Nola eta nork erabakitzen du zein baliotan hezi haurrak? Hor ere manipulatzen al da?

2006-03-01

Haurren artean lantzea komeni den balioen artean, “ausardia” balio gisa izendatzea planteatu zuen irakasle batek. Bakea, tolerantzia, elkarri laguntzea, biolentziarik eza… balio horiekin batera beste hau gehitzea: egoera bidegabeetan aurre egiteko adorea. Bileran zeuden gainerako irakasleak isilik gelditu ziren. Irakasle harentzat bizitzarako garrantzitsua zen beste balio bat ere bazen: “duintasuna”. Han gelditu zen laino artean, irten ezinik. “Bat ez bada irteten, nola irtengo dira bi?” pentsatu zuen bere golkorako.

 
 

Balioen inguruan hitz egiteak edo entzuteak, gizabanakoaren izatearen eta jarreren oinarrira eraman gaitzake, baina badirudi horiek ere ez ditugula guztiok modu berean ulertuko, hautemango… Balioen gaia nahiko labainkorra dela esan dezakegu. Beraz, lehenik eta behin argitu nahi dut ondoko ekarpena, irakaslea eta Euskal Herriko beharrak aseko dituen hezkuntza eredu berri baten alde lanean ari den gizarte eragile bateko kide naizen aldetik egindakoa dela.

Bada… zer dira balioak? Zer da balioetan heztea? Zergatik lantzen ditugu balio zehatz batzuk soilik? Zer da ausarta izatea? Nork aukeratzen du zein balio landu behar diren? Irakasleok balioei behar besteko garrantzia ematen al diegu? Azken batean, balioetan ere manipulazioa ote?
Azken galderari erantzunez hasiko naiz. Galdera/erantzun biribila da, bai. Hala ere, balioen manipulazioa ez da gertatzen soilik landu behar diren balioen aukeraketa subjektiboa eta interesatua delako; baizik, lantzen diren balioak estatikoak eta unibertsalak balira legez lantzen direlako, ikuspegi menperatzaileari bide eginez eta goitik beherako inposaketa indartuz.
Sistema kapitalistak bizirik irauteko beharrezkoak zaizkion balioak sortu, garatu eta definitzen ditu. Bere helburuak lortzeko hezkuntza tresna gisa erabiltzen du. Curriculumetan zehar-lerro gisa hainbat balio landu beharra azpimarratzen da, hala nola: hezkidetza, elkartasuna, besteenganako errespetua, aniztasuna edota ingurumen hezkuntza; baina, hala ere, ikuspegi menperatzaile batetik eta egungo sisteman integratzeko lantzen dira, eta ez eraldatzeko.
Diodana, pare bat adibide koxkorrekin azaltzen saiatuko naiz. Curriculumean ikasleekin ingurumenarekiko errespetua eta begirunea landu behar dela aipatzen da. Horrela, birziklatzearen garrantzia azpimarratzen dute, edota ozono geruzaren egoera, hura gehiago ez kaltetzeko, gizabanakoak hartu behar dituen neurriak finkatuz. Baina, aldi berean, herritarren hitza eta erabakia errespetatu gabe, inguruneari kalte itzela egiten dion Boroako zentrala ireki da, edota AHT, Jaizkibeleko portua eta antzeko proiektu suntsitzaileak jarri dituzte martxan. Hori al da ingurumen hezkuntza? Hori al da albokoa errespetatzea? Hori al da herriaren nahia onartzea? Hori al da elkartasuna?
Era berean, indarkeria ezean hezi behar ditugu gure ikasleak, eta beraien arazoak konpontzeko elkarrizketa eta akordioa dela bidea azpimarratu behar diegu. Erabat ados. Baina nola egiten da hori, esaterako, espainiar konstituzioaren 8. artikulua eta horrelakoak aintzat hartzen baditugu? Zein da artikulu horren mezua? Indarkeria, biolentzia botereak erabiltzen duenean soilik dela zilegi?
Finean, honako hau adierazi nahi dut: egun lantzen diren balioak ez direla guk definitutakoak. Botereak erabakitzen du balio bakoitzaren mugak zein diren, eta ariketa hori da manipulazioaren gailurra.
Balio horien garapena jaiotzen garenetik hasten den prozesua da. Gizartean ezarrita dauden arau sozialek erakutsiko digute gazte-gaztetatik nolakoak izan behar dugun, zer maitatu behar dugun, zer ikasi behar dugun, zein telesaio kontsumitu behar dugun, nolako harremanak garatu behar ditugun… azken batean, zer den zuzena eta zer ez. Horretarako, bizi garen status quoa mantendu eta elikatzeko, botereak eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ditu: komunikabideak, polizia, errepresioa, hezkuntza…

Baina zer dira balioak?

