Kronika

2006-03-01
 
 

Euskaldunduko duen hezkuntza eredu bat eskatu dute hainbat eragilek, hasi berri den matrikulazio kanpaina baliatuz.

Ikasle Abertzaleak taldeak salatu duenez, “Euskal Herriko ikasleon % 38 soilik euskalduntzen da euskal eskoletan”, eta “benetan euskaldunduko duen eredu bakar bat bilatzeko” eskatu diete hezkuntza agintariei.
Euskal Herriak Bere Eskola ekimena, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariekin bildu zen, “hizkuntz ereduen sistemak EAEko legedia bera urratzen duela-eta”, zer neurri hartu proposatzeko. EHBEren esanetan, Hezkuntza Sailak arazoari erantzunik ez diola ematen ikusirik, auzibideetara jotzea erabaki dute.

Ikastolek deskulturizatu egiten dutela ebatzi du epaile frantses batek

Baionako Florent Szewczyk epailea ezagun egin da otsailean emandako ebazpenagatik. Guraso bi banatze prozesuan zirela, haurrak ikastolan jarraitu behar zuen edo ez gatazka iturri bihurtu zen. Epaileak eskola publikoan sartzea hobetsi du, eskandalua ekarri duen “arrazoi” bat emanez: ikastolek deskulturizazioa eta akulturizazioa eragiten dutela. Beraz, ikastolei leporatzen die Frantziako kultura eta hizkuntza kendu nahi dituztela haien tokian euskara jartzeko.

Seaskaren erantzuna

Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioak arautzen duen hitzarmena betetzen duela nabarmendu du, eta ikasleek haren azterketak gainditzen dituztela eta hark agindutako ikasgaiak dituztela programan. Bestetik, Frantziako hezkuntza programak betetzeaz gain, ikastoletako haurrak elebidunak ere badirela gogorarazi du Seaskak, horrek pertsonaren garapenean duen eragina nabarmenduz. Seaskarentzat larriena ez da epailearen arrazoia: “Larriena da laido horiek errepikatzen direla eta sakoneko ideologia baten adierazle direla”. Botere publikoei erantzukizunak eskatzeko dei egin diete, ekintzetan froga dezaten euskararen aldeko borondatea duten edo ez.

Epailea salatu eta euskararen ofizialtasuna eskatu dute

Kontseiluak, ABk eta EAk, halakorik gehiago gerta ez dadin, euskararen ofizialtasuna aitortzeko eskatu diote Frantziari. Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, Max Brissonek, uste du haurra ikastolatik ateratzeko lehen ebazpen hori aise bota daitekeela atzera, helegitea jarriz. Izan ere, Brissonen esanetan, “hitz horietan oinarri sasi-teknikoak ageri dira, zentzurik gabekoak, eta argiki erakusten du epaile horrek ez duela ezagutzen tokiko errealitatea”.

Hegoaldean etorkinen % 13 soilik doa D eredura

2004-2005 ikasturteko datua da, Lehen Hezkuntzakoa. Nafarroan, ikasle guztien artean % 24 etorkinak ziren; batez besteko kopuru hori izugarri jaisten da, ordea, D ereduan: ikasleen % 1,4 besterik ez baita etorkina. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, etorkinen % 52 A ereduan aritu zen, % 28 B ereduan, eta % 20 D ereduan. Datuek diotenez, orain artean etorkinen hamar seme-alabetatik bik ikasten dute euskara.

Administrazioen informazio eskasia

Joera horren arrazoia, askorentzat, etorkinei D ereduaz ematen zaien informazio eskasa da, eta horretan administrazioek ardura handia dutela nabarmendu dute hedabideetan hainbat adituk eta elkartek. Sortzen-Ikasbatuaz taldeak salatu duenez, informazioa bereziki eskasa da Nafarroan, eta horren adibide da Nafarroako Gobernuak etorkinei zuzenduta ikastetxeetara banatzen duen liburuxka: “bertan euskara aipatu ere ez da egiten; existituko ez balitz bezala”. Kalen Astiz Sortzen-Ikasbatuazeko koordinatzailearen hitzetan, “bestelako ereduetan pilatzen ari dira etorkinak, eta ikastetxe asko ghetto bilakatzen ari dira. Horrek ez dio integrazioari batere onik egiten”. Euskara ikastea D ereduak soilik bermatzen duela ere nabarmendu zuen.
Mario Zapata soziologoaren esanetan, “Administrazioak erantzukizun handia du gai honetan”. “EAEko Hezkuntza Sistemak egun duen hizkuntza ereduen eskizofrenia” omen da, gainera, euskara ikasiko dutela bermatzen ez duen kausatako bat.

Aurrematrikulazio kanpaina, etorkinei zuzenduta

Sortzen-Ikasbatuaz taldeak jakinarazi duenez, aurtengo aurrematrikulazio kanpaina etorkinekin lan egiten duten erakundeetara ere zabaltzeko ahalegina egingo dute, etorkinek D ereduaren berri izan dezaten.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak indargabetu egin du Euskal Funtzio Publikoko 1997ko lege aldaketa.

Ikastolak sistema publikora igaro zirenean, irakasleak funtzionario bihurtzeko sortu zen legean aldaketa hori.
Espainiako Auzitegiak bi arrazoi eman ditu berau indargabetzeko: bata, Espainiako Gobernuari dagokiola funtzio publikoan sartzeko salbuespenak arautzea. Bigarren arrazoia da, beharrezko titulaziorik gabe funtzionario izatea ez datorrela bat prozesu horiek izan behar duten meritu eta gaitasun irizpideekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi duenez, lasai hartu du Konstituzionalaren ebazpena, ez baitauka inolako eraginik: “Gaur egun ez dago titulurik gabeko irakasle bakar bat ere. Ebazpen horrek ez du eraginik sistema publikoko irakasle bakar batengan ere”.