parte-hartze handiagoa izan balute, une honetan gizatiartuagoa legokeen ez dakit. Zeharbide batetik joanda, bururatzen zait edozein zientzia sistemak bilatzen duela oreka, hori da zientziaren lege bat. Beraz, espero dut honetan ere oreka lortzea denbora gutxian. Datuek hala diote. Elhuyarren bertan, 100 pertsona inguru gabiltza lanean, eta horietatik 70en bueltan emakumeak gara. Jakina, zientzian orokorrean oraindik desoreka handia da, botere arrazoiengatik. Baina oreka lortzean aldaketak seguru sumatuko direla, eta hoberako izatea espero dut.

Zientzia eta euskara. Aurreratu dena asko da. Gaur non dituzue zuen kezka handienak?

Ikerketan eta zientzian ingelesa da nagusi. Egun Europan ikerketa estrategiko mailan gero eta gehiago aztertzen ari diren arloa “Ingurumen adimena” delakoa da; alegia, teknologiak tramankulu izan beharrean nola bihurtu zure eguneroko bizitzan integratutako zerbait (etxera heldu eta telebistari “piztu zaitez” esatea, eta beste). Beraz, ingelesez hitz egin beharko diegu makinei, edo nola egingo diegu? Hor apustu handi bat dago eta hobetu dezakegu, baina oraindik ikusten duguna da maila instituzionalean ez daudela konbentzituta. Nik mezu hori zabaldu nahi dut: hor badela arlo bat sinistu behar duguna, eta konplexurik gabe jokatu, benetan inbertituz ikerketa lerro horietan aurreratu dadin, eta ez dezagun esan “orain berriz zerotik hasi behar dugu ez dakit zer tresnak uler dezan esaten diodana”. Guk esparru horretan 3 urte daramatzagu ikerketa proiektu batean, eta orain artean Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu izan du eremu hori (proiektua Industria Sailak babestu du zati batean); aurrera ere kontuan hartzen jarraituko duela uste dugu.