Balioak ezin ditugu ikusi, baina igarri eta sentitzen ditugu. Balioak abstraktuak dira, ez dira begiekin ikusten, baina adimenaren bitartez ikus daitezke. Pertsonok balioak geure jarrera eta jokabideetan azaleratzen ditugu.
Balioak pertsonaren identitateari hertsiki loturik azaltzen zaizkigun forma konplexuak dira; norberaren izatetik oso gertu daudenak, pertsonaren jarreretan eragina dutenak, norberaren pentsamenduak eta ideiak egituratzen dituztenak; sentimenduak baldintzatzen dituzte, jokatzeko, izateko eta egiteko moduak baldintzatzen dituzten modu berean.
Baina balioak ez dira soilik pertsonaren identitatearen baldintzatzaile, balioek jendarte oso bat ere ezaugarritzen dute. Identitatea balioek osatzen duten ardatzaren inguruan eraikitzen baita; beraz, balioek pertsonaren eta jendartearen norabidea zehaztu dezakete.
Laburbilduz, balioak pedagogiaren ikuspuntutik erreferentziaren patroi edo arauak dira; helburuak eta jokatzeko irizpideak dira, finean.

Eta zer da balioetan heztea?

Balioetan hezteak ez gaitu balioak lantzeko espazio konkretu batera mugatu behar. Eskola agenteak elkarreraginean dauden memento oro landu eta borrokatu beharreko apustua da; beraz, eskola eszenatoki osoak izan behar du horiek lantzeko espazioa. Ikasleak noiz, nola eta zer egin ikasi behar du, eta posizioak hartzen eta gaurko eta etorkizuneko apustuei bide ematen; hau da, bizitzaren egoera desberdinetan egoki dena konbentzimenduz egiteko erremintak eskuratu behar ditu.
Gutako bakoitzak duen balio sistema jendarte honetan dauden bizitza ereduei zuzenki loturik dago. Gizabanakoarengan aldaketak edo transformazioak gertatzen direnean, aldaketa horiek eragin zuzena izango dute jendartearen balioetan gauzatuko den berreraketan; nolanahi ere, borroka ideologikoen helburua balio aldaketan eragitea da.
Izan ere, kultura eta herri askoren apustua balioen transmisioa izan da, jendartearen biziraupena eta ongizatea berma dadin.
Postmodernitate garai honetan, geroz eta gehiago hitz egiten dugu balioen hezkuntzari buruz, baina gero eta eszeptikoagoak gara balioen eta horien lanketaren inguruan. Iritzi askotarikoak daude gai horren inguruan, baina denok pentsatzen dugu balioetan heztea beharrezkoa dela. Eskolaren egunerokotasunean, ikasgeletan eta curriculumean ere, presente egon behar dute balioek.
Jendarte bakoitza balio konkretuen ekarlea da, eta balio horiek gizabanakoak ikasi egiten ditu. Balioek jendartearen interes eta beharrei erantzuten diete, eta jendarteak, behar duen pertsona ereduaren araberako hezkuntza politika definitu eta ezarriko du.
Balioen hezkuntza prozesu humanizatzailetzat jo dezakegu, prozesu indibidual eta sozialtzat, eta pertsonaren bizitza guztian zehar gertatzen da, jakintza bera baino areago, eta azaleratzen dena baino sakonagoa da.

Balioak dinamikoak eta erlatiboak dira

Historian zehar balioen esanahia aldatuz doa. Era berean, memento historiko jakin batean balioaren beraren zentzua ere ez da berdina. Izan ere, balio bakoitzak hainbat zentzu hartzen ditu kokatzen den testuinguruaren arabera. Balioak kulturalak dira beti, eta inguruan, gizartean erroturik daude. Ez dago balio absoluturik, goitik behera inposatzen diren balioak soilik bihurtzen dira absolutu.
Platonen nahiak aspaldi zapuztu ziren. Atenastarrak goraipatzen zuen kontzeptuen esentzia komun, unibertsal eta atenporala ezinezkoa dela dirudi; azken batean, ditugun balio unibertsal bakarrak giza eskubide unibertsalak dira, eta horiek elkarrizketa eta akordioaren bidez erabaki eta onartutakoak dira. Bide batez, horiek betetzeko mekanismoak sortzen hasi beharko genuke, hori baita benetako arazoa.
Balioak ikuspegi dinamiko batetik ulertzen edo azaltzen baditugu, balioak eraiki egin beharko ditugu, gure errealitatetik eta esperientziatik abiatuta.

Zer ote da ausardia?

Aipatu bezala, balio bakoitzaren gaineko definizio komun bat partekatzea nahiko zaila egiten zaigu. Hiztegietara jotzen badugu, hiztegi bakoitzak modu desberdinean definitzen duela ohartuko gara. Hots, bakoitzak bere ñabardurak dituela. Ikus dezagun, bada:
Euskarazko hiztegia, Adorez 2, ausardia: zerbaiti aurpegia emateko adorea: ausardia handia behar da gero, euskara gazteleraren zapaltzaile dela esateko!
Baina zer ote adorea?
Eta zerbaiti aurpegia ematea?
Harluxet hiztegi entziklopedikoa, ausardia: arriskuen aurrean atzera egiten ez duenaren jokaera: Deusen beldur gabe, ausardia handiz.
Zer da arriskua? Denok modu berean ulertzen al dugu arriskua?
Bada, hiztegi bakoitzak bere definizioa ematen du. Oso zaila egiten zaigu definizio komun eta absolutu bat ematea; ezinezkoa, nire ustez. Beraz, nola irakatsiko diegu ikasleei ausarta izatea zer den, sakoneko esanahian ados jartzen ez baldin bagara?
Elkarrizketa da dudarik gabe biderik egokiena eta agian bakarra, balioen aplikazioari dagokionez, ez ikasleei balioak ezartzeko eta bereganatzen ari diren jakin ahal izateko, balioak denon artean bilatu eta aukeratzeko baizik.
Eta horretara dator ondotik proposatzen dudan testua. Ikasgelan, ikasleen eta irakaslearen arteko elkarrizketaren bidez, esate baterako, ausardia kontzeptuaren definizio komun bat lortzeko asmotan. Ikerketa eta parte-hartze horrek bermatuko baitu ikasleak modu kontzientean balio bakoitzaren esanahia ulertzea; esaten eta egiten denaren arteko koherentzia indartuz. Balioak ezin baitira teorikoki irakatsi, ereduen bidez, balioak egunerokoan, praktikan ikasten eta irakasten direlako.

Ausardiaren gaia lantzeko testu proposamena

Igela eta katagorria liburu bat irakurtzen ari ziren:
–Liburu honetan agertzen direnak ausartak dira –esan zuen igelak–. Dragoiekin borrokatzen dira, eta inoiz ez dute beldurrik.
–Gu ere ausartak izango ote gara? –galdetu zuen igelak.
Baina zeren arabera esan dezakete ausartak diren ala ez? Igelak bi irizpide proposatu zituen:
1. Pertsona ausartek egiten dituzten gauzak egin behar dira.
2. Egiterakoan ez da beldurrik izan behar.
Eurak ausartak ote ziren jakin gura zuten, eta horretarako bi baldintza horiek betetzen zituzten edo ez frogatu behar zuten. Igela eta katagorria ispilu baten aurrean jarri ziren, beren baitarako zera esanez,
–Ausartak dirudigu, baina froga dezagun.
Horrela, igela eta katagorria abenturaz beteriko txango batera abiatu ziren. Aurrena mendi bat igotzen hasi ziren, eta kobazulo baten atarira iritsi ziren. Bat-batean, ikaragarrizko suge bat agertu zen eta:
–Ummm, janaria –esan zuen igela eta katagorria ikusitakoan.
Igelak eta katagorriak arrapaladan alde egin zuten. Igela urduri eta dardara batean zegoen.
–Ez dut beldurrik! –oihukatu zuen.
Beldurrik ez zutela frogatu nahian edo... mendian gora jarraitu zuten. Bat-batean, ikaragarrizko soinua entzun zuten, eta harri pila bat gainera zetorkiela konturatu ziren:
–Kontuz, harri-jausi bat dator! –oihukatu zuen igelak.
Igelak eta katagorriak salto egin zuten. Katagorria dardara batean zegoen.
–Ez dut beldurrik! –oihukatu zuen katagorriak.
Tontorrera iritsi ziren, eta han, beraien gainean, sarraskijale baten itzala sumatu zuten. Harri baten atzean ezkutatu ziren. Sarraskijalea joan ondoren, ezkutalekutik irten ziren, eta zera oihukatu zuten:
–Ez dugu beldurrik!!
Arineketan katagorriaren etxera itzulita, esan zioten batak besteari:
–Oso harro nago zu bezalako lagun ausarta dudalako –katagorriak.
–Eta ni oso harro sentitzen naiz zu bezalako lagun ausarta dudalako – igelak.
Segidan, igela ohean sartu eta osoki tapatu zen. Katagorria, aldiz, armairuan sartu eta barrutik giltzapetuta bertan geratu zen lotan. Gau guztia pasa zuten hala, elkarrekin oso ausartak sentitzen zirelarik.

Saia gaitezen, inortxok aldez aurretik erabaki gabe, gizabanako, jendarte zein herri gisa nahi eta behar ditugun balioak erabakitzen eta definitzen. Izan ere, ekarpen honen helburua ez da soilik egun Euskal Herri luze-zabalean dauden hezkuntza sistemen egoera salatzea; era berean, lanerako tresna ere izan nahi du. Botereak konformismoari ausardiarekin, zoriontasunari diruarekin, arrakastari telebistarekin, disidentziari terrorismoarekin… izaera eta zentzua ematen dien bitartean, badirudi, duintasuna kontzeptuak ez duela izaterik eta zentzurik batzuen baitan.

Euskal Curriculuma lematzat hartuta, saia gaitezen Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema eraikitzen; ekinaren ekinez bidea eginez baikoaz aurrera… •